Juan Antonio Aboitiz

euskal idazlea

Juan Antonio Aboitiz Asterrika (Lekeitio, Bizkaia, 1751eko apirilaren 3a - 1824ko urriaren 2a) abade katolikoa eta bertso sortzailea izan zen. Haren konposizioak asko zabaldu ziren XVIII-XIX mendeetan ahoz-aho, "Txanton Pipirri" eta "Peru Dubako" izeneko bertso sortak bereziki.[1]

Juan Antonio Aboitiz
Bizitza
JaiotzaLekeitio1751ko apirilaren 3a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaLekeitio1824ko urriaren 2a (73 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
latina
Jarduerak
Jarduerakapaiza, botanikaria eta idazlea

Datu biografikoak

aldatu

Juan Antonio Aboitizen bizitzako datu gutxi ezagutzen da. 1970. hamarkadan Nikolas Alzola Gerediagak, Urkitza abade lekeitiarraren laguntzaz, elizako sakramentuen artxibotik, jaiotza eta heriotza data zehatzak atera zituen, baita guraso eta aiton-amonen izenak ere: aita Juan Aboitiz, Juan Aboitiz eta Domeka Zarakondegiren semea; eta ama Ursola Asterrika, Antonio Asterrika eta Catalina Uskolaren alaba.[2]

Lehenik Mendexako abade izan zen, eta 1815 inguruan Lekeition postua lortu zuen;[3] hor jarraitu zuen 1824ean 74 urterekin hil arte.[1]

Lekeitioko Udal Artxiboan Juan Antoniok izandako zenbait pleituren dokumentuak gordetzen dira, hala nola Ispasterko gizon baten aurka jarri zuena, 461 erreal eta 8 marai balio zuten arto-anega batzuen kontura.[1]

 
Lekeitioko Uriarte jauregia, XVIII. mendeko tertulia ilustratuak ospatzen ziren lekuetako bat.

Badirudi Juan Antonio Aboitiz XVIII mende amaieran Lekeition egiten ziren tertulia ilustratuen partaide izan zela. Aita Donostiaren eskuizkribuetan agertzen den testu honetatik ondorioztatu daiteke hori: "La melodía que trascribo [“Boga-boga” kantuaz ari da], pudiera bien ser parte de alguna pieza de teatro (al estilo “El borracho burlado”) representada por la aristocracia lekeitiarra de fines del XVIII. Había en este tiempo entre dicha aristocracia (los de Otxandategi, Oxangoiti, Renteria, Navarro-Larreategi) la costumbre de celebrar veladas literarias y concursos de poesías en romance y bascuence por acontecimientos que hoy nos parecen fútiles: la traída de aguas, el plantío de árboles en la alameda, etc. etc.; y eran, generalmente, las señoritas las encargadas de expresar su peor o mejor genio poético o literario". Itxura guztien arabera, "la traida de aguas" esaten duenean, 1800ean Trakamailgo ur-ekarrerari jarritako bertsoez ari da; beraz, litekeena da Juan Antonio Aboitiz tertulia hauetan parte hartu izana.[1]

Botanikan nolabaiteko interesa ere bazuela badakigu. Madrilgo Errege Lorategi Botanikoaren zuzendari Mariano Lagascarekin kolaboratu zuen, euskal kostalde honetako landareak jasoz;  1817ko ekainean Josep M. Prat-ek honekin lotutako bisita egin zion. Prat botikaria zen, eta politikari liberala; eta Lagascari idatzitako gutunean kontatzen dionez, Aboitizek inpresio ona egin zion, pertsona alaia zelako; herriko emakume nagusi batekin jasotzen zituen belarrak mendian; eta Mendexatik Lekeitiora pasatuz geroztik, belarretan gutxiago aritu zen: “Pasé a Lekeitio y allí encontré a mi buen Aboitiz contentísimo con su carta que la ha leído, traducida al vascuence, a la vieja que le acompaña en sus excursiones herbolarias. Ya tiene Vd. Un buen amigo perpetuo en ese hijo de Bizkaia. Sin embargo no trabaja linealmente como en el año anterior porque se ha bajado de la anteiglesia de Mendeja a su Cabildo, donde creo que es ya ración completa lo que cobra, come, y le asegura una buena muerte. Es eclesiástico y trata de acabar sus largos días con satisfacción de cuerpo y alma”. Lagascaren artxiboan Aboitizek idatzitako gutun bi gordetzen dira, 1817 eta 1818koak; bertan lagin bilketari buruz hitz egiten ditu eta ikus dezakegu, landareak Madrilera bidaltzeko, Arrainaren eta Ardoaren Bidean[4] joan-etorrian ibiltzen ziren mandazainez baliatzen zela.[3]

Ekoizpena

aldatu
 
Bedarona 1918an, Indalecio Ojangurenen argazki batean.

Juan Antonio Aboitizek eginiko bertso-sorta gutxi batzuk baino ez dira gordetzen. Berak, itxuraz, ez zuen argitalpenik egin, eta jaso diren bertsoak ahoz ahoz transmititu dira, harik eta zenbait autorek idatziz jaso arte; litekeena da beraz, bertso sorta gehiago konposatu izana, orain galduta daudenak. Hau da ezagutzen diren bertsoen zerrenda (iturrien arabera, izenburua aldatzen delarik):[5]

  •    Chanton Pipirri.
  •    Belasquilloren cantia / Ezaguna naiz neu, Velasquillo.
  •    Dn Juan Antonio de Aboitizec atera eutsen cantia iru adisquide buruguin ta vicitza onaren zale, Laitiz, Chingua eta Eguzquiri / Zeugana nator, Pedrochu.
  •    Canción que Aboitiz saco a una aldeana de Bedarona que la encontró llorando sentada al pie de un arbol, porque en Lequeitio la dijo una muchacha que era pecosa / Tortolatxu bat basuan.
  •    Audiencia del Mono / Canción de Aboitiz a Machango. Este era un mono.
  •    Canciones de Aboitiz á las fuentes de Tracamaldi en 1800 / Tracamailgo erreguiña.
  •    Peru Dubaco / Toto pintotxo.
  •    Albako mezetara.
  •    Elantxobeko atso iletariak.
  •    Ardi-narruz jantzirik.
  •    Beste bertso sorta baten erreferentzia ere ba dago, "Mendi altu orretan" izenarekin, baina testurik ez da ezagutzen, izenburua bakarrik. Juan Ruiz Larrinaga fraide frantziskotarrak aipatu zion Resurreccion Maria Azkueri, 1902an hari idatzitako gutun batean; honek ere, "Morfologia vasca" lanaren bukaeran “De autoridades” atalean aipatu zuen kantu hau (p.807-808).[6] Badirudi Ondarroan eginiko gabon kanta bat zela.[1]

Bistan denez, bertso batzuek zabalkunde gehiago izan zuten, besteen aldean. Esan daiteke garai batean arrakasta handiena izan zutenak "Peru Dubako / Toto pintotxo" eta "Txanton Pipirri" sortak izan zirela. Azken honen bertso-paperak ezagutzen dira, eta izenburua behintzat (edukia ez) lehen euskal operaren inspirazioa izan zela dirudi (Txanton Piperri, 1899). Aboitizen kantu hauek Lekeitioko herritarren ahotan -eta are kanpokoetan ere- mantendu ziren urte askoan, gutxienez 1936ko gerrara arte; gerora, ia guztiz desagertu ziren.[1] Halere, lekeitiarren ahotik desagertu arren, zenbait euskaltzaleren eskuizkributan jasota geratu dira.

Aboitizen bertsoak jasotzen dituen bildumarik zaharrena Jose Antonio Uriarte (1812-1869) fraide frantziskotarraren eskuizkribu bat da, "Poesia Bascongada. Dialecto vizcaíno" izenekoa. Uriarte Lekeition bizi izan zen aldi batez,[7] 1860 inguruan, eta kantu bilketan ari izan zenean, jendeak oraindik gogoan zeuzkan 25 bat urte lehenago hildako Aboitizen hainbat bertso. Berak bost jaso ahal izan zituen: Txanton Pipirri, Belaskilloren kantia, Zeugana nator Pedrotxu, Tortolatxu bat basuan, Matxango eta Trakamailgo erregiña.[8] Handik urte gutxira, Jose Ignacio Aranak (1838-1896), hiru jaso zituen: Txanton Pipirri, Matxango eta Peru Dubako.[1] XX. mende hasieran, berriz, Resurreccion Maria Azkuek (1864-1951) bi kopla labur jaso zizkion emakume nagusi bati (Albako mezetara eta Elantxobeko atso iletariak). Eta 1920. hamarkadan, oraindik, Juan Bautista Eguzkitzak (1875-1939) Aboitizen beste kantu bat jaso ahal izan zion marinel nagusi bati (Ardi-narruz jantzirik).[5]

Bertso sorta ezagunenak hainbat bilduma eta kantutegitan berrargitaratu izan dira, bertsio ezberdinetan, eta askotan Juan Antonio Aboitizen egiletzaren berririk eman gabe.[1]

2001 urtean, Oskorri musika taldeak "Vizcayatik... Bizkaiara" diskan Aboitizen hiru kantu grabatu zituen: "Txanton Pipirri",  "Matxango" eta "Belaskilloren kantia".[9]

Halere, Juan Antonio Aboitiz oraindik egile "ia sekretua da, gutxi estudiatu dena", eta bere garaiko beste idazleen aldean ezkutuan gelditu da; zentzu horretan, Durangoko zilarginak edo Pantxillon bezalako egileen antzeko kasua da. Izan ere, sortzaile hauek itzal handiko zenbait idazleren garaikideak izan ziren, hala nola Juan Antonio Mogel (1745-1804), Pedro Antonio Añibarro (1748-1830) edo José Patricio Astarloa (1751-1821), bizkaiera literarioaren sortzailetzat hartzen direnak, eta testu kopuru nabarmen handiagoa utzi dutenak.[5]

Ezaugarri literarioak

aldatu
 
Jabier Kaltzakorta euskaltzaina, Aboitizen testuak ikertu dituen adituetako bat.

Ez dago argi Aboitiz poeta, bertso jartzaile edo bat-bateko bertsolaritzat hartu behar den. Izan ere, hasieran bertsook ahoz aho transmititu ziren, eta ez da ezagutzen Aboitizen idatzirik. Halere, adituen arabera, bere ekoizpenean bertso jarrien ezaugarriak, eta are olerkienak, ikus daitezke. Gainera, lekukoen arabera, Aboitiz bat-bateko bertsoak botatzeko ere gai zen.[10]

Edonola ere, zalantzarik ez dago Juan Antonio Aboitiz herri-poeta ezaguna izan zela; bere hainbat bertso ahoz aho zabal ibili ziren urte askoan, ez bakarrik Lekeitio inguruan, baizik eta Bizkaia osoan ere. Horren froga argia da XX. mendean ere hainbat aldizkaritan argitaratu izana, eta euskal biltzaileek ere bere Aboitizen hainbat kantu jaso izana haien bildumetan (Azkue, aita Donostia, Julio Bareño, Aitzol...).[1]

Aboitizen bertsoetan bizitasun, umore eta sentsibilitate handiak nabari daitezke: apartekoak dira Peru Dubakok Bilboko dendariarekin duen solasaldi bizia; Bedaronako neskatila kontsolatzeko egiten duen ahalegina, zuhaitz baten pean negarrez aurkitzen duenean; edo are, Matxango tximino presoarekin erakusten duen elkartasuna (animalistarik ez zegoen garai batean!).

Aipatzekoa da, baita ere, bertsoon hizkuntza aberastasuna. Uriartek "apaindutako" testuak Bizkaiko eredu zabalagora ekarriak badira ere, beste bertsioetan Lekeitio inguruko euskara zaharraren expresio asko ikus ditzakegu: "igez lehen" forma, azkenaurreko urtea esateko; "aztrua", igarle edo aztia; "duban, dubarik" dohain, dohainik adierazteko; "goizerik gabera, "bertarik", ablatibo forma zaharrak goizetik gabera, bertatik esateko; "poza pozura" esamoldea, "tripak egitean gur-gur, bartko aparia agur" esaera... Bertsoen azterketa literario osoa egin gabe dago, baina Jabier Kalzakortak 2017an hainbat detaile aurreratu zituen.[1]

Bertso sortak

aldatu
 
Arantzazuko santutegia. Bertan gordetzen da Aboitizen testuen bildumarik zaharrena.

Esan bezala, Aboitizen bertsoak jasotzen dituen idazkirik zaharrena Jose Antonio Uriarteren "Poesia Bascongada" eskuizkribua da, Arantzazuko santutegian gordetzen dena eta, bertako hainbat testu atalka argitaratu ostean, 1987an osorik argitaratu zena.[8] Adituen arabera, ordea, idazki honetan jasotzen diren sei konposizioetan Aboitizen idazkera nabarmen aldatua dago, Uriartek jasotako bertsoen hizkuntza "apaintzeko" ohituraren eraginez. Santi Onaindiak, Karmelo Etxenagusiak eta Xabier Amurizak Uriarteren bilduma honetatik hartu zituzten Aboitizen bertsoak, beraien antologia edo bildumetarako.[1]

Jose Ignacio Aranak bildutako hiru bertso sortak (Peru Dubako, Txanton Pipirri eta Audiencia del Mono), ordea, beste iturri batetik datoz: Uriarteren bertsioaren aldean, Aboitizen jatorrizko hizkeratik hurbilago daude, eta zenbait kasutan ahapaldi gehiago gordetzen dituzte.[1] Lehengo bien kasuan, beraz, Aranaren testua lehenetsi dugu.

Juan Bautista Eguzkitzak 1921ean bildutako "Ardi narruz jantzirik" izeneko bertso sorta ez zen guztiz ezezaguna (lehendik zenbait aldaera ezagutzen ziren),[5] baina Eguzkitzak bildu zuena da bertsiorik osoena, hemen jarriko duguna.

Gainontzeko bertsoen kasuan, bertsio bakarra ezagutzen denez, hura ipini dugu. Atalen izenbururako ortografia eguneratua erabili badugu ere, testuan jatorrizko ortografia errespetatu dugu.

Txanton Pipirri

aldatu

(Jose Ignazio Aranak bildutako bertsioa).

Bertsoen doinua Bertsolaritzaren Datu Basean entzun daiteke.[11]

Testua hobeto interpretatzeko ohar interesgarriak datoz Kalzakorta 2017an.[1]

CHANTON PIPIRRI

1

Chanton Pipirri emen dago

Limosna on bat baleuco,

Cantau biar dot, baldin albadot,

Neure sabelen gosia

Erruquitu baledi gentia.

2

Gustis sabala dot sabela,

Bardin bardin dot guibela,

Eta bacochac cabiduco leuque

Gambela bete oquela,

Baña nos isango eteda?

3

Nire sabelac secula

Estau esan estot gura.

Ceimbat gueyago, ainbat nayago,

Betor arin oquela,

Bete albanei sabela.

4

Estago errotan arriri[c]

Nire aguinac langoric.

Aguin bacochac chiquituco leuque

Ogui aundi bat osoric,

baneuco bigun bigunic.

5

Nosbait batzen ditu[t] calian,

Besigu dempora sanian,

Oguei chicharro eta gueyago

Baña gustiac gabian,

Sartzen ditut neure sabelian.

6

Orduan ondochu neguan

Gauerdi osteraguiño.

Andic goisera nire sabela

Beti dago gur… gur…

Barco apariya agur.

7

Biyaramonian apala,

Dauco[t] tripaco asala,

Orduan baleuco

Persona batec noc opa

Perol andi bete sopa.

8

Iru mutillec Ypasterren

Apostu bat egin eben:

Jango ebela goiseric gabera

Amar erraldeco chala,

Neu laugarrengoco nitzala.

9

Posarren neguan sororic,

Jateco laum bat osoric.

Nire contubac beti alanguac:

Juan zan posa posura

Amesac oi diran modura.

10

Ni jayo nitzan orduan,

Astrua presente seguan.

Artun nenduan bere moduan

Eta eseutsan amari

Andria, entzuisus berba bi.

11

Suk jayo dosun semia

Asico daben iñudia

Isaten espada Bilbon Giralda,

Estot pentzetan bertaric

Ondo asico dabenic.

12

Astrua isantzan igarlari

Pregunta neure amari.

Asi nenduan bere moduan

Sarri ausuac emonic

Esnia beyen erroti.

Belaskilloren kantia

aldatu

(Jose Antonio Uriarteren bildumako testua).

BELASQUILLOREN CANTIA

1

Ezaguna naz

Ni Belasquillo

Aspaldijetan errijan:

Soldadu errasu

Ibilli nintzan

Azterricaco mendijan.

Vicitza obaric

Ez dot nic izan

Secula neure vicijan.

2

Igaz celaijan

Arat egonda

Neuncazan libra bi ogui:

Aurten biarra

Eguinda bere

Ibilli oi naiz ciogui

Aurtengo urtia

Igazcuagaz

Ez jat bardiña etorri.

3

Gaita gallegan

Cantauko deutsut

Baquiac ein deustan caltia:

Baquiac bestiai

Ecarri deutse

Euren echera baquia

Niretzaco barriz

Baquiac eguin dau

Baqueric bagaco guerria.

4

Era ain onac

Bere burpillen

Goico aguiñen ganian

Erabilli nau

Azterricaco

Mendijan nembillanian

Burpillac gira

Ni bere azpira

Baquia eguin danian.

5

Len apainduta

Fraca ederraquin

Ebillenian guerria:

Orain bacutsu

Celan nabillen

Eguin danian baquia.

Anchiñatic da

Chasco emotia

Fortuna iraupen baguia.

6

Errementari

Ala orecari

Cein ete neuque obia.

Nic ondo daquit

Astuna dala

Niretzaco malluquia.

Astunagua

Ete dan nago

Alambere orequia.

7

Errementari

Izan nadin da

Igues Gasparren zaldijari.

Zaldardunac ba

Eutsi leiquijo

Neguan orequiari

Aparta baña

Al dabenian

Aren osticadiari.

Zeugana nator Pedro

aldatu

(Jose Antonio Uriarteren bildumako testua).

DN JUAN ANTONIO DE ABOITIZEC ATERA EUTSEN CANTIA IRU ADISQUIDE BURUGUIN TA VICITZA ONAREN ZALE, LAITIZ, CHINGUA ETA EGUZQUIRI

1

Ceugana nator Pedro

Barri on bat dacart

Nire barru guztija

Issiotu jatan bart:

Sarri icusi dodaz

Gabon alegriac

Baiña bartcuagazco

Utsac dira guztiac.

2

Bart ondo apalduta

Gaberdi ostian,

Asmo hau nerabillen

Nic neure artian:

¿Cec euqui lei guizona

Beti penapian

Ibilli al izanic

Zaldijen ganian?

3

Natortsu bada Pedro

Ta gura dot jaquin,

Al dan nire asmua

Zuriagaz bardin:

Secula asmo obaric

Ceuc ez dozu artu

Arren ascoz lenago

Otu balichatsu.

4

Ceuri beguira nago

Chingua arrituta

Baquit ez zagozana

Goistic ordituta[12]

Laitizco gallegua

Bere Chinguagaz

Pozic juango jatsu

Edonora ceugaz.

5

Dn. Quijote Manchacoc

Bere jornadetan

Erabillen Chingua

Otz ta edurtzetan

Goissian bialdu dot

Seme bat bere esque

Lain Calbon peluquia be

Ac ecerri leique.

6

Medico izateco

Baquizu Chingua

Aspaldi guztijetan

Dozu tituluba:

Bedarragaz lupuba

Osatuten dozu

Beste gachontzat bere

Cerbait jaquingo dozu.

7

Neu bere Medicu naz

Celaco, edo alaco

Ascoc billatuten nau

Biar nabelaco:

Urten bada echetic

Artzeco entzutia;

Alper bada entzute baga

Medicu izatia.

8

Nai ta ez biar dozu

Chingua chigua

Nai moda barricua

Nai anchiñacua´

Nolabaita Chigo bat

Soñera ezquero

Ordubanche zagoz zu

Eguinda Galeno.

9

Eta barriz oraindic

Nun dozu Eguzqui?

Zure asmuen barri

Arec ete daqui?

Bai Pedrochu ac baqui

Nire asmuen barri

Berac nigas batera

Nai leuque etorri.

10

Baña niri icaslaric

Ez jat ez conveni:

Nai dozu egin daguidan

Osaguillia Eguzqui?

Ogui andi bat bere

Eiten bada erdi bi

Aurqui bacocharentzat

Izango da guichi.

11

Agur bada Pedrochu

Ni orain banua

Uste dot ecartia

Ogueico zorrua:

Ojala ba Chingua

Icustia zu emen

Indijanu eguinda

Arren bada. Amen.

Tortolatxo bat basuan

aldatu

(Jose Antonio Uriarteren bildumako testua).

CANCIÓN QUE ABOITIZ SACO A UNA ALDEANA DE BEDARONA QUE LA ENCONTRÓ LLORANDO SENTADA AL PIE DE UN ARBOL, PORQUE EN LEQUEITIO LA DIJO UNA MUCHACHA QUE ERA PECOSA

1

Tortolachu bat basuan

Bacar bacarric neguan

Bere penac cantetan eguan

Arbola baten onduan

Eta onelan ciñuan.

2

Ez daucanac fortunia

Uri baten jaijotia

Izan arren perfectia

Ciur dau ac izatia

Uritarrentzat tachia.

3

Naturalecia condenetia

Da pecaduna tachetia

Ezpada esaizu ia

Pecatu dan ifintia.

4

Aren urrengo entzutia

Tortola pecaz betia

A izan zan sartutia

Erraijetan ezpatia

Ta vijotza puscatzia.

5

Celai berde ta ederra

Lora baga bere eder da

Baña udan aguertzen da

Lora pecaz apainduba.

6

Simbirio cerucua

Media naranja goicua

Azula dozu fondua

Izar ascoc edertua

Eta tacharic bacua.

Matxango

aldatu

(Jose Ignazio Aranak bildutako bertsioa).

Aranaren eskuizkribuan 17 ahapaldi daude (esan bezala, Aboitizen idazkeratik hurbilagotzat har ditzakegunak, eta hemen "Ar." oharrarekin identifikatuko ditugunak); Uriarteren "Poesia Bascongada"n, berriz, 25 ahapaldi datoz (Aranari falta zaizkionak gehitu ditugu, "Ur." oharrarekin).

Bertsoak tximino bati eskeiniak daude. Tximino hau Uriosolo abadearen etxean zegoen, Lekeitioko enparantzako balkoi batean kateatua, eta dirudienez oso famatua izan zen, bere izena Lekeition "tximino" hitza ordezkatzeraino.[13] Testua hobeto interpretatzeko ohar interesgarriak datoz Kalzakorta 2017an.[1]

AUDIENCIA DEL MONO (Ar.) / CANCIÓN DE ABOITIZ A MACHANGO. ESTE ERA UN MONO. (Ur.)

1 (Ar.)

Pedimentu aundi bat

Alcate aurrian,

Machangoc presentau dau

Bere icenian:

Quendu deiyola laster

Guerrico soquia,

Eta emon deyola

Bere libertadia.

2 (Ar.)

Nic dot, alcate jauna,

Machango icena,

Machango neure aita

Baita amarena.

Gu guera Maracaibon

Gustisco nobliac

Asucre ta cacao

Ascoren jaubiac.

3 (Ar.)

Baditu neure aitac

Bapere sor baric,

Ogueta sortzi mendi

Cacaos beteric.

Ondasunac gustiac

Neuriac isanic,

Celan sufridu naique

Presondeguian nic.

4 (Ar.)

Ara, alcate jauna,

Neure visitzia,

Oranche entzungo dau

Dan legues gustiya.

Icusiric berorrec

Neure desgrasiya,

Arren emon biar dau

Laster sententziya.

5 (Ar.)

Jauna, igues lenian,

Mayetzeco illian,

Pasiatzen nebillen

Neure jardiñian.

Ara etorri siran

Emengo guison bi

Ostu ta ecarteco

Ni Maracaiboti.

6 (Ar.)

Falsidade andiyas

Asi siran biyac,

Emoten escu-muñac

Eta cortesiyac.

Nic be erantzun neutzen

Maracaiboco usora

Ta sartun nituban

Jardiñian barrura.

7 (Ar.)

Jarri sirian biyac

Canape eder baten,

Eta bata asi san

Onela esaten:

–Dama ederra, ni naiz

Embajadore bat

Erregalo andiyac

Dacardas suretzat.

8 (Ar.)

Gure erregue jaunac

Bere fortunatzat

Seu escogitu saitu

Bere esposatzat.

Ontzi barri eder bat

Ara erriberan,

Guc seu eruateco

Enbarcauta bertan.

9 (Ar.)

An datos presentiac

Baliyo andicuac,

Gustiac chit dirade

Moda barricuac.

Beraris eguin dira

Suretzat Londresen,

Secula alacoric

Sartu ez da emen.

10 (Ar.)

Barris sure damatzat

Oguei loro datos,

Arec ta criaduac

Su servitzeco dagos.

Orra nic eguin deutzut

Neure embajadia,

Orain jaquin biar dot

Sure borondatia.

11 (Ar.)

Embajadore jauna,

Erantzun neutzan nic

Sarritan neuc entzun dot

Aitajaunagandic

Estaguala iñun

Erri obiagoric

Maracaiboco mendi

Ederra lacoric.

12 (Ar.)

Au alan izan arren

Ceuc baderechosu,

Erregue aundi orren

Cartia ecasu.

Eracutzi deiyodan

Neuc aita jaunari

Erantzun nai badeutzo

Cortesiyas ari.

13 (Ar.)

Orduban atera eban

Faltzuak soca bat,

Orain bere guerriyan

Ona emen daucat.

Preso eguin nenduben

Neure jardiñian

Eta sartun poliqui

Euren batelian.

14 (Ur.)

Gau atanche beratan

Neure aita il zan

Naibaguez, jardiñetic

Nora ete nintzan:

Ama penaz beteric

Saminduric dana

Beti beti negarrez

Oraindic vici da.

15 (Ar.)

Sartun ninduenian

Bateletic ontzira,

arrituta neguan

loruari beguira.

Sarri etorri jatan

Echia gogora,

Jaten neguanian

marcaco gogorra.

16 (Ar.)

Lorua, suc eguac

Eta nic sancuac,

Biyoc isan ditugus

Provechu bacuac.

Galdu dogu betico

Gueure libertadia

Eta erosi dogu

Betico catia.

17 (Ar.)

Jan bague egon nitzan

Saspi egunian,

Bela emon guenduan

Sortzigarrenian.

Esin esan lesaque

Nic neucan penia

Bistatic juatanian

Aitaren echia.

18 (Ur.)

Bidian gosiagaz

Jaten neban bria

Au zan ontzi ataco

Janari pobria:

Sarri etorri jatan

Echia gogora

Jaten nenguanian

Marcaco gogorra.

19 (Ur.)

Eldu guiñian bada

Gueu Lequeitijora

Iru urte osuac

Laster laster dira:

Emen saldu ninduben

Betico esclaba

Ain zucen abade bat

Dot neure ugazaba.

20 (Ur.)

Guzurric esan baga

Autortu biar dot

Neure zorijonian

Ugazaba ona dot:

Gabaz lo eguiteco

Baditut alforjac

Baita eguerdijan bere

Sarri ogui sopac.

21 (Ur.)

Ona etorten dira

Mandazain Naparrac

Aragones, Alabes

Baita Gaztelarrac

Oneec niretzat dabe

Dacarren guztija

Sagar eta madari

Ta oquela zatija.

22 (Ur.)

Baña orregatiño

Ez nago contentu

Guerrico soca ausse

Gure neuque quendu:

Libre zorijonian

Echeco catua

Eta socaz lotuta

Machango gaissua.

23 (Ur.)

Ugazaben ondoric

Laissian chacurra

Pasietan calara

Darijola adurra;

Ni barriz esqueguita

Balcoe batetic

Lagun erruquior bat

Aurquitu ecinic.

24 (Ur.)

Orra Alcate jauna

Nire tragedija:

Orain emen entzun dau

Dan leguez guztija:

Plater bat ez dot ausi

Secula echian:

¿Cegaitic nauque bada

Lotuta cateian?

25 (Ar.)

Orra, alcate jauna,

Esan da eguiya,

Orain escatutzen dot

Sintzo justisiya.

Bada nire echetic

Escatuco dira

Guison gaisto ayentzat

Castiguac milla.

Trakamailgo erregina

aldatu

(Jose Antonio Uriarteren bildumako testua).

CANCIONES DE ABOITIZ Á LAS FUENTES DE TRACAMALDI EN 1800

1

Tracamailgo erreguiña

Etorri da caira

Gaztaliako damac

Ona biar dira:

Betoz Arraneguico

Nesca cantarijac

Esotu beijez emen

Euren estarrijac.

2

Ucatutecua zan

Aldats barrenian

Ondo pompoisa dago

Aldats goijenian:

Sinistu nai ez ebenac

Betoz icustera

Bada nivelauco dau

Errenac zucena (*).

(*) Alude al fontanero inglés que era cojo.

3

Lau alaba eguin deuscuz

Gure erreguiñac

Laurac infanta eder

Guztizco urdiñac:

Dona Esperantza da

Lelengo alabia

Infante Esperantza

Guichigaz ernia

4

Doña Graciana da

Bigarren jaijua

Gamarraco plazaco

Infanta mardua:

Bere ezpanetatic

Perlac durijacaz

Arec batzera duaz

Damac ontzijacaz.

5

Urtarrillaren lauban

Illuntze illunian

Erreguiña joiala

Echera cochian

Arraneguico zabalac

Izan eban dichia

Infanta Doña Diana

Bertan guelditzia.

6

Eldu zaneco bada

Erreguiña echera

Apainduta urten eban

Balcoe batera:

Icusi ebenian

Arraneguitarrac

Pocic eguin eutsezan

Viva diadarrac.

7

Bijaramon gossian

Zabal zan errijan

Laugarren infantia

Jaijo zala caijan.

Izena imiñi eutsen

Doña Biarrena (Lavadero)

Errija ondasunez

Beteco dabena.

8

Erreguiñac azten dau

Bere bularrian

Infanta laztanena

Guztijen artian:

Mosuca yan biar dabe

Grumete mutillac

Doiazanian urez

Betetan barrillac.

9

Portu Lequeitijoco

Marinel ondraubac

Poztu uragaz vici

Biar dozubenac:

Uric ezarren ura

Sarri edan bozu

Uragatik ardaua

Orain edango dozu.

Albako mezetara

aldatu

(Azkuek Gillerma Akarregi lekeitiarrari jasotakoa, Cancionero Popular Vasco (1919) egiteko zirriborroetan agertzen dena).

Albako mezetara niñoan goizean

Ispiño topau neban etxean aurrean

Aittaitta, zer diñozu Iturriokaitik?

Batzuek diñoe ze eztauala urik.

Zaiña orregaitiño neure eritzian

ezkara geldituko ur barik errian.

Elantxobeko atso iletariak

aldatu

(Azkuek Gillerma Akarregiri jasotakoa. Cancionero Popular Vasco egiteko zirriborroetan agertzen da, ohar honekin: "Elantxobetar emakume batzuk orain larogei urte, Ondarroa’tik euren urirantz joazala, Lekeitio’tik igaroeran, Aboitiz abade barregarriaren otseina sapailoan ikusita, bere ezaintasunari barre kar-kar-kar egieran. Aboitizek barrutik urten ta arnasan otu jakon kantutxu auxe oyu egitea").

Elantxobeko atso iletariak

gabean gabontzak kantari motzak,

egunez barriz ugarazioak:

aretxek direala zuen musikoak.

Peru Dubako

aldatu

Zalantza barik, Aboitizen kantu ezagunena. Eredurik zaharrena Jose Ignacio Aranaren eskuizkribuetan jasotakoa da -hemen jarri duguna-; lehen argitalpena, berriz, 1889koa da, J. A. Santestebanen "Colección de Aires Vascongados para Canto y Piano" bilduman.[14] Aboitizen kantu zabalduena izan arren, bere egiletza ez zen ezaguna (Aita Donostiak 1940. hamarkadan egindako bilketa lanean, adibidez, lekukoek kantu hau kantatu zioten, baina ez zekiten nork egina zen). Halere, egiletza hori gutxienez Azkuek seinalatua zuen 1925ean, "Morfologia vasca" lanaren "De autoridades" atalean (p.807-808).[6]

Bertsoen doinua Bertsolaritzaren Datu Basean entzun daiteke.[11]

Testua hobeto interpretatzeko ohar interesgarriak datoz Kalzakorta 2017an.[1]

PERU DUBACO

1

Peru Dubacoc uste eban se

Etzala diru biarric,

Macallau ona ecarriteco

Bilboco Barren-caletic.

2

Gustis dotore palu bategas

Sartun san Bilbon barruan,

Chacur gorri bat oin suriaquin

Ebala bere albuan.

3

Sartun sanian Barrencalian

Macallau asco icusiric,

Escatu eban emon leijuela

Lepua bete artatic.

4

–Ene guisona, faltauco es jatzu

Ceure lepoco carguia,

Baña amar lauco costauco jatzu

Macallau onen libria.

5

–Ene andria, ser diñustasu

Ser Jaungoicuaren graciya?

Certaco dosu olan euquita

Macallau munto gustiya?

6

–Ser esaten doc ¡Oh! guison tonto,

Sentzun bagaco andiya.

Euc bere estoc duban emongo

Eure cortaco idiya.

7

–Macallau orrec illda dagos da

Nire idija viciric.

Usteldu eta bota estaisun

Nai nituban nic dubaric.

8

–Icusico doc artzen bajuat

Macallau bat bustanetic,

Mosu biyac bat eguin eta

Bialduco aut emendic.

9

–Toto Pintochu, guasen echera

Ainbat lasterren emendic.

Escayaucasac beingo beinguan

Barrencaliac arturic.

Ardi-narruz jantzirik

aldatu

Gabon kanta hau lehendik ezaguna zen, ez ordea bere egilea. 2020 urtean, Juan Bautista Eguzkitzak Julio Urkijori 1921ean idatzitako gutun bat aztertuz, bertso hauek Juan Antonio Aboitizenak zirela baieztatu ahal izan da.[5]

Gutun horretan, Eguzkitzak Urkijori Vicente Egileor arrantzale lekeitiarrari jasotako bertsoak bidali zizkion. Vicente 1844an jaioa zen, bere aita Pedrorengandik (1819an jaioa) ikasia zuen kantua, eta halaber egilea Juan Antonio Aboitiz zela.

2020ra arte, kantu hau egile ezezaguneko herri baladatzat hartzen zen. Lehendik kantuaren lau bertsio ezagutzen ziren, hiru iturritatik (Antonio Zavala, Resurreccion Maria Azkue eta "Beti-Bat" ezizeneko kazetaria), denak laburragoak eta desitxuratuak. Eguzkitzak jasotakoa osoena da, hona ekarri duguna. Testua hobeto interpretatzeko ohar interesgarriak datoz Kalzakorta 2020an.[5]

1

Ardi-narruz jantzirik, gosez ta otzez illik,

artzain baten bizitza igaroten dot nik.

Banua erririk erri mundua aratuten,

Belenen jaio dala Jesus zabalduten.

2

An dakust urrunean, aitz baten gañean,

gizon bat arrantzuan itsas baztarrean.

Galdetu bear dautsat ete daben entzun,

Belenen gaberdian zer irago yakun.

3

—Kañabera orregaz zagozan gizona,

Jaungoikoak daizula zuri egun ona.

Sentidu baldin bozu emen zaratarik,

edo entzun zeruko aingeru-kantarik.

4

—Bart gaberdian legez emen irago zan,

gizon gazte eder bat egoz jantzia zan.

Aren kanta soñuaz pozez zoraturik,

gau guztia emon dot arrain bat bagarik.

5

—Ez zan arrantzalea, gu lez gozpuzduna,

bart ikusi zenduan gazte egoduna.

A zan espiritu puru abisuz yoyana,

iparrean egozan erregiekana.

6

—Neu be jungo nintzate seiña ikustera,

bart lupiña eder batzuk banitu atera.

Baña erropa zarrak eskuak utsean,

ezin sartu neiteke jaun baten etxean.

7

Neuk be ardi-narruak nebazan soñean,

baña antxe egon naz barko gau guztian.

Joan zakioz eta esan egiozu:

arrantzale pobre bati emen naiatortzu.

8

Orra or nun daukazun bere amen aurrean,

aingeru ederrakin inguru guztian.

Umildadez jantzirik aska pobre baten,

zeruko erregea geu salbatearren.

9

—Neure Jaungoiko Jauna, naz arrantzalea,

neure ondasun guztia dot kañaberea.

Baneuko zer ekarri, ez nentorke utsik:

bart bere ez dot artu bapere arrañik.

10

—Arrantzale gaisoa, nik bisitea nai dot,

urrea ez zidarra ezetako ez dot.

Zeure bisita ori askotaz geiago

estimatuten dot nik erregeenak baño.

11

Orain, arrantzalea, zeure etxera zoaz.

Bizi zaitez garbiro zeure arrantzuaz.

Itsasoko olatuak baretuko dodaz,

eta aixe gogorrak neuk bigundukodaz.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g h i j k l m n o Kalzakorta, Jabier. (2017). «Juan Antonio Aboitiz (1751-1824) lekeitiarraren kantu eredu berriak.» Litterae Vasconicae-Euskeraren Iker Atalak (Labayru Fundazioa) 16:11-54: 11-54...
  2. (Gaztelaniaz) Guerediaga, M. B. de Alzola. (1971-07-01). «DOCUMENTOS DEL POETA ABOITIZ (LEKEITIO: 1751-1824)» Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País 27 (3-4) ISSN 0211-111X. (Noiz kontsultatua: 2024-06-09).
  3. a b (Gaztelaniaz) Goicoetxea Marcaida, Angel. (2012). «Correspondencia botánica inédita de Juan Antonio de Aboitiz» Euskonews (Euskonews) 607.
  4. «7.2.4.- Arraina eta ardoaren bidea | Lekeitioko kultur eta natur ondareak» lekeitiondare.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-10).
  5. a b c d e f (Gaztelaniaz) Kalzakorta, Jabier. (2020). «Dos canciones populares vascas del siglo XIX de Lekeitio» Fontes Linguae Vasconum (Iruñea: Nafarroako Gobernua) 129: 235-267..
  6. a b (Gaztelaniaz) Azkue Aberásturi, Resurrección María de. (1925). Morfología vasca / por Resurrección María de Azkue.. (Noiz kontsultatua: 2024-06-10).
  7. Azkue, Resurreccion Maria. (1925). Morfologia Vasca. , 807-808 or..
  8. a b Uriarte, José Antonio de (O F. M. ). (L.G. 1987). Poesía bascongada : dialecto vizcaíno / José Antonio Uriarte ; Jon Kortazar, Miren Billelabeitiak prestatutako edizioa ; testuaren begiralea Joseba A. Lakarra. Bizkaiko Foru Aldundia = Diputación Foral de Bizkaia, ISBN 978-84-7752-000-9. (Noiz kontsultatua: 2024-06-09).
  9. «Vizcayatik... Bizkaiara» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-09).
  10. Resurreccion Maria Azkuek jende nagusiari eginiko elkarrizketetan jasoa: Elantxobeko neskatila batzuek bere neskamea iraindu zuten; Aboitiz orduan, etxeko leihora atera zen eta "Elantxobeko iletariak" bezala jaso diren bertsoekin erantzun zien, bat-batean, neskatila lotsagabeei.
  11. a b Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «Juan Antonio Aboitiz - Biografiak - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-09).
  12. 1987ko edizioan, "goistic" kurtsibaz dator.
  13. «9.3.1.- Juan Antonio Aboitiz | Lekeitioko kultur eta natur ondareak» www.lekeitiondare.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-09).
  14. «Toto Pintocho» Biblioteca Digital Hispánica (Noiz kontsultatua: 2024-06-09).

Ikus, gainera

aldatu