GFAM Lurra edo Groupement Foncier Agricole Mutuel du Pays Basque gazteak laborantzan plantatzeko eta dauden etxaldeak mantentzeko behar diren lurrak erosteko Ipar Euskal Herriko laborari batzuek sortutako elkartea da.

HistoriaAldatu

1979an sortua, urte horretan garatu zuen lehen ekimena: jabeak saltzen zituenez lurrik gabe geratzeko arriskua zuen laborari bati laguntza eman zion, maileguek lurrak eta etxebizitza aldi berean erostea uzten ez ziotelako. Jabearekin prezioa negoziatzeaz gain, lurren erosketa elkarteak ordaindu eta balizko eraikina laborariak ordaintzea adostu zuten. Hortik aurrera antzeko beste 12 ekintza egin ditu; haietako zortzitan eraikinik ez zuten 8 baserri oso eskuratu ditu. 19 familia etxaldeetatik bizitzea lortu du.

Hauxe da GFAM Lurraren ekimenen zerrenda; ekoizpen mota eta non egin zen azaltzen da[1].

  1. 1979: ardiak, txahalak eta artoa Bithiriñan.
  2. 1981: baratzegintza Ahurtin eta behi esnedunak Arruetan.
  3. 1984: ardi gasna Arrosan.
  4. 1987: haragitako behiak Bastidan.
  5. 1988: ardi gasna Amendüzen.
  6. 1989: behi esnedunak Makean.
  7. 1990: behi esnedunak Armendaritzen.
  8. 1991: ardi gasna Lakarrin.
  9. 1995: mahastizaintza Irulegin.
  10. 2000: ahuntzak eta gasna Aintzila eta Lohitzünen.
  11. 2007: ardi esnedunak Ainharben. Etxaldearen izenagatik "Kako afera" deitu den eta hedabideen arreta erakarri zuen urteetako ika-mika baten ondoren laborari batzuek ez zituzten behar zituzten lurrak galdu[2].

Horrekin batera kontzientziatzeko lanean jardun du, lurraren benetako balioaz (lan tresna izateaz gain guztion ondasuna dela azpimarratuz) hausnarketa bultzatzeko asmoz.

EzaugarriakAldatu

Bere sorreran eman zen eztabaidaren ostean "lur" kontzeptuaz hau izan zen elkarte honek adostu zuen definizioa: "Lurra ondasun kolektiboa izan beharko lukeen laborariaren esku ezarritako lan tresna bat da."[3]

Elkartearen helburu nagusiak:

  • Lur sailak etorkizuneko belaunaldiei uzten lagundu eta laborantzarako gorde dadila lan egitea.
  • Harremanak sortzea laborariak ez direnekin, lurraren arazoaz kontzientzia har dezaten.
  • Familiatik kanpo bizi diren laborariei laguntza ematea.
  • Lurra eta etxebizitzaren etorkizunari buruzko hausnarketa instituzioetara eramatea.

Erabakiak kide guztiek parte hartzen duten batzarren bidez adosten dira. Lur sailak 1700 bat lagunen ekarpen ekonomikoen bitartez erosi dira; adibidez Kako etxaldearen lurrak erosteko behar ziren 165.000 euroak lortzeko 63 euroko 2600 zati saltzea pentsatu zuten[4].

Bere egoitza Donapaleuko Lapitz Hotza karrikako 32 zenbakian dago[5]; beste elkarte batzuekin partekatzen du, elkartea kide den Arrapitz federazioarekin besteak beste.

ErreferentziakAldatu

  1. Mapa elkartearen webgunean.
  2. Kako afera elkartearen webgunean.
  3. Elkartearen webgunetik.
  4. Albistea Garan.
  5. Frantsesez rue de la Bidouze.

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu