Westfalia
Westfalia[1] (alemanez: Westfalen) Alemaniako antzinako lurraldea da, Alemaniako ipar-mendebalean, gaur egun gehiena Renania-Westfaliako land-aren parte dena, eta beste zati batzuk Saxonia Behereko eta Hessengo land-etan dituena.
Historia
aldatu715. urteaz geroztik saxoniarrak bizi izan ziren han, eta frankoen erasoari aurre egin zioten 785. urtera arte. X. mendean Saxoniako Dukerriko probintzia izan zen. 1180an Frederiko Bizargorriak Saxonia beretu eta printzerritan banatu zuen; Westfaliako Dukerria izan zen haien artean garrantzitsuena. XVI. mendean Maximiliano I.ak Westfaliako zirkulua sortu zuen. 1807an Napoleonek Westfaliako erresuma sortu zuen, frantses estatuaren moldekoa, baina porrot egin eta 1813an desagertu zen. Horrela zati handi bat Prusiaren mende geratu zen. Gaur egun Alemaniako Renania-Westfalia land-aren barnean dago gehiena.
Westfaliako Itunak edo Westfaliako bakea
aldatu1648an katolikoek eta protestanteek Osnabrücken eta Munsterren Hogeita Hamar Urteko Gerra amaitzeko sinatu zituzten bi itunen izena. Itun horien ondorioz Aita Santuak eta Espainiako Inperioak ordura arte Europan izan zuten nagusitasuna galdu zuten, eta nazio-estatu laikoak sortu ziren, politikan, ekonomian eta diplomazian erabateko autonomia zutenak. Enperadorearen ahalmenak baliogabetu zituzten, eta Alemaniako printzerriek, Brandenburgokoak bereziki, independentzia lortu eta indar handia hartu zuten. Frantziak Alsazia eta Metz, Toul, Verdun, Breisach eta Philippsburg hiriak beretu zituen; Suediak Mendebaleko Pomerania, Bremen eta Verden artzapezpiku-hiriak eta Stettin eta Wismar hiriak beretu zituen, eta horrekin batera nagusitasuna izan zuen Baltiko alde osoan. Probintzia Batuek eta Suitzak independentzia lortu zuten. Alemaniak beheraldi handia izan zuen, eta ez zen mendea bete arte suspertu.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (2008-05-30). 154. araua: Europako eskualde historiko-politiko nagusiak. .