Korea[1] (koreeraz: 한국, Hanguk, edo 조선, Chosǒn) Ekialdeko Asiako eskualde geografiko eta historikoa da, Koreako penintsula hartzen duena. 1945etik bi estatutan dago banaturik: Ipar Korea eta Hego Korea.

Korea
한국, Hanguk
Geografia
Biztanleria76.497.881 biztanle (2015)
Azalera219.155 km²
Kultura
Hizkuntza(k)koreera
Historia

Geografia aldatu

Mugak aldatu

Iparraldean Txina dauka, ipar-ekialdean Errusia, ekialdean Japoniako itsasoa, hegoaldean Ekialdeko Txinako itsasoa eta Koreako itsasartea, eta mendebaldean Itsaso Horia. Txinarekin 1.416 kilometroko muga du, eta 19 kilometrokoa Errusiarekin.

Erliebea aldatu

 
Koreako mapa

Koreako penintsula 1.000 kilometro inguru luze da, eta 216-350 kilometro zabal. Lurralde menditsua da, iparraldean eta ekialdean batez ere. Taebaek mendiek zeharkatzen dute penintsula ekialdeko itsasertzaren norabide berean eta haren ondoan; beraz, ekialdeko itsasbazterra oso meharra da. Mendebaldean, aldiz, lur emankorreko zabaldiak daude, eta handik igarotzen dira Koreako ibai nagusiak. Mendi garaienak ipar-ekialdean daude: Baegdu (2.744 metro), Kuanmo (2.541 metro), Puksubaek (2.552 metro); hegoaldeko mendi garaienak Chiri (1.915 metro) eta Jeju uharteko Hallasan (1.950 metro) dira.

Itsasertza malkartsua da ekialdean, eta portu natural gutxi ditu; aipatzekoak dira, iparraldean, Wonsan eta Chongjingo portuak eta Ekialdeko Koreako badia. Mendebaldean eta hegoaldean, berriz, kostaldea laua da, eta sartu-irten, portu natural eta badia asko ditu; portu nagusia Inchonen dago, eta aipatzekoak dira Korea, Haeju, Asan eta Gunsango badiak. 3.000 bat uharte daude hegoaldeko eta mendebaldeko itsasertzean.

Hidrografia aldatu

Koreako bi ibai nagusiek, Yalu eta Tuman, Txinako Mantxuriarekin muga egiten dute; Yalu ibaiak (806 km) Koreako badian isurtzen du ura, eta Tuman-ek (520 km), aldiz, Japoniako itsasoan; ontziz ibil daiteke bi ibai horien beheko ibilguetan. Ibilbide osoa Koreako penintsulan egiten dutenen artean, Naktong (512 km, hego-ekialdean), Han (500 km inguru, erdialdean), Kum, Taedong eta Somjin dira nagusiak. Koreako penintsulan ez dago aintzirarik.

Klima aldatu

Koreako penintsulak klima kontinentala du lurraldearen parterik handienean, uda beroak eta oso negu hotzak dituena; hala ere, alde handiak daude toki batzuetatik besteetara eta, oro har, iparraldea hotzagoa da hegoaldea baino: urtean batez beste, 6 °C iparraldean, 8 °C erdialdean eta 11 °C hegoaldean; halaber, hegoaldean, udaren eta neguaren arteko tenperatura aldeak ez dira iparraldekoak bezain handiak. Euri gehiena montzoien garaian egiten du, uztailean eta abuztuan; urtean zehar, batez beste 1.000 mm euri egiten du.

Landaredia aldatu

Iparraldean basoak (pinuak eta hosto erorkorreko zuhaitzak) lur eremu zabalak hartzen ditu; hegoaldean, ordea, lur sail asko daude (arroza) lehen basoak ziren tokietan.

Historia aldatu

Koreako penintsula Siberiatik emigratu zuten tungus tribuek populatu zuten. K.a. X -VIII. mendeetan zehar zenbait estatu tribal sortu ziren. Samguk Yusa elezaharrak Tangun dinastiaren berri ematen du; honek K.a. 2333. urtetik aurrera gobernatu zuen.

Baina Koreako lehen berri historikoak K.a. 57. urtekoak dira. Lurraldean hiru estatu zeuden, elkarren aurkariak: Silla (hego-ekialdean), Koguryŏ (hego-mendebaldean) eta Baekje (iparraldean). Hiru erresuma horiek penintsulan nagusi izateko lehiatu ziren. VII. mendearen bukaeran, Sillako Erresuma zen ahaltsuena eta, Txinako Tang dinastiaren laguntzarekin, gainerako biak menderatu zituen. Mantxurian beste korear estatu bat agertu zen, Balhae, berriro Silla estatuarekin gerran hasi zena. Balhae oso garatua zegoen, baina iparraldeko herri nomadek Mantxuria konkistatu zutenean desagertu zen. Silla nagusi zen garaian, nekazariak, zerga handiak ordaintzera behartuak, matxinatu eta, Wang Konen gidaritzapean, Sillako Erresumari aurre egiteko antolatu ziren. Hala, 918an Koryo erreinua sortu zuten.

 
Yi Seong-gye

1259an mongolek konkistatu zuten lurraldea, eta Txinari eta Japoniari erasotzeko base gisa erabili zuten. 1392an, Yi Seong-gye jeneralak aginpidea eskuratu eta Joseon dinastia sortu zuen, 1910ean japoniarrek lurraldea hartu zuten arte iraun zuena. Joseon dinastiak administrazio sistema zentralista jarri zuen indarrean, eta konfuzianismoa estatuko erlijio ofizial gisa. XV-XIX. bitarteko mendeetan, Txina eta Japonia Korea menderatzen ahalegindu ziren; Japoniaren eragina nabarmena izan zen mende horietan, eta Koreak Txinaren zergapeko estatu izatea onartu zuen.

1910ean, ordea, Japoniako gudarosteak lurraldea hartu zuen. Japoniak, bere onerako, ekonomia indartu zuen, japoniera ezarri zuen hizkuntza ofizial gisa, eta Koreako abertzaleak gogor zapaldu zituen. Koreako gobernua erbestera joan zen, eta gudarostea, txinatarrekin batera, Japoniaren kontra borrokatu zen. Bigarren Mundu Gerran Japonia galtzaile atera zenean, Sobietar Batasunaren gudarostea penintsularen iparraldetik sartu zen, 38° paraleloraino, eta Estatu Batuek, berriz, hegoaldea okupatu zuen. Korearen batasuna lortzeko Nazio Batuen aholkuei muzin eginez, 1948an Koreako Herri Errepublika Demokratikoa edo Ipar Korea sortu zen, sobietarrek bultzatu zuten erregimen komunistaren mende eta, handik hilabete batera, Koreako Errepublika edo Hego Korea.

1950ean, Ipar Koreak ia hegoalde osoa okupatu zuen. Hego Koreak AEBen laguntza izan zuten, eta Ipar Koreak Sobietar Batasuna eta Txinarena. Horrela piztu zen Koreako Gerra, hiru urte iraun zuena. 1953an, armistizioa sinatu zuten, Hego Korea eta Ipar Korearen arteko muga 38. paraleloan jarriz.

Erreferentziak aldatu

  1. Euskaltzaindia. (2012-06-29). 171. araua: Asiako toponimia. (Noiz kontsultatua: 2013-05-15).

Kanpo estekak aldatu