Alkerdi-Berroberria

Leize sistema Alkerdin, Urdazubin

Alkerdi-Berroberria leize-sistema bat da, Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldean dagoena, Urdazubi udalerrian. Historiaurreko horma artea duten Nafarroa Garaiko leize bakarrak dira, eta Interes Kulturaleko Ondasun izendaturik daude.

Alkerdi-Berroberria
Map
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaUrdazubi
Koordenatuak43°16′4″N 1°30′32″W
Ezaugarriak
Garaiera120
Bisitagarriaez
Aztarnakbai

Kokapena aldatu

Alkerdi-Berroberria-Zelaieta leize sistema Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldeko muturrean dago, Urdazubiko Alkerdi eta Leorlaz auzoen artean, 100/120 metro inguruko garaieran. Mendebalderantz (Zugarramurdi-Sara) eta ipar-ekialderantz (Ainhoa) hedatzen den Behe Kretazeoko arrezife-kareharrizko azaleratze batean garaturik dago.[1][2] Bertako urak biltzen dituen Ugarana ibaia Donibane Lohizunen isurtzen da Kantauri Itsasora, leizeetatik 16 kilometrora.[3]

Historia aldatu

Aurkikuntza eta lehenbiziko ikerketak aldatu

1930ean Norbert Casteretek Berroberriko harpea eta Alkerdiko leizea esploratu zituen. Bi haitzulo hauek elkarren ondoan daude, goraxeago bigarrena lehenbizikoa baino, eta hegoalderantz orientaturik.[3] Berroberrian suharrizko piezak, zaldi, bobido eta basurde hezur zatiak eta molusku oskolak atzeman zituen; Alkerdiko leizeko horma batean, berriz, sei labar-grabatu paleolitiko aurkitu zituen.[4] 1933ko argitalpen batean eman zuen aurkikuntzen berri, era oso laburrean.[5]

Grabatuen azterketa zehatza hamarkada batzuk geroago egin zen, Ignacio Barandiaranen eskutik.[6] Denera 22 irudi deskribatu zituen, besteak beste, bisonte bat, orein bat eta bobido baten atzealdea. Egindako datatzeen arabera, Behe Madeleine aldikoak dira.[4]

Castereten aurkikuntzaren ondoren, arkeologo ugarik aztertu zuten Berroberriko harpea. Lorianako Markesak kata bat egin zuen 1939an, eta sei maila estratigrafiko bereizi zituen, material litiko eta faunistiko ugarirekin; material horiek Bilboko Museo Arkeologikoan daude. Urte batzuk geroago Saturnino Rivera Manescauk egindako indusketei buruz ez da informaziorik, ez baitzuen ezer argitaratu. Baina indusketarik garrantzitsuenak Juan Maluquer de Motesek, 1959-1964 bitartean, eta Ignacio Barandiaranek eta Ana Cavak, 1977-1994 bitartean, egin dituzte.[4] Zazpi okupazio aldi bereizi dira, zaharrena Madeleine aldikoa (orain dela 14.430±290 urtekoa). Aziliar aldian, Mesolitoan eta Brontze Aroan ere okupatua izan zen.[3]

Alkerdiko leizearen ahoan, berriz, hiru indusketa kanpaina egin zituen Ignacio Barandiaranen taldeak, 1988an, 1993an eta 1994an.[7] Okupazio maila bakarra aurkitu zuten, Gravette aldikoa (duela 26470+530-490 urtekoa).[3] Aipagarria da bertan atzemandako Homo sapiens-en hagina, Nafarroako Historiaurreko lehenbiziko giza aztarna.[8]

Alkerdiko harrobia aldatu

 
Alkerdiko harrobia

Alkerdi auzoko kareharria eta haitzurdina ateratzeko lanak XX. mendearen lehenbiziko hamarkadetan hasi ziren. 1928an, esate baterako, lehergailu baten eztandak agerian utzi zuen Zelaieta 1 leizea, luizi edo harri jauzi baten ondorioz Historiaurretik sarrera oztopaturik zuena.[9] Beti ere, haitzurdinaren erauztea neurri txikikoa izan zen, 1965ean Mármoles del Baztán S.A. enpresari Zelaietako harrobia ustiatzeko baimena eman zitzaion arte.[2] Alkerdi eta Berroberriko haitzuloetatik hurbil izateaz gain, sistema karstiko bereko beste leize eta galeria batzuk harrobiko esplotazio gunearen barnean zeuden.[6]

1974-1975 bitartean, Vianako Printzea Erakundeko Espeleologia sailak zenbait ikerketa egin zituen bertan, Nafarroako Katalogo Espeleologikoan argitaratu zirenak. Zelaieta 1-en, Zelaieta 2-ren, Ikaburuaren eta Harrobiko leizearen interes arkeologikoa eta paleontologikoa nabarmentzeaz gain, adituek kezka agertu zuten Alkerdi eta Berroberriko leizeek jasaten ahal zituzten kalteez, bai lehergaien erabilpenagatik, bai haitzurdin-blokeak moztean sortzen zen lohia iragaztearen ondorioz. 1975ean, Herri-lan departamentuko teknikariek eta Vianako Printzea Erakundearen Arkeologia Batzordeko kideek salatu zuten hiru koba —Zelaieta 1, Zelaieta 2 eta Harrobiko leizea— suntsituak zirela harrobiko lanen eraginez; era berean, Urtxume erreka, dolina batzuk eta Ikaburuko leizea ere kaltetuak izan zirela gaztigatu zuten.[2]

1995ean, Nafarroako Gobernuak Kultura Intereseko Ondasun izendatu zuen Berroberriako haitzulo izeneko zona arkeologikoa, eta ehun metroko erradioko babes-ingurunea ezarri. 1999an, Urdazubiko Hirigintza Plan Orokorra onartu zutenean, harrobia ustiatzen zuen enpresari jarduera araupetzeko eta legeztatzeko eskatu zitzaion. Araupetzeko prozesuan, besteak beste, lehertzeak bertan behera uzteko beharra ezarri zen.[10] 2008tik 2011ko amaierara harrobia itxia egon zen krisi ekonomikoaren eraginez.[11] Baina, bi urte luzez geldirik egin ondotik, 2013an harrobia ustiatzeko baimena beste 30 urtez luzatu zion Nafarroako Gobernuak Marmoles de Baztan enpresari. Ustiapen proiektu berriak eraikuntzarako harri txikia ateratzea aurreikusten zuen eta, hori lortzeko, leherketak egitea baimendu zitzaion.[12]

 
Zelaieta 3 leizearen ahoak kalte handiak jasan zituen 2014ko uztailaren 15eko leherketaren ondorioz.

2014ko uztailaren 15ean piztu ziren alarma guztiak. Leherketa handi bat izan zen harrobian, aurretik izan zirenak baino gehiago entzun zena. Inguruko etxeetan sumatu ahal izan zuten zartako handi hura, besteak beste lehertutako harri puskak azaldu baitziren etxe batzuetako atarietan. Eztanda handi hartan, Zelaieta 3 leize-zuloko sabaia erori, eta ia erabat suntsitu zen. Egoeraren larriaz oharturik, SOS Alkerdi elkarteak Urdazubiko ondare arkeologikoa babesteko eskatu zion bai Nafarroako Gobernuari, bai Javier Eneritz Nafarroako arartekoari.[12]

XXI. mendeko aurkikuntzak aldatu

2014ko martxoan, Koben Nazioarteko Eguna zela profitaturik, Diego Garate, Olivia Rivero eta Florian Berrouet arkeologoak sartu ziren Alkerdin, Norbert Casteretek egindako plano batzuez lagundurik. Pertsona bat justu-justu sartzen den tunel bat igarota Bisonteen Galeria deiturikoa topatu zuten. Hasieran lauzpabost irarlan besterik ez zegoela uste bazen ere, ia 30 topatu zituzten, tartean hamaika bisonte eta lau zaldi. Azken datazioen arabera, Erdi Madeleine aldikoak dira, duela 13.500 urtekoak.[12][13]

Horiek horrela, 2016an leize sistema osoaren ikerketa sakona egiteko agindu zion Nafarroako Gobernuaren Kulturako Zuzendaritza Nagusiak Aranzadi Zientzia Elkarteari. Urte hartan berean egindako espeleologia, geologia eta arkeologia ikerketetan, Zelaieta-Ikaburua sistemako unitate geologikoa aurkitu zen, Alkerdi 2 koba, 3 kilometroko galeria berriak eta barrunbeetarako 53 sarbide berri. Alkerdi 2 koban, Gravette aldiko labar artea aurkitu zuten, bai animalien grabatuak, bai pinturak (zeinu geometrikoak, lerroak eta puntu-serieak). Gainera, apaindutako sektoreetako batean material arkeologikoa ikusi zen jatorrizko posizioan: silexezko pieza asko, ikatz-hondakinak, hezur-zatiak eta sutegiak lurrean.[6][14]

Bestalde, ikerlariek egiaztatu zuten harrobiko jarduerak sortutako hondakinek, bloke eta agregakinen deposituek, sistema karstikoko sarbide naturalei kalte egin zietela, eta une hartan ezin zirela haiek esploratu. Ikerketa argia zen ondorioei zegokienez: Alkerdi 2 koba harrobiko esplotazio gunearen barnean zegoenez, ustiapenak ezin zuen jarraitu, leizea eta labar-artea suntsituko lituzkeelako; izan ere, 24 metro baino ez zeuden harrobiko esplotazio-eremuaren eta labar-arteko panelen artean.[6]

2016ko irailean, harrobiko jarduera etetea gomendatzen zuten adituen txostena aintzat harturik, Nafarroako Gobernu berriak Alkerdiko babesgunea zabaldu eta Kultura Intereseko Ondasun izendatzeko erabakia hartu zuen.[15] Bi hilabete geroago, Industria, Energia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emandako ebazpenaren bidez, Mármoles del Baztán enpresak ustiapen-emakida luzatzeko egindako eskaera ukatu zuen. Dokumentuan jasotzen zenez, baliabide mineralen aprobetxamendua "bateraezina" zen bertan aurkitutako arkeologia-gunearen babesarekin.[16]

Alkerdi eta Berroberria Historiaurrean zehar aldatu

 
Zelaietako kareharrizko muinoa; leizeak beheko aldean daude.

Alkerdin eta Berroberrian egindako industetek erakutsi dutenez, kobazulo horiek bizileku gisa erabili izan ziren Historiaurrean zehar; Alkerdi 2n ez da orain arte indusketarik egin. Kokaleku horrek oso ingurune baldintza egokiak zituen Goi Paleolitoan: garaiera txikia, erreken eta itsasoaren hurbiltasuna, ehizagai eta arrainen ugaritasuna... Berroberria sakontasun txikiko harpe zabala zen (18 metro luze, 23 metro zabal eta 4-6 metro garai), 200 metro koadroko atondo erosoa eskaintzen zuena.[1] Alkerdik, berriz, oso sarrera estua eta sabai apala zituen, "toki deserosoa lurralde egokian", Ignacio Barandiaran eta Ana Cavaren arabera; hala ere, goraxeago zegoenez, erabilgarria izan zen Berroberria urperaturik egon zen sasoietan.[7][17]

  • Aztanarik zaharrenak Gravette aldikoak dira, duela 26470+530-490 urtekoak. Garai hartan Berroberria urperaturik zegoen, baina giza talde txiki batek, noizean behin, kanpamentu gisa erabili zuen Alkerdiko leizea, urtaroen arabera beharbada. Beti ere, talde horren bizileku iraunkorra hurbileko beste kobazulo batean egonen zen, agian hiru kilometro mendebaldera dagoen Sarako Lezian. Lanabes litikoez gain, zaldi, orein, orkatz, basurde, hegazti eta arrain hezurrak atzeman dira indusketetan, eta baita itsas-moluskuen maskorrak. Molusku horietako batzuk jangarriak baziren ere (Patella), beste batzuen funtzioa sinbolikoa edo apaingarri hutsa izanen zen (Turritella, Littorina obtusata eta Dentalium).[3] Gravette aldian egin ziren Alkerdi 2ko grabatuak eta margoak ere.[14]
  • Orain arteko datuen arabera, denbora jauzi handia egin behar da leize hauen hurrengo okupaziora arte. Madeleine aldiaren hasieran Berroberriko harpea idorturik zegoen, eta oso bizileku egokia zen; beraz, maiz erabilia izan zen kanpamentu gisa Behe edota Erdi Madeleine aldietan (duela 14430 +/-290 eta 13580+/-140 urte). Alkerdiko kobazuloari dagokionez, ez zen bizitzeko modukoa, baina grabatuak egin zituzten bertan (bisonteak, oreinak, zaldiak...). Geroago, ordea, bertan behera utzi behar izan zuten Berroberria, berriz ere urperatu zelako.[1]
  • Goi Madeleine aldian (duela 13270±220 urte), harpea idortu zelarik, Berroberria okupatua izan zen berriro. Eta, ia etenik gabe, giza bizilekua izan zen Azken Madeleine aldian (duela 12640±100 eta 11100±120 urte artean) eta Azil aldian (duela 10300±170 eta 9740±190 urte artean).[1]
  • 1500 urteko etenaren ondoren, urperatu zelako ziur aski, Mesolitoan (duela 8860±100 eta 8470±80 urte artean) berriz ere okupatua izan zen Berroberriko harpea. Askoz bakanago bada ere, Historiaurrearen amaieran ere izan zen gizakien babeslekua, bai Neolitoan, bai Burdin Aroan (duela 2655±35 urte).[1]

Alkerdiko labar-artea aldatu

Alkerdi-Berroberria leize-sistemako bi kobatan atzeman da labar-artea: Alkerdi (edo Alkerdi 1) haitzuloan Behe Madeleine aldiko grabatuak daude, duela 13.500-13.000 urtekoak, eta Alkerdi 2n Gravette aldiko grabatuak eta margoak, orain dela 28.000-20.000 urtekoak.[14]

Alkerdi 1 aldatu

1930ean Norbert Casteretek animalia forma zuten bost irarlan topatu zituen Alkerdi 1 koban, eta 1933an eman zuen aurkikuntzaren berri, artikulu labur eta nahasi samar baten bidez. 1935ean, Julio Caro Barojak grabatuen kalkoak egin zituen, Jose Migel Barandiaranek agindurik. Ignacio Barandiaranek sakonki ikertu zituen bertako irarlanak 1973ean, eta 22 irudi deskribatu zituen, bi multzotan; alabaina, ezin izan zituen aurkitu Casteretek aipatutako bi irudi (bisontea eta zaldi bizkarra).[4] Azkenik, apaindutako beste sektore bat aurkitu zuten Diego Garatek eta Olivia Riverok 2014an, 20 irudirekin, bisonteak gehienak; Castereten bi irudi "galduak" ere berraurkitu zituzten.[13]

Beraz, labar-artea duten sektoreak lau dira:[4][13]

  • A sektorea: haitzuloaren atondotik ezkerretara doan korridorearen amaieran, estalagmita batean, ahotik 30 metrora. 7 irarlan daude:[oh 1] bisonte bat, zaldi bat, orein ar bat, animalia zehaztugabe bat eta 3 lerro-multzo.
  • B sektorea: A sektorera daraman korridorean, ezkerreko horman. Irarlan bat, animalia zehaztugabea.
  • C sektorea: haitzuloko sarreraren pareko horman, ahotik 15 metrora. Bi irarlan, otsoa eta orein emea Ignacio Barandiaranen arabera.
  • D sektorea (Bisonteen Galeria): atondotik eskuinetara joan behar da, eta ezkerreko hormatik abiatzen den korridore batetik barneratu; azken zatian pertsona bat justu-justu sartzen da. 19 grabatu daude: 10 bisonte, 3 zaldi, 4 animalia zehaztugabe eta 2 lerro-multzo; orban gorri bat ere dago.

Alkerdi 2 aldatu

2014an, Nafarroako Gobernuaren Kultura Zuzendaritza Nagusiak ikerketa proiektu handi bat abiarazi zuen, Alkerdi-Berroberriko potentzial arkeologikoa ebaluatzeko. Aranzadi Zientzia Elkarteari agindu zitzaion ikerketa proiektu berri hura, eta Urdazubiko Udalak ere lagundu zuen. Horrela, 2016an Alkerdi 2 aurkitu zuten eta baita Paleolito garaiko labar-artearen adierazpen berriak eta ordura arte ezezaguna zen galeria baten luzapen garrantzitsu bat ere. 2020ko uztailean, Satorrak espeleologia taldeak apaindutako beste galeria bat aurkitu zuen Alkerdi 2 haitzuloan.[18]

Lau sektoretan banaturik daude 2016an aurkitutako artelanak. Horietako bi (A eta B), irudikapen gehien dituztenak, elkarren ondoan daude, leizearen amaieran, eta beste biak (C eta D) alboko galeria banatan. Animalien hiru grabatu daude (bisonte bat, zaldi bat eta zehaztu gabeko lauoineko bat), beltzez (hirukia, puntu multzoa) eta gorriz (angeluzuzena barnean traza paraleloak dituena) margotutako zeinu geometriko konplexuak, grabatutako lerro isolatuak, eta gorriz pintatutako puntuak eta orbanak.[14] Horiei gehitu behar zaizkie 2020an topatutakoak: bisonteak, uroak, zaldiak eta, bereziki, lau bulba. Horiekin batera daude, gutxienez, pintura gorriz marraztutako lerro bikoitzen bost sail.[19]

Gravette aldiko irudiak dira, orain dela 28.000 eta 20.000 urte ingurukoak, eta Europako eremu kontinentaleko konbentzio grafiko batzuekin antzekotasuna dute. Hau da, garai hartako antzeko adibiderik apenas dago Iberiar penintsulan eta horixe da, hain zuzen, irudi horien bereizgarririk garrantzitsuena.[18] Bestalde, ikerketa taldeko kideek aipatu zutenez, harrian grabatutako marren azterketa teknologikoak erakusten du haiek egin zituen pertsonak ez zuela artisten berezko trebetasunik. Egilea esperientziarik gabea zela ematen du, ez baizen gai izan marra jarraiak eta seguruak sortzeko.[19]

Oharrak aldatu

  1. Ignacio Barandiaranen arabera 8 izan litezke; 8.a zaldi bat izanen litzateke.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e Barandiarán, Ignacio, Cava, Ana, Elorrieta, Irantzu. Alternancia/complementariedad en la ocupación de las cuevas de Alkerdi y Berroberría. Cuadernos de arqueología de la Universidad de Navarra, ISSN 1133-1542, 18. zenbakia, 1, 2010, dadun.unav.edu (Noiz kontsultatua: 2021-12-27).
  2. a b c SOS Alkerdi! Un patrimonio excepcional en peligro. Nabarralde, 2015eko azaroak 13, nabarralde.eus (Noiz kontsultatua: 2021-10-14).
  3. a b c d e Cava, Ana, Elorrieta, Irantzu, Barandiarán, Ignacio. El Gravetiense de la cueva de Alkerdi (Urdax, Navarra):análisis y contexto de su industria lítica. Munibe, 60. zenbakia, 2009, aranzadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-2).
  4. a b c d e Barandiarán, Ignacio. Arte paleolítico en Navarra. Las cuevas de Urdax. Príncipe de Viana, 134-135. zenbakiak, 1974, dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2021-11-2).
  5. Casteret, Norbert. Une nouvelle grotte a gravures dans les Pyrénées. La grotte d'Alquerdi. XVe Congrés International d'Anthropologie et d'Archéologie Préhistorique. París, 20-27 septembre 1931", París, 1933 (Noiz kontsultatua: 2021-11-3).
  6. a b c d Alkerdi 2 koban Paleolitoko hormarteko 14 elementu berri, silex arrastoak eta galeria berrien 3 kilometro aurkitu dira. Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirola eta Gazteria Departamenduko prentsa oharra, navarra.es (Noiz kontsultatua: 2021-11-3).
  7. a b Barandiarán Maestu, Ignacio. Las cuevas de Berroberría y Alkerdi (Urdax). Informe al final de la campaña de 1994. Trabajos de arqueología Navarra, ISSN 0211-5174, 12. zenbakia, 1995-96, dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2021-11-5).
  8. Nafarroako Museoko Historiaurreko gela. Nafarroako Museoa, navarra.es (Noiz kontsultatua: 2021-11-5).
  9. Unanua González, Raquel, Erce Domínguez, Ande, Laborda Martínez, Amparo. Intervención arqueológica en la cueva de Zelaieta I (Urdax-Urdazubi, Navarra). Trabajos de arqueología Navarra, ISSN 0211-5174, 26. zenbakia, 2014, dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2021-11-7).
  10. Ebazpena (Q15/576), Nafarroako Arartekoarena. defensornavarra.com (Noiz kontsultatua: 2021-11-8).
  11. Elola, Naiara. Leizeetako altxorra, arriskuan. Berria, 2014ko irailak 5, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-8).
  12. a b c Elola, Naiara. Ondareari dinamita. Berria, 2016ko martxoak 13, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-8).
  13. a b c Garate Maidagan, Diego, Rivero Vilá, Olivia. La ‘Galería de los Bisontes’: un nuevo sector decorado en la Cueva de Alkerdi (Urdazubi/Urdax, Navarra). Zephyrus: Revista de prehistoria y arqueología, ISSN 0514-7336, 75, 2015, revistas.usal.es (Noiz kontsultatua: 2021-11-9).
  14. a b c d Garate, D., Rivero, O., Hermoso de Mendoza, A., Tapia Sagarna, J., Medina-Alcaide, M. A., Álvarez, I., Aranburu, A., Bodego, A., Arriolabengoa, M., Iriarte, E., Bilbao, P., del Val, M., Abendaño, V., Calvo, J. I., Ibarra, F., Legarrea, J., eta Agirre-Mauleon, J.. Arte parietal paleolítico de la cueva de Alkerdi 2 (Urdazubi/Urdax, Navarra). Trabajos De Arqueología Navarra, 31-32. zenbakiak, 2019-2020, revistas.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2021-11-9).
  15. Marmoles Baztan enpresak 150.000 euro zor dizkio Urdazubiko Udalari. Ttipi-Ttapa, 2018ko uztailak 22, CC BY-SA 3.0, erran.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-10).
  16. Nafarroako Gobernuak Alkerdiko meatzea ustiatzeko kontzesioa luzatzeko eskaera ukatu du. Ttipi-Ttapa, 2016ko azaroak 4, CC BY-SA 3.0, erran.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-10).
  17. Cava, Ana, Elorrieta, Irantzu, Barandiarán, Ignacio. Identificaciones del Gravetiense en las estribaciones occidentales del Pirineo: modelos de ocupación y uso. Trabajos De Prehistoria, 65(1), 13–28, tp.revistas.csic.es (Noiz kontsultatua: 2021-12-22).
  18. a b 25.000 urteko labar-grabatuen multzo harrigarria aurkitu dute Urdazubiko Alkerdi 2 leizean. Ttipi-Ttapa, 2021eko irailak 30, CC BY-SA 3.0, erran.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-15).
  19. a b 25.000 urteko labar-grabatuen multzo harrigarria aurkitu da Alkerdi 2 haitzuloan. Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiaren prentsa oharra, navarra.es (Noiz kontsultatua: 2021-11-15).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu