Ginea Bissau
- Artikulu hau Afrikako estatuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ginea (argipena)».
Ginea Bissau[1] (portugesez: Guiné-Bissau, fulaz: 𞤘𞤭𞤲𞤫 𞤄𞤭𞤧𞤢𞥄𞤱𞤮, Gine-Bisaawo, mandingeraz: ߖߌߣߍ ߺ ߓߌߛߊߥߏ߫, Gine-Bisawo), izen ofiziala Ginea Bissauko Errepublika (portugesez: República da Guiné-Bissau, /ʁeˈpublikɐ δɐ ɣiˈnɛ βiˈsaw/ ahoskatua), mendebaldeko Afrikako estatu burujabea da. Iparraldean Senegal du, Ginea ekialdean eta hegoaldean, eta Ozeano Atlantikoa mendebaldean. 36.125 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2018an 1,6 milioi biztanle zituen.[2] Hiriburua Bissau da.
Ginea Bissauko Errepublika | |||
---|---|---|---|
República da Guiné-Bissau | |||
Ereserkia: Esta é a Nossa Pátria bem Amada (en) | |||
Goiburua: Unidade, Luta, Progresso ("Batasuna, Borroka, Aurrerapena") | |||
| |||
Geografia | |||
Hiriburua | Bissau 11°51′33″N 15°35′44″W | ||
Azalera | 36.125 km² | ||
Punturik altuena | Monte Torin (en) (300 m) | ||
Punturik sakonena | Ozeano Atlantikoa (0 m) | ||
Kontinentea | Afrika | ||
Mugakideak | Ginea eta Senegal | ||
Administrazioa | |||
Ginea Bissauko presidentea | Umaro Sissoco Embaló (en) | ||
Legebiltzarra | National People's Assembly (en) | ||
Harreman diplomatikoak | Ikusi mapa Wikidatan | ||
Zeren kide | ikusi
| ||
Demografia | |||
Biztanleria | 1.861.283 | ||
Dentsitatea | 51,52 bizt/km² | ||
Hizkuntza ofizialak | ikusi
| ||
Erabilitako hizkuntzak | ikusi
| ||
Ezkontzeko adina | genero guztiak: 18 | ||
Emankortasun-tasa | 4,835 (2014) | ||
Eskolaratu gabeko umeak | 201.430 (2000) | ||
Bizi-itxaropena | 59,86 (2022) | ||
Giniren koefizientea | 34,8 (2018) | ||
Giza garapen indizea | 0,483 (2021) | ||
Ekonomia | |||
Moneta | West African CFA franc (en) (F) | ||
BPG nominala | 1.346.933.490,2358 $ (2017) | ||
BPG per capita | 723 $ (2017) | ||
BPG erosketa botere paritarioa | 3.171.311.962 nazioarteko dolar (2017) | ||
BPG per capita EAPn | 1.703,831 nazioarteko dolar (2017) | ||
BPGaren hazkuntza erreala | 5,2 % (2016) | ||
Inflazioa | 1,6 % (2016) | ||
Historia | |||
Sorrera data: 1974 | |||
Bestelako informazioa | |||
Aurrezenbakia | +245 | ||
ISO 3166-1 alpha-2 | GW | ||
ISO 3166-1 alpha-3 | GNB | ||
Ordu eremua | ikusi
| ||
Elektrizitatea | 220 V. 50 Hz.europar loki | ||
Internet domeinua | .gw | ||
gov.gw |
Geografia
aldatuMugak
aldatuGinea Bissau mendebaldeko Afrikan dago, ipar latitudeko 11° eta 13° artean, eta mendebaldeko longitudeko 13° eta 17° artean. Senegalekin du muga iparraldean, Ginearekin ekialdean eta hegoaldean, eta Ozeano Atlantikoa du mendebaldean; bertan daude Bijagos uharteak.
Erliebea
aldatuLurralde laua da, garaixeagoa barrualdean (muinoak eta goi-ordokiak), oihanez estalia gehiena. Gunerik garaiena Boéko muinoak dira (361 metro). Hiru eskualde nagusi bereiz daitezke:
- Kostaldeko ordokia eta padurak, mangladiz eta palmondo sailez estaliak; lurraldeko parterik euritsuena da, eta bertan arroza eta azukre-kanabera lantzen dira.
- Barnealdeko ordokia, Geba ibaiaren eta Senegalgo mugaren arteko lurrak hartzen dituen oihana; 26-27 °C arteko tenperatura izaten da, batez beste, eta kostaldean baino euri gutxiago egiten du.
- Senegal eta Ginea ondoko sabana; lurralde horretako aldi lehorra (azaroa-apirila bitartean) besteetakoa baino nabarmenagoa izaten da; bertan sorgoa, artatxikia, eta kotoia lantzen dira.
Hidrografia
aldatuIbai nagusiak Cacheu, Mansoa, Geba eta Corubal dira; euri sasoian itsasontziak ibil daitezke ibai horietan barrena.
Klima
aldatuKlima tropikala da, beroa eta hezea. Bi urtaro daude, euritsua ekainetik azarora, eta lehorra abendutik apirilera. Urtaro lehorrean harmattanak jotzen du.
Historia
aldatuXIII. mendean, Ginea Bissauko kostaldeko herriak (balanta, papel, manjak) nekazariak ziren. Maliko Inperioak mendean hartu zituen. XV. mendearen bukaeran, portugaldarrak kostaldean finkatu ziren, helburu birekin: batetik, bertako biztanleak esklabo hartu eta Cabo Verdeko uharteak kolonizatzeko erabiltzea eta, bestetik, Ameriketan saltzea. 1687. urtean, gotorlekua eta esklaboen salerosketarako gune bat eraiki zuten Bissaun. Portugaldarrak frantsesen eta britainiarren kontra lehiatu ziren koloniaren jabetasuna zela eta, azkenean, frantsesek eta portugaldarrek elkar harturik Ginea Portugesa izan zenaren mugak zedarritu zituzten 1886-1905 bitartean.
1956. urtean, Ginea eta Cabo Verderen Independentziarako Afrikako Alderdia (PAIGC) sortu zuen Amílcar Cabralek eta, urte batzuk geroago, Portugalen kontrako gerrari ekin zion alderdi horrek berak. 1973ko urtarrilean, Amílcar Cabral hil zuten.[3] Urte bereko irailaren 23an, Ginea Bissauk burujabetasuna aldarrikatu zuen, eta hurrengo urtean onartu zion Portugalek. Luís Cabral, PAIGCen idazkaria, hautatu zuten presidente.
1980ko azaroan, Joao Bernardo Vieirak indarrez hartu zuen aginpidea. 1981eko urtarrilean, Cabo Verde Ginea Bissautik banandu zen. 1984. urtean, huts egin zuen estatu kolpe batek eta konstituzio berria onartu zen. Konstituzio horrek aginduta, lehen ministro kargua kendu zen eta Herri Biltzar Nazionala eta Estatuko Batzordea ezarri ziren berriro. 1984az geroko egonkortze planak porrot egin zuen eta ekonomiaren eta finantzaren egoerak nabarmen egin zuen txarrera. Horri aurre egiteko, gobernuak izoztu egin zituen soldatak, murriztu egin zuen inbertsio publikoa, eta ekonomiak ateak zabaldu zizkion Portugalgo eta Frantziako kapitalari.
1991n, GCIAAk erreforma politiko bat onartu zuen: haren arabera, hauteskundeak 1992an egin behar ziren baina, ezegonkortasun ekonomiko eta politikoaren ondorioz, gobernuak atzeratu egin zituen eta 1993an ere bai. Azkenik, 1994an, Joao Bernardo Vieirak Kumba Ialá garaitu zuen: haiek ziren presidentetzarako eta parlamenturako alderdi anitzeko lehenengo hauteskundeak. 1998an, borroka larriak izan ziren herrialdean Ansumane Mané jeneral matxinoaren eta Vieiraren gudarostearen artean.[4] Azkenik, hiriburuko biztanle gehienek ihes egin ondoren, su-etena izenpetu zuten.[5]
2003an, Veríssimo Correira Seabra jeneralak estatu kolpe bat zuzendu zuen. Batzorde militar batek behin behineko agintariak izendatu zituen, hurrengo hauteskundeak deitu bitartean. Soldaduen matxinada batek gudarosteko ofizialak hil zituen 2004an. Sei urtean erbestean egon ondoren, 2005eko apirilean Joao Bernardo Vieira lehendakari ohia herrialdera itzuli eta, handik bi hilabetera, hauteskundeak irabazi zituen. 2007an, diputatu ofizialista talde bat gobernuko alderditik bereizi eta beste koalizio bat osatu zuen. Aristides Gomes lehen ministroak uko egin zion karguari, eta Martinho Ndafa Kabik, oposizioaren buruak, ordeztu zuen, kontsentsuko gobernu bat osatzeko asmoz.
2009ko martxoaren 2an, armadako kide batzuek Joao Bernardo Vieira presidentea hil zuten. Itxura guztien arabera, mendekua izan zen, egun bat lehenago, Batista Tagme Na Waie armadako burua hil zuten, eta Zamora Induta armadako ordezkariak Na Waieren hilketan zerikusia izatea leporatu zion presidenteari.[6] Hura ordezteko hauteskundeak ekainaren 28an egin ziren, eta Malam Bacai Sanhá irabazle atera zen. 2011ko abenduan, Armadaren zati bat estatu kolpea egiten saiatu zen: Armada bitan zatitu zen, eta hiriburuan bi bandoen artean liskarrak piztu ziren. Kolpearen arduradunak atxilotu eta gero, egoera kontrolpean zeukala adierazi zuen gobernuak.[7]
2012ko urtarrilaren 9an, Malam Bacai Sanhá presidentea hil zen, Parisen. Ospitaleratuta zegoen han, gaixotasun baten ondorioz.[8] Raimundo Pereira izendatu zuten jarduneko presidente, eta bera izan zen hautagairik bozkatuena martxoaren 18an egindako hauteskundeen lehen itzulian. Apirilaren 29an zen egitekoa bigarren itzulia, baina bi aste lehenago militar talde batek estatu kolpea jo zuen. Golpistek Pereira atxilotu zuten, eta Manuel Serifo Nhamadjo presidente izendatu.[9][10] José Mário Vazek irabazi zituen 2014ko bozak, eta 2020ko otsailera arte izan zen errepublikako presidentea. Umaro Sissoco Embaló izan zuen ondorengo.
Gobernua eta administrazioa
aldatuPolitika
aldatu1984ko konstituzioaren arabera, errepublika erdi-presidentzialista da; presidentea da estatuburua, eta lehen ministroa gobernuburua. Parlamentuak ganbera bakarra du: Herri Biltzar Nazionala (portugesez: Assembleia Nacional Popular), 102 kidez osatua.[11]
Banaketa administratiboa
aldatuGinea Bissau zortzi eskualde (singularrean, região; pluralean, regiões) eta eremu autonomo batean banaturik dago.
Eskualdea | Hiriburua | Eremua[2] (km²) |
Biztanleria (2009ko errolda)[2] |
---|---|---|---|
Bafatá | Bafatá | 5.981 | 210.007 |
Biombo | Quinhámel | 840 | 97.120 |
Bissau | Bissau | 78 | 387.909 |
Bolama | Bolama | 2.624 | 34.563 |
Cacheu | Cacheu | 5.175 | 192.508 |
Gabu | Gabu | 9.150 | 215.530 |
Oio | Bissorã | 5.403 | 224.644 |
Quinara | Fulacunda | 3.138 | 63.610 |
Tombali | Catió | 3.736 | 94.939 |
Ginea Bissau | 36.125 | 1.520.830 |
Demografia
aldatuBiztanleria
aldatu2020an 1,6 milioi biztanle zituen.[2] Oso biztanleria gaztea da: 0-14 urte bitartekoak, % 43,2 dira; 15-24 urte bitartekoak, % 20,4; 25-54 urte bitartekoak, % 30,2; 55-64 urte bitartekoak, % 3,1; eta 65 urtetik gorakoak, % 3,1. Bizi itxaropena 62,8 urtekoa da: 60,6 urtekoa gizonezkoena eta 65,1 urtekoa emakumezkoena (2020ko zenbatespenak).[11]
Alfabetizazioari dagokionez, biztanleria osoaren % 59,9 dago alfabetatua, askoz gehiago gizonezkoak (% 71,8), emakumezkoak baino (% 48,3). Osasun egoera arrunt txarra da. Disenteria, A hepatitisa, sukar tifoidea, malaria, dengea, sukar horia, eskistosomiasia eta amorrua, besteak beste, ohiko eritasunak dira, eta HIESaren prebalentzia % 3,4 da (2019). Haur hilkortasuna handia da: 1.000 jaioberritik 52 hiltzen dira. 13 sendagile daude 100.000 pertsonako.[11]
Banaketa etnikoa
aldatuEtnia ugari bizi dira. Balantak (biztanleriaren % 22,5), manjakak (% 8,3) eta papelak (% 9,1) kostaldeko lurretan bizi dira eta nekazaritza dute bizibide; barnealdean, berriz, fula etniako artzainak (% 28,5), eta malinke nekazariak (% 14,7), 2008ko zenbatespenaren arabera.[11]
Hizkuntzak
aldatuHizkuntza ofiziala portugesa da, baina bigarren edo hirugarren mintzaira izan ohi da gehienentzat. Hizkuntzarik hedatuena portuges kreolera (portugesez: criouloa) da, bertako zenbait hizkuntzaren sintaxia eta hiztegia darabilen portuges dialektoa. Balantera, fula, mandinkera, manjakera ere hitz egiten dira.[12]
Erlijioa
aldatu2008ko zenbatespenaren arabera, musulmanak dira biztanleen % 45, kristauak % 22, eta % 15 erlijio tradizionalen jarraitzaileak.[11] Musulmanak gehiengoa dira iparraldean eta ekialdean, eta kristauak kostaldean.
Hiri nagusiak
aldatuEkonomia
aldatuPortugalen aurkako gerrak erabat suntsitu zituen Ginea Bissauko produkzio bideak. Herrialdeak askatasuna lortu zuen, baina munduko estatu pobreenetako bat bihurtu zen. Oinarrizko ekonomia jarduerak nekazaritza eta abere hazkuntza dira. Kostaldean olio-palmondoa, kokoa eta arroza dira nagusi eta barnealdean abere hazkuntza (behiak eta txerriak). Esportazio gai nagusia anakardoa da. Lurraldeko % 55 basoa da, eta bertatik ateratzen den zurik gehiena erregai gisa erabiltzen da; hala ere, zur gogorreko bissilom izeneko zuhaitza dago eta hura esportatu egiten da.
Ginea Bissauko itsasoa aberatsa da arrainetan. Bertakoek arrantza tradizionala egiten dute, baina arrantza industriala Europar Batasuneko eta Txinako enpresen eskuetan dago.[13] Industria apurra nekazaritzako gaiak eraldatzeko jarduerekin lotuta dago. Mea baliabideak daude, baina oraindik behar bezala ustiatu gabe: bauxita, fosfatoak eta petrolioa (Ginea Bissauri dagokion itsas barrutian).
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014-6-8 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ a b c d e Ginea-Bissau: Regions, Cities & Urban Places. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2020-12-25).
- ↑ Larresoro. Amilcar Cabral hil dute. Zeruko Argia, 1973ko otsailak 18, jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-26).
- ↑ Gambiako bitartekariak Ginea Bissau utzi du borrokak gogortu eta gero. Euskaldunon Egunkaria, 1998ko ekainak 20, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-25).
- ↑ Gobernuak eta matxinoek bakea hitzartu dute ezustean. Euskaldunon Egunkaria, 1998ko azaroak 3, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-25).
- ↑ Ginea Bissauko presidentegai bat eta Defentsa ministro ohia hil dituzte. Berria, 2009ko ekainak 5, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-25).
- ↑ Ginea Bissauko estatu kolpe saioaren egileak atxilotu egin dituzte. Berria, 2011ko abenduak 27, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-25).
- ↑ Ginea Bissauko presidente Malam Bacai Sanha hil da. Berria, 2012ko urtarrilak 10, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-25).
- ↑ Militar talde batek Ginea Bissauko presidentea bahitu du hiriburuan. Berria, 2012ko apirilak 14, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-25).
- ↑ Ginea Bissaun presidente berria izendatu dute. Berria, 2012ko apirilak 21, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-25).
- ↑ a b c d e Ginea-Bissau. CIA - World Factbook, cia.gov (Noiz kontsultatua: 2020-12-25).
- ↑ Berriaren Estilo Liburua: Ginea Bissau. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-26).
- ↑ Guinea-Bissau Wants Fisheries Agreement With China. China Lusophone Brief, 2020ko ekainak 15, clbrief.com (Noiz kontsultatua: 2020-12-26).
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) Webgune ofiziala, guinebissaurepublic.com
- (Ingelesez) Guinea-Bissau country profile, bbc.com