Maria Kristinaren erregeordetza

1885eko azaroan Alfontso XII.a hil egin zen eta horren emazte Maria Kristinak hartu zuen erregetza, hurrengo erregea izango zen Alfontso XIII.az haurdun zegoela. Canovasek idatzizko konpromezua hartu zuen Mateo Sagastarekin (El Pardo-ko Hitzarmena) txandakatze politikoa eta Errestaurazioko erregimenarekin aurrera egin eta sendotzeko

Habsburgo-Lorenako Maria Kristina (1858-1929)

Gobernu liberalaren ekintzak aldatu

Maria Kristinaren erregealdiko lehen urteetan (1885-1890) Mateo Sagasta itzuli zen gobernura liberalekin, herriari egonkortasun politikoa emanez eta garapen ekonomikoa bultzatuz. Erreformismo liberala nagusitu zen eta 68ko iraultzako ideiak, 1881-1883 aldian berrezarri nahi izan zirenak, aurrera eramatea lortu zen:

  • Epaimahai bidezko epaiketak ezarri ziren.
  • Erreforma militarreko proiektu bat prestatu zuten, kontserbadoreak kontra jarri zituena.
  • Hazkunde ekonomikorako eta trenbideen hedapenerako hainbat lege liberalizatzaile eman zen.

Txandakatzetik kanpo zeuden taldeei zegokienez mugimendu errepublikarrak gainbehera izan zuen, Pi i Margallen talde federala minoritarioa bilakatuz eta Castelarrek monarkiaren aldeko alderdi liberalarekin bat egitea erabaki zuen. Karlismoak artean ere indar handia izaten jarraitu zuen Euskal Herrian eta garai horretan gizarte mugimenduak sortu edo zeudenak indartu egin ziren. Beranduago alderdi politiko bihurtuko ziren: katalanismoa, sozialismoa, euskal nazionalismoa.

90eko hamarkada aldatu

 
Praxedes Mateo Sagasta (1825-1903)

Hamarkada honetan Canovas eta Mateo Sagastaren txandakatzea zorroztasun handiz bete zen, baina mende amaieran, esparru sozioekonomiko eta politikoan eragin zuen krisi gogorrari aurre egin behar izan zioten bi alderdiek.

Mende amaierako krisia aldatu

Europan hirurogeita hamarreko hamarkadan hedatzen ari zen krisi ekonomikoak eragin negatiboa izan zuen Espainiako ekonomian, lehiakortasun handiaren ondorioz:

  • Nekazaritzak eta abeltzaintzak hamarkadaren amaieran krisia izan zuten, produkzioak eta prezioek behera egin zutenean eta lurjabe handiek atzerriko produktuen aurrean euren produkzioa babesteko muga zergak ezartzea eskatu zuten.
  • Kontserbadoreek 1889an, krisiari aurre egiteko joera protekzionistagoa zuen politika ekonomikoa ezarri zuten, aurreko librekanbismoa baztertuz. Kataluniako ehungintza industrietako eta Bizkaiko siderurgietako jabeek ere neurri protekzionistak eskatu zituzten nazioarteko konpetentziari aurre egiteko.
  • Ekonomi krisiak gizarte krisia eragin zuzena izan zuen gizartean, nekazaritza krisiak nekazariengan izandako eraginak nekazari inguruetako gizarte gatazkak areagotuz eta langileen mugimendua ere sendotuz. Dotrina anarkistak eta sozialistak langileen artean hedatzen hasiak ziren eta gizarte tentsioa ere areagotu egin zen eta horrek, mitinak, manifestazioak eta atentatuak ekarri zituen.

Euskal Herrian aldatu

Foruzaleen egonezinaren eta kontzertua berritzean sortutako tentsioaren emaitza 1893an sortutako nazionalismoaren aurreko istiluak izan ziren: Nafarroako Gamazada eta Gernikako Sanrokada. Errepublikanismoak eta sozialismoak gero eta jarraitzaile gehiago zituzten, batez ere hirietako erdi eta behe mailako klaseen artean; klase horiek gero eta kopurutsuagoak ziren Bizkaiko industrializazioaren erritmo azkarraren ondorioz. Industriako eliteak Errestaurazioko hauteskundeetako iruzurra erabili zuen eta botoak erosi zituen Euskal herriko bizimodu politikoan parte hartu ahal izateko, Víctor Chávarri enpresariak bultzatutako La Peña erakundearen bidez.

Kolonietako gerrak aldatu

 
Mainen urperatzea, 1898
Sakontzeko, irakurri: «Espainiar-amerikar gerra»

Kolonietako arazoak izan ziren 90 hamarkadako gatazka nagusiak eta errestaurazio sistemaren kontrako jarrera piztu zutenak. Garai horretan, potentzia handien hedapen inperialista gertatu zen, eta Afrika eta Asia banatu zituzten. Espainiari berriz, garai batean izandako inperio kolonialetik, Puerto Rico, Kuba eta Filipinak baino ez zitzaizkion geratzen 1895. urterako.

Gerraren garapena aldatu

Errestaurazioaren garaian, AEBk Kuban zituen interesak gero eta handiagoak ziren, azukrearen industria oparoan eta meategietan inbertitutako kapitalak zirela eta. Zanjongo bakearen ondoren (1878), Kuban mugimendu independentistak hedatuz jarraitu zuen, AEBk bultzatuta eta José Martík zuzendutan.

1895. urtean, enfrentamendu armatua areagotu egin zen, Filipinetan zein Kuban. Canovasen gobernuak Martinez Campos jenerala bidali zuen azken horretara altxamendua baretzera eta 1897.ean autonomia handia eman zion irlari. AEB Maine zeritzon ontzi iparramerikarraren leherketaren aitzakia erabiliz, gerran sartu ziren. Gerra berehala amaitu zen eta Espainiako armada suntsituta eta irainduta geratu zen:

  • Espainiako soldadu asko hil zen, gehienak behe mailetatik erreklutatuak.

Amaiera eta ondorioak aldatu

Errendizio formala 1898ko abenduan sinatu zen; Parisko bakea: Espainiak Puerto Rico, Filipinak eta Guam uharteak AEBri eman zizkion eta Kubako independentzia onartu zuen. Urtebete beranduago, Espainiak itsasoz bestaldeko inperio osoa desegin zuen, Alemaniari Karolinak, Marianak eta Palau saldu baitzizkion. 98ko hondamendiak nortasun krisi latza eragin zuen Espainiako gizartean, hurrengo mende arte irauteaz gain, errestaurazio sistemaren krisiaren hasiera eragin zuena.

98ko krisia aldatu

Hondamendiaren eragina aldatu

AEBen aurrean izandako porrot militarrak benetan eragin handia izan zuen Espainiako gizartean eta gutxiagotasun sentimenduak menderatutako pesimismoa nagusitu zen. Krisi egoera horrek Espainiaren gainbeheraren eta 98ko hondamendiaren arrazoien berezko hausnarketa intelektual eta politiko sakona eragin zuen. Bi mugimendu nabarmendu ziren:

Gainera, nazionalismo espainiar kontserbadorea indartuz joan zen, inperio koloniala galdu, hiri inguruetako garapen ekonomikoa, nekazaritzaren atzerapena eta nazionalismo kataluniar eta euskaldunaren sendotzea zela eta.

Erregenerazionismoa aldatu

Errestaurazioaren sistema kritikatzen zuen korronte ideologiko berritzaile bat izan zen erregenerazionismoa. Sistema liberala berritzea proposatzen zuen eta Espainiako arazo larriei aurre egitea: jauntxokeria, analfabetismoa, gutxiengoaren gobernua, nekazaritza munduko esplotazio handiak lurjabe handien esku egotea…

Erregenerazionismoko pertsonaia nabarmen eta garrantzitsuena Joaquin Costa izan zen, bere idatziek eragin handia izan zuten XX. mendearen hasieran eta honen ustez, erregimenaren arazoak oligarkia eta jauntxokeria ziren.

98ko belaunaldia aldatu

XX. mendeko lehen urteetan garatu zen korronte intelektual eta kulturala izan zen 98ko belaunaldia. Erregenerazionismoa eta XX. mendera igarotzean nagusi zen pesimismoa ezin hobe islatu zituen mugimendu artistiko-literario horrek. Belaunaldiaren lanak Espainia ilunaren kritikan oinarritu ziren:

  • Miserian eta tradizioan murgilduta, iraganean geldituta zegoen Espainia salatu zuten.
  • Herrialdea modernizatu eta berritu beharra zegoen alor guztietan: gizartea, politika, ekonomia, kultura…

Kiderik garrantzitsuenen artean ondorengoak aipa daitezke: Miguel de Unamuno, Azorin, Pio Baroja, Ramiro de Maeztu, Vicente Blasco Ibañez, Ramon Maria Valle-Inclan eta Antonio Machado idazleak; Ignacio Zuloaga pintorea, etab.

Kanpo estekak aldatu