Prentsa idatzia
Prentsa idatzia idatzizko komunikabideen multzoa da. Oro har, bitan banatzen da prentsa idatzia: batetik egunkariak, bestetik aldizkariak, argitaratze maiztasuna zein den. Gainera, lehenengoen papera kalitate kaxkarragokoa da. Aldizkariena hobea ez ezik, koloretsuagoa ere izaten da. Halaber, aldizkariek hobeki egin diete aurre Internetek ekarri dituen komunikabide elektronikoei, agian bezero fidelagoak dituelako.
Izan ere, azken urteotan egunkarien salmentak behera egin du mundu osan, hainbat herrialdetan izan ezik (Txina eta garatzeko bidean dauden beste batzuetan). Horren eragile nagusiak doako prentsa idatzia eta Internet izaten dira askoren ustez. Horretaz gain, egunkari tradizionalen sinesgarritasuna eta independentzia kolokan daude herrialde askotan.
Materialak
aldatuPapera
aldatuPapera material fin bat da, gehienbat bertan idazteko, inprimatzeko edo zerbait biltzeko erabiltzen dena. Elkar gurutzaturik dauden landare zuntzek eratzen dute, zelulosak batez ere, bai fisikoki eta bai kimikoki, hidrogeno zubiak direla eta. Material malgu bat da, erabilera askorekin: papera idazteko, paketeak egiteko, garbitzeko eta eraikuntzan zein prozesu-industrialetan erabiltzen da.
Ts'ai Lunek asmatu zuela esan ohi da, K.a. 105. urte inguruan[1]. Hala ere K.a. II. mendeko aztarnategi arkeologikoetan paper zuntzak aurkitu dira[2]. Gaur egungo papergintza industria globala da, Txina delarik gehien produzitzen duen herrialdea, Ameriketako Estatu Batuek jarraituta.
Izena, euskaraz, papirotik datorkio, horrela deitzen baitzen paperaren Egiptoko aitzindari bat, bere izen berbera daramaten landaren batzuen zuntzekin sortua.
Tinta
aldatuTinta hainbat pigmentu (edo koloratzaile) eta likido garraiatzaile bat duen likidoa da. Material baten gainean idazteko edo marrazteko balio du, normalean papera. Edozein inprimazio egiteko erabiltzen da. Tintarik zaharrena txinatarra da, orain dela 5.000 urte baino gehiago asmatua.
Tinten likido garraiatzailea hainbat alkoholen eta uraren arteko nahasketa da. Nahasketa horietan gehien erabilitakoak etanola, metanola, isopropanola, etilen glikola eta ura dira. Likido garraiatzaileak tinta likido egoeran mantentzen du papera bezalako gainazal porotsu batekin ukipenean ez dagoenean.
Idazteko tintak kolorea ematen dion koloregai edo pigmentu berezi bat izaten du. Normalean tinta gehienak isurkariak izaten dira, baina badira ore bigunen modukoak ere. Tinta guztiek azido tanikoa izaten dute kopuru txikietan, eta horren eginkizuna koloregaia paperean finkatzea da. Tipografiako tintek bi osagai nagusi dituzte: batetik, gai solidoa edo pigmentu kolore emailea, eta bestetik, gai likatsua edo ore biguna.
Inprenta
aldatuInprimatzeko makina edo moldiztegia testu eta irudiak paperaren gainean birsortzeko erabiltzen den makina da. Tinta jartzen da tipo izeneko metal zatien gainean, eta tinta hori paperera igarotzen da presioaren bidez.
Lehen inprimatzeko makina Bi Shengek asmatu zuen, 1040 aldean, Txinan. Europan halako makina bat egiterik ez izateko arazoa ez zen teknikoa; izan ere, Antzinako Erroman bazekiten tinta zigiluen bitartez inprimatzen, baina ez zegoen papera egiteko modu merkerik. Txinatarrek arroz-papera erabiltzen zuten, eta inprimatzeko portzelanazko oinarria. Europan ez dago argi nork asmatu zuen. Gehienen iritzia Johannes Gutenbergek asmatu zuela da, nahiz eta haren izena ez dagoen jasota inongo testu idatzitan. Johannes Mentelinek Estrasburgon (1458-1478), Panfilo Castaldik Italian (1470) eta Laurens Costerrek Haarlemen (1430) inprimatzeko makinaren asmatzaile direla esan ohi da, eta bakoitzari bere herrian monumentua ezarri zaio horren omenez.
Motak
aldatuEgunkariak
aldatuEgunkaria edo kazeta egunero kaleratzen den argitalpena da, bereziki albisteak ematen dituena.
Eguneroko berriak dakartzan aldizkakoa da. XIX. mendearen hasieran sortu ziren lehenengo egunkariak, orduan bete zirelako lehendabiziko aldiz egunkari bat sortzeko baldintzak. Batetik berri iturburuen iraunkortasuna, lehenengo agentziak sortu eta berriak igortzeko sistemak jarri zirenean: garraiobideak eta hasierako telegrafia sistemak. Orobat papergintza eta inprimaketarako sistemak ere hobetu egin ziren. Gaur egun, egunkariak hainbat sailetan banatuta egoten dira: kudeatzea, erredakzioa eta inprimaketa. Erredakzioa da kazetaritzari gehien dagokiona; bi sailetan banatzen da: erredakzioa bera, aldi berean alorka banatua, eta maketazioa, egunkariaren orrien banakera eta bertan berriak zein lekutan eta nola jarri erabakitzen duena.[3]
Munduko lehen kazeta, Relation aller Fürnemmen und gedenckwürdigen Historien, 1605ean argitaratu zuen lehen aldiz Johann Carolusek Estrasburgon.
Gaur egun, euskarazko bakarra Euskal Herri osoko mailan "Berria" da, "Euskaldunon Egunkaria" eta "Egunero"ren ondorengoa dena 2003tik, Egunkaria itxi baitzuten. Eskualde mailan, "Hitza" egunkariak ditugu. Hala ere"Hernaniko Kronika" da astean zazpi egunez argitaratzen den paperezko egunkari bakarra.
Historiari begiratzen badiogu, Espainiar estatuan gerra zibil modura ezagutzen den garaian "Eguna" izeneko egunkaria sortu zuten EAJko edo haren oso inguruko idazle eta gudari batzuek, hala nola Augustin Zubikaraik, Lauaxetak, eta abarrek.
Aldizkariak
aldatuAldizkariak maiztasun finkoa duen argitalpen idatzia da,[4] eta argitaratze-maiztasun horren arabera hartzen du izen zehatzagoa: astekaria edo kazeta, hamaboskaria, hilabetekaria, bihilabetekaria, hiruhilabetekaria edo urtekaria, adibidez. Magazinak gai multzo zabala jorratzen duten aldizkariak dira, irudiekin eta dibulgaziorako. Gai zehatzak lantzen dituzten aldizkari berezituak ere badira. Egunkariak bezala, aldizkariak kiosko eta liburu-dendetan saltzen dira paperean, eta Internetez edizio digitalean
Erreferentziak
aldatu- ↑ Bevis, Dorothy. (1953-01-01). «Print: A Manual for Librarians and Students, Describing in Detail the History, Methods, and Applications of Printing and Papermaking. George Mann» The Library Quarterly 23 (1): 47–47. doi: . ISSN 0024-2519. (Noiz kontsultatua: 2017-10-10).
- ↑ (Ingelesez) Needham, Joseph; Tsuen-Hsuin, Tsien. (1985-07-11). Science and Civilisation in China: Volume 5, Chemistry and Chemical Technology, Part 1, Paper and Printing. Cambridge University Press ISBN 9780521086905. (Noiz kontsultatua: 2017-10-10).
- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.
- ↑ Euskaltzaindiaren hiztegiak Agerraldi tarte jakinez argitaratzen den izkribu inprimatua bezala zehaztuta, 2021-01-14an eguneratua