Orkatza (Capreolus capreolus) ugaztun hausnarkaria da, Europa eta Asiako "Cervidae" familiako txikiena dena[1]. Helduek 76 zentimetroko altuera dute lepoaren hasieraraino, eta pisua 15-30 kilogramokoa dute.

Orkatz
Orkatz bikotea
Irudi gehiago
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaMammalia
OrdenaArtiodactyla
FamiliaCervidae
LeinuaCapreolini
GeneroaCapreolus
Espeziea Capreolus capreolus
Gray, 1821
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Ernaldia283 egun
Masa1,35 kg (pisua jaiotzean)
Kumaldiaren tamaina2

Iberiar penintsulan hiru azpiespezie deskribatu dituzte, beti ere mendi eta basoen barrena bizi direlarik. Duela 50 urte Irati inguruko basoetan baino geratzen ez zen arren, egoera hau zeharo aldatu da azken 20 urteotan. Hainbat herri hustutzea dela medio, abere-kopuruaren jaitsierak; duela urte dezente bere ehiza debekatzeak (gaur egun ez dago debekatuta, baina modu jasangarrian egiten da); otso, hartz eta katamotzen ia presiorik ezak... eragin nabarmena izan dute gertaera honetan.

Deskribapena

aldatu

Tamaina txikiko ungulatua da orkatza, ardi baten antzekoa. Belarri handiak ditu, entzumen ona ematen diotenak, eta ikusmen eta usaimen onak. Ilajea marroi-grisaxka du, oharkabean pasatzeko egokia, eta urtean bi aldiz ileberritzen da. Atzeko hankak aurrekoarekiko altxatuak izateak eta beste ungulatuek baino bizkarrezur makurragoa izateak erraztasunak ematen dizkio leku oztopotsuetan jauziak egiteko. Ingurune basotsuetan bizi denez, oso ondo datorkio ezaugarri hauek.

Ez du buztanik. Arrek gutxi adarkaturiko adajea dute, neguan aldatzen dutena; adar nagusi bat du, behealdean aurrera zuzenduriko punta batekin eta atzera zuzenduriko beste batekin, lehenengoa baino luzeagoa.

Banaketa

aldatu

Mundu mailan, orkatza Europan eta iparraldeko Asian dago, eta iparralderantz eta ekialderantz egin ahala gero eta banako handiagoak aurkitzen dira. Garai batean izan zuen beherakada eta gero, oraingo baldintzekin lehen galdutako lurraldeak birkolonizatzen ari da, eta baita berri batzuk ere gizakiaren laguntzarekin: honen adibide dira Leitzaranen, Pagoetan, Aralarren... egiten ari diren birpopulaketak. Naturalki ere zabaltzen ari da Euskal Herrian, Landetatik iparraldera; ekialdetik Pirinioetara; eta mendebaldetik Araba, Bizkaia eta Nafarroara[2].

Habitata

aldatu

Orkatza baso hostogalkor, dibertso, sastrakatsu, tartekaturiko zelai ugariko, eta errekasto ugarikoekin lotu izan da beti, baina denborarekin baldintza oso desberdinetako basoetara egokitu daitekeela ikusi da. Iberiar Penintsulan pagadietan, koniferoen basoetan, hariztietan, artadietan... dago. Edozein baso egitura egokia izan daiteke orkatzarentzat. Halere hasieran deskribatutako basoak gehiago hautatzen dituzte, eta baso baten baliabide trofikoak ugariagoak direnean orkatz dentsitate handiagoak aurkitzen dira. Bestalde beren populazio-dinamikak ere mugatzen du dentsitatea, baliabideek dentsitate handiagoak baimendu arren, beren lurraldekoitasun eta beste portaeren ondorioz dentsitate baxuagoak aurkitzen dira.

Elikadura

aldatu

Landare-dibertsitate handia eskatzen duen belarjalea da. Bizi den ingurunearen arabera espezie desberdinak hautatuko ditu, baina beti ere, landareen zati elikagarrienak hautatzen ditu, beren heste laburrarekin ez baitio etekin handirik ateratzen jandakoari. Duen urdail-bolumen txikiak jatordu motzak eta sarri egitera behartzen du. Neguan, besterik ez dagoenean, zuhaitz-azalarekin, sasiekin eta gutxi gehiagorekin moldatzen da, baina jarduera ere asko murrizten du.

Ugalketa eta ontogenia

aldatu

Eme kantitate alturik ezean eme bat hartuko du ar bakoitzak. Udarekin batera sartzen dira araldian eta maiatza inguruan jaiotzen dira. Tarte luze honen arrazoia atzeratutako ernaldia da. Estaltzea eman eta 15 egunera enbrioiaren garapena moteltzen da ia geratzeraino (oboinplantazio atzeratua) eta horrela mantentzen da urtarrila ingurura arte, horrela orkatzak kumeak neguan jaiotzea saihesten du. Gorteiatzea luzea izaten da, arra emearen atzetik korrika aritzen da emeak estaltzen uzten dion arte. Eme bakoitza orban zuriz betetako bi kumez erditzen da gehienetan.

Kumeak babesgabe jaiotzen dira, belar artean egoten dira amaren zain elikatzeko eta garbitzeko. Edoskitzaroak hiru hilabete inguru irauten ditu eta 9-12 hilabeterekin amarengandik bereizten dira. Behin bereizita noraezean ibiliko dira bizileku berri bat aurkitu arte, emeek urte bete inguru pasa dezakete, eta gutxienez hiru urte arrek. 14 hilabeterekin lortzen dute heldutasun sexuala eta emeak adin honekin estalita gera daitezke, baina lurraldekoitasuna dela eta arrek beren lurraldea izan arte itxoin beharko dute gurutzatu ahal izateko. Bizi itxaropena 12 urteren bueltakoa da, luzeagoa emeetan arretan baino, bai espeziearen biologiagatik eta baita ehizaren presio txikiagoagatik ere. 19 urtera arteko emeak ikusi dira.

Bizimodua

aldatu

Animalia iheskorra da, beren entzumen eta usaimen finari esker azkar ohartzen da etsaiaren presentziaz eta zaunka egin dezake espeziekideak ohartarazteko. Normalean talde txikiak izaten dira, ama bere kumeekin eta batzuetan ar batekin. Ondorioz oso ohikoa da animalia bakartien presentzia, batez ere ar gazteena. Animalia lurraldekoia eta sedentarioa da. Azalera desberdinak betetzen dituzte dentsitate eta bizilekuaren arabera. Euskal Herrian 100 hektareako 3,7 banakokoak dira dentsitaterik altuenak, oso baxuak Europako beste hainbat lekurekin alderatuz, 100 hektareako 10-20 alekoak izan baitaitezke hauetan. Isileko ehiza eta beste belarjaleekin (oreinekin, ardiekin...) duten lehia izan daitezke honen eragile.

Espezieen arteko elkarrekintzak

aldatu

Otsoak asko ehizatzen du orkatza, orkatzaren dentsitatea mugatzeraino batera bizi diren lekuetan. Azeria edo katamotza ere aipatzekoak dira erlazio nabaria baitute batera bizi diren lekutan. Beste ungulatuekin eta ganaduarekin duen lehia ere aipatu beharra dago, baina zailtasunik gabe garatu izan da orkatza urteetan zehar elkarbizitza honetan. Bestalde orkatzari eragiten dioten bizkarroi espezie desberdinak aurkitu dira.

Erreferentziak

aldatu
  1. Mateos-Quesada, P.. (2005). Corzo - Capreolus capreolus. in: Enciclopedia Virtual de los Vertebrados Españoles..
  2. Elosegi, Migel Mari. Orkatza, oihanetako printzea. Elhuyar. Zientzia eta Teknika, 1996ko urria, 22-23 or..