Patxika Erramuzpe

Abeslaria, ekintzailea

Patxika Erramuzpe (Aldude, Nafarroa Beherea, 1943) kantaria eta ekintzailea izan zen, ikastolaren alde lan handia egindakoa.

Patxika Erramuzpe

Bizitza
JaiotzaAldude, 1943 (80/81 urte)
Herrialdea Nafarroa Beherea
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakabeslaria eta aktibista

Etxeko habia utzi eta Baionan zen gaztetatik, gizarte langintzan, euskara ia ahaztua, bere burua Aldude berean frantsestua, euskaraz ahalke. Garaian, Manex Pagola eta kidekoak ezagutu zituenean aldatu zuen norabidea. Zazpiribai eta Ortziken ikuskarietan parte hartu zuen, diskoak ere grabatu.[1][2] Haurrak izan eta ikastolan eskolaratu zirenean, lan egin zuen hantxe ere, lan isila, apala, distirarik gabekoa. Durangaldeko Gerediaga elkartearen Argizaiola sariak 2016an aitortu zion merezimendua.

Biografia aldatu

 
Zazpiribai kantu-ikuskizunerako bildu ziren Ipar-Hego euskal herrietako hainbat abeslari, 1972an, Ez Dok Amairu desegitean.Manex Pagola, Ugutz Robles-Aranguiz, Patxika Erramuzpe, Peio Ospital, Pantxoa Carrere, Iñaki Urtizberea (txistularia eta txirularia), Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Benito Lertxundi.

Lehen urteak aldatu

Manex Pagola, Pantxoa Carrere, Peio Ospital, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Maite Idirin garaiko kantari berriekin batera igo zen agertokietako oholtzara Patxika Erramuzpe. Ipar Euskal Herrian 70eko hamarraldian kantari aritu zen aipu eta sona handiko gizonen artean. Emakumeetan, Lourdes Iriondo ari zen mugaren alde batean, Patxika Erramuzpe bestean.

Kantari ibilbidea aldatu

Hamalau urte arte ikasi zuen herriko eskolan. Gero ere Alduden bertan jarraitu zuen, serorekin, kozinan eta josten. Han egon zen 18 urtera arte, eta, orduan, Baionara aldatu zen. Bakarrik. Lana bilatu zuen. Lanaren exilioa izan zen. Gizarte lanean sartu zen, familia-laguntzaile. Hori irekidura izugarria izan zen bere bizitzan, bere familian zegoen serora, apezpikua eta apez ugarirengandik urrun.

Patxikak gaztetxotatik zuen abesteko zaletasuna, mendian taldean ibiltzen zenean, sarri aritzen zen kantuan. Halere Manex Pagolak hirurogeiko hamarkadan Zazpiribai ikusgarria muntatu zuenean gonbidatu eta animatzean oholtzarako urratsa eman zuen Patxikak. Ordurako Maite Idirin eta Estitxu ere baziren oholtzan Iparraldean. Patxika ez omen zen kantari sentitzen, baina diskoa ere egin zuen 1977an, bere izenean: Menditarra naiz eta... Zazpiribain eta Ortzikenen kantatutako abestiak dira diskoan; taldeak lagundurik. Ez Dok Amairuko zenbait kiderekin batera zen arestian aipatu ikusgarri horietan.

Antzerkia egiten zutenak ere ezagutu zituen Alduden, eta, gero, Baionara aldatzean, han ere bazen beti antzerkia, eta bazen mendia. Bazen mugimendua. Mendi ateraldiak egiten hasi zen, hasieran inguruan, eta, gero, Donostia klubarekin. Garai hartan ohartu zen hizkuntzaz eta abertzale munduaz.

Ikastolaren alde aldatu

Haurrak ikastolara joan zirenean, egiteko ugari zegoela ikusi zuen, beraz, ikastolan laguntzen, udalekuetan lan egiten… hasi zen. Ez zen jende asko biltzen lanerako, baina han zenak ongi sinesten zuen proiektuan. Bigarren mailan hastearekin, adibidez, anitz haur galtzen zituzten, gurasoak beldur baitziren beren haurrek hizkuntza ikasiko ote zuten edo gizartean nola ezarriko ziren ez zekitelako, edo zalantzak zituztelako. Gero, emeki-emeki, gurasoek haurrak ongi ari zirela ikusi, eta beldur hori galdu zuten.

Elkar argitaletxearen sortzaileetako bat 1972an aldatu

Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria S.L. (ELKAR S.A.R.L.) 1972an sortu zen Baionan. Helburu zehatz batekin sortu zuten: garaiko euskal kultur egoeraren norabidea aldatzea. Euskarazko sorkuntza txikia zen orduan, argitaratzeko zailtasunak handiak eta behar kulturala ere handia. Hutsune hori betetzeko sortu zuten argitaletxea.[3]

Sortzaileak Ipar Euskal Herriko 20 gazte izan ziren, 9 emakumezkoak eta 11 gizonezkoak, Manex Pagola izan zen ideiaren bultzatzaile nagusia Gexan Alfaroren laguntzarekin. Bazkide bakoitzak orduko 1.000 franko jarri zituen, garai hartako hilabete bateko soldata. Elkar argitaletxearen sortzaileak, 1972an, hauek izan ziren:[4]

Gizartean toki bila aldatu

Patxikak borroka egin behar izan zuen toki bat hartzeko gizartean, garaian gizarteak ez baitzion tokirik eman emakumeei. Herriko aferetan emazteek ez zuten hitzik, etxe barnekoetan bai, eta baserrietan-eta, emazteak lanean ari ziren gizonak bezala. Xerri hiltzean adibidez, denak lanean eta hau eta hura. Gero, sekulako bazkaria egiten zen, bazen besta ederra, eta gizonak kantuz hasten ziren, edo kartetan, eta emazteak, berriz, ziren xutik odolkiak eta kozina egiten. Usaia zen. Patxika ez zen bilkuretan ibili, halere, argi dauka taldea eta talde lana beharrezkoak direla.[5]

Nik ene baitan egin dut emaztearen borroka. Oroitzen naiz oraino, Baionan ahalke nintzen ene gurasoez, frantsesa ez baitzekiten aski ongi. Hiriko karriketan ibiltzen nintzelarik, eta entzuten nuelarik euskara, ahalke nintzen

Diskografia aldatu

  • Menditarra naiz eta… 1977an grabatutakoa, Euskal Kantagintza Berriaren garaikoa. Zazpiribai eta Ortziken ikusgarrietako kantaldietan grabatu kantuak.[6][2]

Aitortzak aldatu

  • Durangoko azokan, 2016an Argizaiola saria eman zieten euskararen alde lanean jardundako xinaurriei. Baxe Nabarre-Xiberoa-Lapurditik Pantxika Erramuzpek jaso zuen. [7][6] Angeluko (Lapurdi) Manex Goihenetxe kultur zentroan jarria du saria Erramuzpek. «Ez nuen ikusten etxean!». Saria kolektiboa dela deritzo. «Sinbolikoki», euskara eta euskal kulturaren alde ari den zentroan jartzeak baduela zentzua pentsatu du-[6]

Erreferentziak aldatu

  1. «kantuz kantu * patxika erramuzpe eta gexan lantziri. Patxika Erramuzpe / Gexan Lantziri. Elkar.eus» www.elkar.eus (Noiz kontsultatua: 2022-06-04).
  2. a b «Ortziken» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-10).
  3. Ugarte Irizar, Itziar. (2022-10-23). «ELEFANTE BAT MALETAN» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-04-10).
  4. Kamio, Ariane. (2022-12-02). «Elkar taldea: Iraganak bezainbat etorkizun» www.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-10).
  5. «"Nik ene baitan egin dut emaztearen borroka"» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-06-04).
  6. a b c «Naturalki sartu ginen giro horretan» |. (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
  7. «Pantxika Erramuzpe Argizaiola saraiarendako izendatua» euskalirratiak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).

Kanpo estekak aldatu