Antizikloia[1] edo goi presioko gunea inguruko presio atmosferikoa baino handiagoa duen gunea da; haren inguruan haizea biraka mugitzen da, ipar hemisferioan eskuinetara eta hego hemisferioan ezkerretara. Presio horren eraginez, airea beherantz mugitzen da poliki, errotazio mugimendu batez, era horretara presioa erdialdetik ertzetarantz banatzen dela. Antizikloian bertan eguraldia egonkorra izan ohi da; udan oskarbi izaten da, baina neguan lainotsu.

Ezaugarriak

aldatu
 
Ezohiko antizikloia hegoaldeko Australian, 2012ko irailaren 8an. Hego Hemisferioan dagoenez, haizea erloju-orratzen aurkako noranzkoan mugitzen da.

Antizikloiak edo presio handiak sortzen diren atmosferako eremuetan, garaiera bereko inguruko guneetakoa baino handiagoa izaten da presioa. Poliki higitzen dira, eta depresioek baino gehiago irauten dute. Erdiguneko presio gradientea txikia izan ohi da. Ipar Hemisferioan, haizeak, biratzean, erlojuaren orratzen aldeko noranzkoa hartzen du, eta Hego Hemisferioan, berriz, alderantzizkoa. Oro har, zeru oskarbiak eta eguraldi ona eta egonkorra ekartzen dituzte.

Antizikloien egitura dinamikoa da, eta ezaugarri hauek ditu: goiko geruzetan konbergentzia horizontala izaten da, beheko geruzetan dibergentzia horizontala; airea beherantz higitzen da, oso poliki, ia troposfera osoan zehar, batik bat erdialdean (6 eta 1,5 kilometroko artean). Hondoratze edo beheranzko higidura horren bidez, batez beste, kilometro bat egiten du egunero, baina litekeena da, baita, hogeita hamar metro edo gutxiago ere egitea, sistemaren ahalmenaren arabera, alegia. Jaisterakoan, airea trinkotu egiten da eta, horren ondorioz, berotze adiabatikoa sortzen da: airea bertikalean higitzeagatik berotzen da, ez baitu ez berorik galtzen ez bereganatzen.

Berotze adiabatikoaren ondorioz, hezetasun erlatiboa (hau da, airearen maila higrometrikoa; aireak benetan duen ur lurrunaren eta, tenperatura berean, asea balego, izango lukeenaren arteko erlazioa) gutxitu egiten da, eta gainera, inbertsio termiko handia ere izaten da askotan (zenbat eta gorago, gradiente adiabatikoaren arabera, tenperaturak gora egiten du, behera egin beharrean), oinarria lurretik 500 bat metrora kokatzen dela.

Aipatzekoa da bestalde antizikloiek atmosfera erabat egonkortzen dutela. Eguraldi ona ekartzen dute, aldaketarik edo prezipitaziorik gabekoa, egunak eguzkitsuak izaten dira eta gauak izartsuak. Baina badira, ordea, kontuan hartu beharreko zenbait gorabehera ere. Udan ozeanoen gainean sortutako presio handiek lanbroa eta lainoak sorrarazten dituzte maiz kostaldean, hezetasuna handia baita han. Eremu kontinentalen gainean sortutako presio handiek, berriz, oso eguraldi lehorra eta beroa ekartzen dute. Horrela, tenperaturak oso altuak izaten dira tropikoetatik hurbil: eguzki izpiek lurra etengabe berotzen dutenez, depresio termikoak sor daitezke. Neguan antizikloiek eguraldi lehorra eta hotza ekartzen dute beti; gaueko irradatzeak are gehiago hozten du gainera, eta lainoak eta izozteak oso ohikoak izaten dira gauean. Lurra hainbeste hozten denez, inbertsio termikoak ere maiz izaten dira. Bestalde, atmosferan zatiki kutsagarri asko metatzen denean, antizikloiarekin, kutsadura handitu egiten da gehienetan: horixe gertatzen da, hain zuzen, hiri handietan edo eremu industrialetan.

Antizikloi motak

aldatu
  • Antizikloi termikoa, inguruko airea baino hotzagoa dagoen aire-masaren jaitsiera da. Eguraldi idor, eguzkitsu eta hotza sortzen du. Era horretakoak dira Siberian eta Kanadako iparraldean sortzen diren antizikloiak.
  • Antizikloi dinamikoa, airearen jaitsiera da aire-masen adbekzioaren eraginez. Eguraldi idor, eguzkitsu eta beroa sortzen du. Tropikoen inguruan kokatutako presio handiko gune iraunkor indartsuen jatorria dinamikoa da.

Erreferentziak

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu