José Agustín Ibáñez de la Rentería

José Agustín Ibáñez de la Rentería (Bilbo, 1751ko abuztuaren 29a - Lekeitio, 1826ko maiatzaren 31) bizkaitar idazle eta politikaria izan zen. Argien Garaian "ilustratuen" artean aritu baitzen ere, Frantziako Iraultzaren osteko mugimendu politikoek bere jarrera progresista hoztu zuten; horretara, bere helduaroan integrismo katolikoarekin eta absolutismoarekin lerratu zen.

José Agustín Ibáñez de la Rentería
Bizitza
JaiotzaBilbo1751ko abuztuaren 29a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaLekeitio1826ko maiatzaren 31 (74 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta politikaria
KidetzaEuskalerriaren Adiskideen Elkartea
MugimenduaArgien mendea
Genero artistikoaolerkigintza
saiakera

Ondare materiala aldatu

Familia aberatsekoa, bere arbasoen jatorria Lekeitio inguruko eta Bilbo-Txorierriko lur-jabeak ziren, premutasunetik baztertuak izan eta gero merkataritzan sartuak eta Bilbora aldatuak. Familiaren adar hauek ondarea bildu zuten, ezkontzen bidez kontzentratuz; Jose Agustin izan zen bere belaunaldian maiorazkoa. Ondare hau, halere, haren osteko bigarren belaunaldian sakabanatu zen: bere oinordeko bakarra, Mª Dolores Ibañez de la Renteria Urkijo biloba, Lekeitioko Dominiken komentuan moja sartu baitzen, bere ondasun higikor eta higiezin guztiak elizarekin lotutako elkarteei eta erakundeei dohaintzan emanez.[1]

Bizitza kulturala aldatu

Renteriak bazuen familian kulturan aritutakoen aurrekaririk: aitaren lehengusu bat Agustin Basterretxea izan zen, idazlea eta Lekeitioko jesuiten ikastetxeko zuzendaria Ilustrazio aurreko garaietan; Agustinek 10 urte zituela hil zen.[2]

1774ean, 23 urterekin, Renteria Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide bihurtu zen; ordurako, Elkarteak 10 urteko ibilbidea zuen. Han lau hitzaldi aurkeztu zituen, 1780 eta 1783 artean: lehena La amistad del País o idea de una Sociedad Patriótica; bigarrena, gazteen hezkuntzari buruz; hirugarrena Reflexiones sobre las formas de gobierno; eta laugarrena, Udalen gobernuari buruz. Haietako batzuk oso entzutetsuak izan ziren, XVIII mende amaieran Espainian indarrean zegoen gobernatzeko era zalantzan jarri zutelako; Renteriak jaulkitako teoriak liberalismoaren aurrekari bezala hartzen dira, udalerriei askatasuna ematearen eta boterea banatzearen alde eginez adibidez. Ez dirudi, halere, Elkartean bertan teoria hauek harrera oso ona izan zutenik: Renteria 1784an atera zen bertatik, eta 1790ean han emandako hitzaldiak bere kontura argitaratuko zituen, Madrilen.

Garai honetan alegiak idazten ere aritu zen; Manuel Godoyek bere memorietan Renteriaren idazlanak goraipatu bazituen ere, bere lan literarioak ez zuen Iriarte eta Samaniego elkartekideen sona erdietsi, haren alegietan helburu pedagogikoa lehenesten baitzen, forma artistikoaren kaltetan. Bestalde, honen kontura arazoren bat ere izan zuen: 1788an, Madrilgo egunkari batean argitaratutako El raposo izenekoa gaizki hartu baitzen, Floridablancako kondearen aurkakoa zelakoan. Fabula guzti hauek tomo bitan bildu eta argitaratu zituen, 1789 eta 1797an.[1]

Ibilbide politikoa aldatu

1775ean Lekeitioko alkate izendatua izan zen, eta hortik aurrera Bizkaiko bizitza politikoan parte hartze handia izan zuen, 1804-1806 urteetan Ahaldun Nagusi izateraino.

Pare bat aldiz, Bizkaiko Jaurerriak bere aldeko apologia politikoak enkargatu zizkion: lehena, Manifiesto histórico izenekoa (1798), Jaurerriak Konbentzioaren Gerran izandako parte hartzea kontatuz; bigarrena, berriz, Iberiar Penintsulako Gerran izandakoa (lehena gordetzen da, bigarrena galdua dago). Honen kontura, 1816ean "Bizkaiko historiadore" izendapena jaso zuen.[1]

Bestelako jakingarriak aldatu

Celina Ribechini historialari bilbotarrak bere doktore-tesia Jose Agustin Ibañez de la Renteriari buruz egin zuen, Deustuko Unibertsitatean cum laude kalifikazioa eskuratuz.[3]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c Ribechini, Celina. ([1993?]). La Ilustración en Vizcaya : "El Lequeitiano" Ibáñez de la Rentería. Editorial Txertoa ISBN 84-7148-282-7. PMC 31054842. (Noiz kontsultatua: 2021-07-28).
  2. (Gaztelaniaz) «Basterretxearen Passioa kantatzeko erabili diren doinuak» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-06).
  3. «Ediciones Beta» www.edicionesbeta.com (Noiz kontsultatua: 2021-07-28).

Kanpo estekak aldatu