Ireki menu nagusia

XIX. mendea Londresen

XIX. mendean, Londres bihurtu zen munduko metropoli garrantzitsuena eta munduko salerosketaren gune nagusienetako bat. Gehienean, XIX. mendeko Britainia Handia Viktoriar Aroari lotzen zaio, oso parekatuta baitatoz kronologikoki. Denbora horretan, hiriak aldaketa handiak eta gogorrak izan zituen.

HirigintzaAldatu

 
Londres eta Tamesis ibaia XIX. mende erdialdera
 
Metroa egiten King's Crossetik gertu

XVIII. mendetik, XX. mendeko lehenengo erdialdera, Londres Britainiar Inperioaren hiriburu izan zen, eta Viktoria erreginaren Aroan bereziki Inperioak bere gorena jo zuen. Garai horren atarian, George IV.aren Aroan, John Nash diseinatzaileak itzal handiko ingeniaritza-lanak egin zituen: Regent Street, Piccadilly Circus, Carlton House Terrace eta Oxford Circus etorbide, bidegurutze eta plaza dotoreak, baita Buckingham House Errege baten merezimenduko jauregi bihurtu ere. 1830. urtean Trafalgar Square egin zuten, eta bi urte geroago, berriz, bertako National Gallery eraikina.

Biztanle metaketaAldatu

Londres hiria, berriz, kontraesan latzez betetako hiria bilakatu zen. Eraikuntza eta ingeniaritza-garapen berriekin batera, herri xehea auzo txiroetan metatuta bizi zen egoera lazgarrietan. 1800. urtean, Londresen milioi bat pertsona bizi ziren; mende bat geroago, ordea, 6 milioi, baina oinarrizko beharrizanei aurre egin ezinik zeuden horietako asko eta asko. Hori da, hain zuzen, Charles Dickens idazlearen garaiko Londres txiroa eta latza: industriaren garapen bete-betean, 5 urteko umeak ere eskale egoten ziren kalean, edo tximinia-garbiketan. 1870ean egoera hori zer-edo-zer hobetu zen, 5-12 urte arteko haurrak nahitaez eskolatu beharra ezartzen zuten legeen ondorioz.

XIX-XX. mendeetan Londres munduko hiririk handiena izan zen, etorkin ugari hartu zituen, adibidez, 1848ko Patataren Gosetearen ondorioz, 100.000 irlandar txiro Londresen finkatu ziren, batez ere East Enden, une batean hiriko biztanleriaren % 20 osatzeraino.

Baldintza higienikoen gainbeheraAldatu

 
Kirats Handiaren irudi satirikoa (1858)

XIX. mende erdialdera, estolderia-sare txarrak eta ikatz-berogailuek airea guztiz kutsatzen zuten, eta itogarria egiten. Hiriko hondakin-ura ere Londresko Tamesis ibaira joaten zen zuzenean, kopuru izugarrietan. 1840ko hamarkadan kolera maiz zabaldu zen ere. Horrenbestez, 1858ko udan Kirats Handia edo The Great Stink delakoa gertatu zen, estolderia-uretako eta ibaiko hondakin-tasa handiak kirats jasanezina eragin zuen eta, ondorioz, parlamentua bera ere hustu behar izan zuten. Harrezkero, estolderia-sarea hobetzeko plan gehiago egin zituzten.

Garraio sareaAldatu

Inperialismoaren garaian bete-betean sartuta zegoela, Londresko ibaia itsasontziz gainezka zegoen, eta Tamesisen biltzen zen munduko ontziola-kopuru handiena. 1863ko urtarrilaren 9an hiriko metroa zabaldu zuten Paddingtonetik Farringdon Roadera, munduko lehena. Arrakasta handia izan zuen eta gero beste linea batzuk ireki zituzten. Trenak lehentxeago hasi ziren beren bidea urratzen (lehenengo linea London Bridgetik Greenwichera 1836an) eta hainbat geltoki handi eraiki zituzten (Eustongoa izan zen lehena 1837an).

BibliografiaAldatu

  • Bahamon, Alejandro (2007) LONDON, Atlas of Architecture London W14 0RA: Anova Books Company Ltd ISBN 9780713490725.