Mariano Lagasca

espainiar mediku eta botanikaria

Manuel Mariano la Gasca y Segura (Encinacorba, Zaragoza, 1776ko urriaren 4a - Bartzelona, 1839ko ekainaren 23a), Mariano Lagasca bezala ezaguna, botanikari aragoiarra izan zen, Madrilgo Errege Lorategi Botanikoaren zuzendari zela hura hobetzeko lanengatik ezaguna.

Mariano Lagasca

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakManuel Mariano La Gasca Segura
JaiotzaEncinacorba1776ko urriaren 4a
Herrialdea Espainia
HeriotzaBartzelona1839ko ekainaren 23a (62 urte)
Hobiratze lekuaPoblenou hilerria
Hezkuntza
HeziketaZaragozako Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
Irakaslea(k)Antonio José Cavanilles (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakbotanikaria, medikua eta agronomoa
Enplegatzailea(k)Madrilgo Complutense Unibertsitatea
KidetzaAlemaniako Natur Zientzien Leopoldina Akademia
Zientzien Bavariar Akademia
Royal Academy of Sciences and Arts of Barcelona (en) Itzuli
Izengoitia(k)Mariano Lagasca, Mariano La Gasca, Mariano Lagasca y Segura, Mariano La-Gasca eta Mariano La-Gasca y Segura

Datu biografikoak

aldatu

Bere gurasoak nekazariak izan ziren, Ramón Gasca eta Manuela Segura. Haurra zela, Tarragonara bidali zuten Antonio Verdejo apaizaren etxera, abade ikasketak egitekotan.[1]

XIX. mende hasieran Antonia Carrasco Sanabriarekin ezkondu zen.[1]

Formakuntza urteak

aldatu

Verdejoren eta Antonio Martí Franqués-en laguntzarekin, Humanitateak ikasi zituen. Nekazaritzari buruzko interesa erakutsi zuen, eta Sociedad Económica de Tarragona elkartean parte hartzen hasi zen. 1795ean Zaragozako Unibertsitatean medikuntza ikasketak abiatu zituen; han botanika irakasle Pedro Etxeandía nafarra izan zuen. Valentziako Unibertsitatean jarraitu zuen 1796-1799 artean; hor Vicente Alonso Lorente izan zuen botanika irakasle, eta Alexander von Humboldt ezagutu zuen.[2] 1801ean filosofia eta medikuntza batxiller tituluak atera zituen,[1] eta Madrilera joan zen ikasketekin jarraitzera; baina bidaia oinez egin zuen, bere belar bildumarako laginak jasoz.[3] Mediku titulua 1807an eskuratu zuen.[1]

Madrilera iristea

aldatu

Madrilen, Ignacio Graells medikuak gomendatuta, Juan Bautista Soldevilla medikuak hartu zuen etxean. Honen bidez Antoni Josep Cavanilles ospetsua ezagutu zuen; hau asko harritu zen Valentziatik Madrilera eginiko oinezko bidearena jakitean, eta adiskide bihurtu ziren.[3]

1801ean, Cavanilles Errege Lorategi Botanikoko zuzendari izendatu zuten, eta Lagasca bertan lanean hasi zen ikasle gisa, herbarioaren eta hazitegien ardura hartuz. José Demetrio Rodriguez ikaslearekin batera, Anales de Ciencias Naturales, aldizkariaren edizioan lan egin zuen, eta han argitaratu zituzten biek haien lehen lanak,[1] hala nola Descripción de algunas plantas del Real Jardín Botánico de Madrid.[4]

1803ko udan, Espainiako Jaurlaritzaren dirulaguntzarekin, Leongo eta Asturiasko mendietan laginketan ibili zen, Espainiako lore-bilduma osatze aldera.[1] Urte horietan Espainiako gari mota guztien ikerketa, eta loreen inbentario orokorra abiatu zituen.[2]

1806an Cavanilles hil zenean, Errege Lorategiko botanikako irakasleorde izendatu zuten, eta 1807an Botanika medikoko irakasle. Simón de Rojas Clemente y Rubiorekin batera, zenbait artikulu argitaratu zituen 1802an natur zientzien analetan, Introducción a la Criptogamia izenburupean.

Iberiar Penintsulako Gerran (1808-1814)

aldatu

1808ko inbasio napoleonikoaren ostean, Humboldten gomendioz, Jose Bonapartek Errege Lorategi Botanikoaren zuzendaritza eskaini zion Lagascari. Honek ordea, uko egin zion eskaintzari eta ihes egin zuen, frantsesen aurkako Milizia Nazionalean izena emateko. Iberiar Penintsulako Gerran Salamancan izan zen (1808ko abuztua), Jaenen (1809ko azaroa) eta Cuevas de Almanzoran (1810ko otsaila); 1810eko irailean Alacantera bidali zuten; hemen lo-belarra eta errauts-belarrak ikertu zituen, opio eta sosa kaustikoaren ekoizpenarekin lotuta;[5] eta Vicente Melo de Portugal markesa ezagutu zuen, zeinaren laguntzaz 1811an Amenidades naturales de las Españas o bien Disertaciones varias sobre las producciones naturales espontáneas, o connaturalizadas en los Dominios Españoles idazlanaren 1. liburukia argitaratu zuen[5] (hemen aurkitzen da bere ikerketa goretsienetako bat, Disertación sobre un orden nuevo de plantas del orden de las compuestas). Ondoren, Murtziara pasatu zen eta 1811an sukar hori epidemia bati aurre egin zion (bera ere hiru aldiz gaixotu zelarik),[1] eta bere esperientzia epidemiologikoei buruzko liburuxka batzuk argitaratu zituen.[2]

Aktibitate goreneko urteak

aldatu
 
Fernando VII erregea Espainiako Gorteetan, Hirurteko Liberalean, 1812ko Konstituzioari men egiten.

Gerra amaitu zenean Madrilera itzuli zen. Frantsestu akusazioa jaso zuen, eta eginiko zerbitzuei buruzko agiriak bildu behar izan zituen. Errege Lorategi Botanikoko zuzendari izendatu zuten, Claudio Boutelouren ordez. Instalakuntzak berritu zituen, eta irakaskuntzari eta gariaren eta loreen ikerketei berrekin zien.[2]

1816an Elenchus plantarum quae in Horto Regio Botanico Matritensi colebantur eta Genera et species plantarum, quae aut novae sunt aut nondum recte cognoscuntur argitaratu zituen.[6]

1817tik aurrera Manzanares kanalaren nekazal lurren eta zuhaiztien ikuskatzaile lanak egin zituen.[1]

1815 eta 1823 artean burutu zuen bere aktibitate botaniko gorena;[1] ospe handia hartu zuen estatuan eta nazioartean. Garai honetan, Espainiako hainbat naturzaleren laguntza jaso zuen, tokian tokiko landareak biltzeko; besteak beste Juan Antonio Aboitiz lekeitiarrarena. Gainera, nazioarteko hainbat erakunde zientifikoren kide bihurtu zen Lund, Bonn, Londres, Bartzelona, Munich eta Paris bezalako hirietan.[1]

Hirurteko Liberalean (1820-1823) politika munduan sartu zen. Espainiako Gorteetako diputatu aukeratu zuten, eta hezkuntza, nekazaritza eta osasungintza bultzatzeko neurriak sustatu zituen. San Luisen Ehun Mila Semeen inbasioan, ordea,[2] Gorteekin batera Sevillara ihes egin behar izan zuen. Han, 1823ko San Antonio eguneko gertakari bortitzetan, bere ondasun asko galdu zituen, tartean belar bilduma eta artxiboak, eta Gorteekin batera Cadizera aldatu zen. Absolutismoa itzultzearekin batera erbesteratu zen: lehenik Gibraltarrera, gero Erresuma Batura.[1]

Erbestean

aldatu
 
Chelseako Lorategi Botanikoa.

1824ean Londresen kokatu zen. Bertako botanikariekin lanean hasi zen, hala nola Robert Brown ospetsua, eta Chelseako Lorategi Botanikoan lanean jarraitu ahal izan zuen. Aldi honetan zenbait lan argitaratu zituen ingelesez, Gardener's Magazine bezalako aldizkarietan. Espainiar erbesteratuen izparringietan eta erakundeetan ere parte hartu zuen; 1829an Londresko Ateneo Español elkartearen sorrera bultzatu zuen, erbesteratuen seme-alaben hezkuntzara zuzendua. 1831ean, osasun arazoak zirela eta, Jersey uhartera aldatu zen;[2] han John Le Couteur agronomoarekin elkarlanean jardun zuen. Urte hauetan, nazioarteko elkarte zientifiko gehiagotan sartu zen: Ratisbona, Herbehereak, Londres, Estokolmo, Irlanda eta Jersey.[1]

Espainiara itzultzea

aldatu
 
Mariano Lagasca, 1842an argitaratutako irudi batean.

1834an, Fernando VII hil ostean dekretatutako amnistiarekin, Espainiara itzuli ahal izan zen. Emaztearekin eta lau semerekin itzuli zen (José, Mariano, Juan eta Francisco).[1] Errege Lorategi Botanikoko zuzendari karguan berrezarri zuten. 1838an, osasunez kaskartua, Bartzelonara aldatu zen klima hobea bilatzeko. Han hil zen urtebete geroago.

Ekarpenak

aldatu
 
Cetraria islandica likenaren Penintsulako lehen aipua Lagascarena izan zen

Lagascaren lanen garrantzia Espainian zein nazioartean balioetsi zen. Hugo de Vries herbeheretarrak asko zabaldu zituen Lagascak eginiko landatutako espezieen gaineko ikerketak, espezieen hautaketa prozesuei buruzkoak barne.[2]

Lagascak 400 espezie berri baino gehiago deskribatu zituen.[3]

Landareen deskribapen eta sailkapenean, "Lag." laburdura erabiltzen da Mariano Lagasca autoritate bezala aipatzeko.[7]

Cetraria islandica liken espeziea lehen aldiz aipatu zuen Iberiar Penintsulan. Asturiasen aurkitu zuen, eta aurkikuntza garrantzitsua izan zen, landare hau kanpotik ekarri behar izaten baitzen, tuberkulosiaren aurkako botika prestatzeko.[2]

Omenaldiak

aldatu
 
Mariano Lagascaren omenezko estatua, Errege Lorategi Botanikoan.

1866an, bere estatua bat ezarri zen Madrilgo Errege Lorategi Botanikoan.Zaragozan[8] eta Madrilen,[9] barrena, kale bana daude haren izenarekin.

Hainbat botanikariren aurkikuntzak Lagascari eskainiak daude, genero eta espezie berriei haren izena emanez.

Generoa
Espezieak
  • (Asteraceae) Colymbada Lagascana (Graells) Fern.Casas & Susanna[11]
  • (Asteraceae) Hieracium lagascanum Arv.-Touv. & Gaut.
  • (Brassicaceae) Diplotaxis lagascana Willk. ex Willk. & Lange

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g h i j k l m «Manuel Mariano La Gasca Segura | Real Academia de la Historia» dbe.rah.es (Noiz kontsultatua: 2024-06-12).
  2. a b c d e f g h «Biografia de Mariano Lagasca» www.biografiasyvidas.com (Noiz kontsultatua: 2024-06-11).
  3. a b c (Gaztelaniaz) Botànic, Espores La veu del. (2013-07-27). «Mariano Lagasca y el liquen de Islandia» Espores (Noiz kontsultatua: 2024-06-12).
  4. (Gaztelaniaz) «La Botánica y los botánicos de la Península Hispano-Lusitana» bibdigital.rjb.csic.es (Noiz kontsultatua: 2024-06-11).
  5. a b (Gaztelaniaz) MARTÍNEZ, ORIHUELA, LITERATURA Y. PATRIMONIO MIGUEL RUIZ. (2016-09-18). «Mariano Lagasca: un botánico en Orihuela durante la Guerra de la Independencia» Las Provincias (Noiz kontsultatua: 2024-06-12).
  6. «Genera et species plantarum, quae aut novae sunt aut nondum recte cognoscuntur | International Plant Names Index» www.ipni.org (Noiz kontsultatua: 2024-06-11).
  7. «International Plant Names Index» www.ipni.org (Noiz kontsultatua: 2024-06-11).
  8. (Gaztelaniaz) «Calle de Mariano Lagasca - Callejero de Zaragoza - Callejero.net» zaragoza.callejero.net (Noiz kontsultatua: 2024-06-13).
  9. Peñasco de la Puente, Hilario; Cambronero, Carlos (1889). «La Gasca». Las calles de Madrid: noticias, tradiciones y curiosidades. Madrid: Establecimiento tipográfico de D. Enrique Rubiños. pp. 287-288. Wikidata Q24491781.
  10. Anales Ci. Nat. 6: 331. 1803 nom. et. orth. c (GCI)
  11. Fontqueria 2: 20 1982 (IK)