Argitxu Noblia
Argitxu Noblia[1] (Angelu, 1942ko apirilaren 3a) Ipar Euskal Herriko euskalgintzaren erreferentzia nagusietakoa da, eta zenbait talde eta elkarte sozial, abertzale eta euskaltzaleren kide edo animatzailea. Lanbidez medikua da.
Argitxu Noblia | |||||
---|---|---|---|---|---|
(2010) | |||||
2008 - 2009 ← Ramuntxo Kanblong - Txaro Goikolea Mintegia →
| |||||
Bizitza | |||||
Jaiotza | Angelu, 1942ko apirilaren 3a (82 urte) | ||||
Herrialdea | Lapurdi, Euskal Herria | ||||
Familia | |||||
Ezkontidea(k) | Manex Goihenetxe | ||||
Haurrideak | ikusi
| ||||
Hezkuntza | |||||
Hizkuntzak | euskara frantsesa | ||||
Jarduerak | |||||
Jarduerak | katedraduna, politikaria eta anestesista | ||||
Enplegatzailea(k) | Seaska | ||||
Sinesmenak eta ideologia | |||||
Alderdi politikoa | Eusko Alderdi Jeltzalea Eusko Alkartasuna | ||||
Bizitza
aldatuGurasoak Bamakon (Mali) bizi zirelarik, Euskal Herrira itzuli eta Angelun jaio zen 1942an; zortzi seme-alaben artean nagusia da. Lehen ikasketak Angeluko Stella Maris ikastetxean eta Biarrizko lizeoan egin zituen. Bordeleko Unibertsitatean Medikuntza ikasketak egin zituen hamar urtez, eta lanbidez medikua anestesista da Baiona aldean 2002n erretiratu arte.
1965ean Lazaro Arandia Hego Euskal Herriko iheslari eta pilotariarekin ezkondu eta Angelun bizi izaten denbora batez egon ondoren Baionara joan ziren. 1975ean Manex Goihenetxerekin ezkondu zen; ezkondu eta hamar bat urtera banandu ziren.[2] Sei semeren ama da: Aitor, Mikel, Ellande, Odon, Ortzi (Goihenetxeren semea, batxiler adinean tragikoki hila) eta Nouhou (Boli Kostatik etorria).
Euskalgintzan
aldatuAma zelarik 1969an Libe Goñi lazkaotarra irakasle izateko konbentzitu eta Ipar Euskal Herriko lehen ikastola sortu zuen; sarritan lehena Arrangoitzen sortu zela esaten bada ere, Baionan -bere etxean bertan- eta Biarritzen lokal batzuetan esperientzia batzuk garatu zituzten lehenago.[3] Seaskako aurreneko lehendakaria izan zen, eta 1969tik 1979ra arte ardura hori izan zuen.
Elkar argitaletxea 1971n Baionan sortu zuten 20 euskaltzaleetakoa izan zen[4] eta Gure Irratia bultzatu zuen Entzun Ikus elkartea sortzen ere lagundu zuen.
Politika munduan
aldatuBordeleko ikasle garaian Enbataren lehen garaiarekin bat egin zuen; hala ere, guztiz ados egon ez eta Euskal Gazte Ikasleen Alkartasuna (EGIA) taldea sortu zuenetakoa izan zen.
1989tik 1995 arte Baionako Herriko Etxeko kontseilaria (familian aitona eta birraitona banak lehenago izan zuten kargua) izan zen Henri Grenetekin, hau ere -aurreko familiakideak bezala- Noblia bezala medikua; Aitor Arandia semea ere Henriren semea den Jean Grenet oraingo auzapezarekin kontseilaria da. 1997an Frantziako Biltzar Nazionalerako hauteskundeetan Pirinio Atlantikoetako 6. hautesbarrutian EAJren izenean aurkeztu zen, 2008an Donibane Lohizuneko kantonamenduan Kontseilu Orokorrerako[5] eta urte bereko ekainetik 2009ko uztailera alderdi honetako Ipar Buru Batzarreko lehendakaria izan zen;[6] Ramuntxo Kanblong ordezkatu zuen, Aitor semeak -printzipioz kargua hartu behar zuenak- lehendakaritza horri uko egin eta gero. EAJn maila horretako ardura (herrialde baten lehendakaritza) hartu zuen lehen andrazkoa izan zen. EAJk 2009ko Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetarako Europe Écologieren zerrendaren aldeko botoa eskatu ez izanak eta alderdi barruko arazoek bultzatuta kargua utzi zuen;[7] beste emakume batek, Txaro Goikoleak, hartu zuen bere lekua. Eskualde eta Herri Solidarioak (Régions et peuples solidaires) alderdien federazioarekin kolaboratzen du. Eusko Alkartasunean da 2012az geroztik.
Elkarteak
aldatuArlo sozial desberdinak jorratzen dituzten elkarte batzuk sortu edota sortzen lagundu du:
- 1971n Sokoa enpresaren sorreran parte hartu zuen. Ekonomiaren esparruan Partzuer, Hemen eta Herrikoarekin ere (azken honetako presidentea den Patxi Noblia neba da) zerikusia izan du.
- 1972an Elkar argitaletxea sortu zuten 20 gazteetako bat izan zen.
- GFAM Lurra laborantza arloko elkartearen sorreran ere esku hartu zuen.
- 2000n jaiotako Bakea Bai elkartearen sortzaile eta presidentea da.
- 1998an sortu zen Ardatza-Arroudet[8] "eiheren lagunen elkartearen" presidentea da; taldeak Ipar Euskal Herri eta Bearnoko errotak zaintzen laguntzen du.[9]
- 2007tik Emakume Frantsesen Zentro Nazionaleko (Centre National des Femmes Françaises) Akitaniako ordezkaria da.
- Boluntario aritu da beste zenbait elkartetan ere: MNEF, Bayonne Action Santé Environnement (1991-2001), Bayonne Sankadiokrou (1992-), Emakume Frantses Medikuen Akitaniako atalean (1998-)...[10]
Elkar argitaletxearen sortzaileetako bat 1972an
aldatuEuskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria S.L. (ELKAR S.A.R.L.) 1972an sortu zen Baionan. Helburu zehatz batekin sortu zuten: garaiko euskal kultur egoeraren norabidea aldatzea. Euskarazko sorkuntza txikia zen orduan, argitaratzeko zailtasunak handiak eta behar kulturala ere handia. Hutsune hori betetzeko sortu zuten argitaletxea.[11]
Sortzaileak Ipar Euskal Herriko 20 gazte izan ziren, 9 emakumezkoak eta 11 gizonezkoak, Manex Pagola izan zen ideiaren bultzatzaile nagusia Gexan Alfaroren laguntzarekin. Bazkide bakoitzak orduko 1.000 franko jarri zituen, garai hartako hilabete bateko soldata. Elkar argitaletxearen sortzaileak, 1972an, hauek izan ziren:[12]
- Alfaro, Gexan
- Arbelbide, Martxelin
- Carrere, Pantxoa
- Erramuzpe, Patxika
- Etxeberri, Mixel
- Gayon, Bernard
- Iriart, Jean
- Hiriart, Maialen
- Idiart, Jakelin
- Idiart, Joana
- Ithurbide, Maialen
- Landart, Daniel
- Lapique, Christiane
- Lartzabal, Battitta
- Laskibar, Raymond
- Maitia, Jean-Louis
- Noblia, Argitxu
- Ospital, Peio
- Pagola, Manex
- Ruiz Ceberio, Arrosa
Saritua
aldatu- 1995ean frantses gobernuaren Sari Humanitario Handia (Grand Prix Humanitaire) eman zioten.[13]
- 2009ko urrian Femmes 3 000 federazioak boluntario lanaren palmak (Palmes du bénévolat) saria eman zion.
Lanak
aldatu- Vingt ans de suicides au Pays Basque ikerketa lana (Baiona, 1977).[14]
- Pour la Paix en Pays Basque Bakea Bai liburu kolektiboa (Jakin, Baiona; ISBN 2-84806-004-2) koordinatu zuen. Bakea Bai elkarteaz.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Ofizialki Claire, berak izen biak erabiltzen ditu; euskaraz sarriago Argitxu.
- ↑ Manex Goihenetxe Bidegileak bilduman; ikus 5. or.
- ↑ Historiako zertzeladak: Libe Goñi, Seaskako lehen irakaslea, Amagoia Martija, Hik Hasi aldizkaria.
- ↑ Elkar Badok.infon.
- ↑ Kantonamenduen programen neurketa, Kontseilua, 2008; ikus 2.or.
- ↑ Kargua hartu zuenekoa Garan.
- ↑ Kargua utzi zuenekoa aipatu egunkarian.
- ↑ Arroudet hitzak, okzitaniera normalizatuan arrodet, "(errotaren) turbina" esan nahi du.
- ↑ Elkartearen webgunea.
- ↑ Pour la Paix en Pays Basque Bakea Bai liburuko 65-67.or.
- ↑ Ugarte Irizar, Itziar. (2022-10-23). «ELEFANTE BAT MALETAN» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-04-10).
- ↑ Kamio, Ariane. (2022-12-02). «Elkar taldea: Iraganak bezainbat etorkizun» www.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-10).
- ↑ Noblia Euskomedian.
- ↑ Erabaki konplexua, baina heldu beharrekoa, Larrun, 153. zkia.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Elkarrizketa Argian, 2009.
- Biografia laburra[Betiko hautsitako esteka] Euskonews gaztean.
- Elkarrizketa Berrian IBBko burua zelarik.