El borracho burlado
El borracho burlado, ópera cómica en castellano y bascuence. Escrita, y puesta en música por un caballero guipuzcoano (1764), Frantzisko Xabier Muniberen opera komiko modukoa da, bertsotan emana.[1] Obra hau umorezko komedia da nahiz eta sailkatzeko erraza ez izan. Ez zen euskara hutsez idatzi, elebidunaz baizik, euskaraz eta gaztelaniaz. Honela banatzen da elebitasunaren xehetasuna: kantak eta elkarrizketa asko euskaraz eta gaztelaniaz daude, hitz lauak eta elkarrizketa batzuk, bestetik, gaztelaniaz. Ekitaldi bakarra eta 35 agerraldi ditu. Gaia mozkor bati emandako eskarmentua da. Gipuzkeraz mendebaleko elementuekin nahasia idatzita dago, eta herri xehearen oso hurbileko hizkera darabil.
El borracho burlado, ópera cómica en castellano y bascuence. Escrita, y puesta en música por un caballero guipuzcoano | |
---|---|
El borracho burladoren jatorrizko azala. | |
Datuak | |
Idazlea | Xabier Maria Munibe Peñafloridako Kondea (1764) |
Argitaratze-data | 1764 |
Generoa | Antzerkia, opereta. |
Jatorrizko izenburua | El borracho burlado eta El borracho burlado |
Hizkuntza | Euskara - Gaztelania |
Herrialdea | Euskal Herria |
Orrialdeak | 56 |
Musika
aldatuAntzezlana bazuen bere partitura baina hori urte luzeetan galduta egon zen. 1960. hamarkadan Bergarako familia baten paper zaharretan aurkitu zen eta 1981an Oñati kontzertua antolatu zen ezagutarazteko; kontzertu hura Javier Bello-Portuk zuzendu zuen. Obra osoa, musika eta testua, interpretatua ikusteko 1994ra arte itxaron behar izan zen; opera Agerre Teatro antzeztu zuen orduan.[2]
Beranduago, 2015eko martxoan hain zuzen ere, Bergarako Musikala Elkarteak eta herriko udalak emanaldi bereziak prestatu zituzten operaren 250. urteurrena ospatzeko asmoz. Emanaldiak Udal Areto Nagusian egin ziren, estreinaldia egin zen leku berean hain zuzen ere, eta beranduago Bergarako Musikala Elkarteak espektakulua hainbat euskal herritan taularatu zuen, Zumarraga, Beasain, Gasteiz edo Donostia besteak beste. Euskal opera hau ere Madrilen ikusi ahal izan zen, Loiolako On Iñigoren Elizan, urte bereko apirilak 30ean.
Euskara
aldatuLan honetan, Gabonsariakn bezala, mendebaldeko euskalkian oinarritu zen Munibe baina ez bere herrikoan zehatz-mehatz, "euskara ulergarriago" batean baizik. Gipuzkera literarioaren aintzindariak bezala aztertu dira biak ala biak. Izan ere, Bizkaiko euskararen elementu ugari agertzen dira bi lanetan; egileak euskara hori ondo ezagutzen zuen zeren eta bere gurasoak Markinakoak baitziren eta emaztea Oñatikoa.[3]
Jatorrizko azalak dion bezala El borracho burlado gaztelaniaz eta euskeraz idatzita dago; elebitasun honek bere arrazoi soziala du, euskara beheko klase sozialaren kideen arteko hizkuntza bilakatzen baita, gaztelania goi mailako kideen artekoa den bitartean, azken hauek ere euskaldunak izan arren.
Pertsonaiak
aldatu- Txanton Garrote, gizon arrunta
- Maritxo, haren emaztea
- Martiniko, zapatari, Txantonen laguna
- Matxalen, haren emaztea
- Zapatariaren lau ofizial
- Don Diego, Martinikoren etxean bizi den zaldun baten etxezaina
- Don Pedro eta Don Antonio, zaldunaren morroiak
- Sagarrak saltzen dituen gizon bat
Edizioak
aldatu- 1764: Azkoitian, Misericordian argitaratuta.
- 1907-1909: Tomas Roblesek prestatutako edizio faksimile. Revista Internacional de Estudios Vascos.
- 1965: Gabriel Arestik prestatuta. Teatro Zaarra, Auspoa, 48.zk.
- 1969: Biblioteca de La Gran Enciclopedia Vasca, edizio faksimile.
- 1991: Xabier Altzibarrek paratutako edizioa: Gabonsariak. El borracho burlado. Gasteiz: Eusko Legebiltzarra.
Erreferentziak
aldatu- ↑ «El borracho burlado (1764). Xabier Maria Munibe - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-02-12).
- ↑ http://www.diariovasco.com/culturas/201502/13/vuelta-borracho-burlado-20150212234253-v.html
- ↑ Xabier Altzibar, 38.or.