Inperialismo
Inperialismoa berezko lurraldearen edo eragin eremuaren hedapena da, beste herri batzuk menperatuz eta batasun bat sortzeko egiten denean. Menperatzea lurraldezkoa (kolonialismoa), kulturala edo-eta ekonomikoa izan daiteke.
Inperioko herrien arteko harremana asimetrikoa da, partaideek beraien ohitura nahiz usadioak alde batera uzten baitituzte, patroi komun bakarra bereganatuz.

Inperialismoaren zergatiakAldatu
Hedapen inperialista fenomeno historiko oso konplexua izan zen eta horregatik hau sortarazitako egoerak edo faktoreak asko izan daitezke. Horregatik hurrengo ataletan hedapen honen arrazoi garrantzitsuenak azalduko dira talde ezberdinetan sailkatuak.
Zergati ekonomikoakAldatu
- Merkatu berrien bilaketa: Teorilari batzuen ustez, Charles a. Julien esate baterako, inperialismoaren arrazoi garrantzitsuenetarikoa hau zen. Teoria honen arabera 1873. urtean gertatu zen krisi ekonomikoaren ondorioz Europako potentziak haien soberakin produktuak saltzeko lekuen bila joan ziren eta honen ondorioz hasi zen zabalkuntza inperialista.
- Kapitalen inbertsioa: Hau baita izan zen arrazoi ekonomiko garrantzitsua. Burgesia industrialak haien produkzioen errentagarritasuna handitzeko kapitalak Europatik kanpo inbertitzea erabaki zuen. Metodo hau oso eraginkorra zen; alde batetik langileen soldatetan eta industrien egoeratan asko aurrezten baitzuten, kolonietan ez baitzeuden langileen edo segurtasunaren aldeko legeak; eta beste alde batetik Europan gertatu litekeen krisiek ez baitzuten hainbat eraginik. Inbertsio hauek kualifikazio handirik behar ez zuten industrietan egiten zen, meatzaritza edo plantazioetan adibidez. Horrez gainera inbertsio hauek mailegu kontratu moduan egiten ziren, eta ondorioz koloniak kapital inbertsio horretatik atera zitezkeen irabaziak potentziari produktuak erosten gastatu behar zituen. Honekin lortu zena koloniek potentzienganako dependentzia gero eta handiagoa izatea izan zen.
- Lehengaien eskurapena: Hasiera batean ez zen oso garrantzitsua izan, baina egia esanda gero eta garrantzitsuagoa bihurtu zen zeren, Europan ez zeuden lehengai nahikorik bertako industria “elikatzeko”.
Zergati demografikoakAldatu
Teoria batzuen arabera Industria Iraultzaren ondorioz Europan gertatu zen eztanda demografikoa ere zabalpen inperialistaren arrazoietako bat izan zen. Hazkunde honen eraginez langabezia tasa eta populazioak lurrean egiten zuen presioa gero eta handiagoa zen, hauek elikatzeko elikagai gehiago eta lan egiteko postu gehiago behar baitzituzten. Horregatik gertatu zen europarren emigrazio masiboa, lur berrietan aberastasunak eta bizi baldintza hobeak lortzeko modu bat ikusten zutelako. Modu honetan 1850tik 1914ra Europako populazioa bikoiztu zen arren 40 milioi pertsona kanpora abiatu ziren bizitza berri baten bila.
Beste zergati batzukAldatu
Zergati hauen artean ideologiarekin erlazionatutakoak nabarmentzen dira. Alde batetik, lurren kolonizazioaren bidez potentziek haien handitasuna eta hegemonia erakutsi nahi zuten. Askotan hau erakusteko nahia Europan izandako galerak edo porrotak konpentsatzeko era bat baino ez zen (Frantziaren kasuan bezala, Prusiaren kontrako gerran galtzaile atera zena). Honez gainera gizartearen zati bat munduko indigenak “zibilizatzeko” beharra sentitu zuten, arraza zuriaren nagusitasunak beste “basatiak” gizarteratzeko behar morala zeukan-eta. Talde hauen barruan eliza luteranoa nagusitu zen, indigenen ebangelizaziora abiatu zena. Eliza katolikoak ez zen ebangelizazioaren guztiz aldekoa Amerikan edukitako esperientzia txarragatik, baina azkenean luteranoen bidea jarraitu zuen, beste porrot handi bat lortuz. Beste ideologia batek Charles Darwinen eboluzioaren teorian oinarrituta, arraza zuriaren eskubide osoa ikusi zuen nahi zuen beste hazteko, horrek beste kultura edo lurraldeen suntsiketa bazekarren ere.
Azkenik, beste arrazoi bat aipatu behar da, pisu handikoa izan ez bazen ere. Batzuen ustez lur berrien kolonizazioa armadak lanpetuta edukitzeko modu bat izan zen baita ere. Modu honetan Europan gatazka edo altxamendu militarrak egotea saihesten zen eta gudarosteak haien teknikak eta teknologia berriak probatzeko lekuak zituzten.
Inperialismoaren filosofiaAldatu
"Munduko herrialdeak, bizien eta hil zorian daudenen artean bana ditzakegu. Alde batetik herri handiak ditugu, egunetik egunera indartzen doazenak, gero eta aberatsago, gero eta hobeto antolatuta. Trenbideei esker, leku bakarrean pila dezakete populazioaren indar militarra eta orain arteko belaunaldiek inoiz amestuko ez zuten neurri eta indar izugarrizko armadak elkar ditzakete...
Handinahiak dira eta gauza bera gura dute denek, etorkizunak bakarrik erabaki ahal izango du auzia odolaren bidez.
Zergatik edo hagatik, beharrizan politikoengatik edo presio filantropikoengatik, herri biziak apurka-apurka hilzorikoen lurraldeez jabetuko dira eta berehala gatazka bideak sortuko dira herri zibilizatuen artean (...).
Jakina, ez dugu utziko Ingalaterra ezlekuan geldi dadin edozein moldaketa egingo balitz ere (txaloak). Beste alde batetik, ez dugu begi txarrez ikusiko handitutako arerioen batek pobrezia eta antzutasuna kanporatzen baditu eskura ez ditugun eskualdeetan."
1898ko maiatzaren 4an Lord Salsburyk Albert Hallen egindako hitzaldia. The Times, 1898ko maiatzak 5.
AfrikanAldatu
Afrikaren banaketari dagokionez, XIX. mendera arte Afrika ia esploratu gabe egon zen, eta ia Europa osoak esku hartu nahi zuen kontinente horretan. Lehenengo herrialde europarrak Frantzia eta Britania Handia izan ziren, lehenengoak Aljeria eta Tunisia okupatzen hasi zen eta bigarrenak Egipto okupatzen. Geroago, Belgikak, Portugalek, Espainiak eta Alemaniak ere Afrikan lurralde batzuk kolonizatuko zituzten. Horregatik, Europako lurraldeen jokabidea ordenatzeko, Bismarck kantziler alemanak Berlingo Konferentzia deitu zuen 1884ean. Bertan erabaki batzuk hartu ziren:
- Esklabotza debekatu zuten.
- Niger eta Kongo ibaietan nabigazioaren askatasuna.
- Leopoldo II.ak (Belgikako erregeak) izango zuen Kongoko Estatu Librearen jabetza.
- Okupazio eraginkorraren printzipioa ezarri zuten: lurralde baten jabetza izateko hau benetan okupatzea ezinbestekoa izango zen.
AsianAldatu
Asian, Europaren XIX. mendearen azken hereneko hedapen inperialista ere iritsi zen.
ErrusiaAldatu
Hedapen politikoa eman zen batez ere, XVII.mendean asiako iparraldea okupatu, eta XIX.mendearen erdialdean, Turkestango lur emankorrak lortzera abiatu zen.
1880-1890 tik aurrera Transiveriar trenbidea Errusia europarra eta ekialdekoa konektatzen zituen trenbide sarea eraiki zuten Vladivostokera arte.
Turkestanen aurrera egin zuten ahala, gatazkak sortu ziren Erresuma Batuarekin, izan ere, bi herrialdeek gatazkak izan zituzten Persia eta Indiako mugako lurraldeak eskuratzeko.
Bestalde, Errusiarrak Mantxuriako lurraldean sartu izanak, Txinako ipar ekialdean, gatazka sortu zuen Japoniarekin ere,beren espantsionismoaren helburuetariko bat baitzelako. Ondorioz, 1904-1905 bi herrialdeen arteko gerra bat izan zen non Errusia izan zen galtzaile.
Britania HandiaAldatu
Britania Handiko asiar kolonialismoaren helburu nagusia India izan zen. XVII. mendearen geroztik, Ekialdeko Indietako konpainia Ingelesak,1600. urtean sorturiko Britaniar inbertsoreen konpainia pribatua, bertako lurraldeen zati handi bat bereganatzea lortu zuen, britainiar gobernuaren laguntzaz.
Horretarako, britaniar armadaren barruan indiar soldaduen armada bat zuen; zipaioak.
Baina 1857 tik 1858ra zipaioak matxinatu egin ziren, britainiar ofizialek beren erlijio-sistemak mespretxatu eta aldaketa administratibo ezegonkorrak egiten baitzituztelako. Ondorioz,britaniar gobernuak koloniaren administrazioa berriro antolatu behar izan zuen.
Horretaz gain, Frantziaren kolonizazioa Indotxinara iristen zela ikusita, Britania Handiak Birmania okupatu zuen eta 1886tik aurrera protektoratu,estatu subirano propio bat eta egitura politiko eta kultural propio bat zuen estatua, bihurtu zuen.
Bukatzeko,1870tik 1885ra bitartean Malaysiako sultanerri batzuk ere okupatu zituen.
FrantziaAldatu
Frantziako hedapen inperialista Indotxinan 1858tik 1860ra hasi zen,lehendabizi Mekong ibaia,asiako 5.ibairik luzeena eta Txina, Laos, Kanbodia, Myanmar, Thailandia eta Vietnam zeharkatzen dituen ibaiaren delta okupatu eta ituna sinatu zuten Annamgo erregearekin; hark Frantziaren esku utzi zituen Kotxintxinako ekialdeko hiru probintziak. Frantziak Mekong ibaiaren eta Song Koi ibaiaren deltak kontrolatu nahi zituen, Txinako merkatuan sartzeko bide bat izateko.
1887an, Indotxinako Batasun Orokorra eratu zuen.
HolandaAldatu
Lurraldeak kontrolatu zituen XVII. mendetik XX. mendera arte. Bere espantsionismoa sendotu zen behin Belgikatik 1831an independizatuta. Bere inperioa handitu zuen Indonesia, Sumatra, Java, Borneo eta Ginea Berriarekin besteak beste. Inperialismo holandarra bultzatua izan zen bere nagusitasun ekonomikoagatik, Europako eta Munduko zentro finantzarioa baitzen Londresek ordezkatu baino lehen. Horrez gain, bere flotaren indarraren laguntza zuen. Hamarkada batzuetan itsasoko zabalak menderatu zituen bere flotari esker eta honen ondorioz Ekialdeko Indietako Konpainia, espezieetan merkataritza gune garrantzitsuena, bere eskuetan egon zen.
JaponiaAldatu
Japoniaren espantsionismoari dagokionez Korea eta Txina menderatzea zuten helburu eta joera espantsionista eta oldarkorra hartu zuten. Bertan ekonomia-hazkunde azkarra gertatu zen eta armada zein administrazioa berritzeko edo modernizatzeko neurriak hartu ziren. Japoniak arrazoi ugari zituen joera inperialista bat hartzeko eta barneratzeko, baina herrialde honen inperialismoak eragintzat izan zuen joera nazionalisten hedapenak, eta bertan Japonia handi bat eratu nahi zuten. Joera inperialista bat hartzeko aurretik aipatu ditugun arrazoi ugari horiek hauexek dira: bere produktu jakin batzuentzat kanpoan merkatuak bilatzeko beharra, industralizazioa sendotzeko, presio demografikoak eta lehengaiez hornitzeko beharra. Inguruan zituen zenbait uhartedi menderatu ostean Koreari hiru portu irekitzera eta japoniar emigranteak onartzera behartu zuen. Momentu horretan herrialde hau Txinaren menpe zegoenez gerra sortu zen Japoniaren eta Txinaren artean. Japoniak Korea osoa bere eskuetan izatea lortu zuen eta Mantxurian sartzea lortu zuten. Egoera honen aurren Txinak korearen independentzia onartu zuen lurralde batzuk emanez, Formosa eta Port Arthur batik bat. Beranduago Errusia ez zegoen ados aldaketa hauekin, hau da, ez zuen onartu Japoniak Mantxuriako hegoaldea hartu izana. Horren aurrean eta inongo gerrarik deklaratu aurretik Japoniak eraso egin zion Errusiari Port Arthur-eko flota suntsituz. Gerra honen ondorioz Japoniak Sakhalin hegoaldea lortu zuen, baita Korea anexionatzea ere eta azkenik Mantxurian zuen nagusitasuna sendotzea ere ekarri zuen.