Pierre Pradier

politikari frantziarra

Pierre Pradier (Biarritz, 1933ko uztailaren 2a - 2003ko apirilaren 25a) Euskal Herrian jaiotako mediku anestesista izan zen. Medikuntzaren arloan lan egiten duten elkarte eta erakundeetan (Mugarik Gabeko Medikuak, Médecins du Monde, Osasunerako Mundu Erakundea, Gurutze Gorria) ardura garrantzitsuak izan zituen eta Europar Legebiltzarrean diputatua izan zen.

Pierre Pradier


Europarlamentaria

1994ko uztailaren 19a - 1999ko uztailaren 19a
Barrutia: Frantzia
Hautetsia: 1994 European Parliament election (en) Itzuli
Bizitza
JaiotzaBiarritz1933ko uztailaren 2a
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
HeriotzaBiarritz2003ko apirilaren 25a (69 urte)
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta medikua
Lantokia(k)Estrasburgo eta Brusela
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Ezkerreko Alderdi Erradikala

Biografia aldatu

Biarritzen jaio zen medikuntza eta farmazia (aita farmazialaria izan zen) munduarekin loturak zituen eta dituen eskuineko familia katoliko batean; lau neba-arreba zituen: Bernard, Zazou, Jean eta Brigitte. 1944 eta 1948 artean Sarlateko (Okzitania) Jesusen Konpainiako kolejioan ikasi zuen. 17 urterekin medikuntza ikasketak hasi zituen Parisen; Aljeriako independentziaren aldeko manifestazioak antolatzen ibili zen eta Medikuntza Fakultatean UNEF (Union nationale des étudiants de France[1]) elkarteak lortu zuen nagusitasunean zerikusia izan zuen. 27 urterekin, Aljeriako Independentziaren Gerraren garaian hara bidali zuten mediku. Parisera itzuli eta 1962an Danièlerekin ezkondu zen.

Baionako erietxean lanpostu baten esakintzari erantzun zion eta Biarritzen bizi ziren; 1966an SAMU (Service d'aide médicale urgente) eta metadona zentrua sortu zituen Baionan. Goi mailako ardurak izan zituen medikuntzaren arloan giza-laguntza lantzen duten zenbait elkartetan: 1973tik 1979ra Mugarik Gabeko Medikuak (Médecins sans frontières, MSF) elkartean egon zen eta Bernard Kouchnerrek bultzatutako aurrekotik bereizi zen Médecins du Monde (MDM) delakoaren sortzaileetakoa izan zen 1979an. Azken honekin Nikaragua, Kosovo, Palestina edota Afrikan ibili zen. Elkarteko presidente (1983-1985), zuzendari orokor (1992-1994) eta harrezkero ohorezko presidentea izan zen. Osasunerako Mundu Erakundearen izenean Palestinan egon zen (1989-1992) eta El Salvador (1979an ere egona zen), Vietnam, Laos eta Bosnian erakundearen delegazioen buru izan zen.

Europar Legebiltzarreko diputatua (1994-1998) aukeratu zuten Bernard Tapie buru zen Energia Erradikala (Énergie Radicale) zerrendan; bere legebiltzarkide lanean kartzeletako egoeraz aritu zen. Urte horietan Bernard Kouchnerrek sortutako AAH (Association pour l'action humanitaire) elkarteko kide egin zen. Aipatu elkarte guztietako partaide zela bisitatu dituen beste leku batzuen artean hauexek daude: Txinako itsasoa (boat people vietnamdarren alde), Djibuti, Kongo, Tanzania, Haiti, Libano (bere lehen misioa, 1975ean MSFrekin), Ruanda, Burundi, Armenia...Bere azken ardura delegazio baten buru izanik Kosovon izan zuen (2000ko otsaila-apirila); NBEren aginduz osasun arloko lehentasunak markatzeari ekin zion; azken lana Frantziako Gurutze Gorrian bete zuen, kanpoko operazioetako arduradun izan zelarik.

Danièle emaztearekin hiru seme-alaba izan zituen: Mathilde, Miren eta François. 2001ean Gurutze Gorrian lan egiten zuelarik minbizia hasi zitzaion eta 2003an hil zen.

Euskal Herriaz aldatu

Munduan zehar pasatutako edota Parisen bizi izandako aldiez gain beti harreman estua gorde izan zuen Biarritzekin; Jean Jaurès bulebarreko villa Guernika bere etxean sarritan egoten zen kide zen elkarteetako lagunak hartzen. Tokiko politikagintzan ere esperientzia batzuk izan zituen: 1968an kide zen Alderdi Sozialista Batuaren (Parti socialiste unifié, PSU) hautagaia izan zen Baiona-Biarritz barrutian eta %3,5 erdietsi zuen; beste aldetik, hurbiltasun pertsonalagatik Jakes Abeberri abertzaleak gidatzen zuen Biarritz Bestelakoa-Biarritz Autrement zerrendatik kontseilari atera zen.

Hala ere, abertzaletasunetik urrun ikusten zuen bere burua, eta munduan zehar izan zituen esperientzien ondorioz (Bosnia, Kosovo) estaturik gabeko herrietako nazionalismoen kontrako jarrera hartu zuen, estatu-nazioetan oinarritutakoekin hain gogor agertu gabe; Europar Legebiltzarrean hurkoen zituenen artean antzeko ikuspegi nazionala defendatu duen José María Mendiluce PSOEko diputatua egon zen. Talde armatu paramilitarren (ETA, Iparretarrak, IRA, FLNC) ekintzen oso kontrakoa izan zen; aldiz, Gabi Mouesca IKko kidearekin harreman estua landu zuen eta kartzelatik ateratzearen alde egin zuen.

Bibliografia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Ezkerrean kokatzen den ikasle elkartea.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu