Hannah Arendt
Hannah Arendt (Hannover, Alemania, 1906ko urriaren 14a - New York, Ameriketako Estatu Batuak, 1975eko abenduaren 4a) judu jatorriko politika-ikertzaile alemaniarra izan zen. Bere lan gehiena boterearen gaineko azterketetara bideratu zuen, eta bereziki politika, autoritatea eta totalitarismoa ikertu zituen. Arendtek gehien aztertu zituen ideien artean politikaren natura eta bizitza politikoaren inguruko auziak daude. Askatasuna eta berdintasuna, elkarren lehiakide beharrean, guztiz osagarriak direla aipatzen zuen; askatasuna, Arendten ustez, "berdinen" artean bultzatutako ekintza politikoaren emaitza da.
Bizitzan izandako esperientzia gogorrek bultzatu zuten Arendt pentsamendu mota tradizionalak zalantzan jartzera. Arendtek, bere garaia, XX. mendeko historia, eta garaiko egoera landu eta hausnartu zituen. Haren teoria politikoan zerikusi gehien izan duen alderdia, judua izateagatik izan zuen bizipena da. Haren ustez, politikaren oinarriak askatasuna eta justizia dira, eta horrek kontraesan bat dakar "herri hautatua" izatearekin.
Bizitza
aldatuHannah Arendt jatorri juduko familia sekular batean jaio zen Alemaniako Linden hirian (g.e. Hannover hiriko zatia). Haurtzaroa Königsbergen igaro zuen (g. e. Kaliningrad) eta aitaren heriotzaren ondoren (1913), bere heziketa amaren esku geratu zen..
1923an, 17 urterekin, ikastetxea utzi behar izan zuen, diziplina arazoak zirela eta. Orduan, Berlinera abiatu zen, han kristau teologiako ikasketak egin zituen eta lehenengo aldiz Søren Kierkegaarden obra aztertu zuen. 1924an Königsberg-era itzuli zen, han bere kabuz aurkeztu eta gainditu zuen unibertsitatera sartzeko azterketa.
Arendtek Berlineko Unibertsitatean hasi zituen ikasketak (testu klasikoak eta teologia kristauan), eta 1924an Marburgoko unibertsitatean sartu zen. Bertan, urtebetez Martin Heideggerren eta Nicolai Hartmannen eskutik Filosofiako klaseak jaso zituen, baita Rudolf Bultmannek eskaintzen zituen teologia protestantearen ikasketak ere. 1925ean, Heideggerrekiko harremana hasi zuen (nahiz eta gerora, Friburgoko unibertsitateko errektore zela, nazien aldeko jarrera agertu zuen.) , urtebetera bukatuko zena.
Ondoren, Heidelbergera joan zen, han, Heideggerren adiskide zen Karl Jaspers filosofo existentzialistarekin batera ikasketak jarraitzeko. Jaspersekin batera bere tesia idatzi zuen San Agustinek maitasunari buruz zuen pentsamenduaren inguruan (Der Liebesbegriff bei Augustin).
1929an, Gunther Stern filosofo judu gaztea ezagutu zuen eta 1930ean ezkondu ziren. 1929an argitaratu zuen bere tesia (Der Liebesbegriff bei Augustin) Berlinen. Tesi horretan Heidegger eta Jaspers-en filosofiak lotzen ditu. Arendtek kritikak jaso zituen San Agustin filosofo bezala tratatu zuelako eta ez elizaren aita bezala, eta ez zuelako aipatu literatura teologiko garaikideagoa. 1926tik aurrera eta hurrengo urteetan politika Judu eta Sionistetan parte hartzen hasi zen.
1932rako Arendtek herrialdetik aldegitea aukeratzat zuen, baina, hasiera batean, Alemanian geratu zen.Bere senarrak 1933an Parisera emigratu zuen, eta Naziak boterera heldu ahala, Gestapok ikertu egin zuen eta arriskutik ihes egiteko Parisera erbesteratu zen. bertan bere jarduera politikori ekin zion. Parisen, Kurt Blumenfelden aholkuak jarraituz erakunde Sionista batentzat lan egiten hasi zen, horrela ,hasi berri zen juduen jazarpena ikertzen. Bere etxea eskaini zuen ihesbidean zeudenen babesleku bezala. Zientzien arloan, antisemitismoaren inguruko azterketak egin zituen eta konferentziak eskaini zituen elkarte desberdinentzat Freie Deutsche Hochschule Paris 1935ean erbestean sortutako eskolan. 1933an Gestapok 8 egunetarako kartzelaratu zuen eta 1937an nazionalitate alemana ukatu zioten.
Gerraren hasiera eta kartzelaratzearekin batera, 1941ean Estatu Batuetara ihes egitea erabaki zuen bere ama eta bigarren senarrarekin (Heinrich Blücher poeta, filosofo eta marxista alemaniarra).1951an, nazionalitate estatu batuarra lortu zuen. New York-en bizitako tartean Alemanez idatzitako aldizkari batentzat idatzi zuen (Aufbau), eta Commission on European Jewish Cultural Reconstruction erakundearentzat ikerketak egin zituen. 1944an hasi zen politika arloko lehen lan nagusia lantzen (Elemente und Ursprünge totaler Herrschaft ), 1951an argitaratuko zena.
Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean, Alemaniara itzuli zen. Bertan, Youth Aliyah taldearekin lan egin zuen, Holokaustoan hildako juduen seme-alabak Palestinako kibbutzetara eramateko taldean, hain zuzen. 1950ean AEBko hiritar bihurtu zen, eta ordutik aurrera bertako hainbat unibertsitatetan irakasle aritu zen, besteak beste, Berkeley, Chicago, Yale, Princeton...
1961ean Jerusalemera bidaiatu zuen, New Yorkereko kazetaritzat, Adolf Eichmannen epaiketa jarraitzeko. Bi urte geroago, 1961ean, epaiketan gertatutakoari buruzko hausnarketak argitaratu zituen, eta, horiek, eztabaida piztu zuten. Hausnarketok, The New Yorker aldizkarian eta Eichmann Jerusalemen: Gaizkiaren hutsalkeriari buruzko txostena liburuan bildu zituen.
60ko hamarkadatik aurrera, Estatu Batuetako krisi politikoa izan zuen aztergai, eta horren islada da 1972ko Crises of the Republic: Lying in Politics, Civil Disobedience on Violence, Thoughts on Politics, and Revolution liburua. Bizitzaren azken uneetan, hasierako kezketara itzui zen, hau da, filosofiara. Hannah Arendt 1975ko abenduaren 4ean hil zen, bere azken lana bukatu gabe utzita. 69 urterekin hil zen eta New Yorkeko Bard Collegen hilobiratu zuten, bere senarra irakasle izandako unibertsitatean.
Obra
aldatuBizitza aktiboaren gramatika
aldatuHannah Arendten iritziz, totalitarismoak ez du gizakiaren arrastoa guztiz ezabatu. Orduan, gure buruari honakoa galdetu behar genioke: zer da gizakia egiten gaituena? Galdera horren erantzunak, bere ustez, besteekin dugun elkarbizitzarekin du erlazioa. Hau da, gizakia besteekin erlazionatzen den izaki bat da. Bada, pertsonen arteko erlazio horri politiko deritzo, publikoki hitz egiten duelako eta besteekin erlazionatzen delako.. Bere aburuz, gure existentzia espazio publiko-politiko baten menpe dago. Arendtek mundu politikoa analizatzen du, gero, mundu horren ezaugarriak identifikatzeko eta analizatzeko eta horrela, bizitza politikoaren oinarrizko gramatika zein den adierazten du.
Giza bizitzaren baldintzatzailea
aldatuBere helburua ez da "giza natura"ren teoria berri bat proposatzea, "giza baldintzak" aztertzea baizik. Beste modu batera esanda, gizakia jaiotzetik baldintzatzen duten kondizioak aztertzen ditu: bizitza, jaiotza-tasa, hilkortasuna, aniztasuna eta lurra. Gizakiak baldintzatutako izakiak garela azaldu nahi du horrekin Hannahk; orduan, egiten ditugun ekintzak kondizio horien menpe egongo dira. Era berean, baldintza horiek bizitza aktiboarekin erlazionatuta egongo dira. Hau da, antzinako polisetan bizitza aktiboa zen, eta ideala komunitate politikoari (polis-aren eta autogobernuaren zereginak) eskainitako bizitza zen. Bere helburua bizitza aktiboak duen esanahia berpiztea eta galera horren zergatia aztertzea izan zen. Bizitza aktiboa hiru jardueren bitartez adierazten da: lana, beharra eta ekintza. Hirurak bat datoz zerbait egitearekin, eta, era berean, jada aipatu diren baldintzekin.
Landu eta fabrikatu
aldatuEspeziearen eta gizabanakoaren iraupenerako balio du lanak Arendten iritziz, lana ez dago askatasunarekin lotuta, izan ere historiak erakusten digu beharraren menpeko taldeek egiten zutela, adibidez: esklaboek, emakumeek, morroiek edo proletalgoak. Ekintza gogorra eta neketsua izan arren, gizakiaren iraupenerako beharrezkoa da.
Lanaren harira, gizabanakoa bere existentzia finituari buruz hausnartzen hasten da. Orduan, ideia horretatik aldentzeko gizakiak bere mundu artifiziala eraikitzen du, mundu naturalaren paraleloa dena, eta horregatik, material desberdinez egindako objektuak sortzen ditu. Arendtek esaten du, artifiziala den mundu hori egonkorra dela, eta gizabanakoek sortzen dituzten objektuekin eta fenomenoekin erlazio pertsonalak sortu ditzaketela. Adibide on bat etxera bueltatzeko nahiaren sentimendua izan daiteke; izan ere, etengabe mugimenduan dagoen munduan gizaki batek ezin du sentimendu hori izan.
Filosofoak (Alemanez) arbeiten (landu) eta (Alemanez) herstellen (fabrikatu) kontzeptuak bereizten ditu. Lan-produktuak kontsumo-ondasunak dira, eta, fabrikazio-produktuak, ostera, beharrezkoak edo erabiltzen direnak.
Ekintza
aldatuEta azkenik (Alemanez) das Handeln (ekintza) hainbat gauzetarako balio du. Esate baterako, elkarte politikoak eratzeko eta mantentzeko, belaunaldiek jarraipena izan dezaten baldintzak sortzeko, eta historian zehar oroitzeko. Gizabanakoen artean ohiko jarduna da, eta gizakien bereizitasuna, desberdintasuna eta aniztasuna erakusten ditu.
Hannah Arendten ustez, ekintzaren oinarria esparru publikoan gertatzen zen interakzio politikoa da, eta funtsezko da beretzat. Adibidez, komunikazioa, hau da, momentu aproposetan hitz egokia aurkitzea, jada ekintza bat da. Eta, Arendtek azpimarratzen du gizakiak pertsona dela jakin arren, badakiela ekintzarik egin ezean ez dutela gizaki gisa aitortuko.
Hannahren aburuz, ekintza horren, edo (Latinez) vita activa horren adibide argiena, Antzinako Greziaren polisetan aurkitu daiteke. Alde batetik, lana, esparru pribatuan, etxeetan egiten zen, eta ekintza, berriz, agorako esparru publikoan. Leku publiko horretan vita activa gertatzen zen, berdinen artean izaten zen komunikazioa, osaketa eta askatasun politikoa
Vita activaren esparruak: pribatua, publikoa eta soziala
aldatuVita activa eratzen duten ekintza bakoitza esparru desberdinetan gertatzen da: esparru pribatuan, esparru publikoan eta esparru sozialean. Oso argi uzten ditu hiru esparru horien mugak, izan ere, ekintza horietako bat bere esparrutik kanpo gauzatzen bada ondorio latzak eragin ditzake.
Alde batetik, esparru pribatua, etxearen eta familiarekin lotzen du, eta bertan lana izaten da oinarri, bizitza zikloa mantentzen duena. Arendtek azaltzen du esparru horretan kanpoko gertaeren aurrean babesa aurkitu daitekeela eta naturala den esparru bat dela.
Beste aldetik, esparru publikoak besteekiko existentzia ahalbidetzen du. Hau da, ekintzaren eta diskurtsoaren bitartez gure existentzia ezagutarazten diegu besteei. Baina, era Modernoan esparru publikoaren eta pribatuaren mugak borratu dira eta hirugarren esparru bat sortu da: esparru soziala. Eta Hannah Arendten ustez, esparru horren sorrerak esparru pribatuan zegoena esparru publikora pasatzea eragin du.
Guztiok ez gara Eichmann
aldatuFilosofia arendtiarrarentzat, munduarekiko dugun ardura medio, beharrezkoa da oso herritarren konpromisoa.
Taldearen eta gizabanakoaren erantzukizuna
aldatuArendten iritziz, mundua zaintzeko eta mantentzeko ardura dugu, amor mundi deritzona, eta iraganetik etorkizunera luzatzen den ardura da. Gehien bat etorkizunari dagokio, hau da, gizakiok indarkeriaren ondorioz gure baitako aniztasuna ez deuseztatzeko ardura dugu. Baina, Hannahk erruduntasuna eta ardura bereizten ditu. Erruduntasuna guztiz pertsonala da, hau da, ekintzaren araberako subjektu bat seinalatzen du; gainera, guztiz ezeztatzen du erruduntasun kolektiboa. Eta ardura, aldiz, beste bati edo talde bati egozten dio.
Pentsatu eta epaitu
aldatuEpaitzeko dugun gaitasuna, zalantzarik gabe, pentsatzeko ahalmenarekin lotuta dago. Pentsamendua azterketa eta galdetzearekin uztargarria da. Baina, era berean, epaiketa on bat izateko hiru baldintza bete behar dira: lehenengoa, mendekotasunik eta aurreiritzirik gabeko pentsamendua izatea; bigarrena, pentsamendu kontsekuentea izatea; eta, azkena, enpatiaz pentsatzea, pentsaera zabala deritzona. Azken hori, Hannah Arendten iritziz, pentsamendu politiko perfektua izango litzateke, Eichmannek ez zuena.
Iraultzari buruz
aldatuOn Revolution liburuan, Arendtek modernitatean izan ziren iraultza prozesuak ikertzen ditu, garaian izan ziren askapen prozesuak (constitutio libertatis) analizatzeko; batez ere, AEBtako eta Frantziako iraultzak aztertu zituen. Bere ustez, iraultzaren ideia nagusia askatasuna lortzea da, alegia, askatasuna agerikoa den egoera politiko berria eskuratzea. Eta, berak iraultza horien ondorioz sortu ziren gizarteak kritikatzen ditu, eta horretarako, iraultza hitzaren definizio ezohikoa erabiltzen du. Lan honen helburu nagusia espiritu iraultzailearen ezaugarriak determinatzea da, nolakotasun horietan aurkitzen duelako gizakien ekintza eta zerbait berria sortzeko aukera.
Frantziako Iraultza eta Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerra alderatzen dituenean, lehenengoaren porrota eta bigarrenaren garaipena azpimarratzen ditu. Bien arteko desberdintasunaz konturatzen da, lehena iraultza soziala izan zela, eta bigarrena, politikoa. Hannah Arendtek esaten duen moduan frantziar iraultza aurretik oinarrian arazo soziala (txirotasunaren ondorioz bazegoen gosea) zegoen. Baina, AEBtako iraultza aurretiko egoera desberdina zen eta askatasuna lortzeko egoera mesedegarriagoa, ez baitzegoen indarkeriarekin kutsatuta. Bada, bi iraultzak konparatzean, AEBtako iraultzari buruz honako ezaugarria azpimarratzen du: politika, taldean egindako ekintza bezala ulertzen dutela.
Ez hori bakarrik, esaten du ordezkari bidezko demokrazian herriak ezin duela bizitza politikoan parte hartu. Horren ondorioz, alderdietako ordezkari bidezko demokraziaren ordez, langile kontseiluz edo sobietez eratutako errepublika egituratzea proposatzen du.
Langile kontseiluen sistema elementuak agertzen dira iraultza guztietan. Kontseilu horiek bakezale gisa deskribatzen ditu, alderdikoi bezala eta Estatu berria sortzeko nahitaezkoak.
Filosofia existentzialari buruzko lanak
aldatuGerra ostean, Arendtek bi artikulu idatzi zituen filosofia existentzialari buruz. 1946. urtearen hasieran, French Existentialism («Existentzialismo frantsesa») agertu zen Nation aldizkarian, eta Albert Camusen pentsamendua aztertu zuen bertan batez ere. Karl Jaspersen aurrean, «Europako nazionalismorik» gabe europarra den eta Europako federalismoaren alde borrokatzen duen pertsona mota berri batengan duen itxaropen handia adierazi zuen. Haien artean Camus zegoen, frantziar erresistentziatik zetorrena eta zintzotasuna eta ulermen politiko sakona ziurtatzen zituena.[1]
"Was ist Existenzphilosophie?" artikulua («Zer da filosofia existentziala ?») ia aldi berean argitaratu zen AEBetan eta Jaspersek eta beste batzuek sortutako (Alemanez) Die Wandlung aldizkarian. 1948an, beste bost testurekin batera, saiakera-liburu bat bezala berrargitaratu zen. Bere liburu baten lehen argitalpena izan zen, 1929an doktorego-tesia argitaratu ondoren. Aupatu testuan, ondorengo lanetan jarraituko ez zuen bere jarrera propioa garatzen du filosofia existentzialaren barruan. Ez zuen ingelesezko bertsioa berrargitaratzen utzi.
Lan txiki honetan Martin Heideggerren filosofia modu kritikoan eztabaidatzen du, eta nihilismo modernoarekiko hurbiltasuna egozten dio. Heideggerrek ez du inoiz bere ontologia osatu. Gizakia Jainkoaren antzeko gisa deskribatzen da, baina ez «munduen sortzaile» gisa, baizik eta «munduen suntsitzaile» gisa. Arendtek ideia horien aurka egiten du: «Gizakia ez da Jainkoa, eta bere hurkoekin batera bizi da mundu batean». Geroago sarritan errepikatuko duen pentsamendua da. Heideggerrek «askatasunaren», «giza duintasunaren» eta «arrazoiaren» behin-behineko kantiar kontzeptuak saihesten ditu, gizakia munduan dituen funtzioetara murriztuz eta existentzia filosofiaren bidez bakarrik emanez. Gainera, Arendtek Heideggerren «ez-kontzeptu (Unbegriffe) mitologizatzaileak» kritikatzen ditu, hala nola «Herria» eta «Lurra», 1930eko hamarkadako klaseetan «ni» (Selbst) delakoari egotzi zizkionak. «Horrelako ikusmoldeek filosofiatik kanpo bakarrik eraman dezakete, superstizio naturalista batera».
Aitzitik, Karl Jaspersen filosofia existentziala modu positiboan deskribatzen du Arendtek. Arendten arabera, Jaspersek hautsi egiten ditu sistema filosofiko guztiak, kosmobisioak eta «osotasunaren doktrinak», eta, horien ordez, «Mugako egoerez» arduratzen da, eta existentzia bera askatasun modutzat hartzen du. Horrela, gizakiak, «Metafisikarekin jolastuz», pentsatu ahal denaren mugetara gerturatu eta gainditu ditzake. Heideggerrek ez bezala, Jaspersentzat filosofia komunikazioaren bidez «ekintzarako» prestatzea baino ez litzateke, guztien arrazoi komuna oinarritzat hartuta. Jaspersek badaki transzendentziaren pentsamendua porrotera kondenatuta dagoela. Jaspersen filosofia, Arendtek azpimarratzen duen moduan, bere filosofatzearen bideetan datza nagusiki. Bide horiek fanatismo positibista edo nihilista baten irteerarik gabeko kaletik atera daitezke.
Palestina eta Israelen aurrean jarrera hartzea
aldatuHannah Arendtek 1948ko amaieran Frieden oder Waffenstillstand im Nahen Osten? artikulua idatzi zuen («Bakea ala armistizioa Ekialde Hurbilean?»), AEBetan argitaratua. 1950eko urtarrilean, Palestinako historiari eta Israelgo Estatuaren sorrerari buruzkoa da artikulua. Testuaren arabera, bakea arabiarren eta juduen arteko ulermenaren eta bidezko akordioaren bidez bakarrik lor daiteke. 1907tik immigrazioaren historia deskribatzen du, eta, ordutik, bi taldeak aurrez aurre daudela azpimarratzen du, eta, otomandarren inbasioagatik eta geroago Erresuma Batuarengatik ere, inoiz ez dutela maila berean egotea pentsatu, edo are gehiago, inoiz ez dutela elkar pertsonatzat hartu. Aberririk edo mundurik eza (Weltlosigkeit) juduen arazo nagusitzat deskribatzen duen bitartean, buruzagi sionisten gehiengoa kritikatzen du, arabiar herriaren arazoak ikusi ez dituztelako.
Haren ikuspegia bi nazioko Palestina bat da, nazionalista ez den politika batean oinarrituta, federazio bat, Ekialde Ertaineko beste estatu batzuk barne har ditzakeena. Arabiar jatorriko biztanleriaren zati baten immigrazioa eta kanporatzea hipoteka morala da; berdintasunean eta justizian (kibbutz) eta Jerusalemgo Unibertsitate Hebrearrean eta industrializazioan oinarritzen diren kolektiboak, berriz, aktiboaren zutabean daude.
Arendten arabera, Israel kapitalismoaren legeetatik libra zitekeen, AEBtik egindako donazioek finantzatzen baitzuten, eta, beraz, ez zutelako irabaziak maximizatzeko beharrik. Bere kezka zen Israelek politika hedatzaile oldarkor bati jarraitzea, irabazitako gerra baten ondoren, zeinak zorigaitza ekarri baitzien juduei eta arabiarrei, bi herrietako sektore ekonomiko guztiak suntsitzeaz gain. Baina judaismoaren espiritu unibertsalistan eta estatu arabiarren elkar ulertzeko prest zeuden indarretan zuen itxaropena.[2]
Garai hartan, alde judu eta arabiarretako oso pertsona ospetsu gutxik babesten zuten Palestina binazionala. Arendtek Judah Leon Magnes, Hebrear Unibertsitateko lehen presidentea, eta Charles Malik, Libanoko politikaria eta filosofiako katedraduna aipatzen ditu. Biek argi eta garbi babestu zuten juduen eta arabiarren arteko elkar ulertzea Palestinako arazoa konpontzeko, Magnesek 1946an eta Malikek NBEko Segurtasun Kontseiluaren aurrean 1948ko maiatzean.
1948ko abenduan, Menajem Beguin Irgun erakunde terrorista antibritainiarreko buruzagi ohia New Yorkera iritsi zenean, Herut alderdi berrirako dohaintzak lortzeko asmoz, hogeita sei intelektualek, horien artean judu jatorriko batzuk, gutun ireki gogor bat idatzi zuten, 1948ko abenduaren 4an New York Times-en argitaratua, eta sinatzaileen artean zeuden,besteak beste, Hannah Arendtez gain, Isidore Abramowitz, Albert Einstein, Sidney Hook eta Stefan Wolpez. Gutunean argi eta garbi adierazi zuten alderdi horren aurka zeudela, «eskuin muturrekotzat» eta «arrazistatzat» jotzen zutela.
Bestalde, hogei urte geroago, Arendtek Mary McCarthy idazle estatubatuarrari idatzi zion Israel pertsonen arteko berdintasunaren adibide ikaragarria zela esanez. Garrantzitsuagotzat jotzen zuen herri juduaren «biziraupenerako grina»[3], antzinatik bertan zegoena. Holokaustoa errepikatuko ote zen beldur zen. Uste du Israel beharrezkoa dela babesleku gisa eta antisemitismoaren aurkako erregaitza dela eta. Arendtek dio Israelen benetako edozein hondamendik ia beste ezerk baino gehiago eragiten diola.[4]
Gai etikoei buruz
aldatuArendtek dio gizakia berez ez dela ez ona ez txarra. Arendten kontzepzioaren arabera, norbanakoak bakarrik darama bere ekintzen erantzukizuna. Horregatik, krimenak zigortu behar dira, baina baita «gezur» politikoak ere. Bizitza politikoa arautzen duen konstituzioa duten estatuetan, errazagoa da gizabanakoarentzat «patroi moral» baten arabera jokatzea, «garai ilunetan» baino. Hain zuzen ere, are zailagoa da gobernu ez-demokratikoen gobernuetan pentsatzea, epaitzea eta jardutea.
Politikoki egiazkotasun pertsonalean oinarrituta elkarreragiten duten pertsonek ez dute nahitaez moralki jarduten eremu pribatuan. Arendtek uko egiten dio transzendentziara edo kontzientzia moralera (Gewissen) jotzeari moralaren oinarri gisa, ziur baitago bide horiek sortutako balioak manipulagarriak direla. Bere ustez, totalitarismoa ordura arte nagusi zen kode morala berrinterpretatzen den sistema bat da.[5]
Nazionalsozialismoarekin kolaboratu ez zutenek beren buruari galdetzen zioten zenbateraino bizi zitezkeen beren buruarekin bakean ekintza jakin batzuk egin izan balituzte. Banantze-lerroa modu ortogonalean igarotzen zen gizarte-, kultura- eta hezkuntza-desberdintasun guztietara. «Sozietate ohoragarria» erabat kolapsatu zela egiaztatu zen.
Arendtek Kanten inperatibo kategorikoa aipatzen du eta berekoikeria komunitatearen eskakizunei kontrajartzen die. Prozesuan, etika komunitario baten ideia garatzen du, behin eta berriz negoziatu behar dena. Gizakiaren aniztasunaz gutxiegi arduratu izana aurpegiratzen die Arendtek filosofoei. Gainera, filosofo gehienen etsaitasun moduko bat dago politika mota ororen aurka. Beste pentsalari batzuek ez bezala, Arendtek, totalitarismoaren garaiaren ondoren ere, munduarentzako itxaropena ikusten du, jaiotzen den eta berriro has daitekeen gizaki bakoitzari esker.
Gaiztakeria eta gaizkia Arendtek zentzugabekeriatzat hartzen du. Gizakia beti dago beste batzuekin lotuta – Baita krimenean ere –, besteen borondateari aurre egiten dion borondatea garatzen du, eta bere ekintzei buruz hausnartu behar du; bestela, zuzendutako norbait bihurtzen da (getriebene).
1965eko Über das Böse (Gaizkiari buruz) klase magistralean, hil ondoren argitaratua, gaizkiaren definizio bat eskaintzeaz arduratzen da Arendt, alderdi askotakoa, nazionalsozialismoaren eta haren sarraski-eremuen alderdi partikularra zein Kanten «gaitz unibertsala» barne hartzen dituena.
Argitalpen eta hitzaldi publikoak, askatasunaren eta zuzenbidezko estatuaren aldeko borroka
aldatuArendten liburuak eta artikuluak ingelesez eta alemanez argitaratu ziren, erredakzio partzial desberdinekin. Adibidez, Elemente und Ursprünge totaler Herrschaft (Totalitarismoaren jatorriak, 1951, 1955) eta Macht und Gewalt (1970). Bere testu batzuk berak itzuli zituen, eta aldi berean hobetzen zituen; beste batzuk, berriz, profesionalek itzuli zituzten eta, ondoren, Arendtek zuzendu zituen. Bere lagun Mary McCarthyk ingelesez idatzitako lan batzuk errepasatu zituen. Neurri batean, aldizkarietan argitaratutako artikuluak zeuden, batez ere AEBetan, Alemanian eta Frantzian. Bere klaseetan ere etorkizuneko argitalpenetako materiala erabiltzen zuen, argitaratu aurretik ikasleekin pasarteak komentatzen zituen, bere korrespondentzian egiten zuen bezala. Hitzaldiek, elkarrizketek, kongresu eta mahai-inguruetan parte hartzeak haren ideiak zabaltzeko balio zuten.
Hannah Arendten adierazteko modua arrazionala eta soila da. Askotan, ohiko hizkuntza arruntean edo zientifikoan duten esanahia ez den beste batekin erabiltzen ditu kontzeptuak. Batzuetan, esanahi arrunta alderantzizkoa bihurtzen du. Bere tesiak argi eta zuzen azaltzen ditu.
Denbora luzez, Hannah Arendtek ihes egin zuen jendaurrean agertzetik. Hori adierazi zuen azken aldiz Danimarkako Sonnig Saria eskertzeko hitzaldian, hil baino pixka bat lehenago. 1955ean Heinrich Blücherri honela idatzi nion: «Inolako arrakastarik ez dit laguntzen bizitza publikoan irauten [...] Ez dut lortzen palestran egotea eta bertan etengabe egotea .[6]» «Pribatua eta publikoa» denaren arteko bereizketa «erradikala» egiten zuen.[7]
Bere truke epistolarra, zeinetan batzuetan bere garaikide batzuei buruzko kritika gogorrak egiten zituen, bere bizitza arlo pribatuaren parte zela zuen. Jaspers, Blücher, McCarthy, Blumenfeld eta Johnsonekin korrespondentzia ia osorik argitaratu ahal izan den bitartean, Heideggerrekin eta Broch-ekin trukatzen zituen gutun ia guztiak falta dira. Beste lagun batzuei bidalitako gutun asko ere argitaratu gabe daude.
Arendti estutasuna eragin zion Karl Jaspersen laudatioa egiteak, Jaspersek 1958an Friedenspreis des Deutschen Buchhandels saria jaso zuenean, batez ere berarekin zuen adiskidetasuna zela eta – Beharbada baita Martin Heideggerrekin zuen adiskidetasunagatik ere –. Baina Karl Jaspersek espreski berari eskatu zion. Egoera horretarako, «Arlo publikoa», «Pertsona» eta «obra» kontzeptuak azaldu zituen: Zizeronen arabera, laudatio batean «pertsona baten duintasuna» ospatzen da «arlo publikoan», eta ez bakarrik lankideekiko erlazioari dagokiona. Aro modernoan, «Obra» bakarrik esfera publikoari dagokiola dioen «aurreiritzia» zabaldu da. Arendten ikuspuntutik, nahiz eta «Lan-prozesua» ez izan gai publikoa, aldiz, akademiko hutsak ez diren lanetan, baizik eta «ekintza eta hitz bizien» emaitzan, «Gizatasun» bat agertzen da (Personhaftigkeit), latinez humanitas, Kantek eta Jaspersek Humanität deitzen dutena. Gizatasun hori bere pertsona eta obra «publikoaren arriskuaren» eraginpean jartzera ausartzen direnek bakarrik lor dezakete.
Jaspers filosofiaz gain, politikaz ere esparru akademikotik haratago ere mintzatu zen, esparru publikoan. Norbanako gisa, besteekin elkartruke askea bilatu zuen. Horrela bakarrik izan daiteke «arrazionala», bere aburuz. Jaspersek, horrela, indarkeria nagusi zen garaian «existentzia argitzen» lagunduko zuen, ez Alemaniaren ordezkari gisa, baizik eta arrazoiaren ordezkari gisa. Arendtek izpiritu askeko pertsona baten ideia irudikatzen du, honela dioenean: «Humaniten erreinua da, zeinetara edonor irits baitaiteke berezko duen jatorritik. Sartzen direnak, elkar antzematen dituzte»[8]
1969ko martxoan Basileako unibertsitatean Jaspersen heriotza oroitzeko egin ziren ekitaldietan, Arendt gai honetara itzuli zen: Jaspersek ezin hobeto irudikatuko zuen arrazoiaren, askatasunaren eta komunikazioaren «hirutasuna».[9]
Hannah Arendtek ez zuen bere burua marxistatzat ikusi. Bere jatorria filosofian nabarmentzen zuen. Hala ere, Marxi, XIX. mendeko beste «ideologo» batzuei ez bezala, «Balioa» eta «justiziaren zentzua» egozten zizkion, eta bere analisiak eta bere burua «errebelde eta iraultzailetzat» jotzen zituen. Hala ere, komunismoaren «fikzioa»-ri uko egiten zion. Pentsamendu utopiko bati buruzko aipamenik ez baitugu aurkitzen Arendten obran. Ezker eta eskuin terminoak, kategoria politiko gisa, ez dira agertzen, oro har, bere obran.
Bere analisien larritasun-gunea kosmobisio politikoetan zegoen, hau da, ideologietan, estatuen oinarri gisa, ondoren, esparru publikoan eta bereziki politikoan gizabanakoari ematen zioten askatasun politikoaren eta zuzenbide-estatuaren arabera epaitzen zituenak (kosmobisio politikoak). 1972an Johnsoni idatzitako gutun batean, honako hau dio Arendtek horri buruz: askatasuna sozialismoa edo kapitalismoa baino askoz garrantzitsuagoa da. Hiru gobernu-moduen artean soilik bereizten zuen: demokrazia, errepublika edo kontseiluen errepublika (Räterepublik) eta antzekoak, askatasun-sistema desberdinak diren aldetik; diktadura edo «tirania», zapalkuntza-erregimen «normalak» diren aldetik; eta, azkenik, «Totalitarismoa».
Totalitarismoaren jatorriak
aldatuHannah Arendten lehen lan nagusia 1951an argitaratu zen. Bere obraren lehen zatian, Elemente und Ursprünge totaler Herrschaft (totalitarismoaren jatorriak), Arendtek, antisemitismoak XVIII eta XIX. mendeetan izandako garapena berreraikitzen du. Bigarren zatian, XIX eta XX. mendeko arrazakeriaren eta inperialismoaren funtzionamendua aztertzen du, eta, azken zatian, totalitarismoaren bi ereduak aurkezten ditu: nazionalsozialismoa eta estalinismoa. Arendten ustez, bi eredu horiek eredu totalitaristen definizioa erakusten digute.
Elemente und Ursprünge totaler Herrschaft lanean azalpena eman nahi dio garai hartako gertaera suntsitzaileei, Alemania naziaren boterea eskuratzeari eta baita estalinismo sobietarraren indartzeari ere.
Arendtek azpimarratzen du, politika maltzur horien agerpenak ezin direla ulertu aurretiaz existitutako ereduen hedapen bezala, gobernu mota berriak zirelako, beldur eta fikzio ideologikoan oinarritutakoak. Izan ere, aurretik izandako tiraniek beldurra boterea eskuratu edo mantentzeko tresna bezala erabili zuten; eredu totalitarista modernoek, ordea, ez zuten beldurraren erabilgarritasun estrategikorik. Beldurra ez zen helburu politikoetarako erabiltzen, beren helburua beldurra bera ezartzea izango zen.
Arendtek eredu totalitaristak 2 formetara murrizten ditu: lehenengoa, nazionalsozialista (Hitlerren heriotzarekin bukatuko zena) eta, bigarrena, estalinismoa (1929an ezarria eta 1953an Stalinen heriotzarekin bukatzen dena). Arendten ustez, bi horiek eredu berdinaren bariazioak dira. Mugimendu politiko totalitaristentzat Estatua eta nazioa ez dira garrantzitsuak, masa mugimendua baizik, eta, horregatik dio mugimendu totalitaristen jarraitzaileek itsu-itsuan obeditzen dituztela.
Arendten aburuz, mugimendu totalitaristak jarraitzaileen leialtasunagatik nabarmentzen dira. Izan ere, goi mailako intelektualen zati handi bat gobernu totalitarioen alde agertu zen (denbora tarte batean bada ere).
Jende multzoak erakunde totalitarioetan barneratzeko modu bakarra propaganda izaten zela dio. Eredu totalitaristek gizartearen errealitatea ulertzeko moduak eraldatu eta esanahi unibertsalak zehaztu nahi dituzte. Mugimendu horiek arrazazko gizarte edota klase gabeko gizartearen ideologiak barneratu eta juduen kontrako edota partidu nazionalsozialistaren aurkakoen inguruko teoria konspiratzaileak zabaltzen zituzten.
Nazionalsozialismoaren garaian, botere eredu totalitarista bere osotasunean ezarri zen, gutxika uniformatu, erradikalizatu eta suntsiezina bilakatuz. Hannah Arendtek kontzentrazio-esparruak esperimentaziora bideratutako erakundetzat deskribatzen ditu, horiek jendea ezabatzeko, umiliatzeko eta guztiz dominatuak izan daitezkeela frogatzeko erabiltzen ziren.
Kontuan hartzen ditu horretarako erabiltzen ziren teknikak: jendea garraiatzeko modua, tortura, hilketa... SSetako paramilitarrek, jendea gorrotoz eta bortizkeriaz hiltzen zuten, baina, kontzentrazio-esparruetan ematen ziren hilketak, basakeria indibidualetik harago, mekanizatutako hilketak ziren, pertsona arruntek aurrea eramaten zituztenak. Identitatea, aniztasuna eta espontaneotasuna ezabatzea ziren helburua. Gizakiak “bizidun gorpuak” izatea saihestuko duen gauza bakarra beraz, identitatea, diferentzia mantentzea izango da.
Arendten iritziz, ideologia totalitaristak jendearentzat hain erakargarri izateko funtsa, aurrez zituzten ereduen egonkortasuna amaitu izana da. Eredu totalitaristek gertatutako edo gertatzear zeuden auziak ulertzeko “historiaren giltza” proposatzen zuten, eta horrela, jendeari erantzunak eskaini.
Bukaeran, Arendtek azpimarratzen du, menderatze totala, hau da totalitarismoa, ez dela prozesu luze baten ondoren amaitzen, eta bat-bateko gauza dela. Horretarako, jarraitzaileek totalitarismoaren krimenetan parte hartzeari utzi behar diote, edo mugimendu horri uko egin.
Eragina
aldatuHannah Arendt ospetsu egin zen “Totalitarismoaren jatorriak” liburuarekin. Gaur egun formazio politikoaren kanonekoa den lan honek laguntza ugari eta hitzaldietarako gonbidapen ugari ekarri zizkion. «Totalitarismoa gizateriaren historian botere politikoaren modu berri gisa ulertu zuen lehen teorikoa izan zen.»[10] Neurri batean, totalitarismoaren kontzeptu zabalago baten oinarri izan zen, eta Gerra Hotzaren garaiko Sobietar Batasun postestalinistaren aurkako argudio gisa. Ondorioz, lan hori behin eta berriz kritikatu zuten sozialista ortodoxoek.
Hala ere, esparru akademikoan eta ezkerreko intelektualen artean, ez bakarrik nazismoari buruzko bere ikerketak, baita estalinismoa sistema totalitario gisa aztertu zuenak ere antzeman ziren. Batez ere Amerikako Estatu Batuetan. Amerikako Estatu Batuetan eta Frantzian eztabaida horiek Ezker Berri ez dogmatiko baten sorrera sustatu zuten.
Edward Said filologo estatubatuar eta ekintzaile palestinarrak, zeinaren lana postkolonialismoan oinarritzen baita, Hannah Arendt inperialismoari buruzko diskurtsoa bai «Modu inperialistan zein antiinperialistan» orientatzen zuen teorikotzat jotzen du, Joseph Conrad idazlearen The Origins of Totalitarism lanaren Arendten kritikan oinarrituta.[11]
Hirugarren edizioaren hitzaurrean, Karl Jaspersek, bere maisuak «estilo handiko historiografia» izendatu zuen liburua. Ikerketa historikoko eta analisi soziologikoko baliabideekin egina zela esan zuen. Obrak «ikuspegi sakona emango luke, zeinaren bidez pentsamolde filosofiko bat errealitate politikoa epaitzeko gai izaten hasten den». Jaspersen arabera, Arendtek ez du aholkurik ematen, baizik eta giza duintasunerako eta arrazoirako balio duten ezagutzak transmititzen ditu.
Beste alde batetik, batez ere 1960ko hamarkadan, Jerusalemgo Adolf Eichmanni egindako prozesuari buruzko erreportajeak eztabaida handia sortu zuen. Eichmannen memoriak[12], bere antisemitismo indartsu eta substantiboa erakusten dutenak, oraindik ez zeuden eskuragarri Arendtentzat, bai erreportajeak bai liburua idatzi zituenean. Kritikari askok gaur egun diote Arendtek gutxietsi egin zuela Eichmannen antisemitismoa motibazio gisa. Obra oraindik baztertua edo ezikusia da askotan, baina, aldi berean, gero eta errekonozimendu eta arreta handiagoa aurkitzen du – Arendten lan guztiak bezala –. Adibidez, Jan Philipp Reemtsmak 1998an adierazi zuen Eichmanni buruzko Arendten liburuaren argitarapenetik, edo lehenagotik, gaixotasunarekin delitu baten egilearen ekintzak azaltzen saiatzea («kriminalaren patologizazioa») jada ez zela baliozkoa.[13]
Hauke Brunkhorst soziologoak Habermasen eta Arendten arteko harremana aztertu zuen 1999an. 1970eko hamarkadan, «Jürgen Habermasek bere ekintza komunikatiboaren teoriaren eta Arendtek botereari eta indarkeriari buruz zuen teoriaren arteko bat-etortzeak aurkitu zituen, «Botere komunikatibo» kontzeptua sortuz». Baina Habermasek distantzia mantendu zuen «Arendten aristotelismoarekin eta [...] Frantziako Iraultzaren kritikarekin»[14]. Habermasen Dubiel, Ulrich Rödel eta Günther Frankenbergen ikasleak Die demokratische Frage (1990; «auzi demokratikoa») lanean saiatu ziren «Arendten laguntzaz antzinako teoria kritikoaren defizit demokratikoa konpontzen». Hala, Brunkhorsten arabera, Hannah Arendten eragin handia 1980ko hamarkadan hasi zen, civil society (gizarte zibila) gai-zerrendan zegoenean. Mundu politikoan polarizazioa zegoen: alde batetik, Ronald Reagan eta Margaret Thatcherren politika neoliberala, eta bestetik, Sobietar Batasunaren politika.
Seyla Benhabibek bere buruari galdetzen dio nola azaltzen den Arendten berpizkundea. «Komunismo autoritarioaren erorketaren ondoren eta teoria marxista mundu osoan atzera egiten ari denetik, Hannah Arendten pentsamendua sortu da une posttotalitarioaren teoria kritiko politiko gisa». Feminismo modernoarentzat ere Arendt da «gure "aurreko ama"[15] baten adibide harrigarri eta sekretua». 1970eko eta 1980ko hamarkadetako mugimendu feministak, aldiz, ia ez zituen bere lanak aipatzen.
Legatua
aldatu1995etik Hannah Arendt Saria pentsamendu politikoaren barruan egiten diren ekarpenei ematen zaie, Bremen hiriak eta Heinrich Böll Fundazioak finantzatua.[16]
1993tik «Totalitarismoaren azterketarako Hannah Arendt Institutua» (Hannah-Arendt-Institut für Totalitarismusforschung e. V., HAIT) izeneko erakundeak lan egiten du Dresdenen. Institutuaren helburua «berezko zuzenbidezko diktadura totalitarioak» aztertzea da. Historialariek eta soziologoek modu enpirikoan aztertu behar dituzte Alemaniako Errepublika Demokratikoaren nazismoaren eta erregimenaren egitura politikoak eta sozialak. Institutuak, gainera, Hannah Arendti buruzko jardunaldiak egiten ditu eta hil ondorengo argitalpenak sustatzen ditu. 2008ra arteko zuzendariak, Gerhard Besierrek, zientziologiarekiko hurbiltasunagatik zalantzan jarri dena, Die Welt-en idatzi zuen Arendti buruz: «Pentsamendu logikoa, kontzeptu zehatz bat, eraikuntza argi eta heldu bat: gauza hauek ez ziren bere indarra .»[17]
Zurichen, Arendtek 1958an Freiheit und Politik («Askatasuna eta politika») hitzaldia irakurri zuen lekuan[18], Hannah Arendt jardunaldiak urtero egiten dira. Bertan Arendten pentsamendu politikoa aztertzen da ikuspuntu berri batetik. 1998az geroztik, Hannoverren ere uda guztietan antzeko ekitaldiak egiten dira, eta horien emaitzak argitaratu egiten dira.[19]
Oldenburgoko Carl von Ossietzky Unibertsitatean, Antonia Grunenbergek Hannah Arendt Zentroa sortu zuen 1999an.[20] Hannah Arendtek utzitako dokumentu gehienen originalak edo kopiak ditu. Gainera, Hannah Arendt Studien-ak argitaratzen dute, liburu bilduma moduan. Horri gehitu behar zaizkio Hannah Arendten lanei buruzko jardunaldiak eta bestelako ekitaldiak, eta, oro har, XX. mendeko bizitza intelektualari buruzkoak. Hungariako Hannah Arendt Elkartea, 1997tik funtzionatzen duena, batez ere pedagogoei zuzentzen zaie eta, besteak beste, Giza Eskubideen definizio berri bat formulatzeaz arduratzen da, Arendten hurrengo tesian oinarrituz: hilketa masibo eta industriala gertatu zen Giza Eskubideek ez zutelako oinarri filosofikorik izan eta ez zutelako modu politikoan gauzatu, baizik eta besterik gabe izendatu zituztelako.[21]
Mende-aldaketaz geroztik, gutxi gorabehera, Arendten pentsamenduak eztanda handia izan du Alemanian. Hanoverren, Marburgon eta Heidelbergen plaka oroigarriak jarri dituzte haren bizilekuetan. Haren izena eskola[22], kale eta plaza batzuei eman zaie. Ekitaldi publikoak, sinposioak eta erakusketak egiten dira haren omenez.
2005ean haren heriotzaren 30. urteurrenean eta, handik gutxira,haren jaiotzaren 100. urteurrenean, hainbat artikulu eta liburu argitaratu ziren.
Orokorrean, unibertsitateetan eta bestelako ikerketa-zentroetan, Hannah Arendten gaineko interesa piztu da eta bertan lan egiten dute hainbat esparrutako adituk, besteak beste, filosofo, politologo, gizarte.zientzietako aditu, historialari edo filologoek.
100027 asteroideak Hannah Arendt egilearen omenez jaso zuen bere izena (1990).
Elisa Carriók 2004ko maiatzean Buenos Aireseko Hiri Autonomoan sortu zuen Kultura eta Politika Heziketarako Institutuaren izena Hannah Arendt da.[23]
Irudi galeria
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ Arendtek Jaspersi idatzitako gutuna, 1946ko azaroaren 11, 103. or.
- ↑ Frieden oder Waffenstillstand im Nahen Osten. En: Israel, Palästina und der Antisemitismus. Aufsätze. Berlin 1991, orr. 39-75.
- ↑ Alemanez, Überlebensleidenschaft
- ↑ Hannah Arendt, Mary McCarthy: Im Vertrauen. Briefwechsel 1949-1975. Munich 1997, 365 or eta hurrengpoak. (1969 urria)
- ↑ Persönliche Verantwortung in der Diktatur, loc. cit., 33 or. eta hurr..
- ↑ Hannah Arendt. Heinrich Blücher. Briefe. München 1999, p. 353.
- ↑ Arendt Blücherri, orr. 469 (1958-ko maiatza).
- ↑ H. Arendt: Karl Jaspers. Rede zur Verleihung des Friedenspreises des deutschen Buchhandels. Munich 1958.
- ↑ Hannah Arendt y Karl Jaspers: Briefwechsel-en argitaratuta, 1926-1969, pp. 719ss.
- ↑ Seyla Benhabib: Hannah Arendt. Die melancholische Denkerin der Moderne. Hamburgo, 1998, orr. 9.
- ↑ Azpiatala: Conrad als literarische Quelle für Arendt (EuU 1986 -TB-, 407–413 or.).
- ↑ Irmtrud Wojak: Eichmanns Memoiren. Ein kritischer Essay. Fráncfort del Meno, 2004.
- ↑ J.Ph. Reemtsma, Laudatio für Saul Friedländer anlässlich der Verleihung des Geschwister-Scholl-Preises 1998.
- ↑ Hauke Brunkhorst (1999). Hannah Arendt. Múnich, 150. or.
- ↑ Benhabib. op.cit. 18 eta 21 or.
- ↑ Hannah-Arendt sariaru buruzko informazioa (Hannah-Arendt-Preis) hannah.arendt.de web orrian.
- ↑ (Alemanez) Kellerhoff, Sven Felix. (2006-10-31). «Hannah-Arendt-Institut: "Die Totalitarismustheorie ist gescheitert"» DIE WELT (Noiz kontsultatua: 2022-05-22).
- ↑ Freiheit und Politik (Imprimatuta: Die neue Rundschau, 69, 1958, 4 koadernoa). Zwischen Vergangenheit und Zukunft-en. Übungen im politischen Denken I. Munich, 1994, 201 or eta hurr.
- ↑ «Hannah Arendt in Hannover - Grußworte» web.archive.org 2006-02-08 (Noiz kontsultatua: 2022-05-22).
- ↑ «Forschungsstelle Hannah Arendt-Zentrum // Universität Oldenburg» uol.de (Noiz kontsultatua: 2022-05-22).
- ↑ «HaNNaH aReNDT Association» web.archive.org 2009-07-28 (Noiz kontsultatua: 2022-05-22).
- ↑ Adibidez : Hannah-Arendt-Gymnasium Haßloch-en, Hannah-Arendt-Gymnasium Barsinghausenen, Hannah-Arendt-Schule Hannoverren
- ↑ (Gaztelaniaz) «Página/12 :: El país :: Carrió abre escuela propia, bajo el ala de Hannah Arendt» www.pagina12.com.ar (Noiz kontsultatua: 2022-05-22).
Bibliografia
aldatu- Maurizio Passerin (2019). Zalta, Edward N., ed. The Stanford Encyclopedia of Philosophy (https://plato.stanford.edu/entries/arendt/ )
- Sánchez, Cristina (2015): Estar (políticamente) en el mundo. Bonalletra Alcompas, S.L.
- Urabayen, Julia. «Philosophica: Enciclopedia filosófica on line — Voz: Hannah Arendt» (http://www.philosophica.info/voces/arendt/Arendt.html)
- https://www.iep.utm.edu/arendt/
- Arendt, Hannah; Zubiaga, Mario (2021).- Indarkeriaz. Iruñea: Katakrak Liburuak. ISBN 978-84-16946-48-8. Honakoaren itzulpena: On violence (1969)
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Igartua Aristondo, Amaia (2021eko apirilaren 16a ) "Indarkeriaz ari, hura mugatuz" Berria.