Viktoriar Aroa izendapenaz Viktoria I.a Erresuma Batukoaren erreginaldia izendatzen da, hots, 1837ko ekainetik haren heriotza-eguna arteko epea (1901eko urtarrilaren 22). Denboraldi hura britainiar Industria Iraultzaren eta Britainiar Inperioaren urrezko aroa izan zen, ordu arteko ekonomia oparotasunik eta itsasoz haragoko kolonien hedapenik handienekoa. Herrialde horretako klase sozial ertainaren eta prestigio politiko eta militarraren goraldia ere izan zen.

Viktoria I.a Erresuma Batukoa, Viktoriar Aroak izendapena haren izenetik hartu zuen.

Garai hartan, Londres hiriburua munduko hiririk populatu eta handiena izan zen. Aditu batzuen ustez, aro hrrni hainbat berrikuntza eta gertakarik eman zioten hasiera; horien artean garrantzitsuena, beharbada, 1832ko Erreforma Agiria bide da.

Aurrekoa Georgiar Aroa izan zen, eta ondorengoa, Eduardotarra. Britainiar Aro horren bigarren erdialdea Europako Belle Époque eta Estatu Batuetako Gilded Age aroen lehenbiziko urteen garaikide izan zen.

Sarrera

aldatu

Viktoria I.a Erresuma Batukoaren (1837-1901) agintaldi luzea izan zen Erresuma Batuaren (Britainia Handia eta Irlanda) hazkunde, prestigio eta ospe handieneko garaia. Aldi hartako Britainiar Inperioa osatzen zuten lurraldeen artean ondo bereizi beharko lirateke Europakoak, alde batetik, eta itsasoaz haraindiko jabetzapeko lurralde gero eta handiagoak, bestetik.

Britainia Handiko biztanleria, Irlanda alde batera utzita, bikoiztu egin zen Viktoria erreginaren agintepean: 1840 aldera 18 milioi biztanlekoa izatetik, 1901ean 36 milioitik gorakoa izatera pasa zen.

1851n, Britainia Handia munduko lehen herrialdea izan zen, hirietan biztanle gehiago zituena, nekazaritzako herrietan baino. Joera hori sendotu egin zen mendearen bigarren erditik aurrera, biztanleria ugaldu ahala. Londresko metropolia salbu, hark pisu handia industrian ere izan baitzuen: hiri nagusiak industria-eskualdeetan hazi ziren, adibidez, Yorkshireko West Riding-ekoak (Leeds, Sheffield) eta Lancashirekoak (Manchester, Liverpool), beste asko bezala langile-masa handien bizileku zirenak.

XIX. mendean, Britainia Handiko merkataritza-ontzidiak mundu osoko itsas merkataritzaren % 40-50 mugitzen zuen. Merkataritza-ontzidian eta kolonien hedakuntzan oinarriturik, truke librearen dotrinak munduko merkataritza- eta finantza-zentro handiena bihurtu zuen Londres. Politika sistema gero eta biztanle-sektore handiagoetara irekitzen joan ahala, jendearen bizimodua ere biziki hobetu zen.

Erreforma luzea

aldatu

1832ko lehen erreforma handiak hauteskunde mapa berrantolatu eta ia milioi bat britainiarri boto eskubidea eman zien. Hiri hazi berrietako (Manchester, e.a.) klase dirudunek atera zuten onura handiena erreforma hartatik, ordezkariak bidali baitzituzten Parlamentuan hautapen bidezko Beheko edo Komunen Ganberara (hura lehen lurjabe handien kontrolpean zegoen). Hori burgu ustelduen kaltetan izan zen, gainbehera joan zirelako. Hala ere, aristokrazia lurjabeak beste ganbera kontrolatzen segitu zuen: Lorden Ganbera, alegia. Erregeak izendatzen zituen ganbera hartako kideak eta kargua jarauntsi egiten zen handikien familietan. Lorden Ganberak Beheko Ganberaren erabakiei betoa jartzeko eskubidea zuen, hala onartu baitzuen 1832an industriako eta merkataritzako burgesiak.

Nolanahi ere, erreformak ez zituen ase langileriaren eta herri klaseen eskakizunak, boto sekretua eta unibertsala (gizonezkoentzat) eskatzen baitzuten kartismoaren (Kartaren aldeko mugimendua) banderapean.

1838, 1842 eta 1848an eskualde industrialetan eta Londresen piztutako liskarrak gogor zapaldu zituzten agintariek. 1848az geroztik mugimendua desegin egin zen.

1867ko bigarren erreformak bikoiztu egin zuen hautesle kopurua, eta klase ertain guztiei eman zien boto eskubidea, hobekien ordaindutako langileak barne. 1867-1875 aldian, gizartean eragin handia izan zuen erreforma egitarau baten barruan (greba eskubidea, osasun egoera, nahitaezko heziketa, haurren lana). 1872an bozkatze sekretua ezarri zen.

1884-1885eko azkeno hauteskunde erreformaren ondoren, gizonezkoen sufragio unibertsala ezarrita geratu zen: 50.000 biztanle/diputatu bat proportzioa finkatu zen. 1888an demokratikoki hautatutako udalak eratu ziren. Langile masek hauteskundeetan parte hartzeak aldatu egin zuen Erresuma Batuko sistema alderdibiduna, baina 1892ra arte ez zuen Komunen Ganberak aginpide gorena eskuratu, eta ordutik hasita, eztabaida sutsuak piztu ziren Lorden Ganberari zegokion eginkizun instituzionalaren inguruan.

Gizarte klaseak eta morala

aldatu

Aurreiritziak izan ziren Viktoria Erreginaren garaiko Ingalaterrako gizarte bizitzaren ezaugarrietako bat. Aristokraziak ez zuen hasieran oso begi onez ikusi industriako eta finantzetako burgesiaren gorakada, baina mendearen erdialdetik aurrera onartu egin behar izan zuen bere zirkuluetan. Ikastetxeak, unibertsitateak, hipodromoak eta klubak, gainerako klaseentzat zorrotz debekatutako tokiak ziren. Klase ertainak funtsezko papera jokatu zuen industriaren eta merkataritzaren zibilizazioa finkatzean. Jende guztiz desberdinez osatuta zegoen: lanbide liberaletan jarduten zirenak, enplegatuak, dendariak, funtzionarioak, kapatazak eta langile adituak, denak klase ertainekoak. Goi klaseen imitatzaileak eta hirizale amorratuak ziren. Erdeinua zieten eskulangileei eta kontu handia izaten zuten haiekin ez nahasteko.

Klase ertainak izan ziren bereziki britainiartzat eta viktoriartzat hartu ziren balio moralen eredu. Itxurari zegokiona funtsezkoa izan zen klase desberdintasunak nabarmentzeko, eta oso muturrera eraman zuten itxura zaintzea.

Familia kontrolerako tresna bihurtu zen eta aitaren larderiaren mende zegoen. Diziplina, lana eta kastitatea moralaren osagaiak izan ziren.

Gizarte klase haren pentsamoldean puritanismoa nagusi bazen ere, moral bikoitz bat zuten askok, sexu kontuetan batez ere. Sexu harremanak ezkontideen artekoak izatera mugaturik egotea jendaurrean aldezten zuten gizonezko askok guztiz bestela jokatzen zuten euren bizitza pribatuetan. Burgesiaren azaluskeria salatu zuten autorerik izan zen: Oscar Wilde irlandar idazle eta olerkaria, kasu, baina Ingalaterrako orduko gizarte on-usteak hura epaitu eta desohorera, gartzelara eta miseria gorrira kondenatu zuen.

Gehiengoa

aldatu

XIX. mendean zehar, Erresuma Batuko biztanleen gehiengoa besteren konturako langile bihurtu beharrean gertatu zen, etengabeko hazkunde demografikoak hartaraxe bultzatuta. XVIII. mendetik industrializazioarekin zetorren prozesu haren ondorioz, nekazari asko eta asko industriako langile bihurtu ziren.

1834an onartutako Behartsuen Legeak, aurretik indarrean zegoen parrokietako sorospen sistemaren ordez, nahitaez lan egin beharreko etxeak (workhouses) ezarri zituen.

Zinez espetxe ziruditen haietan familia bereko kideak apartatzeraino iristen ziren eta beraz, ez zen harritzekoa herri klaseek sistema hartatik ihes egin nahi izatea.

Jendea hirietara bizitzera bultzatzeko beste akuilukada bat izan zen hura.

Langileen bizitza (biztanleen gehiengo handi batena, alegia) oso latza zen garai hartan. Hazkurri eskasa, etxebizitzen eta auzoen hornidura urria, gaixotasunak eta lanaldi luze eta guztiz gogorrak zirela eta, haurren heriotza tasak izugarriak ziren, eta batez besteko bizi-itxaropena ez zen berrogei urtera iristen.

1870etik aurrera biziki hobetu zen egoera, eta herri klaseen bizi-mailak gora egin zuen, itsasoaz haraindik produktu asko iritsi izanari esker. Artean zabaldu ziren arrain eta patata frijituak (fish and chips), hain britainiar bihurtu direnak, eta kotoizko jantziak. Ongizatea etortzearekin batera, familien tamaina txikiagotzen hasi zen.

Aldaketa horiek guztiak XIX. mendearen azken laurdeneko demokratizatze prozesuaren argitan ulertu behar dira. 1889ko Londresko portuko greba arrakastatsuaren ondoren, sindikalismo berri batek hartu zuen indarra: horrek, aurrekoak ez bezala, kualifikazio gabeko langile masak biltzen zituen. Hala, herri klaseei arreta handiagoa eskaini, eta agintari publikoek aitortu egin zieten gizartean zuten tokia.

Kolonialismoa: Indiatik Irlandara

aldatu

Britainiar Inperioa hasiera-hasieratik izan zen erakunde heterogeneoa. Europako lurraldeak, zuzenean, Koroaren mende zeuden.

Inperioaren lurralde ziren orobat, biztanleriaren gehiengoa europar jatorrikoa zuten lurralde burujabeak (Kanada, Australia), hauteskunde eskubidea zuten koloniak (India, Zipre, Jamaika) eta erregearen mendekotzako koloniak (Afrikako guztiak, Hego Afrikako lurralde burujabea salbu).

Eskualde eta bide berriak irekitzearen ondorioz lehen merkataritza jarduerak ere abian jarri ziren, hasieran gehienak gerra eta gatazka jarduerak baziren ere. Britainiarren nagusitasun militarrari esker, Txinako zenbait portu merkataritza sarera gehitu ziren, eta 1840-1842an Hong Kongen jabetza ziurtatu zuen Britainiar Koroak (1997an itzuli zion Txinari). Mediterraneo ekialdea kontrolatzeko, berriz, Errusiaren aurka borrokatu zen Krimeako gerran (1854-1856), bai eta garaipena lortu ere.

Kolonietako gerra horiek eta beste batzuk gertatzen ziren bitartean, Indiako lurralde zabalak gehitzen joan ziren Ekialdeko Indietako Konpainiaren mendera.

1857ko jazarraldi labur baina odoltsuaren ondoren, Konpainia deseginda geratu zen, eta Koroak bere kontrolpean hartu zuen India. Britaniarren egoera asko sendotu zen 1876an Suezko kanala erosi zutenean, Inperioaren eskualdeen arteko joan-etorriak ikaragarri erraztu baitziren.

Britainiarren politika inperiala, gainerako europarrenaren antzera, areagotu egin zen 1880tik aurrera. Afrika izan zen garai hartako politika kolonialaren xede nagusia. Herri indigenen aurkako gerrak izan ziren bortitzenak (Egipto, Sudan). Gatazka nagusia (europar ikuspegitik, behintzat) Hegoafrikan 1899-1902 epean holandar jatorriko kolonoen aurka (boerrak) izan zuten gerra izan zen.

Inperialismoaren arrakastaren txanponaren beste aldea Irlanda izan zen. Politika zapaltzailearen eraginez, gobernu britainiarraren aurka jazarri ziren Irlandako biztanle gero eta behartsuagoak, katolikotasuna bandera harturik: goseari eman zitzaion erantzuna emigrazioa izan zen. 1922an uhartearen zatiketarekin (oraindik ere indarrean dirau) amaitutako gatazka politiko-erlijiosoaren azpian irlandarren miseria gorria zegoen.

Egonkortasuna eta txandakatzea

aldatu

Egonkortasuna izan zen Viktoria Erreginaren aroko balio politiko estimatuena. Kontserbadoreak (tories) eta liberalak (whigs) txandaka egon ziren gobernuan XIX. mendearen azkenera arte, eta txandakatze hori eredu bihurtu zuten. Praktikan, bi alderdiek berdin onartzen zuten britaniar parlamentuaren funtzionatzeko era berezia, gizarte oinarri beretsuak baitzituzten.

Mendearen lehen herenean, Frantziako Iraultzaren ondorioen aurka borrokan gobernatu zuen tory alderdiak (Napoleondar Gerrak). Whig alderdiak gauzatu zuen 1832ko hauteskunde erreforma, askatasun gehiagoren aldeko kanpaina luze eta moderatu baten barruan.

Whigen ekonomia alorreko bandera truke librea bazen ere, aduana-eskubide britainiarren ezabatzea bi gobernuek burutu zuten, batak bestearen ondoren, 1840ko hamarkadan: Robert Peel buru zuen gobernu kontserbadoreak estreina, eta John Russellen gobernu liberalak gero.

Txandakatze politikaren gorena Benjamin Disraeli kontserbadorearen (lehen ministro 1868an eta 1874-1880an) eta William Ewart Gladstone liberalaren (lehen ministro 1868-1874an, 1880-1885ean, 1886an eta 1892-1894an) gobernualdietan harrapatu zen. Disraeli eta haren oinordeko politiko Robert Arthur Salisbury buru zituen tory partiduak bide militarraren aldeko apustua egin zuen, bai kolonietan, bai Irlandaren arazoan.

Whigek Irlandaren baketzearen alde egindako ahalegin politiko guztiak alferrik izan ziren, baina estatuaren erreforma nagusiak ere beraiek bultzatu zituzten. Bi partiduek elkar hartuta, irakaskuntza, etxebizitza, elkartze eskubidea, erlijio askatasuna eta beste hainbat gai hartzen zituen erreforma-egitarau luze bat gauzatu zuten.

1884-1885ean ezarritako sufragio unibertsalak (gizonezkoena) hautsi egin zuen Erresuma Batuko partidu sistema. Liberalen eta Trade Unionetako langileen ordura arteko lotura eten egin zen Alderdi Laborista sortzearekin, eta horrek botoak kendu zizkien liberalei. Gainera, irlandar burujabetzaren aldeko gutxiengo indartsu bat sartu zen Komunen Ganberan.

Erreferentziak

aldatu
  • Ingalaterra Victoria erreginaren garaian. Historia Unibertsala. Egungo aroa. Euskadi.net
  • Kanpo estekak

    aldatu