Max Georges Emile Cosyns (Schaerbeek 1906ko maiatzaren 29a - Brusela 1998ko martxoaren 30a) zientzialari eta esploratzaile belgikarra izan zen, eta euskal espeleologiaren aitzindarietako bat.

Max Cosyns

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakMax Georges Émile Cosyns
JaiotzaSchaerbeek1906ko maiatzaren 29a
Herrialdea Belgika
HeriotzaIxelles1998ko martxoaren 30a (91 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Andrée Grandjean
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakfisikaria, esploratzailea, hegazkinlaria eta espeleologoa

Haurtzaroa aldatu

 
Max Cosyns 1934ean, estratosferako bigarren hegaldiko baloi aerostatikoaren ondoan.

Bere aita petrokimika irakaslea zen Bruselako Unibertsitate Askean, eta espeleologoa baita ere: Edouard Martelekin Ardennetako mendietan ibilia zen 1890 hamarkadan. Emazteak ere laguntzen zion, Max sabelean zuela.[1]

Euskal Herriarekin lehen kontaktua I Mundu Gerran izan zuen: amak gerrako umezurtzekin lan egiten zuen, eta semea berarekin batera eramaten zuen; lehenengo Bretainian izan ziren, eta gero Maulen.[1] 1918an, Maxek Kakuetako urjauzia ikusi zuen lehen aldiz; orduan hasi zen bertan sartzeko moduren bat aurkitu nahian.[2]

Ibilbide zientifikoa aldatu

1927an ingeniaritza elektrikoko ikasketak amaitu zituen Bruselako Unibertsitate Askean. Ostean fisika eta medikuntza ikasketak egingo zituen; biofisika eta fisika nuklear ikerkuntzan arituko zen, Reine Elisabeth fundazio medikoaren, Bruselako Unibertsitate Askearen eta Solvay Komitearen baitan. Zientzialari ospetsuekin harremana izan zuen, tartean Auguste Piccard irakaslea; bere laguntzaile bihurtu zen.[3]

1932 urtean, Piccardek eta biok estratosferara egindako lehen hegaldia burutu zuten baloi aerostatiko batean. Dübendorfetik atera ziren (Suitza), 16.200 metrotako altuerara iritsiz.[3] Datu bilketan aritu eta gero, Mantua inguruko glaziar baten gainean lur hartu zuten.[4] [5]

1933 urtean, Cosynsek 7. Solvay Kongresuan parte hartu zuen; gai nagusia Nukleo Atomikoaren Egitura izan zen.[6]

1934ean, Piccarden taldeak estratosferarako bigarren hegaldia prestatu zuen. Untzian Max Cosyns eta Neree van der Elst ikaslea joan ziren. Hour-etik (Namur, Belgika) atera ziren, eta 1.800 kilometrotako hegaldia eginez, 15.500 metrotako altuerara iritsi ziren; arazoak izan zituzten, eta kostaldetik hurbil lur hartu zuten Murska Sobotan (orduan Jugoslavia, gaur Eslovenia).[1][3]

1948an, Piccardek eta Cosynsek FNRS2 batiskafoa prestatu zuten itsas hondoa ikertzeko. Dakarren jaitsi ziren, Cap-Vert inguruan.[4]

Ibilbide espeleologikoaren hasiera aldatu

 
1933ko Solvay Kongresua. Cosyns eta Piccardekin batera Niels Bohr, Marie Curie eta beste zientzialari ospetsuak.

Zenbait espedizio solte kenduta (Ardenak, Bigorra, Ariège...) Max Cosynsen ibilbide espeleologiko osoa Larra eta Zuberoa inguruan izan zen, ia 70 urtez jarraian: prospekzio sistematikoa 1928ah hasi zuen Charles Pecher, Nerée Van der Elst eta Marianne eta Pierre Limbosch belgiarren laguntzaz.[1]

30. hamarkada hasieran, besteak beste, AN-58 Trou du Chien aurkitu zuen eta Ahüñemendian eskalada bideak ireki zituen.[7] Kakueta inguruan Pierre Boucher, G. Bassier eta Sauveur Bouchetekin batera aritu zen;[8]  hain zuzen ere, 1934ean lortu zuen bertako urjauziaren kobaraino ailegatzea, Guillaume Bouchetek jaurtitako jabalina bati esker.[4] Gainera, urte horretan Cosynsek Edouard Martel bera ere kontaktatu zuen, 30 urte lehenago eginiko esplorazioen zehaztasunak jasotzeko; honek Norbert Casteret aurkeztu zion.[9]

1935 inguruko esplorazioen artean, Odita leizearena nabarmentzen da (Heile mendia, Urdatx / Santa Grazi); Martelen taldearen terminusetik aurrera egin zuten, -255 metrotaraino ailegatuz. Bestalde Trou Martin, Trou Perdu eta Souffleur de Larrandabürü kobazuloak aurkitu zituzten,  baita Hernaz eta Ligoleta mendateen artean Escuret, Fertel eta Utzipia leizeak ere.[10][11][1]

II Mundu Gerra aldatu

Watermael-Boitsfort-en bizi zela, Bruselako Unibertsitate Askean aritzen zen eta laborategia Brugmann Ospitalean zuen. Erresistentzian aritu zen, Groupe G delakoan, eta sabotaje plangintzan eta ekintzan jardun zuen; sonatuena 1942ko urriaren 4ean Charbonnages d’Eisden-en kontra egindakoa izan zen, 3M sarearekin elkarlanean.[1]

1943ko otsailaren 8an atxilotua izan zen, eta gatibu-lanetan hainbat kanpalekutik pasatu eta gero, Dachauko kontzentrazio esparruan amaitu zuen; handik 1945eko apirilaren 29an atera zen, EEBB-etako armadak askatuta; tuberkulosi larriak jota, maiatzaren 13an itzuli zen Belgikara.[4]

San Martin Harria aldatu

 
Kakuetako Urjauzia izan zen Max Cosynsen lehen objektiboa.

Tuberkulosia “cryo-choc” metodo ingelesaren bitartez sendaturik, 1945ean bertan Zuberoara itzuli zen.[12][1] Hurrengo urtean Giuseppe Occhialini ezagutu zuen Bristolen: bera bezala fisikari nuklearra, ezkertiarra eta espeleologoa, Larrako esplorazioetara gonbidatu zuen.[13] Gero kide gehiago bilduko ziren taldera: Georges Lepineux, Jacques Labeyrie, Haroun Tazieff, Geoffrey Fertel, Jimmy Theodor, Robert Levi, Pierre Accoce, Marcel Loubens... besteak beste.[4]

Gerra osteko lehen urteetan, batez ere Zuberoa aldeko haran eta arroiletan ibili ziren: udan aritzen ziren arren, bortuetako leize gehienak ezin izaten zituzten jeitsi, oraindik elurrez beteta zeudelako.[4] Urte hauetan esploratu zituen Cosynsek Bentia eta Kakuetako Urjauzia, lehen sifoiak urpetik apnean gaindituz;[10][14] baita Orhiko Haitzuloa (Larraine) eta Holtzarte / Olhadübi arroilak ere, bere taldekideekin.[4]

1950ean, Hernaz mendilepo inguruan aritu ziren esplorazioan: Fertel eta Escuret leizeak jeitsi zituzten. Kanpainaren azken egunean, Occhialinirekin prospekzioan zebilela, Georges Lepineuxek zulo interesgarria aurkitu zuen. Leizearen sakonera zundatu zuten eta, harrituta, 300 metro baino gehiago zituela ikusi zuten; Occhialiniren proposamenez Lepineux Leizea izendatu zuten.[4] 1951ean jeitsi zuten estrainekotz, pedalez mugitutako gindaxa erabiliz: -340 m. neurtu ziren, artean munduko bertikalik handiena.[15] 1952ean Cosynsek gindaxa elektriko berria egin zuen Lepineux Leizea jeisteko; esplorazioarekin jarraituz -550eko kotaraino iritsi ziren, baina arazo tekniko batengatik Marcel Loubens espediziokidea erori zen; larriki zaurituta, hura erreskatatzeko lanak bi egunez luzatu ziren, baina azkenean barruan hil zen. Istripuaren ardura Max Cosynsi egotzi zitzaion; hurrengo urteko espedizioen koordinazioa Robert Leviren esku geratu zen, eta 1953an eta 1954an Lepineux Leizearen esplorazioak Corentin Queffelec-ek egindako gindaxa berriarekin egin ziren zuen, Cosyns gabe.[4]

Urte bakartiak aldatu

 
Max Cosyns gindaxaren kontroletan, Marcel Loubensen istripuaren egunean

1953tik aurrera, Max Cosynsek San Martin Harri inguruko lanak jarraitu zituen, baina ikusle bezala: Fernand Ravierren lan hidrologikoak, Levi eta Queffelecen espedizioak, La Vernako aurkikuntza eta tunelaren zulaketa... Bere aldetik prospekzioan aritu zen Heile eta Añelarra inguruetan.

1954ean Bruselako Unibertsitate Askea utzi zuen, baita Belgikako Ikerketa Nuklearraren komitearen zuzendaritza kontseilua ere. Injeniari / kontseilari bezela sartu zen hainbat enpresatan (Zeiss, Philips...), eta ikerketa kimiko eta biologikoan jarraitu zuen Europako hainbat laborategi pribaturekin. Ligin baserri zaharra erosi zuen (Gillenta), eta 50. hamarkada amaieran bertara joan zen bizitzera Andree Grandjean emaztearekin batera.[1]

Belaunaldi berriekin konfluentzia aldatu

1960ean, Cosynsek Ligi inguruan zebiltzan espeleologo batzuk ezagutu zituen: Michel Cabidoche eta Madeleine Guillemet senar-emazteak eta haiekin zebiltzan gazte taldea, Tarbe ingurukoak.[16] Elkarrekin udako kanpainak egiten hasi ziren, eta Groupe Spéléo Hautes Pyrénées (GSHP) eratu zuten: 1961ean Kakuetako arroilako hormetako zuloak begiratu zituzten; 1962an Heile inguruan aritu ziren (Trou Martin, Trou Souffleur de Larrandabürü ); eta 1963an AN-58 Trou du Chien esploratu zuten.[17][10][7]

1963an, beraien taldekideen ekimenez, Cosyns eta Corentin Queffelec Ligi-Athereien elkartu ziren; Queffelec San Martin Harriko Sistema esploratzen ari zen taldearen burua zen, eta aurrerantzean koordinaturik aritzea adostu zuten.[18] Cosynsen taldea Ahüñemendiko Arretan prospekzioan hasi zen, San Martin Harriko Sistemarekin bat egin zezaketen leizeen bila; horrela jeitsi zituzten Ours, Monique, AN-6, Basabürüko Leizea... GSHP-rengana beste espeleologia taldeak bildu ziren (Paris, Montpellier, Pau, Ivry...) eta denak biltzeko, 1965ean Basabürüko Lezentzat (BL) taldea sortu zuten. Max Cosynsek esplorazio taldeen koordinazioa eta gidaritza eramaten zuen, babes ekonomikoa ere eskainiz: Batikotxeko lepoan ezarritako base egonkorra berak erositako eta helikopteroz bidalitako materialarekin egin zen.[19]

Halere, Larra inguruan zebiltzan espeleologia talde guztien arteko koordinazioa ez zen ona: sekretismoa, konpetentzia, leizeen topografiak ez partekatzea... Felix Ruiz de Arkautek, Corentin Queffelecek eta Max Cosynsek bultzatuta, 1966an ARSIP elkartea sortu zen esplorazioa efizienteago eta esploratzaileen arteko harremanak estutzeko. Bertan hainbat talde bildu ziren: Basabürüko Lezentzat, SC Rouen, SC Aranzadi, Vianako Printzea Erakundea,Groupe Spéléologique de Sainte-Engrâce...[18] Urte horretan bertan, abuztuaren 24ean, Basabürüko Leizearen hondoan San Martin Harriko Sistemarekin bat egitea lortu zuten, Cosyns Gela izendatu zuten lekuan. Lotura honekin, San Martin Harriko Sistema munduko sakonena bihurtu zen, -1.171 metroko desnibelarekin.[19]

Azken urteak aldatu

 
La Verna, San Martin Harria / Gouffre des Partages sistemaren gela famatua.

Azken urteetan Cosynsek jada ez zuen esplorazio gogorrik egiten; halere, 1967an (61 urterekin), oraindik Trou du Renarden 60 metrotako sifoia buzeatu zuen, Ruben Gomezen laguntzaz. Urte horretan bertan La Vernako tunelaren eraisketa ekidin zuen (EDF-k segurtasun arrazoiengatik suntsitu nahi zuen, behin urjauziaren aprobetxamendu hidroelektrikoa bazterturik).[20] Gainera ikerketarekin jarraitu zuen, Erusoko Hobiko froga hidrografikoekin adibidez: Laminako Ziloarekin bat egiten zuela frogatuz.[17] Jean-Claude Duplessyren erreskatean (1969) parte hartu zuen komunikazio lanetan;[21] 1973an FR-3eko froga hidrografikoetan ere parte hartu zuen, lurrazaleko lanetan.[22]

1969tik 1978ra ARSIP-en idazkaria izan zen,[23] eta gero ere kontaktua mantendu zuen, batez ere bere gaztetako esplorazioak jarraitu zituzten gazteekin. Bere azken interbentzioa 1996ko ARSIP-en bileran izan zen, elkartearen 30. urteurreneko ospakizunean.[1]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g h i Douat, Michel. (2002). «Ils ont écrit la Pierre... Max Cosyns: le grand pionnier de la spéléo à la Pierre (1906-1998)» ARSIP Buletina (Urdatx / Santa Grazi) (17): 230-235..
  2. Max Cosynsek berak kontatua film honetan: PEROU, Sid. 1972. The Deepest Hole in the World. Film dokumentala.
  3. a b c Lenelle, Baudouin. Un ascension stratosphérique à Hour. (Noiz kontsultatua: 2017-X-1).
  4. a b c d e f g h i Labeyrie, Jacques. (2012). Les découvreurs du Gouffre de la Pierre Saint-Martin. Cairn.
  5. Elósegui, Jesús. (1952). «La Sima Lépineux. Comentarios a la expedición Max Cosyns (Agosto de 1952)» Munibe (Donostia) 4 (4): 254. (Noiz kontsultatua: 2017-X-1).
  6. Stuewer, Roger H.. Annual Report 1999. (Noiz kontsultatua: 2017-X-1).
  7. a b De Bie, et al.. (2016). «Les amonts du Système d’Anialarra» ARSIP Buletina (Urdatx / Santa Grazi) 18: 107-132..
  8. 50 ans d’archéologie en Soule. Hommage à Pierre Boucher (1909-1997). Ikerzaleak.
  9. Sautereau de Chaffe, Jacques. (1989). «Norbert Casteret à la Pierre Saint-Martin» ARSIP Buletina (Urdatx / Santa Grazi) (16): 204-206..
  10. a b c Guardia et al.. (2002). «Arresteliako Ziloa: chronique d’une découverte attendue» ARSIP Buletina (Urdatx / Santa Grazi) 17: 100-104..
  11. Gomez, Ruben. (). «Merci à Poulidor, le chien… Récit d’une descente dans Odita lecia en novembre 1965» ARSIP Info (Urdatx / Santa Grazi) 83.
  12. Espeleología en el País Vasco. Auñamendi, 377 or..
  13. Sautereau de Chaffe, Jacques. (2002). «Ils ont écrit la Pierre... Giuseppe Occhialini: un méson pi a disparu (1907-1993)» ARSIP Buletina (Urdatx / Santa Grazi) 17.
  14. Douat et al.. (1989). «Essai d’inventaire des plongées à la Pierre-Saint-Martin» ARSIP Buletina (Urdatx / Santa Grazi) 16: 214-216..
  15. Cabidoche et al.. (2016). «Ils ont fait la Pierre... Georges Lépineux 1920-2005» ARSIP Buletina (Urdatx / Santa Grazi) 18: 286-287..
  16. ARSIP. (1989). «Bientôt un siècle d’exploration spéléologique a la Pierre-Saint-Martin» ARSIP Buletina (Urdatx / Santa Grazi) 16: 43-57..
  17. a b Douat, Michel. (2002). «La nouvelle carte hydrologique de la Pierre Saint Martin» ARSIP Buletina (Urdatx / Santa Grazi) 17: 24..
  18. a b Queffelec, Corentin. (1968). Jusqu’au fond du gouffre. Record du monde à la Pierre Saint-Martin. Tome 1. Spéléo Éditions.
  19. a b ARSIP. (2016). «Jonction Tête Sauvage Pierre Saint-Martin. 30 août 1966. Une aventure des Basaburu. 50ème anniversaire.» ARSIP Info hors-série.
  20. Douat, Michel. (2016). «Le temps des bâtisseurs» ARSIP Buletina (Urdatx / Santa Grazi) 18: 48-49..
  21. Queffelec, Corentin. (1978). Jusqu’au fond du gouffre. Tome 2. Arcora.
  22. 20 años de espeleología en Navarra (1952-1974). Diputación Foral de Navarra.
  23. Santesteban, Isaac. (2006). Memorias de un espeleólogo. Sahats.

Kanpo estekak aldatu