Entzefalo
Entzefaloa edo garuna[1] bizkarrezur-muinaren aurrealdeko zabalgune bat da, ornodunen nerbio-sistemaren organo gorena eta garrantzitsuena dena. Izan ere, bertan prozesatzen da bost zentzumenek jasotzen duten informazio guztia, eta giza-portaeran eta jokaeran eragina duten hainbat aldagaik (adimena, oroimena, pentsamendua eta gogoa, senak...) entzefaloan dute erroa. Halaber, entzefaloa gorputzaren mugimenduen kontrolaz arduratzen da.
Entzefalo | |
---|---|
Xehetasunak | |
Konponenteak | Garuntxoa enbor entzefalikoa |
Identifikadoreak | |
Latinez | encephalon |
TA | A14.1.03.001 |
Terminologia anatomikoa |
Gizakiaren (eta oro har, ornodun guztien) nerbio-sistema zentralak bi egitura nagusi ditu: entzefaloa eta bizkarrezur-muina. Entzefalo barruan burmuina, garuntxoa eta bizkarrezur-erraboila daude. Era berean, hiru zatik osatzen dute ornodunen entzefaloa: prosentzefaloa (aurreko entzefaloa), mesentzefaloa (erdiko entzefaloa) eta erronbentzefaloa (atzeko entzefaloa).
Etimologia
aldatu"Garun" jatorriz Bizkaiko hitza da. XIX. mendearen azken urteetatik Gipuzkoa eta Iparraldeko zenbait egilek ere erabiltzen zuten. Aldaerak dira garun, garaun, garoin, garuin eta karaun.
Onarturik garun gara baten gainean osatua dela, gara + un ‘muin’ osaera proposatzen da, diptongoaren hainbat bilakaerarekin. Ez da erabat baztertzekoa diptongoaren bakuntzerik gabeko forma egotea garun-en oinarrian; baliteke gar- alomorfoaren gainean osatua izatea.
Esanahiaren aldetik, ‘gain aldeko muin’ da etimologikoki, gain aldea buruaren metafora gisa erabilita.[2]
Ezaugarriak
aldatuBurezurrak garuna inguratu eta babesten du. Heldu batengan, organo horrek 1,4 kg-ko masa eta 1.400 cm3 inguruko bolumena du.
Hiru dira entzefaloa eta bizkarrezur-muina biltzen duten mintzak (meninge izenekoak). Kanpotik barrura duramaterra, araknoidea eta piamaterra dira. Mintz horietan isurkari zerebroespinalez dago, zeina -burezurraren antzera- kolpeetatik babesten du entzefaloa.
Bestalde, gai grisa entzefaloaren gainaldean dago, eta gai zuria barnealdean. Jakina denez, neuronen gorputzek (soma izenekoek) osatzen dute gai grisa, eta neurona horien axoiek (mielinaz bilduta) gai zuria.
Entzefalo barnean lau barrunbe edo bentrikulu daude, haien artean komunikaturik eta isurkari zerebroespinalez beteta. Lehenengo hiru bentrikulu burmuinean daude, eta laugarrena gorputz kailukara izeneko egituran (burmuineko hemisferioak lotzen dituen egituran, hain zuzen).
Entzefaloaren zatiak
aldatu- Prosentzefaloa (aurreko entzefaloa). Bi alde bereizten dira egitura honetan:
- Telentzefaloa (aurreko zatia)
- Dientzefaloa (atzeko zatia)
- Mesentzefaloa (erdiko entzefaloa)
- Erronbentzefaloa (atzeko entzefaloa). Bi zati ditu:
- Metentzefaloa (aurreko zatia)
- Mielentzefaloa (atzeko zatia)
Ugaztunengan, telentzefaloak, dientzefaloak eta mesentzefaloak burmuina osatzen dute.
Metentzefaloak garuntxoa osatzen du.
Mielentzefaloan, azkenik, bizkarrezur-erraboila dago.
Erreferentziak
aldatu- ↑ «garun - EH - Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-15).
- ↑ «garun - Hiztegia - EHHE» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-23).