Sumer

Sumertar» orritik birbideratua)

Sumer[1] (edo Shumer, Sumeria, Šumer) antzinako Mesopotamiaren parte zen eskualdea da, Eufrates eta Tigris ibaien arteko lurralde oparoan.

Ur hiriko gerra panela, K.a. XXVI. mendea

Sumertarrak[2] munduko lehen zibilizaziotzat hartuak dira. Haien jatorria ezezaguna da eta hipotesi ugari dago. Hipotesi zabalduenen arabera, bertako gizataldeen eta Iran zein Indiakoen arteko nahasketaren ondorio dira sumertarrak.

Sumertarrek euren lurraldeari Kengi (ki) zeritzoten. Termino honen akadierazko forma mat Sumeri da, hots, Sumerren lurraldea.

Historia aldatu

Sumerren historian garai desberdinak bereizi dira:

Lehen biztanleak aldatu

Obeid Aroa (ca. K.a. 6500 - K.a. 3800) ere deitua. Mesopotamia beherean lehenengo giza-kokalekuak Neolitotik aurkitzen dira. Horrela dugu Jarmo (K.a. 6700. urtetik - K.a.6500 urtera). Kalkolitikoan edo Kobre Aroan Hassuna-Samarra kultura (K.a. 5500 - K.a. 5000), El Obeid (K.a. 5000-K.a. 4000), Uruk (K.a. 4000-K.a. 3200) eta Yemdet Nasr (K.a. 3200-K.a. 3000) ditugu. Garai horietatik ez dira idazkunik gelditzen eta aurkitutako kaskezurretatik ere ezin da informazio handirik atera herri horien jatorria kokatzeko: burezurren artean badira dolikozefaloak eta baita brakizefaloak ere. Badira arraza armeniarraren aztarnak ere. Aurkitutako eskulturetatik ere saiatu dira informazioa ateratzen, baina nekez jakin daiteke oso pertsona idealizatuak ziren edo benetan horrelakoak ziren. Sumertar herriaren jatorria eztabaidapena dago oraindik. Aditu batzuen ustez estepetatik etorritako herria izan liteke; beste teoriaren arabera, Indus ibaiaren ondoko Mohenjo-Daro hiriaren sortzaileak eta handik etorritakoak izan zitezkeen sumertarrak (K.a. 2600-K.a. 1800).

Uruk Aroa aldatu

 
Uruk Aroan idazteko buztinezko taulatxoak hasi ziren erabiltzen.
 
Mesopotamia Beherako antzinako hiri nagusiak.

Uruk Aroa K.a. 3800ean hasi eta K.a. 3200ean bukatzen da, eskualde honetan Kalkolitoaren azken milurtekoan. Egile batzuek aro honen azken etapatzat jotzen dute hurrengo aroa den Yemdet Nasr Aroa. Aro honetako aurkikuntzarik garrantzitsuenak Uruken daude, Obeidetik kilometro gutxira. Uruk Eufrates ibaiaren behe ibilguan dagoen herri txiki bat da, aroari izena eman diona. Uruk Bibliako "Erec" da, eta arabieraz "Warka" izena jaso zuen. Garai eta inguru horietan gizateriarentzat ezinbesteko garrantzia izango duten bi aurkikuntza gertatu ziren: gurpila, K.a. 3500. urtean, eta idazketa, K.a. 3300. urtean; azken urte honetakoak dira idazkera kuneiformez idatzitako lehenengo buztinezko taulatxoak. Idazketa horietan sumertarrak indoeuroparrak ez zirela baieztatzen da, ezta kamitak, semitak edo elamitak ere zeren eta taulatxoen hizkuntza eranskaria baita.[3]

Aro Dinastiko Zaharra aldatu

 
Putreen estela non Lagasheko Eannatum erregeak Ummaren aurka lortutako garaipena azaltzen den.

Aro hau K.a. 2900tik K.a. 2340 urtera doa. Uruk kulturaren zabalpenak Mesopotamia osoan sumertar kulturaren sortzea ekarri zuen. Lurralde osoan hiriak joan ziren sortzen. Hiri berriek harresien presentzia nabarmena partekatzen dute, eta hortik ondoriozta daiteke haien arteko gerrak eta hirien aurkako erasoak ohikoak zirela. Gizarte eredu horren zabaltzearekin batera idazketarena etorri zen. Hasiera batean idazten ziren testuak administratiboak baziren ere, laster tenploetako eskulturetan hasi ziren agertzen horrela literaturatik gertuago beste maila erakusten.[4]

Nahiz eta idazkera ezagutu, garai honen historia oso gutxi ezagutzen da. Bada sumertar erregeen zerrenda bat, baina hor ageri diren datak ezinezkoak dira. Antza denez zerrenda horiek berantiarrak dira, hau da, K.a. XVII. mendean hasi ziren idazten eta sortzerakoan helburua historia gordetzea baino gehiago erregeen leinuen antzinatasuna azpimarratzea zen. Erregeen izenen inguruan ere zalantza handiak daude: batzuk benetan izan zirela ikusi baldin bada beste askorena historikoki ez da datu fidagarririk aurkitu. Beraz, aipatutako zerrendetan datu historikoekin batera, elezaharretakoak nahasten ziren.[5]

Akadtar nagusitasuna aldatu

 
Gudeako printzearen estatua, Lagash hiriaren patesi (K.a.2120. urte ingurukoa).

K.a. XXIV. mendean, K.a. 2350. urtearen inguruan, Sargon Akadekoak, akadtar jatorriko usurpatzaileak, Kish hiria menderatu zuen. Hiriburu berri bat sortu zuen, Agade eta gainontzeko sumertar hiriak konkistatu zituen, Lugalzagesiri, Ummako erregeari garaituz. Ordura arte Umma izan zen hiri nagusia baina garaipen horren ondoren boterea Sargonen eskuetara pasa zen. Hau izan zen historiaren lehen inperioa, Sargonen ondorengoek jarraituta. Inperioa mantentzeko errebolta askori aurre egin behar izan zuten, garrantzitsuena Naram-Sin konkistadorearen bilobak aurrera eraman zuena. Akadtarren nagusitasunarekin sumertar hizkuntza eta kulturaren dekadentzia hasi zen. Inperioak K.a.[6]

K.a. 2340tik K.a. 2190 ingurura arte iraun zuen. Haren desagerpena matxinaden eta herri amorriten, bereziki guti (antzinako herria)gutien inbasioen ondorioa izan zen. Behin inperioa erorita lurralde osoa horrelako tribuen mende gelditu zen eta hiri-estatuetan bortxaz ezarri ziren ere bai. Batez ere txikitutako Agade hiriaren inguruan bildu ziren. Sumertar kronikek herri hauen deskribapenak eta balorazioak oso ezkorrak egin zituzten, barbaroen hordak moduan. Dena dela, agian errealitatea ez zen hain bortitza izan zeren eta hiri batzuetan arteen loratze berri bat eman zen, esaterako Lagash hirian, Gudea ensiren agindupean. Halaber, Lagashen urrutitik ekarritako materialak (diorita, urre, Libanoko zedro) aurkitu egin dira eta horrek merkataritza mantendu zela esan nahi du zalantzatik gabe. Hegoaldeko hiriek, bestetik, Uruk eta Ur, IV. eta II. dinastietan goraldi garaia ezagutu zuten. Beraz, gutiak ez bide ziren sumertarrek esaten zuten bezain basatiak.

Sumertar pizkundea aldatu

Garai hau K.a. 2112tik - K.a. 2004 urtera arte kokatzen da. Buztinezko taulatxo batean aurkitutako informazioaren arabera, K.a. 2100ean Utu-hengalek, Urukeko erregeak guti gobernatzaileak garaitu eta kanporatu zituen. Haren arrakasta, ordea, ez zen luzaro izan: Ur-Nammuk, Ur hiriko erregeak, lurralde osoaren hegemonia eskuratu baitzuen. Hori Ur hiriko hirugarren dinastia, edo Ur III, izan zen, baita ere sumertar pizkundea izenaz ezaguna. Hegemonia horren ondorioz sortu zen inperioa Sargon Akadekoak lortu zuen parekoa izan zen, agian gehiago. Sargonengandik inperio bateratzailearen ideia hartu zuten, alegia, eta haien erregeen denominazioan ere adkadtarrena imitatu zuten: "Sumer eta Akadeko erregeak".

Ur-Nammuren ondoren Shulgik, haren semea, boterea eskuratu zuen. Shulgik elamdarren inperioraren aurka borrokatu zen lehen eta, ondoren, Zagros mendietan babesten ziren tribu nomaden aurka. Shulgiren ondoren haren semea etorri zen, Amar-Suen, eta, geroago, honen anaia, Shu-Sin eta beste bat, Ibbi-Sin. Azken horren garaian Arabiatik amorreoen erasoak handitu ziren eta K.a. XXI. mendean azken sumertar inperioa erori zen. Hortik aurrera nagusitasuna akadtar kulturarena eta, geroago, Babiloniakoarena izango zen. Moduz batez hauek izan ziren sumertarren oinordekoak.

 
Harri hau pisu bat da. Shulgi erregearen sinadura darama.

Sumerren amaiera aldatu

Ur hiriaren hirugarren dinastia, krisi politiko eta Elamen erasoa pairatu ondoren, K.a. 2004 inguruan erori zen. Poliki-poliki sumerieraren garrantzia itzaltzen joan zen. K.a.XIX. mendearen inguruan sumeriera Mesopotamian kanpoko hizkuntza bezalako trataera zuen eta erlijio-hizkuntza bezala baztertuta gelditu zen. Printzipioz, bestetik, sumertar hiri nagusiak (Nippur, Ur) hizkuntza eta kulturaren fokoak jarraitu zuten izaten eta Babiloniako lehen dinastiaren garaian (K.a.XVIII. mendean) berrindartu ziren modu batez. Baina matxinadetan parte hartu ondoren hiri hauek abandonatu zituzten eta Sumerreko eliteak Akad herriaren aldeko beste hirietara ihes egin zuten; han haien tradizioekin jarraitu zuten oraindik.[7] Sumertar hiriak berriro jendeztatu zirenean, ordea, K.a. XV. mendea baino lehen, Babiloniako Kasita dinastiaren garaian, Sumer herriaren aztarnak eta hizkuntza desagertuak ziren.[8]

Erlijioa aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Mesopotamiako mitologia»

Sumerko erlijioa politeista zen. Bere, eta bere oinordekoen historia luzean hainbat aldaketa eman ziren haien panteoian eta jainko eta jainkosen funtzioetan eta garrantzian aldaketak eman ziren. Bestalde, mitoen moldaketa eta berridazketa ugari egin ziren, askotan, interes politikoei begira. Horregatik, epopeia baten protagonista bezala, pertsonai edo jaiko/jainkosa ezberdinak ager daitezke. Edo adibidez, aita-ama anai-arreba diferente egon daitezke mito batean edo bestean.

Badakigu sumertarrak garai historikoen hasieratik, semitak ziren akadtarrekin nahasita bizi izan zirela, Sargon I. errege akadtarra, 2300. urtean bere erreinua zabaldu haurretik, garai aurredinastikoetan, alegia. Sargon ondoren, akadiera izan zen Sumerko hizkuntza ofiziala. Akadieraz idatzi ziren erlijio-liburu, jainkoen zerrenda edo mito gehienak, nahiz eta sumeriera mantendu zen erlijio hizkuntza bezala. Horregatik saila da bereiztea zeintzuk diren sumertarrak eta zeintzuk akadtarrak. Nahasketa honetatik sortutako erlijioa gerora ere mantendu zen. Babiloniarrek (2000. urtea – 539 K.a.), akadtar eta sumertar haien nahasketa politiko-kulturala, Mesopotamiako ( Sumer - Akad - Asiria - Babilonia) erlijioaren azken jarraitzaileak izan ziren. Hauen garaietan idatzi ziren epopeia eta poema garrantzitsuenetarikoak nahiz eta aldaketa eta berrikuntza garrantzitsuak ere egin ziren.

Sumertarrak aitzindariak izan ziren erlijio kontuetan. Guk dakigula, haien mitoetan lehen aldiz agertu ziren Itun Zaharrean aipatzen diren hainbat istorio. Hala nola, Uholde Nagusia, lehen gizakia buztinaz egina izanarena, etab.

Hauek izan ziren jainko/jainkosa garrantzitsuenetarikoak:

Bi triada garrantzitsu zeuden:

Triada kosmikoa:

  • An: Zeru-jauna. Jainko lehenetariko bat. Jainko/Jainkosen erregea. Uruk hirian zuen bere tenplurik nagusiena. Bere emaztea Uras edo Ki (Lurra) edo Antum izan zen. Innana bere alaba zen. Uholde Hndia bidali zuen lurrera. Adardun kaskoarekin irudikatzen ohi zen. Bere zenbaki sakratua 60 zen. Triada kosmikoko kidea zen Enlil eta Eniki-rekin batera. Akadieraz, Anum deitzen zen. Gizakiengandik urrun zegoen jainko bezala ikusten zuten, horregatik, nahiz eta duintasunez, lehen jainkoa zen, Enlil, eta ez bera, izan zen jainkorik gurtuena lehen aro historikotan.
  • Enlil: Aire-jauna. Lur azalaren eta airea edo eguratsaren jainkoa. Bere zenbaki sakratua: 50. Nippur-en zuen bere tenplurik garrantzitsuena. Babiloniako garaietan, Mardukek hartu zuen bere lehen postua. Jainko merkataria ere izan zen. Bere zenbaki sakratua 50-a zen. bere emaztea Ninlil zen, baino batzuetan Inanna ere izan zen.
  • Enki: Lur-Jauna; akadieraz, Ea. Bere tenplurik garrantzitsuena Eridun zegoen. Sumerentzat lurra uraren gainean eta urez inguratuta zegoen, igerian zegoen uharte baten moduan. Enki, ur horien eta lur azalera ateratzen dien uren (ibaiak) jainkoa zen. Azti handia zen eta. Jakinduria praktikoaren eta artisten jainkoa. Apsuan bizi zen. Bere zenbaki sakratua 40 zen.

Izarretako triada:

  • Nanna-Suen edo Zu-en: Ilargiaren jainkoa; akadieraz, Sin. Bidegabekeriaren aurka zegoen jainkoa zen. Bere zenbaki sakratua 30 zen. Bere hiri sakratua Ur izan zen eta geroago, Harran ere. Oso jainko maitatua zen. Bere emaztea Ningal izan zen.
  • Utu: akadieraz, Shamash. Eguzkiaren jainkoa, Nannaren semea eta Inannaren anaia. Jaiko-eguzki askok bezala, justizia eta legea eta ordenaren jainkoa zen, bekatua zigortzen zuena. Jainko ezkorra zen, idorra ekartzen zuena. Dena zekien dena ikusten zuelako, eta orakuluak ere botatzen zituen. Gauez hildakoen erreinura jaisten zen. Hainbat ezaugarrietan Apolo grekoaren antza dauka. Bere zenbaki sakratua 30 zen.
  • Inanna: akadieraz, Ishtar. Artizarra. Bere zenbaki sakratua 15a zen. Sexuaren eta gerraren jainkosa. Akadtarren garaian Nannaren alaba. An-en alaba eta emazte bezala agertzen da, eta beste batzuena. Lehoiarekin irudikatzen zaio askotan. Sexualitatearen jainkosa bezala, biluzik irudikatzen zaio eta gerrako jainkosa bezala, jantzita eta lehoiarekin. Testu kuneiformeetan ihi sorta bat da bere ikurra. Jainkosa hau Ekialde Hurbil osoan gurtua izan zen, funtzio eta irudikatzeko modu antzekoekin baina izen ezberdinekin, batzuk Ishtar izenaren bilakaerak: Astarte, Astoret, Allat, Anat, Artemis, Afrodita, Atenea, Tanit, Afrodita, Atenea...

Arkitektura aldatu

 
Ur hiriko Zigurat Handia, berreraikia (egungo Irak)

Tenplua zen sumertarren hirietan ekonomiaren eta erlijioaren erdigunea ; gainerako etxeak tenpluaren inguruan kokatzen ziren. Eraikuntza multzo bat zen, santutegiak, kaperak, biltegiak, lantegiak eta idazlarientzako bulegoak zituena. Eraikuntza multzoaren erdian, plataforma baten gainean, hiriko jainkoaren tenplua zegoen.

Hasieran, plataforma horiek ez ziren oso handiak, baina gero eta handiagoak egin zituzten, adreiluzko egitura erraldoi karratuak bihurtu arte: ziguratak. Ezagutzen den zigurat zaharrenetako bat Uruk hirikoa da, K.a. 3000. urte ingurukoa. Adreiluzko horma makurtuak dituen tontor txiki moduko bat da, 12 metro garai. Tenplua plataformaren gainean zegoen eta bertara iristeko eskailerak eta aldapak zituen. Santutegiko hormak oso sendoak ziren, karez zurituak eta uniformeki banatutako sakonunez eta irtenunez apainduak.

Cella zen tenpluko gune nagusia, tenpluaren luzera osoa hartzen zuen areto estu bat. Hego-mendebaleko aldean zuen sarrera, halako moduan non sinestunek angelu guztiak inguratu behar zituzten bertara iristeko (ardatz hautsiko sarbidea). Iparralderago, Diyalako eskualdean, Khafadjeko tenplua dago, Tenplu obala ere deitua, Urukekoa ez bezalako eredu baten arabera egina baita. K.a. 2700. urte aldera eraiki zen. 103 metroko luzera eta 74 metroko zabalera zuen, hiru mailatan mailakatutako plataforma garai baten gainean eraikia zen, eta inguru osoan zuen harresi obal bikoitz batez hiritik bereizia. Beste tenplu batzuek bezala, biltegiak, sukaldeak eta eskribauentzako langelak zituen barruan.

Hilobi arkitekturan, aipagarriak dira Ur hirikoak. Partikularren hilobiak hobi lauki-zuzen soilak ziren; han hondoan uzten zen hilaren gorpua, harenak izandako zenbait gauzarekin. Errege hobiak, berriz, konplexuagoak izaten ziren. Lau hobi mota bereiz daitezke: lau ganbera eta malda dituena; ganbera bakarra eta adreiluzko ganga dituena; lubakia duena eta ganberarik ez; eta ganbara bakarra eta barnean patioa duena. Guztiak dira harriz edo adreiluz eginak.

Eskultura aldatu

 
Tell Asmar-eko botozko eskultura (K.a. 2750-2600)

Sumertarren eskulturaren oinarrizko forma zilindroa eta konoa ziren. Egiptoarrena, berriz, kuboa izan zen. Mesopotamiako eskulturak oinarrizko forma horri eutsi zion beti, are forma konplexuagoak hartu zituenean ere.

Dinastien aurreko arotik egosi gabeko buztinez eta terrakotaz egindako buru batzuk besterik ez dira gorde, pintura hondakinak dituztenak. Guztietan aipagarriena Uruk hirian aurkitutako emakume burua da, gurtzeko eskultura batena, segur aski.

Osorik gorde diren eskultura zaharrenak Tell Asmarkoak dira. Handienak 75 cm ditu eta landarediaren jainkoa irudikatzen du, Abu. Gainerakoek, handienetik hasita, ama jainko bat, apaizak eta izaki jainkotiarrak irudikatzen dituzte. Estatuaren tamainarekin alderatuz, oso begi handiak dituzte denek, eta jainko-jainkosek besteek baino begi nini handiagoak gainera. Hala gorputzak nola aurpegiak eskematikoak dira, begiek beregana dezaten arreta osoa.

Metalgintza eta bitxigintza aldatu

Metalak lantzeko antzean brontzea beste material batzuekin konbinatzen zen, zur, urrezko xafla eta lapis lazuliarekin. Lanik aipagarrienetako bat Urko akerra da, Urko hilobietan aurkitua (K.a. 2600 urte inguru); metro erdiko goratasuna du, eta euskarri gisa erabiliko zen segur aski : aker bat da eta zutik dago, zuhaixka loratu batean bermaturik.

Aipagarriak dira, baita ere, tarazea lanak, hau da, zurean txertatutako maskor eta harri puskez egindako mosaiko modukoak, hala nola Urko mosaikoa (British Museum, Londres), 20 x 48 cm-ko zurezko kutxa baten apaingarria, non gerrako eta bakealdiko eszenak eta gai mitologikoak irudikatzen baitira.

Erreferentziak aldatu

  1. Euskaltzaindia. (2004/XII/16). 142. araua: Antzinateko eskualdeen euskarazko izenak. Bilbo.
  2. Euskaltzaindia. (2015-1-30). 174. araua: Antzinateko herriak. Ekialdeko eta Europako herriak. , 3 or..
  3. Isaac Asimov:The Near East:10,000 Years of History, Hardcover, 277 or. 0395065623 (ISBN13: 9780395065624)
  4. Margueron, Jean-Claude (2002). «La época del Dinástico Arcaico». Los mesopotámicos. Fuenlabrada: Cátedra. ISBN 84-376-1477-5.
  5. https://web.archive.org/web/20141113223248/http://www.alu.ua.es/p/pdcp/historia/antigua_universal_1/tema4.pdf
  6. A. Westenholz, «The Old Akkadian Period: History and Culture», W. Sallaberger et A. Westenholz: Mesopotamien, Akkade-Zeit und Ur III-Zeit, Fribourg, 1999, 17-118.or.
  7. A. Jacquet, «Des exilés de Sumer en Babylonie», Guerres antiques et impériales en Orient, Dossiers d'Archéologie 300.zk., 2005ko otsaila, 18-25.or.
  8. «Sumer», Jacques Briend et Michel Quesnel (zuz.), Supplément au Dictionnaire de la Bible , 72-73 faszikuloa, Letouzey & Ané, 1999-2002, 77-359 bilduma. (ISBN 9782706302237, OCLC 495478666)

Kanpo estekak aldatu