Robert Peel
Sir Robert Peel (Ramsbottom, Lancashire, Ingalaterra, 1788ko otsailaren 5a - 1850eko uztailaren 2a) Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadoreko britainiar politikari eta estatista izan zen. Peel birritan Erresuma Batuko lehen ministro izan zen: aurreneko aldiz, 1834ko abenduaren 10tik 1835eko apirilaren 8ra; eta bigarren aldiz, 1841eko abuztuaren 30tik 1846ko ekainaren 29ra.
Bizitza Aldatu
Tory Alderdiko diputatu izendatu zuten 1809an, eta Irlandarako Estatu idazkari izan zen (1812-1818). Barne Arazoetako ministro izan zen, Liverpool (1821-1827 urteetan) eta Wellington (1828-1830) aginpidean ziren garaian. Polizia-talde bat sortu zuen Londresen, eta katolikoen askatasun-legea onarrarazi zuen (1829). Parlamentuko erreformaren ondoren (1832), Tory Alderdia berriro antolatu, eta Alderdi Kontserbadore izena eman zion. Lehen ministro izan zen 1834-1835 eta 1841-1846 urte-bitarteetan. Beste erreforma batzuen artean Corn-law, aleen merkataritzaren inguruko legea, indargabetu zuen (1846), Whig taldearen laguntzaz. Peelek hartutako neurri horrek bitan banatu zuen Alderdi Kontserbadorea, liberalismoa bultzatzea leporatu baitzioten. Disraeli buru zuen bere alderdiko taldeak kargua uztera behartu zuen. Ingalaterrako parlamentuan eragin handia izan zuen Peelek, hil arte.
Erreferentziak Aldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.