Ireki menu nagusia
Oton II.a, Liutharren ebanjeliarioa (16r folioa), Reichenau monasterioa, X. mende amaiera.

Otondar pizkundea Europa erdialde eta hegoaldean 1000. urtearen inguruan izandako pizkunde ekonomiko eta artistikoa izan zen, dinastia saxoiko lehen hiru enperadoreen agintaldian, hirurak Oton izenekoak: Oton I.a (936–973), Oton II.a (973–983) eta Oton III.a (983–1002).

Otondar pizkundea katedral eskola berpiztu batzuetan agertzen da, Bruno I.arenean bezala, Koloniako artzapezpiku izan zena, eta argitutako eskuizkribu ekoizpenean, garaiko forma artistiko nagusia, eliteko scriptoria batzuetan, Quedlinburg bezala, Oton I.ak sortutakoa 936an. Abadetza inperialak eta gorte inperiala, bizitza erlijioso eta izpiritualaren gune bihurtu ziren, errege familiako emakumeen eredua jarraituz. Oton, Erroman liturgiak zuen egoeragatik asaldatua geratu zen, eta, beraz, lehen Liburu Pontifikala enkargatu zuen, otoitzak zein errituari buruzko gidak zituen liturgia liburu bat. Gaur egun Erromatar Germaniar Pontifikala bezala ezagutzen den liburuaren bilketa, Mainzeko Gillen artzapezpikuak gainbegiratu zuen.

Otondar arteak X. mendearen erdialdetik XI.aren azkena bitarteko aldia hartzen du, denborari dagokionez, eta lurraldez, garai hartako Germaniako Erromatar Inperio Santuaren esparru bera.

TestuinguruaAldatu

Karlomagnoren heriotzaren ondoren haren bi semeen artean banatu zen inperioa : Karlos "Burusoilak" agintzen zuen mendebaldean eta Luis "Germaniarrak" ekialdean, gaur egun, gutxi gorabehera, Frantziak eta Alemaniak hartzen dituzten lurraldeetan. Nolanahi ere, aginpide eskasa zuten, eta inguruko arerioek geroz eta errazago egiten zieten eraso : hegoaldetik, musulmanek noiznahi egiten zituzten sarraldiak, ekialdetik eslaviarrak eta hungariarrak zetozen oldarka, eta ipar eta mendebaldetik, berriz, txikizio eta hondamen handiak egiten zituzten bikingoek, itsasoz etorrita.

Bikingoek (egungo daniarren eta eskandinaviarren arbasoak) Frantziako ipar-mendebaldea mendean hartu zuten eta geroztik Normandia deitu zaion eskualdean bertakotu ziren. Berehalaxe kristautu ziren eta, 911 tik aurrera, Frantziako erregearen mendeko dukeak izan ziren normandiar buruzagiak. XI. mendean, funtsezko papera jokatu zuten normandiarrek Europaren politika antolakuntzan : Normandiako dukea, Gilen "Konkistatzallea", Ingalaterrako errege egin zen eta beste normandiar buruzagi batzuek musulmanak bota zituzten Siziliatik, eta bizantziarrak Italia hegoaldetik.

Alemanian, bien bitartean, hegotik iparraldera aldatu zen agintegunea, Saxoniara, hain zuzen. Oton I.a "Handia" izan zen saxoniar jatorriko errege ospetsuena. Lonbardiako erregearen alargunarekin ezkondu ondoren, Italia gehiena mendean hartu zuen eta, Karlomagnoren ametsa bereturik, enperadore koroatu zuen aita santuak (962). Aurrerantzean, germaniarra izan zen Erromatar Inperio Santua, nahiz eta Oton I.aren ondorengoek ez zuten inoiz lortu Alpeetatik hegoaldera agintzerik.

ArkitekturaAldatu

Otondar eraikinak karolingiar arkitekturan oinarritu ziren hasieran, baina bidea egin ahala bere estilo berezia garatu zuen. Garai honetako eraikin gehienak, denak ez esatearren, elizak edo monasterioak dira.

Aipatzekoak dira, bestalde, nahiz eta karolingiar eraginarekin alderatzekoak ez izan, bizantziar artearen noizbehinkako ukituak ere.

EskulturaAldatu

Nahiko urriak dira gaur arte iraun duten otondar garaiko eskultura lanak. Aipatzekoak dira, horien artean, Regensburgeko estatua gutxi batzuk eta beste hiruzpalau erliebe (Werden an der Ruhr, Munster). Baina garai hartako eskultura gogoangarriena, zalantzarik gabe, Geroren Kristo gurutziltzatua da.

Urregintza eta metalgintzaAldatu

Inperio Santuko koroa, Vienako Urregintzaren alorrean, Erdi Aroko artelan distiratsuenen artean sartzen dira otondar eskulangileen lantegietatik ateratako zenbait obra. Esandakoaren froga argiak dira gaur arte gorde diren Quedlinburg, Hildesheim, Essen, Aachen, Trier eta Regensburgeko altxorrak, eta Vienako altxor inperial miragarria. Gurutze, erlikia ontzi, aldare aurre, eta liburu azaletan ikusten da otondar garaiko urregileek zenbaterainoko teknika landua zuten grabatuak, mailu lanak, zizelatuak, filigranak, eta esmalteak egitean, eta nola kokatzen zituzten harri bitxiak euskarri ikusgarrietan. Antzinakoenak Oton II.aren biloba zen Essengo Matilde abadesak eginarazitako urrezko gurutzeak, Aachengo "Lotarioren gurutzea" (1000 ingurukoa), eta Vienako altxorreko gurutze inperiala dira, 1030 aldera altxorreko erlikia handiak gordetzeko egina, hain zuzen ere. Liburu azalen artean aipatzekoak dira Oton III.aren eta haren emazte Teofanoren aginduz Trierko hirian egindakoa (Nurenbergen dago), eta Henrike II.ak Bambergeko katedralari oparitutako liburuen azalak. Kontuan hartzekoak dira, orobat, Vienako altxorrean gorde den koroa inperiala eta otondar enperatrizenak izandako lepoko eta gainerako bitxiak.

Ikus, gaineraAldatu

ErreferentziakAldatu