Pierre Accoce

Euskal-biarnes kazetari eta espeleologoa

Pierre Accoce-Capar (Urdatx / Santa Grazi, 1928ko azaroaren 17a - Annecy, 2020ko abuztuaren 6a[1]) kazetari, idazle, historialari eta espeleologo zuberotarra izan zen.

Pierre Accoce

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakPierre Accoce Capar
JaiotzaUrdatx / Santa Grazi1928ko azaroaren 17a
Herrialdea Zuberoa, Euskal Herria
BizilekuaAnnecy
HeriotzaÉpagny (Savoia Garaia)2020ko abuztuaren 6a (91 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
euskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakkazetaria, eleberrigilea, espeleologoa eta esploratzailea
Jasotako sariak

Haurtzaroa aldatu

Santa Grazin jaio bazen ere (Phordoia etxaldean), bi urte zituenean gurasoak Parisera joan zitzaizkion, familia aberats baten jauregian lan egitera, eta Pierre aitaren gurasoekin geratu zen; handik gutxira Aretara mugitu ziren, aitona hango bortüetan artzain aritzen baitzen. 1936ean, amona hiltzearekin batera, Pierre Parisera joan zen gurasoekin elkartzera. Halere jaioterrira sarri itzultzen zen: batzuetan Aretara, bestetan amaren gurasoengana, Ligi-Athereiera (Balañ etxaldea). Hain zuzen ere, II Mundu Gerrako zatirik handiena bertan pasatu zuen, familiakoek hara bidalia makisean sartu ez zedin.

Kazetaritza aldatu

1950ean hasi zen, “Ce Soir” egunkarian, kirolen arloan. Sasoi beretsuan gai zientifikoekiko zaletasuna garatzen hasi zen, bere lagun espeleologoen eraginez –gehienak ogibidez zientzialariak-. Gero erreportari aritu zen: arlo kriminalean, gerra korresponsal bezala (Hungariako inbasioa, Israeleko eta Indotxinako Gerrak...); esperientzia horiek medikuntza arloa lantzeko aukera eman zioten. “Détective” astekarian idatzi zuen epe motz batean. 1953an “Constellation” hilabetekarian sartu zen; 10 urtez arituko zen han, Andre Labarthe zuzendariarekin harreman estua garatu zuelarik; bertan ikasi zuen, baita ere, politikaren alde ezkutuak zundatzen. 1963an, zuzendaritza aldatu zenean, Constellation utzi eta “Noir-Et-Blanc” astekarira pasatu zen; bertan egin zuen lehen erreportaia John Fitzgerald Kennedyren erailketari buruz izan zen. 1966an “L’Express” astekarian hasi zen, eta bertan 25 urte igaro zituen, erreportaiak mundu osoan zehar eginez (Mexiko, Afrika, Ekialde Hurbila...); medikuntza eta kirol arloko arduradun bihurtu zen, eta gero zientzia arlokoa orokorrean; honen zuzendari Jean-François Revel-erekin ere harremana oso ona izan zen. “La Médecine de A à Z” bildumaren erredaktore burua izan zen. Gainera, Pierre Accocek bizitza osoan jaioterriarekiko atxekimendu handia erakutsi zuen, eta piriniar eskualdeei buruzko artikulu asko idatzi izan zituen, batez ere GEO aldizkariarendako.[2]

Espeleologia aldatu

Aitonak artzain olha Coup izeneko lekuan zuen, eta biloba askotan egoten zen berarekin; hortik Hernaz ingurura joaten ziren, hango artzainak bisitatzera: Vincent Lagrave, Thamtham anaiak eta Henri Biguet-Bernasquet. Haien olhetan San Martin Harriko Espeleogia Taldekoak egoten ziren, eta horrela ezagutu zituen Max Cosyns, Haroun Tazieff, Norbert Casteret, Georges Lepineux, Marcel Loubens, Giuseppe Occhialini, Jacques Labeyrie...; haiei buruzko lehen erreportaia 1949an idatzi zuen; frantsesez, bearnesez eta euskaraz zekienez, askotan interprete lanak egitea tokatzen zitzaion. 1950ean Lepineux leizea aurkitu zenean, zalaparta mediatikoa handia izan zen –munduko leizerik sakonena baitzen-, eta Accoce eguneroko kronikak bidaltzeaz arduratu zen, telefonoz, Santa Graziko eliza ondoko tabernatik. 1951ean, bera ere espeleologia taldean sartu zen.[3]

Hurrengo urteetan, Pierre Accoce Larrako espedizio espeleologiko nagusi guztietan izan zen. Hain zuzen ere, 1952ko kanpaina (Marcel Loubensen istripuarena) berebizikoa izango zen, erreskatean parte hartutako Lyoneko espeleologoek leize sakonetan sartzeko teknika seguruagoa ekarri baitzuten. Ordutik aurrera, Accoceren kezka nagusia teknika haiek hedatzea eta bere taldekideen segurtasuna bermatzea izango zen; bere lan hori aitortzeko, 1958an taldekideek Arphidiako gela nagusietako bat “Accoce” izendatu zuten.

1953ko eta 1954ko kanpainen ostean San Martin Harriko Espeleologia Taldea disolbatu zen, eta Accocek GPTS (Groupe Parisien de Tourisme Souterrain) osatu zuen Corentin Queffelec eta beste lagun talde txiki batekin. Neguan zehar beste eskualde batzuetan ibiltzen baziren ere (Normandia, Jura, Belgika, Vercors, Champagne, Yonne...),[3] uda guztietan Larrara etortzen ziren. 1954tik 1960ra Lepineux leizea itxita egon zen (Frantzia eta Espainia arteko muga auzi batengatik), eta Ahüñemendiko Arretan, Camplong, Soum Couy eta Ligoleta inguruan esplorazioan aritu ziren, hainbat leize garrantzitsu aurkituz (Sauveur Bouchet, Trou des Gugusses, Lonne Peyret...). 1957an, gainera, La Vernara egiten ari ziren tunelak Arphidia Konplexua zulatu zuen; hurrengo urteetan, horren esplorazioak Accoceren eta bere lagunen esfortzuen zati handia eramango zuen.[4]

1960ko udan EEE-ren V Euskal Espeleologia Jardunaldiak ospatu ziren Larran, EDF enpresaren eta Espainiako eta Frantziako Armadaren laguntzarekin; helburu nagusietako bat leizearen topografia zehatza egitea izan zen; horri esker lortu zen La Vernako tunela amaitzea. Pierre Accocek lan guzti hauetan parte hartu zuen, eta bere taldea San Martin Harriko Sistemaren esplorazioetara itzuli zen; ordurako Queffelec eta bera Speleo Club de Rouen taldeko gazteekin kontaktuan zeuden (Christian Migraine, Jacques Sautereau, Michel Luquet...), eta Aranzadi, Montpellier, IPV, Paris eta beste espeleologia talde askotako kideekin ere elkarlanean aritzen ziren (Isaac Santesteban, Felix Ruiz de Arkaute, Modesto Zilaurren, Juan San Martin, Jose Luis Txintxurreta, Adolfo Eraso, Anton Arratibel, Fermin Leizaola, Dominique Prebende...); 1960ko hamarkadan zehar San Martin Harriko Sistemak munduko sakonera errekorra hautsi zuen berriro, behin baino gehiagotan, eta Larran zebiltzan espeleologia taldeak ARSIP izeneko elkartean koordinatu ziren.[4]

1972an etxola eraiki zuen bortüan, Aretako udalaren baimenarekin, eta sarri etortzen zen bertara, Germaine emaztearekin batera; esplorazioan gero eta gutxiago, eta lan intelektualarekin gehiago; liburu gehienak hementxe idatzi ditu. Pierre Accoceren ibilbide espeleologikoa bere maisu eta lagun Corentin Queffelec-enaren parez pare joan zen, harik eta azken hau 1985ean hegazkin istripuan hil arte. Harrezkero esplorazio aktiboa utzi bazuen ere, beti harreman estua mantendu zuen Larran zebiltzaten espeleologo gazteagoekin.[5]

Idazlanak aldatu

Bere lehen bi liburuak, espionajezko nobelak (1965), Larrako kanpaina espeleologikoetan idatzi zituen, Corentin Queffelecen etxolan eta haren aholkuarekin –hau ere antzerkilaria eta idazlea baitzen-.

1966an, Suitzan lanean ari zela, Pierre Accocek Lucy Sarea deskubritu zuen, II Mundu Gerran nazien aurkako alemaniarrek osatutako sarea alegia, Hitlerren planak aliatuei aldez aurretik jakinarazteko. Lucy Sareak Polonia, Belgika, Holanda eta Frantziaren inbasioetaz informatu zuen, eta balio estrategiko handia izan zuen gerraren bilakaeran.[6] Horri buruzko liburua (“La Guerre a Été Gagnée en Suisse”, Pierre Quet lankidearekin batera idatzia) mundu mailako best-sellerra bihurtu zen, eta gai bereko beste bi libururekin segida izan zuen.

Bere gerrako esperientzia eta medikuntzako ezagutza baliatuz, zenbait liburu arrakastatsu idatziak ditu, hala nola “Ces malades qui nous gouvernent” (1977ko Littré Saria,[7] beste bi tomotan jarraipena izan duena), “Les Français à Londres 1940-1941” (1990eko Erresistentziaren Sari Literarioa[8]) edo “Médecins A Diên Biên Phu” (1992ko Raymond Poincaré Saria[9]).

Gorputzeko sasoia joan arren, burukoa bizi-bizia mantendu zuen bizitzaren azken unera arte; horren seinale izan zen bere presentzia Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko hainbat hitzordu kulturaletan, hala nola 2018ko Sarako Idazleen Biltzarrean, bere azken liburua aurkezteko.[10]

Argitaratutako liburuen zerrenda: aldatu

  • Le Safari du Polonais. Nobela. Plon, Paris, 1965.[11]
  • Polonais Go Home. Nobela. Plon, Paris, 1965.[12]
  • La Guerre a Été Gagnée en Suisse (Pierre Quet-ekin idatzia). Erreportaia. Librairie Académique Perrin, Paris, 1966.[13]
  • Le Monde Parallèle (Yves Ciampi-rekin eta Jean Dewever-ekin idatzia). Erreportaia.  Fayard, Paris, 1968.[14]
  • La Vie et les Aventures de Jean Bart, Corsaire du Roi Soleil. In: Histoire Générale des Grands Aventuriers de la Mer, 16. Biografia. Librairie Commerciale et Artistique, Paris, 1969.[15]
  • Le Réseau Caraman (Jean Daniel Pouget-ekin idatzia). Erreportaia. Fayard, Paris, 1972.[16]
  • La Médecine de A à Z (erredakzio-burua). Entziklopedia. Éditions Paris-Graphic, Paris, 1972.[17]
  • Ces Malades qui Nous Gouvernent I (Pierre Rentchnick-ekin idatzia). Erreportaia.  Stock, Paris, 1976.[18]
  • Ces Nouveaux Malades qui Nous Gouvernent II (Pierre Rentchnick-ekin idatzia). Erreportaia. Stock, Paris, 1988.[19]
  • Les Français à Londres 1940-1941. Erreportaia. Balland, Paris, 1990.[20]
  • La Médecine Mangeuse d’Hommes. Entsegua. Calmann-Lévy, Paris, 1990.[21]
  • Médecins à Diên Biên Phu. Erreportaia. Presses de la Cité, Paris, 1992.[22]
  • La France Rurale à l’Agonie. Erreportaia. Presses de la Cité, Paris, 1994.[23]
  • Ces Malades qui Nous Gouvernent III (Pierre Rentchnick-ekin idatzia). Erreportaia. Stock, Paris, 1996.[24]
  • Ces Assassins qui Ont Voulu Changer l’Histoire. Erreportaia. Plon, Paris, 1999. http://gallica.bnf.fr/ark:/12148/bpt6k4801455c
  • Les Gendarmes dans la Résistance. Erreportaia. Presses de la Cité, Paris, 2001.[25]
  • Sainte-Engrâce, la Vie d’un Village Basque (Hans Silvester-rekin egina). Argazki liburua. Éditions de La Martinière, Paris, 2009.[26]
  • L’Emigration des Pyrénéens aux Amériques. Erreportaia.  Cairn, Paube, 2018.[10]

Erreferentziak aldatu

  1. Pierre Accoce Capar - Dansnoscoeurs.fr. .
  2. «Bibliographie : Pierre ACCOCE» https://www.eyrolles.com/ (Noiz kontsultatua: 2018-III-14).
  3. a b Labeyrie, Jacques. (2012). Les découvreurs du Gouffre de la Pierre Saint-Martin. Cairn ISBN 2350680142..
  4. a b Qeffelec, Corentin. (1994). Jusqu’au fond du gouffre. Record du monde à la Pierre Saint-Martin. Tome 1. Spéléo Éditions ISBN 2910650006..
  5. «Accoce Pierre» https://www.editions-cairn.fr/ (Noiz kontsultatua: 2018-III-14).
  6. «" Lucie " et son rôle dans la bataille de Koursk» https://www.39-45.org/ (Noiz kontsultatua: 2018-III-14).
  7. «Prix Littré décernés depuis 1963» http://dictionnaire.sensagent.leparisien.fr/ (Noiz kontsultatua: 2018-III-14).
  8. «Fondation de la Résistance» http://www.fondationresistance.org/ (Noiz kontsultatua: 2018-III-14).
  9. «Prix Raymond Poincaré» http://www.prix-litteraires.net/ (Noiz kontsultatua: 2018-III-14).
  10. a b «L'Émigration des Pyrénéens aux Amériques» https://www.editions-cairn.fr/ (Noiz kontsultatua: 2018-III-14).
  11. «Le safari du polonais» https://www.amazon.fr/ (Noiz kontsultatua: 2018-III-14).
  12. «Polonais, go home !» https://www.livrenpoche.com/ (Noiz kontsultatua: 2018-III-14).
  13. «La Guerre a été gagnée en Suisse» https://www.amazon.fr/ (Noiz kontsultatua: 2018-III-14).
  14. «Le Monde Parallèle» https://www.abebooks.fr/ (Noiz kontsultatua: 2018-III-14).
  15. «La vie et les aventures de Jean Bart, corsaire du Roi Soleil» http://www.worldcat.org/ (Noiz kontsultatua: 2018-III-14).
  16. «Le Réseau Caraman» https://www.abebooks.fr/ (Noiz kontsultatua: 2018-III-14).
  17. «Encyclopedie La Médecine de A à Z» http://www.priceminister.com/ (Noiz kontsultatua: 2018-III-14).
  18. «Ces malades qui nous gouvernent» https://www.iberlibro.com/ (Noiz kontsultatua: 2018-III-14).
  19. «Ces Nouveaux Malades Qui Nous Gouvernent» https://www.amazon.fr/ (Noiz kontsultatua: 2018-III-14).
  20. «Les français a Londres» https://www.amazon.fr/ (Noiz kontsultatua: 2018-III-14).
  21. «La Médecine Mangeuse d'Hommes» https://www.amazon.ca/ (Noiz kontsultatua: 2018-III-14).
  22. «http://gallica.bnf.fr/» http://gallica.bnf.fr/ (Noiz kontsultatua: 2018-III-14).
  23. «La France rurale à l'agonie» http://gallica.bnf.fr/ (Noiz kontsultatua: 2018-III-14).
  24. «Ces malades qui nous gouvernent» https://books.google.es/ (Noiz kontsultatua: 2018-III-14).
  25. «Les gendarmes dans la Résistance» https://criminocorpus.hypotheses.org/ (Noiz kontsultatua: 2018-III-14).
  26. «Balades dans les Pyrénées!» http://www.balades-pyrenees.com/ (Noiz kontsultatua: 2018-III-14).