Andrée Grandjean

Abokatua eta belgiar Erresistentziako kidea

Andrée Grandjean (Schaerbeek, 1910eko ekainaren 29a - Uccle, 1999ko azaroaren 29a) abokatu eta erresistente belgiarra izan zen,[1] bere bizitzaren zati batean Euskal Herrian bizi izan zena.

Andrée Grandjean

Bizitza
JaiotzaSchaerbeek1910eko ekainaren 29a
Herrialdea Belgika
HeriotzaUccle1999ko azaroaren 29a (89 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Max Cosyns
Hezkuntza
HeziketaBruselako Unibertsitate Askea
Jarduerak
Jarduerakabokatua eta politikaria

Lehen urteak aldatu

Andrée Grandjean giro liberalean jaio zen: aita Arthur Grandjean SNCB tren konpainia publikoan goi funtzionarioa izan zen, eta ama Berthe Springael, berriz, feminista aktiboa. Andréek zuzenbide ikasketak Bruselako Unibertsitate Librean burutu zituen.[1]

Militantzia politikoa aldatu

Unibertsitatean ezagututako lagunen bidez Nazioarteko Sorospen Gorria (NSG) erakundearekin kolaboratzen hasi zen, besteak beste 1937an Berlineko Moabit espetxeko preso politikoak bisitatuz.

Eugène Soudan ministro sozialistaren kabinetean lan egin zuen, Albert Lejour abokatu komunistarekin batera (NSG-eko arduraduna).

1940ean, exodoaren ostean Belgikara itzuli zen eta Jean Fonteyneren inguruan biltzen ziren abokatu eta epaile bileretan parte hartzen hasi zen. 1941eko urritik aurrera "Justice Libre" aldizkari klandestinoaren erredakzio-kontseiluko kide izan zen; eta 1942ko amaieran Alderdi Komunistan izena eman zuen.

Erresistentzian Antonina Grégoirek trebatua, Valoniako Brabanteren Independentzia Fronteko hiru arduradunetako bat bihurtu zen, Françoise ezizenarekin. Gainera "Front", "Libération", "L'Élastique", "L'Enseignement libre" egunkari klandestinoen ardura hartu zuen, eta 1943ko azaroaren 9ko "Faux Soir" argitalpen famatuan parte hartu zuen ("Le Soir" nazi-kolaborazionista egunkariaren parodia).

"Combattants de la Paix" erakundearen lehendakaria ere izan zen.[2]

Koroaren Ordenaren Zalduna izendatu zuten, eta Gerrako Gurutzea 1940-1945 eman zioten.

Bigarren Mundu Gerra ostean, Bruselako intelektual komunisten arduraduna izan zen 1946tik aurrera; baita Legelari Demokraten Elkarte Belgiarraren partaide ere. Bere amak Ganten sortutako "ASBL Foyer de la Femme - Vrouwen Haard Avondsterre" elkarte feministaren lehendakaria izan zen.

1971ean Erresistentziako Kapitain izendapena jaso zuen Belgikako Milizia Abertzaleetan. Beste hainbat aitortza ere jaso zituen Belgikan eta Ingalaterran.[1]

Euskal Herriko aldia aldatu

Max Cosyns herrikide eta burkidearen bikote bezala, 1952an Euskal Herrira etorri zen San Marti Harriko esplorazio espeleologiko kanpainaren harira, Marcel Loubens hil zen urtean alegia. 1954tik aurrera Euskal Herrian gero eta denboraldi luzeagoak pasatzen hasi zen,[2] harik eta hamarkada amaieran Gillenta izeneko etxaldea erosi Ligin (Zuberoa). Aurrerantzean, urtearen zati handi bat han pasatuko zuten, "dans un véritable capharnaüm de livres, d’idées, de recherches diverses", Larran esplorazioan aritzen ziren espeleologo belaunaldi berriekin harreman estuan.[3]

Azken urteak aldatu

Zahartzaroan Belgikara itzuli zen, Max senarrarekin batera. Hura 1998an hil ostean alargundu zen, eta Andrée Cosyns Ucclen hil zen 1999ko azaroaren 29an.[1]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d Dupont-Bouchat, Marie-Sylvie, 1941- ... Nandrin, Jean-Pierre.. (impr. 2006). Dictionnaire des femmes belges, XIXe et XXe siècles. Ed. Racine ISBN 2873864346. PMC 470616927. (Noiz kontsultatua: 2019-11-05).
  2. a b Pierre Accoce kom. pers.
  3. Douat, Michel. (2002). Ils ont écrit la Pierre... Max Cosyns: le grand pionnier de la spéléo à la Pierre (1906-1998).. ARSIP.