Floema, ehun bahea, ehun liberiarra edo liberra fotosintesian sintetizatu diren substantzia (izerdi landua) garraiatzen dituen eta landarearen organo guztietara banatzen duen ehun eroalea da. Zelula zilindriko eta bizidunak, bertikalki pareta bidez bereiziak dira. Bahe-hodiak dira; horien aldamenean zelula laguntzaileak daude. Hodi zurkaren aldamenean daude.

Bi floema mota daude: floema primarioa, hasierako meristemotik sortua eta floema sekundarioa, kanbiumaren jardueraren ondorioz sortzen dena lodieraren hazkundean. Floemak, xilemaren antzera, zenbait zelula mota ditu: elementu baheak, zelula laguntzaileak, parenkimak, zuntzak eta esklereidak. Landare angiospermoetan zelula lagungarri nukleodunak ageri dira hodietara lotuta plasmodeoen bitartez.

Xilemaren aldean, floema zelula biziez osaturik dago. Floeman gertatzen den mugimendua bi noranzkokoa da, xilemarena norabide bakarrekoa den bitartean.

Landare-izerdiaren garraioa aldatu

Lehorreko landareek ura eta gatz mineralak (hots, izerdi landugabea) hartzen dituzte lurretik, sustraien bidez. Izerdi hori sustraietatik hostoetaraino garraiatu behar dute, hostoetan burutzen baita fotosintesia. Garraio hau, beraz, goranzkoa da, eta izerdi landugabea xilema izeneko hoditerian zehar igo egiten da.

Fotosintesia burutu ondoren, izerdi landugabea izerdi landua bihurtzen da. Izerdi landua glukosaz, beste gluzido batzuetaz eta aminoazidoez osaturik dago, batik bat. Floematik bidaiatzen du hostoetatik norabide guztietara, landarearen zelula guztiek substantzia nutritiboak hartu behar dituztelako.

Floeman zeharko mugimendua ulertzeko kontuan hartu behar da izerdi landua sortzen duten egiturek (hostoek) barneko presio hidrauliko handia dutela, eta izerdi landua hartzen duten egiturek, aldiz, oso txikia. Floemaren hodi liberiarrek presio hidrauliko oso desberdina duten landarearen toki ezberdinen arteko konexioa errazten dute, izerdi landua mugituz presio handiko tokietatik presio txikiko egituretara

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu