Koliseoa[1] (latinez: Colosseum; italieraz: Colosseo), jatorrian Flaviar Anfiteatroa deitua (latinez: Amphiteatrum Flavium; italieraz: Anfiteatro Flavio)[2], Erroma erdialdean dagoen eraikin handi bat da, Monti eta Celio rionien artean.

Koliseoa
Colosseum
archaeological park of Colosseum
Kokapena
Herrialdea Italia
Eskualdea Lazio
Italiako hiri metropolitarraErromako hiri metropolitarra
Italiako udalerriRoma Capitale
Koordenatuak41°53′25″N 12°29′32″E / 41.8903°N 12.4922°E / 41.8903; 12.4922
Map
Historia eta erabilera
Inaugural games of the Flavian Amphitheatre 80
Inaugurazioa81
Erabileraludi (en) Itzuli
harrobia
turismo-atrakzioa
Edukiera65.000
Arkitektura
Materiala(k)Erromako trabertinoa, Toba eta hormigoia
Estiloaerromatar arkitektura
Dimentsioak48 (altuera) × 155 (zabalera) × 187 (luzera) m
Azalera5.000 m²
Ondarea
Objetu kopurua140 item (en) Itzuli eta 600 item (en) Itzuli
Bisitariak urtean1.633.436
Kontaktua
HelbideaPiazza del Colosseo eta Piazza Del Colosseo 1, Roma
E-postamailto:pa-colosseo@beniculturali.it
Telefonoatel:+39-06-774-0091
Webgune ofiziala

Antzinatean, 50.000 pertsonarentzako tokia zuen, laurogei harmaila ilaratan. Hareatik gertu enperadorea eta senatariak ziren, eta, gorantz egin ahala, gizarteko maila baxuagoko jendea zeen. Gladiadore borrokak eta ikuskizun publikoak egiten ziren. Erromatar foroaren ekialdean eraiki zen eta lanak 70 eta 72 urteen artean hasi ziren, Vespasiano enperadorearen agintaldian. Anfiteatroa, Erromatar Inperioan sekula eraiki zen handiena, 80an amaitu zen, Tito enperadorearen agintaldian, eta Domizianoren agintaldian aldatu zen, 82an.[3][4]

Ia 500 urtez erabili zen: azken jokoak VI. mendean ospatu ziren, Mendebaldeko Erromatar Inperioaren erori (476an) baino askoz geroago. Gladiadore borrokez gain, beste ikuskizun batzuk ere egiten ziren: naumakia, animalia ehiza, exekuzioak, gudu ospetsuen antzezpenak eta mitologia klasikoan oinarritutako antzezlanak, kasu. Eraikina, halako ekitaldietarako erabilia izateari utzi zitzaion Goi Erdi Aroan. Geroago, babeslekutzat, lantegitzat, ordena erlijioso baten egoitzatzat, gotorlekutzat, harrobitzat eta santutegi kristautzat berrerabili zen.

Lurrikara eta harginen ondorioz egitura oso kaltetua dagoen arren, Koliseoa beti ikusi izan da Erromatar Inperioaren ikurtzat, eta erromatar arkitekturaren hoberen kontserbatutako ereduetako bat da. Gaur egungo Erromako turismo gune ezagunenetako bat da, eta oraindik Erromatar Eliza Katolikoari oso lotuta dago: horren ondorioz, Aita Santua Anfiteatroraino eginiko gurutzbidearen buru da Ostiral Santu egunean.

Historia

aldatu

Erroma Klasikoan

aldatu
 
Erromaren mapa Inperio garaian. Koliseoa, eskuineko goiko izkinan agertzen da

K. a. 29an, Estatilio Tauro kontsulak anfiteatro bat eraiki zuen Marteren Zelaian. Hiriko tamaina handiko lehen anfiteatroa izan zen, eta beharrezko ziren bi instalakuntza zituen. 64. urteko Erromako Sute Handian suntsituta geratu zenez, erromatar herriarentzako anfiteatro berri baten beharra sortu zen.

Vespasiano enperadorearen agintaldian eraikitzen hasi zen, 70 eta 72 bitartean. Kokapena Zelio, Palatino eta Eskilino muinoen arteko haran bateko gune lau bat izan zen, horretan zehar korronte bideratu bat baitzihoan. Anfiteatroa eraiki zen kokapena eraikuntzaren aurretik 64ko Erromako Sute Handiak suntsitu zuen, eta egoera probestuz, Neronek lurraren zati handi bat bereganatu zuen, domeinu pertsonal gisa. Toki hartan, Domus Aurea handia eraiki zuen; horren aurrean, lorategiz eta arkupez inguraturiko laku artifizial bat hedatzen zen. Lehendik zegoen Aqua Claudia akueduktua zabaldu zen, hara irits zedin eta Neronen Kolosoa izenaz ezagutzen zen brontzezko estatua erraldoia Domus Aurearen sarrera ondoan jarri: harengatik datorkio izena anfiteatroari.

Gunea Vespasiano eta bere ondorengoen erregealdian aldatu zen. Kolosoa mantendu zen arren, Domus Aurearen zati handi bat bota zen. Lakua berriz bete zen eta lurra Flaviar Anfiteatro berrirako kokapentzat berrerabili. Gladiadore eskolak eta lotutako beste eraikin batzuk eraiki ziren inguruetan, lehenago Domus Aurea zegoen tokian. Han aurkitu zen berreraikitako inskripzio baten arabera, Vespasianok anfiteatro berri hau jeneral gisa lortu zuen harrapakinarekin eraikitzeko agindu zuen. Horrek 70ean erromatarrek Judu Matxinada Handian lortutako garaipenean lapurtu zuten altxor handiari erreferentzia egiten dio, ziur aski. Koliseoa, bada, garaipen monumentu handi bat dela interpreta daiteke, garaipen handiak ospatzeko tradizioarekin jarraituz. Vespasianok Koliseoa Neronen lakua zegoen tokian eraikitzeko erabakia Neronek bere erabilera bakarrerako bereganatutako lur eremu bat jendeari itzultzeko keinutzat har daiteke. Beste anfiteatro asko ez bezala, hiriaren kanpoaldean zeudenak (Anfiteatro Castrense, kasu), Koliseoa hiriaren erdian bertan zegoen, izatez eta sinboloz, Erromaren bihotzean.

Koliseoan, venationes (animalia borrokak) edo noxiiak (animaliek presoak hiltzea) eta gisa bereko ikuskizunak egin ziren, baita munerak (gladiadore borrokak) ere. Kalkuluen arabera, jokootan, 500.000 eta 1.000.000 pertsona artean hil ziren. Gainera, naumakia ospatzen zen, itsas gudu ikusgarriak: hartarako, Koliseoko hondarra urez bete behar zen. Agian halaxe zen lehen urteetan, hondarpean zeuden sotoak eraiki aurretik. Koliseoak beheko solairua azkar bete eta hustutzeko aukera ematen zuen ur bideratze sistema aurreratua zuen.

Ez da ezaguna Koliseoa eraikitzeko lanak zuzendu zituen arkitektoa, erromatar garaiko lan gehienekin gertatzen zen bezala: eraikin publikoak enperadoreen loria handiagorako egiten ziren. Urteetan zehar, Rabirio, Severo, Gaudentzio eta Apolodoro Damaskoaz pentsatu izan da, baina jakina da azkena Erromara 105ean iritsi zela.

Vespasiano 79an hil zenean, Koliseoa jada osorik zegoen hirugarren solairutaino. Haren seme Titok solairu gorena amaitu eta eraikina 80an inauguratu zuen. Dion Kasiok, anfiteatroaren inaugurazio jokoetan, 9.000 animalia baino gehiago hil zituztela dio. Geroago, eraikina birmoldatu zen, Vespasianoren seme txiki Domiziano enperadorearen agintaldian: hark hipogeoa eraiki zuen, animaliak eta esklaboak gordetzeko erabilitako lurrazpiko tunel sail bat. Koliseoaren zati gorenean galeria bat ere gehitu zuen, bertan jende gehiago sar zedin.

217an, Koliseoa larriki kaltetu zuen sute batek (ekaitz elektriko batek sortua, Dion Kasioren arabera), zurezko lurzorua anfiteatroaren barnean suntsitu zuena. Ez zen erabat konpondu 240 arte eta birmoldatzen segitu zuten 250 edo 252an, eta berriz 320an. Inskripzio batek Koliseoko zenbait zati Teodosio II.ak eta Valentiniano III.ak (425etik 450 arte enperadore izan ziren) zaharberritu zituztela dio, ziur aski, 443an lurrikara batek eragindako kalteak konpontzeko, eta lan gehiago egin ziren 484 eta 508an. Hondarra lehiaketetarako erabiltzen segitu zen VI. mendea ondo sartu arte: azken gladiadore borroka 435ean egin zela jakina da. Animalia ehizak gutxienez 523 arte egin ziren.

Erdi Aroan

aldatu
 
Koliseoa, Erdi Aroko Erromaren mapa batean irudikatua.

Koliseoak aldaketa handiak izan zituen, erabilerari dagokionez. Erdi Aroan. VI. mendearen amaieran, eliza txiki bat eraiki zen anfiteatroaren egituraren barnean, itxura batean behintzat, eraikin osoari esanahi erlijioso bat eman ez zion arren. Hondarra hilerri bihurtu zen. Arkupeen arteko eta eserleku azpiko toki ugariak lantegi eta babesleku bihurtu ziren eta, iturrien arabera, XII. mendera arte alokatu ziren.

Gregorio I.a Handiaren aitasantutzan, antzinako monumentu asko Elizaren jabetzara pasa ziren, benetako autoritate bakarra baitzen, baina horiek mantentzeko baliabiderik ez zuenez, utzi eta espoliatu egin ziren. Erdi Aroan, hiriaren gainbeherak monumentu inperial guztiei eragin zien. 801 eta 847ko lurrikarek Erdi Aroko hiriaren kanpoaldean ia erabat utzita zegoen eraikin batean kalte handiak eragin zituzten.

1084an, Gregorio VII.a aita santua hiritik bota zutenean, monumentu asko erromatar familia nobleen jabetzapean geratu ziren eta gotorlekutzat erabili. 1200 inguruan, Frangipani familia jabetu zen Koliseoaz, eta gotortu egin zuen, gaztelu baten antzera erabili eta bere eragin eremu bihurtuz. Koliseoa jabez aldatzen joan zen 1312 arte: urte horretan, Elizak berreskuratu zuen.

1349ko lurrikara handiak kalte handiak eragin zizkion egituran: adibidez, hegoaldeko kanpoko zatia erori zen. Harri haietako asko Erroma osoan jauregiak, elizak, ospitaleak eta beste eraikin batzuk eraikitzeko berrerabili ziren.[3] Ordena erlijioso bat finkatu zen Koliseoaren iparraldeko herenean, eta bertan bizi izan ziren XIX. mende hasiera arte. Anfiteatroaren barneko harria gehiegi pikatu zen, beste toki batzuetan berrerabiltzeko edo, haitzurdinezko fatxadaren kasuan, erre eta horrela kare bizia lortzeko. Harri-horma eusten zuten brontzezko bridak hormetatik erauzi zirenez, marka ugari geratu zaizkio. Gaur egun oraindik, orban horiek eraikinean ikus daitezke.

Aro Modernoan

aldatu

XV. eta XV. mendeetan zehar, Koliseoa estaltzen zuen trabertinoa beste eraikin batzuetan berrerabiltzeko erauzi zen. Beste batzuen artean, Barberini Jauregirako erabili zen, baita Ripettako Porturako ere. Latinezko esaera ezagun batek Quod nun fecerunt Barbari, fecerunt Barberini dio ("Barbaroek egin ez zutena, Barberinitarrek egin zuten"). Erre eta horrela karea lortzeko ere erabili zen. Harri espoliazioak 1749 arte iraun zuen: urte hartan, Benedikto XIV.a aita santuak monumentua sagaratu zuen, bertan exekutaturiko martiri guztien omenez (gehienak Zirku Nagusian martirizatu zirela uste den arren). Koliseoak jasan zuen azken barrabaskerietako bat Italiako historiaren zirriborroa sinbolizatzea izan zen, militarren aldetik. Lehen argazkian falta den eraikinaren zatia bertan Bigarren Mundu Gerran eroritako bonba baten ondorioz suntsitua izan zen.

XIX. mendean, aldiz, antzinako monumentu asko egonkortzeko lanak hasi ziren. 1820an, gaur egun argi eta garbi ikus daitezkeen kontrahorma batzuk amaitu ziren. Horiek gabe, ziur aski, eraikina eroriko zen. Mende osoan zehar, bata bestearen atzean etorri ziren sendotze eta hobetze lanak oraindik ere ez daude bukatuta.

Gaur egun

aldatu

Koliseoa da, zalantza izpirik gabe, Erromako turismo gune erakargarrienetako bat. Zinera zenbait alditan eraman izan da, Gladiator filmeko irudikapen digitala, kasu.

1980an, UNESCOk Erromako erdigune historikoa, Koliseoa bera barne, Gizateriaren Ondare izendatu zuen. 2000. urtetik, autoritateek, eraikina argiztatuta mantentzen dute 48 orduz, munduko tokiren batean presoren bati heriotza zigor bat kendu edo atzeratzen zaion bakoitzean.

2007ko uztailaren 7an, Lisboan, Munduko 7 Mirari Berrien artean izendatu zuten, New 7 Wonders lehiaketaren barnean, Bernard Weber suitzarrak antolatuta. UNESCOk ez du izendapen horrekin inongo zerikusirik.

2011ko abuztuaren 7an, jendez husteko agindua eman zuten, telefono dei batez kable batzuez zintzilik zegoen poto bat zegoela jakinarazi zutelako[5]. Bonba abisu faltsua izan zen, Erromako alkateak berehala baieztatu zuen bezala[6].

Deskribapena

aldatu

Flaviar Anfiteatroa 189 metro luze, 156 zabal eta 48 garai da. Elipsearen perimetroa 524 metrokoa da. Esaten denez, Koliseoa gaur egungo kirol estadioetarako eredu bat izan da, diseinu burutsu bat eta gaur egungo arazoetarako konponbide eraginkorrak baititu.

Hondarra eta hipogeoa

aldatu
 
Hipogeoa aire librean.

Joko zelaia bera 75x44 metroko obalo bat zen eta, egiaz, zurez eraikitako eta hondarraz estalitako plataforma bat zen. Lurrazpi guztia tunel eta ziega multzo bat zen (hipogeoa): hor gladiadoreak, preso zigortuak eta animaliak sartzen ziren. Lurrak zenbait tranpol eta karga jasogailu zituen, sotoarekin lotuta, eta ikuskizunean zehar erabil zitezkeenak.

Hondarraren planoak drainatze sistema oso bat zuen, lau estolda ikaragarriri lotuak. Iradoki denez, ura hustutzeko beharraren ondorio dira, itsas ikuskizunen ondoren. Hala ere, dirudienez, jada Domizianok, naumakiaren ideia baztertuz, estoldak zolatu zituen, eta karga jasogailuak hondarrean jarri zituen gladiadore borroketarako. Zurezko estalkia jada ez da mantentzen; beraz, lurrazpiko labirinto guztia aire librean dago.

Egitura

aldatu
 
Sekzioa kabeatik

Beharbada erromatar arkitekturako lanik handiena izan zen, eta bertan, eraikuntza teknika bariatuenak erabili ziren. Pilastrak eta arkuak argamasarik gabe jarritako trabertinozkoak dira. Beheko aldeetan eta sotoetan, toba erabili zen modu berean. Harlandu haietako asko grapa metalikoekin eutsita zihoazen. Kabea eusten duten gangak, zementuzko argamasa, zuzenean zurezko zinbrietan irauliz egin ziren, eraikuntza arintzen zuen berrikuntza bat.

Eraikina laku bat egon zen tokian egoteak ezertarako balio ez zuten 14 metro lupetz zulatzera behartu zuen, eta opus cementiciumezko ia 13 metroko zimentazioa egitera (karezko argamasa eta harri tartekatuzko ilarak).

Barneko harmailadi zabala gradus edo mailatan bereizita zegoen, gizarte klase ezberdinentzako solairuak.

  • Podiumean, horietatik lehena, gizarte maila goreneko erromatarrak esertzen ziren: senatariak, magistratuak, apaizak eta, agian, vestaren birjinak. Ardatz txikiko mutur banatan, palko bana zegoen: tribuna inperiala (pulvinar) eta beste bat, batzuetan jokoak presiditzen zituen magistratuarentzako. Solairu hori basapiztiengandik hurbilen zegoena zenez, babes sare metaliko bat eta tarteka-tarteka jarritako arkulariak zeuden.
  • Maenianum primuma, senatukoak ez ziren aristokratentzat.
  • Maenianum secunduma aberatsentzako immum eta pobreentzako summumean banatua.
  • Gorengo mailan, maenianum summum in ligneis delakoa zegoen, zurez egina, ziur aski eserlekurik gabe eta emakume pobreentzakoa zena.

Gainera, gizarte ordena batzuek, tribuno, apaiz eta miliziak kasu, eurentzako zati propioak zituzten.

Barne pasabideetatik harmailetara, vomitorio delakoetatik egiten zen, horrela deituak, denbora gutxien jende asko irtetea ahalbidetzen zutelako. Hain ongi diseinatua zegoen, ezen, barnean sartzen ziren 50.000 ikusleak, bost minutu inguruan ebakuatuak izan zitezkeela.

Fatxada

aldatu

Fatxada, lau ordenatan banatuta dago, hauen altuera, barne solairuekin bat ez datorrelarik. Beheko hiru ordenak, pilastra gainean jarritako 80 arkuk osatzen dituzte, eta erantsitako zutabe erdiekin, soilik apaingarria den taulamendu bat eusten dutenak. Laugarrena, horma itsu batek osatzen du, erantsitako pilastrekin eta, bi baotik behin leihoak dituela.

Solairu bakoitzeko ordenak, behetik gora, toskanarra, joniarra eta korintiarra dira. Azkeneko solairuak, definitu gabeko estilo bat du, XVI. mendean, konposatutzat katalogatua izan zena. Ohikoa zen estilo ezberdinak bata bestearen gainean jartzea bata bestearen gaineko solairuetan, baina ez zen hain ohikoa bata bestearen gainean jarritako lau ordenekin eraikinak egitea. Solairuen arteko komunikabideak, eskailera eta galeria kontzentrikoen bitartez egiten ziren.

Velarioa

aldatu

Koliseoak, oihalezko estalki hedagarri bat zuen, polea bidez martxan jartzen zena. Estalki hau, lehenik oihal ehunez egina eta ondoren lihoz, arinagoa baitzen, askorik ezagutzen ez den soka armazoi batean eusten zen. Oihal zati bakoitza, ingurukoekiko modu bananduan mugi zitekeen, eta erromatar flotako marinel talde batek mugiarazten zituzten.

Fatxadaren goialdean, kableak eusten zituzten zurezko 250 mastak jartzen ziren zuloak identifikatu dira. Dirudienez, sokak lurrean iltzatzen ziren, bestela, mastek pisu larregi jasan beharko baitzuten. Horretarako, fatxadatik 18 metrora, kanpoaldeko lautadan kokatuta zeuden zipo edo harrizko eraztun kontzentriko bat zegoen, eta publikoaren kontrola ere ahalbidetzen zutenak, pilaketak eragozteko. Fatxada eta zipoen arteko zatia, trabertinoz zolatua zegoen.

Eraikinaren erabilerak

aldatu

Koliseoa gladiadore borrokentzako erabiltzen zen, baita beste ekitaldi ezberdin askorako ere. Ikuskizunak, munera deituak, beti hiritarrek babesten zituzten, Estatuaren ordez. Osagai erlijioso gogor bat zuten, baina baziren, halaber, botere eta familia eragin erakustaldi bat ere, eta, sinestezina dirudien arren, plebeioen artean oso ezagunak izan ziren. Beste ikuskizun ezagun bat, animalia ehiza edo venatioa zen. Bertan, basapiztia mordo bat erabiltzen zen, gehienak Afrikatik ekarriak: errinozeroak, hipopotamoak, elefanteak, jirafak, lehoiak, panterak, lehoinabarrak, krokodiloak eta ostrukak. Guduak eta ehiza eraikin eta zuhaitz mugikorrak zituzten agertokietan antzezten ziren. Ikuskizun horiek, batzuetan, oso eskala handian ospatzen ziren: esaten denez, Trajano enperadoreak 107an Dazian lortutako garaipenak, 11.000 animalia eta 10.000 gladiadore izan zituzten jokoekin ospatu zituen, 123 egunean.

 
Pollice Verso (Erpuruak behera), Jean-Léon Gérômeena, 1872

Koliseoaren lehen egunetan, idazle klasikoek eraikina naumakiarako erabiltzen zela zioten (navalia proelia izenaz ere ezagunak), edo itsas guduen antzezpena. Tito enperadoreak 80an egin zituen inaugurazio jokoak kontatzen dituzten iturriek, beheko solairua, urez betetzen zela diote, aurretik entrenatutako zezen eta zaldiak igerian erakusteko. Korfuko greziarren eta Korintoarren arteko itsas gudu baten antzezpena ere kontatzen dute. Hori eztabaidagai izan da historialarien iritziz, eraikina urez betetzeak arazorik ez zuen arren, ez dago batere argi nola bihurtuko zuten hondarra iragazgaitz, ezta gerra itsasontziak mugitzeko tokirik egongo ote zen ere. Iturriek beste toki batez hitz egiten zutela iradoki da, edo Koliseoak, hasieran, urez bete zitekeen kanal bat zuela erdiko ardatzean, ondoren hipogeoak ordeztua.

Martzial olerkariak ere erregistratu zituen inaugurazioko joko horiek eta, zehazkiago, historiara pasako den gladiadore borroka bat deskribatzen du, Vero eta Priskorena. Biek ahitu arte borrokatu zuten Tito enperadorearen aurrean, inor gailendu ezin zela. Grina eta erresistentzia ahalmen hori herriaren deiadarrekin saritu zenez, enperadoreak biak barkatu zituen. Hain salbuespenezkoa izan zen gertaera, non Martzialek bere Liber spectaculorum liburuan bildu zuen.

Sylvae edo paisaia naturalen irudikapenak hondarrean ere egiten ziren. Margolari, teknikari eta arkitektoek baso baten simulazioa eraikitzen zuten, harearen lurrean landatzen ziren benetako zuhaitz eta zuhaixkekin. Paisaia populatzeko eta jendea harritzeko, animaliak jartzen zituzten. Agertoki horiek hiriko biztanleriari soilik inguru natural bat eraikitzeko erabili bide ziren, edo ehizarako edo atal mitologikoak kontatzen zituzten lanetarako atze oihaltzat. Noizbehinka, exekuzioetarako ere erabiltzen zen: hor, mitologi istorio horietako heroia hiltzera kondenaturik zegoenak interpretatzen zuena modu lazgarrian baina kondairak zioen bezala hiltzen zuten, basapiztiek janik edo hiltzeraino errerik.

Koliseoa, gaur

aldatu

Gaur egun, Koliseoa, Erromako atrakzio turistikorik handiena da, eta milaka turistek ordaintzen dute urtero, sartu eta harea ikusteko. Bertan dago Eros greziar jainkoari eskainitako museo bat, Koliseoaren gorengo solairuan. Harearen lurraren zati bat, berreraikia izan da.

2014ko azaroan, zaintzaile batek pertsona bat harrapatu zuen 17 x 25 zentimetroko ‘K’ hizkia grabatzen ari zela bertan eta horregatik, 20.000 euroko isuna jaso zuen. “Grabatuak egituraren geruza bat ezabatu du”, carabinierien hitzetan[7].

Kristauak eta Koliseoa

aldatu

Denbora askoan zehar, Koliseoa lehen kristauen martirizatzea gertatu zen tokitzat hartua izan da. Edonola ere, sinesmen hori, dirudienez, XVI. mendean sortu zen. Erromatar iturriek eta Goi Erdi Arokoek, martirizatze horiek oso modu lausoan deskribatutako Erromako tokietan gertatu zirela diote (anfiteatroan, harean, etab...), baina zein zehaztu gabe. Izan ere, Erroman, zirku, anfiteatro eta estadio ugari zegoen. Sarri, San Telemako, adibidez, Koliseoan hil zela esaten da, baina Teodoretok estadioan (eis to stadio) hil zela idatzi zuen. Antzera, San Inazio Antiokiakoa, "harea"n hil zen, baina zein hareatan zehaztu gabe.

Erdi Aroan, Koliseoa ez zen, inola ere, toki sakratutzat ikusten. Lehenik gotorlekutzat eta ondoren harrobitzat erabili izanak ematen zitzaion garrantzi urria frogatzen du, martiriekin lotutako tokiak oso gurtuak ziren garai batean. Ez zegoen erromesentzat bildutako ibilbideen artean, ez eta Mirabilia Urbis Romae (Erroma hiriko Mirariak) lanetan ere, XII. mendekoa, Zirku Flaminioa eta ez Koliseoa, martirizatze horiek gertatu ziren tokia izan zela dioena. Egituraren zati batean ordena kristau bat bizi zen, baina, dirudienez, ez zuten han bizitzeko arrazoi erlijioso edo izpiritualik.

Dirudienez, Koliseoa toki santutzat bakarrik XVI eta XVII. mendean hartu zen. Esaten denez, Pio V.a aita santuak (1566-1572) erromesek Koliseoko harea biltzea gomendatu zuen, erlikia bat balitz bezala, martirien odolaz bustita baitzegoen. Ziur aski, ikuspegi hori gutxiengo batena bide zen, mende bat geroago, Fioravante Martinelligatik ezagun egin zen arte, Koliseoa 1653ko haren Roma ex ethnica sacra liburuan, bertan gertatu ziren martirizatzeen ondorioz, toki sakratuen zerrenda baten buru jarri zuenean.

Jakina, Martinelliren liburuak eragin argi bat izan zuen iritzi publikoan; Altieri kardinalak, urte batzuk geroago, Koliseoa zezen plaza bihurtzeko proposamenari erantzun zionez, Carlo Tomassik, profanazio bat uste zuenari buruzko protestatzat, panfleto bat argitaratu zuen. Honi jarraitu zioen eztabaidak, Klemente X.a aita santua, Koliseoko kanpoko arkuak itxi eta eraikina bera santu adieraztera bultzatu zuten, eraikina zenbateraino sakratu zenari buruzko eztabaidak oraindik denbora batez jarraituko zuen arren.

San Leonardo Puerto Mauriziokoak eskaturik, Benedikto XIV.a aita santuak (1740-1758), Koliseoa harrobitzat erabiltzea debekatu zuen, eta harearen ondoan Viacrucis bat eraiki zuen, bertan, 1874ko otsaila arte egon zena San Benito Jose Labrek, bere bizitzako azken urteak, Koliseoko harresien artean igaro zituen, fededunen karitatetik biziz, 1783an hil zen arte. XIX. mendeko zenbait aita santuk Koliseoan berritze eta konpontze lanak egitea agindu zuten eta, beraz, eraikinak oraindik mantentzen du kristautasunarekin loturarik. Harearen inguruan zenbait tokitan jarri ziren gurutzeak, eta Ostiral Santu bakoitzean, Aita Santua martiri kristauen omenezko anfiteatrorako prozesio baten buru da.

Koliseoko flora

aldatu
 
Koliseoaren barneko hormetan sortutako landareak

Koliseoak floraren historia zabal eta ongi dokumentatua du, Domenico Panarolik 1643an bere landareen lehen katalogoa egin zuenetik. Ordutik 684 espezie identifikatu dira. Gailurra 1855ean izan zen (420 espezie). 1871n ahaleginak egin ziren landaretza kentzeko, harri-hormari egiten ari zen kaltearen kezkak zirela eta, baina zati handi bat itzuli egin da. 242 espezie zenbatu dira gaur egun, eta lehenengo espeziekoak, Panarolik identifikatuak, 200 bizirik daude.[8]

Landareen aldaketa mendeetan zehar Erromako klima aldaketaren ondorioz azal daiteke. Gainera, hegaztien migrazioak, loreen loratzeak eta Erromaren hazkundeak, Koliseoa hiriaren erdigune modernoan sartzea eragin zuenak, hiri zaharraren kanpoaldean sartu beharrean, eta espezien garraio deliberatuak ere eragin dute. Beste arrazoi bat da, askotan ematen dena, haziak nahi gabe garraiatzen direla inperioko txoko guztietatik ekarritako animalien azalean edo gorotzetan.[9]

Koliseoa herri kulturan

aldatu

Mendebaldeko kulturaren ikur bat dela eta, Koliseoa herri kulturako arte lan eta film ugaritan agertu da.

Koliseoari lotutako eraikinak

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
  2. Saila, Kultur. (2011-07-13). «d1102022» www.euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  3. a b (Gaztelaniaz) «El Coliseo de Roma» historia.nationalgeographic.com.es 2012-09-01 (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  4. Larrañaga Elorza, Xabier. (2007). (pdf) Arte klasikoa. Grezia eta Erroma. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 55 or. ISBN 978-84-457-2723-2. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2007).
  5. «Desalojan el Coliseo romano por una falsa amenaza de bomba» web.archive.org 2013-11-14 (Noiz kontsultatua: 2020-11-24).
  6. (Gaztelaniaz) Staff, Reuters. (2011-08-07). «Descartan alerta de seguridad en Coliseo Romano» Reuters (Noiz kontsultatua: 2020-11-24).
  7. «Koliseoan grabatu bat egin, eta 20.000 euroko isuna jaso »[Betiko hautsitako esteka], EiTB, 2014-11-23
  8. (Ingelesez) Richardson, Jr., L.. (1992). A New Topographical Dictionary of Ancient Rome. Johns Hopkins University, 7 or. ISBN 9780801843006..
  9. (Ingelesez) Cooper, Paul. Rome's Colosseum Was Once a Wild, Tangled Garden. .

Kanpo estekak

aldatu