Haize

Haizea» orritik birbideratua)

Haizea eguratsaren higidura da[1], hau da, mugitzen den airea. Tenperatura eta presio aldaketen ondorioz sortzen da, eta eragin handia du kliman[2] eta eguraldian. Airea presio handia dagoen eremu batetik presio txikia dagoenera joaten denean sortzen da higidura, eta hiru dimentsio dituen arren, oro har osagai horizontalaren abiadura eta jobidea besterik ez dira hartzen kontuan.

Haizea, gereziondo adarrak higiarazten.
Haizeak okertutako ihiak

Haizea da ozeanoen eta goi-mendietako aintziren oxigenazioaren ekintzaile nagusia, haien gainazalei eragin eta higiarazten dituelako. Eragile organiko eta mineral askoren lekualdaketa ahalbidetzen du, eta zenbait sedimentu-arrokaren eraketa azaltzen (adib: Loess[3]). Intsektu hegalarien populazioen lekualdaketan eta hegaztien migrazioan eragina du, landareen itxura eratzen du eta zenbait landareren ugalketan parte hartzen du. Haize higadurak, batzuetan, tokiko erliebearen morfologian parte hartzen du (adib: dunak). Haizeak mitologia ugari inspiratu ditu giza zibilizazioetan. Garraioan eragina izan zuen, baita energia iturri (adib. haize-errotak, haize-sorgailuak) bai energia mekaniko hutsean bai elektrizitatea sortzeko. Aisialdian ere parte hartzen du.

Haizeak Lurreko atmosferako aire mugimenduei egiten die erreferentzia gehienetan. Hedaduraz, Eguzkitik kanpo-espaziora doazen gas edo partikula polarizatuen mugimenduari eguzki-haizea deitzen zaio, eta planeta-atmosferatik espaziora doazen partikula arinen gas-ihesari planeta-haize.

Hitza aldatu

Haize da euskara batuan erabili beharrekoa[1], garai eta euskalki guztietan erabilitakoa, aldaera fonologikoak gora-behera (adibidez, aixe mendebaldekoan).

Haize pertsona-izena ere bada, epizenoa[4]. Haizea ere pertsona-izena da, baina emakumezkoa soilik[5].

Euskaraz, aire hitzaren sinonimoa ere izan daiteke zenbait esapide edo testuingurutan[1], hala nola haizea hartu, haizean, haizetan, haize zabalean, haize zulo eta abar.

Motak aldatu

Haize nagusiak
Ipar zuria
Ekia
Hego zuria
Hego beltza
Mendebala
Ipar beltza

Hauek dira oinarrizko haize norabideak[6], euskaraz lau puntu kardinalei izena eman diena:

  • iparra (edo ipar haizea): iparraldetik jotzen duena. Euskal Herrian haize hotza da[7]
    • ipar beltza: ipar-mendebaldetik jotzen duena[7]. Zehar haize ere deritzo.
    • ipar zuria: ipar-ekialdetik jotzen duena[7]
  • hegoa (edo hego haizea, haize hegoa): hegoaldetik jotzen duena.
    • hego beltza: hego-mendebaletik jotzen duena
    • hego zuria: hego-ekialdetik jotzen duena
  • mendebala (edo mendebal haizea): mendebaldetik jotzen duena
  • ekia (edo eki/eguzki haizea): ekialdetik jotzen duena[6]

Batzuetan, herriaren edo eskualdearen arabera, beste izendapen batzuk erabiltzen dira, oinarri orografikoak edo toponimikoak dutenak[6]. Hauek dira horietako batzuk: gallego haizea, gaztela haizea, napar haizea, espainia haizea, itsas haizea, goiko haizea, beheko haizea eta abar.

Beste hainbat haize mota ere badago, indarraren, abiaduraren edo kokapenaren araberakoak:

  • haize kirria: haize leun eta atsegina[1]
  • haize erauntsia: haize eraso gogorra
  • urakana, zikloi tropikala eta tifoia: haize guztiz indartsuko ekaitza
  • tornadoa eta traganarrua: indar handiko erauntsi kiribila, bata lehorrean bestea itsasoan
  • enbata, galerna: itsasotik datorren haize erauntsia
  • ekaitza: eguratsaren nahasmendu handia, haize gogorra eta, gehienetan, euria edo elurra eta trumoi-tximistak ekarri ohi dituena
  • haize beltza: haize hotz eta gogorra[1]
  • haize bolada, haize burrunba, haize kolpea, haize ufakoa: bat-bateko haize gogorra, berehala baretzen dena[1]
  • haize fina, haize mina: haize hotza[1]
  • haize gorria: haize oso hotza[1]
  • zirimola: haize zurrunbiloa[1]
  • haize errea, haizerrea: haize guztiz beroa

Lurraren azaletik gertu badira beste haize mota batzuk geografiarekin eta topografiarekin zerikusia dutenak: itsas brisa, ipar haizea eta mendi haizea dira horietan ezagunenak. Beti norantza berekoa denari haize iraunkorra esaten zaio (alisioak, mendebalekoak eta Iparburukoak); aldizkakoa zentzu batean eta bestean jotzen duenean (montzoiak); aldakorra etenak dituenean (Mediterraneoko sirokoa eta mistrala).

Ezaugarriak aldatu

Haizea sortzen duen presio atmosferikoaren aldaketak horizontalak edo goitik beherakoak izan daitezke. Lur gainetik gertu, haizeak presio txikien eta handien inguruan ibiltzen dira, zikloiak eta antizikloiak hurrenez hurren. Presio txikien inguruan erloju-orratzen kontra jira egiten dute iparraldeko hemisferioan eta erloju-orratzen aldera hegoaldeko hemisferioan; presio handien inguruan berriz, haizeak kontrako zentzuan jotzen du.

Lurraren inguruko haize-sistema nagusiari zirkulazio atmosferiko orokorra esaten zaio, eta hori da latitudeetako presioaren eragilea, haize mugimenduena eta klimarena.

Zirkulazio atmosferikoa aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Zirkulazio atmosferiko»
 
Zirkulazio atmosferikoaren eskema idealizatua (ekinokzioan).

Zirkulazio atmosferikoa[8] planetaren eskalako airearen higidura da eta, itsaslasterrekin batera, Lurraren gainazalean beroa banatzen den bitartekoa. Zirkulazio atmosferikoa etengabe aldatzen da, baina oinarrizko joera nahiko iraunkorra da. Latitude ertaineko depresioak edo zikloi tropikalak eskualde guztietan garatzen dira, kaosaren teoriatik hurbil dagoen iragarpenen arabera, nahiz eta batez besteko joera egonkorra izan.

Haize nagusiak egurats presioaren araberakoak dira. Leku batetik bestera izaten diren presio aldeak mugakide diren eskualdeen berotze eta hozte diferentzialaren ondorioz agertzen dira batik bat, baina baita airearen mugimenduaren eraginez ere. Termikoki nahiz dinamikoki sortuak diren presioen arteko alde horiek dira airearen mugimenduen abiapuntu. Hala ere, Lurraren errotazioak sortutako itxurazko desbideratzeagatik, airea ez da zuzen-zuzenean mugitzen presio handietatik presio apaletarantz. Itxurazko desbideratze horizontalak edo Coriolisen indarra deritzanak erloju orratzen arabera desbideratzen ditu haizeak Ipar Hemisferioan, eta kontra Hego Hemisferioan.

Hiru zirkulazio-gune bereizten dira ekuatorearen eta lurburu bakoitzaren artean:

  • Lehenengo gunea Hadley zelularena da, Ekuatorearen eta 30 gradu (I eta H) artean dagoena, non ipar-ekialdeko haize erregularrak aurkitzen diren ipar hemisferioan eta hego-ekialdetik hegoaldekoan: alisioak edo Ekialdeko haizeak. Nabigatzaileek aspalditik erabili izan dute haize egonkorreko eremu hau ozeanoak zeharkatzeko.
  • Bigarren gunea Ferrel zelularen da eta latitude ertainetan dago, 30 eta 60 gradu (I eta H) artean. Depresio-sistema iragankorrak ditu ezaugarri eta Mendebaldeko haizeak dira nagusi.
  • Hirugarren gunea zelula polarrek osatzen dute eta 60 gradutik gora daude (I eta H), lurburuetaraino. Haizeak ekialdetikoak dira.

Hiru eremu horien artean, 6 eta 15 km arteko altitudean, jet stream izeneko haize-lasterrak daude, planetaren inguruan ekialderantz dabiltzanak eta frontogenesiaren eragile nagusi direnak.

Profil bertikalaren aldaketa aldatu

 
Coriolis indarrak eragindako desbideratzea, ipar hemisferioan. Urdinez, gradiente indarra; gorriz, Coriolis indarra; eta beltzez, emaitza.

Lehen hurbilketa batean esan daiteke, aireak presio-gradientearen eta Coriolis indarraren eragina jasaten dituela, eta airearen mugimendua bi indar horien arteko orekaren ondorio dela. Oreka geostrofiko horren ondorioz, beraz, airea isobarekiko paraleloan mugitzen da, eta, aurrera egin ahala, ipar hemisferioan goi-presioko guneak eskuinean uzten ditu. Lurrazaletik gertu, ordea, oreka hori nolabait ere hautsi egiten da lurrazalarekiko marruskaduraren eraginez, eta, berriro ere, egokitu egiten da: haizearen abiadura moteldu egiten da, eta jobidea ere aldatu egiten da, halako moldez ezen haizeak isobarak moztu eta behe-presioko eremuetarantz bideratzen baita.

Lurrazalaren erliebearekiko marruskaduraren eragina ez dago erliebearen baitan soilik, une bakoitzeko eguraldi bereziak ere badu eraginik.

Haizea bizi dabilelarik, zerua hodei geruza ez oso handiak estaltzen duenean, airearen abiadura lurrazalaren mailan 0 izatetik, 300-500 metroko garaieran balio geostrofikoa izatera hel daiteke, garaierarekin haizea erlojuaren orratzen norabidean mugitzen delarik. Udan, eguzkiaren intsolazioa gorena denean, lurrazalarekiko marruskadura garaiera polit bateraino nabaritzen da (1000-2000 m), eta gainera, airea lurrazaletik igoarazten duten konbekzio-korronteek areagotu egiten dute marruskaduraren efektu hori. Arrazoi horregatik beragatik, haizearen batez besteko abiadura ia konstantea izan ohi da atmosferaren lehen 1000 metroetan, garaieraren jobidean aldaketarik nabaritu gabe. Gauean, batez ere oskarbi denean, atmosferaren beheko aldean ia ez da haizerik ibiltzen, eta haizea, erliebearen sakonunetarantz erakartzen duen grabitate-efektuak soilik harroarazten du.

Neurketa aldatu

 
Haize-mahuka haize erauntsiarekin.

Haizea deskribatzeko, bi magnitude ezagutu behar dira: norabidea eta intentsitatea edo lastertasuna.

Norabidea aise mugatzen da haize orratz baten bidez, guztiz ezaguna baita eraikinen teilatuetan egoten delako. Haizearen norabidetzat haize horrek duen jatorria hartzen da, eta, hortaz, ekialdeko haize bat ekialdetik dator, baina haizearen mugimenduaren norabidea mendebaldekoa da: haize arrosan biltzen diren 32 norabideetan oinarriturik adierazten da hori, edo gradutan bestela, erloju orratzen noranzkoan graduatutako zirkulu baten gainean neurtuz gradu horiek eta 360° balioa ipar norabidean ipinita. Behe hodeien mugimendua haizearen norabidearen adierazle bikaina da, batere tresnarik gabe ikus daitekeena.

Intentsitateak haizearen lastertasuna adierazten du eta lastertasun banakoetan neurtzen da. Lur mailan, itsasoan eta altitudean, haizea kilometro orduko, metro segundoko edo korapilotan neurtzen da. Korapilo bat itsas milia bat orduko da edo, beste era batera esanda, 1,853 km/h.

Haizearen indarra edo lastertasuna anemometro baten bitartez neurtzen da. Estazio meteorologikoek zuzeneko neurketak egiten dituzte lehorrean edo itsasoan, abiadura anemometroen bidez eta noranzkoa haize-orratz edo haize-mahukaren bidez. Anemometro mekanikoak ontzitxo ahurrez osatuak daude, zeinak ardatz baten inguruan biratzen diren haizeak jotzen duenean. Badira beste bertsio batzuk ere, horien artean termistorez osatuta daudenak, non aire fluxuaren abiaduraren arabera tenperatura aldaketa neurtzen duen.

Eskalak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Beaufort eskala»

Haizeak sailkatzeko eskala asko daude, eta ohikoena Beaufort eskala da, historikoki marinelek erabilitakoa. Neurketa-eskala enpiriko bat da, 13 gradu dituena (0tik 12ra), haizearen batez besteko abiadura adierazten duena 10 minututan. Hasiera batean, Beaufort eskala itsasoaren egoera bati dagokio, haizearen batez besteko abiadura tarte bati lotua. Nahiz eta gaur egun abiadura hori zehaztasun osoz neurtu daitekeen anemometroaren bidez, erabilgarria izan daiteke itsasoan abiadura hori estimatzea, haizeak itsas azalean dituen efektuen behaketa hutsa erabiliz.

Beauforten zenbakia Haizearen abiadura (km/h) Korapiloak (itsas-miliak/h) Izendapena Itsasoaren egoera Eraginak lehorrean
0 0tik - 1era < 1 Barealdia Garbi Barealdia, kea bertikalean igotzen da
1 2tik - 5era 1etik - 3ra Haize bereziki ahula Olatu txikiak, baina bitsik gabe Keak haizearen norabide adierazten du
2 6tik - 11ra 4tik - 6ra Oso ahula (Haize oso ahula) Beira-itxurako olatuen gandorrak, apurtu gabe Zuhaitzen hostoak mugitzen dira, errotak mugitzen hasiak daude
3 12tik - 19ra 7tik - 10era Ahula (Haize ahula) Olatu txikiak, gandor hauskorrak. Hostoak mugitzen dira banderak haizean dabiltza.
4 20tik - 28ra 11tik - 16ra Haize alaia Ardi zuriak ugari, olatu gero eta luzeagoak Hautsa eta orriak aireak darabiltza, zuhaitzen adaburuak mugitzen dira
5 29tik - 38ra 17tik - 21era Haize hozkirria Olatu ertainak eta luzangak, ardi zuri asko Zuhaitzetan mugimendu txikiak, aintziretako azalera izurtua
6 39tik - 49ra 22tik - 27ra Haize gogorra Olatu handiak egoten hasten dira, gandor hauskorrak, bitsa Zuhaitzen adarrak mugitzen dira, aterkia irekita izateko zailtasuna.
7 50etik - 61era 28tik - 33ra Haize oso gogorra Itsaso zakarra, bitsa haizearen norabidean eramanez Zuhaitz handiak mugitzen dira, haizearen kontrako norabidean ibiltzeko zailtasuna
8 62tik - 74ra 34tik - 40ra Ekaitza Olatu handi hauskorrak, bits lerroak Zuhaitzen adaburuak hausten dira, zirkulazio arazoak pertsonentzat
9 75etik - 88ra 41etik - 47ra Ekaitz indartsua Olatu oso handiak, hauskorrak. Ikuspena gutxitua Zuhaitzetan kalteak, ezinezkoa haizearen kontrako norabidean ibiltzea
10 89tik - 102ra 48tik - 55era Ekaitz gogorra Olatu oso handiak, gandor hauskorrekin. Itsasoaren azalera zuria. Errotik ateratako zuhaitzak, eraikuntzen egituretan kalteak
11 103tik - 117ra 56tik - 63ra Ekaitz oso gogorra Olatu bereziki handiak, itsasoa erabat zuria, ikuspen oso eskasa Eraikuntzetan, teilatuetan eta zuhaitzetan kalte handiak
12 + 118tik +64ra Urakan-ekaitza (Urakana) Olatu bereziki handiak, itsaso zuria, ikuspenik gabe Eraikuntzetan, teilatuetan eta zuhaitzetan kalte handiak eta euria.

Fujita eskalak tornadoen indarra sailkatzen du, eragindako kalteen arabera, batez ere Estatu Batuetan erabilia. 2007ko udatik aurrera, Hobetutako Fujita eskalak ordeztu zuen (Enhanced Fujita scale), jatorrizko eskalako ahuleziak konpondu ondoren.

Azkenik, Saffir-Simpson eskala, zikloi tropikalak (tifoi eta urakanak) neurtzeko erabilia. Bost intentsitate-mailatan dago banatua, haize-abiadura normalizatuen tarteekin. Maila ezartzeko, haizearen abiadura minutu batez neurtzen da 10 metroko altueran.

Energia eolikoa aldatu

 
Haize-sorgailuak
Sakontzeko, irakurri: «Energia eoliko»

Haize-energiaren erabilera oso sinplea da. Eguzkiak Lurra berotzen du, baina lurrazalaren forma irregularren eraginez, tenperatura desberdineko aire-masak sortzen dira, hots, dentsitate eta presio desberdinekoak. Desberdintasun horiek alde baterako eta besterako korronte horizontalak sortzen dituzte, hots haizea sortzen dute. Eta haize horren abiadurak (energia zinetikoa) higiaraziko ditu bere bidean jarritako errotaren palak.

Haizea eta gizakia aldatu

Erlijioa aldatu

 
Fūjin, haizearen jainkoa japoniar mitologian.

Izadiko indarra den heinean, kultura askotan haizea jainkotu egin izan da

Aisia aldatu

Haizea, batzuetan, oinarrizko elementua da aisialdian, hala nola denbora-pasan parpailekin, itsas kiroletan (kitesurfa, windsurfa) edo baloi aerostatikoetan. Xaboi burbuilek ere haize arina behar dute erabili ahal izateko, jostailuzko haize-errotak edo maleta-belaontziek bezalaxe.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g h i Haize Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 21-02-02)
  2. Haizea[Betiko hautsitako esteka] Euskalmet webgunean, Euskal Meteorologia Agentzia (kontsulta: 2021-2-4)
  3. (Ingelesez) F. von Richthofen. (1882). On the mode of origin of the loess. , 293–305 or..
  4. Haize Euskaltzaindiaren pertsona-izenen zerrendan, onomastika batzordea (kontsulta: 2021-02-02)
  5. [1] Euskaltzaindiaren pertsona-izenen zerrendan, onomastika batzordea (kontsulta: 2021-02-02)
  6. a b c Gotzon Aurrekoetxea. (2000). Haizeen izendapenak ahozko hizkeran.. Udako Euskal Unibertsitatea, 93-107 or..
  7. a b c Ipar Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 2021-02-05)
  8. Zirkulazio atmosferikoa ZTH zientzia eta teknologiaren hiztegi entziklopedikoan, Elhuyar, Sinonimoa da atmosferako zirkulazioa. (kontsulta: 210208).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu