Nerbio bago

Bizkarrezur-erraboiletik ateratzen den nerbio kranialetako bat, 12 pareetatik hamargarrena; faringea, hestegorria, laringea, trakea, bronkioak, bihotza, urdaila eta gibela inerbatzen ditu

Nerbio bagoa edo nerbio pneumogastrikoa lat. nervus vagus, hamabi nerbio kranialetako hamargarren bikotea da. Entzefalo enborraren erraboil mailan oliba atzeko ildotik ateratzen da eta faringea, hestegorria, laringea, bronkioak, bihotza, urdaila, hesteak (zeharkako kolonaren lehenengo bi herenak arte), barea, pankrea eta gibela... hots, goiko arteria mesenterikoak odoleztatzen duen maila arteko erraiak inerbatzen ditu. Nerbio-sistema autonomoko nerbio garrantzitsua da. Gorputzean aurkitzen den nerbiorik luzeena da.

Nerbio bago
Nerbio glosofaringeo, nerbio bago eta nerbio osagarria goiko aldearen irudia Irudi gehiago
Xehetasunak
Identifikadoreak
Latineznervus vagus
MeSHA08.800.050.600.825, A08.800.800.060.920 eta A08.800.800.120.900 A08.800.050.050.925, A08.800.050.600.825, A08.800.800.060.920 eta A08.800.800.120.900
TAA14.2.01.153
FMA5731
Terminologia anatomikoa
Nerbio bagoaren zuntzak oliba atzeko ildotik ateratzen.https://www.ehu.eus/eu/web/anatorama/home

Jatorria

aldatu

Nerbio bagoa osatzen duten zuntzak hainbat nukleo desberdinetatik ateratzen/sartzen dira:

 
Nerbio bagoaren hainbat zuntz nukleoetatik irteten edo sartzen. https://www.ehu.eus/eu/web/anatorama/home
  1. Nerbio bagoaren bizkarraldeko nukleoa, axoi eferente parasinpatiko presinaptikoak bidaliko bideratuko ditu torax eta abdomeneko erraietara.
  2. Nukleo anbiguoa, axoi eferenteak bideratuko ditu laugarren eta seigarren arku faringeotatik ateratako muskuluetara.
  3. Nukleo bakartiara, dastamenaren aferentzia sentsitiboak eta nerbio bagoak eferenteki inerbatutako erraien aferentzia sentsitiboak iritsiko dira nukleo honetara.
  4. Nerbio trigeminoaren bizkarrezur-muin nukleora, belarriaren inguruko ukimenaren, minaren, tenperaturaren, aferentzia sentsitiboak iritsiko dira.

Ibilbidea

aldatu

Nukleoetara iristen diren zuntz aferente eta eferenteak beheko oliba atzeko ildotik atera edo sartuko dira. Zuntz hauek ildo honen kanpoaldean elkartu eta nerbio bagoa sortuko dute. Nerbioak burmuinetarantz joko du, zulo magnotik garezurrera sartzen da. Behin garezur barruan dagoenean, nerbio akzesorioa hurbiltzen zaio eta honekin batera burezurretik zulo jugularraren bidez ateratzen da. Zulo jugularretik ateratzerakoan, barneko karotidarekin eta barneko zain jugularrarekin, lepoko pakete baskulonerbiosoa osatuko dute. Pakete baskulonerbioso hau eskanoen triangeluaren barnetik joango da eta kutxa torazikoan sartuko da. Torax kutxaren barnean, ezkerraldeko eta eskuinaldeko nerbioak ibilbide desberdinak hartuko dituzte:

  • Ezkerreko nerbio bagoa, ezkerreko karotida eta subklabiarekin sartzen da kutxa torazikora. Aorta makoaren mailan, laringearen nerbio atzerakaria adarra emango du. Adar hau eman ondoren, beherantz eta aurrerantz joko du, hestegorriaren aurrean kokatuz, hestegorriko plexua sortuz. Ezkerreko nerbio bago izatetik aurreko nerbio bago izango da.
  • Eskuineko nerbio bagoa, eskuineko subklabiaren aurretik gurutzatzen da; eta maila honetan, eskuineko nerbio laringeo atzerakaria adarra emango du. Ondoren beherantz eta atzerantz bideratuko da, atzeko nerbio bago bihurtuz. Eskuineko biriketako hilioaren atzetik pasatzen da eta hestegorriaren atzealdean kokatuko da. Atzeko hestegorriko plexu nerbiosoa osatuz.

Behin toraxean hestegorriaren aurreko eta atzeko nerbioek adar desberdinak ematen dituzte plexua osatzen duten bitartean. Behin torax kutxa gurutzatzean, hestegorriaren hiatoaren bidez abdomen barruan sartzen da. Behin abdomenaren barnean, ezkerreko nerbioak urdaila inerbatzen du eta eskuineko nerbioak plexu zeliakoa osatuko dute; hemendik abdomeneko erraiak inerbatzeko. Zeharkako kolonaren bigarren herenaren mailara arte zehazki.

Adarrak

aldatu

Ibilbidean zehar hainbat adar emango ditu (nerbioaren sorlekutik):

  • Belarrirako adarra (Arnold-en adarra).
  • Faringe adarra.
  • Goiko laringeoa.
  • Adar kardiakoak.
  • Beheko idun adarra.
  • Nerbio atzerakaria.
  • Kardio-Torax adarrak.
  • Biriketako plexuko adarrak.
  • Hestegorriko nerbio plexuak.
  • Atzeko nerbio bagoa.
  • Aurreko nerbio bagoa.

Idun mailako adarrak

aldatu
  • Mastoide nerbioa / Okzipital txikia, mastoide ingurua inerbatuko du.
  • Nerbio aurikularra, belarrik pabiloiaren inerbazioa burutzen du.
  • Lepoko azaleko nerbioa, eremu suprahioideo eta subhioideoa inerbatzen ditu.
  • Lepauztaigaineko nerbioa, toraxaren eremu goilaterala inerbatuz
  • Nerbio supraakromiala, sorbaldako akromionaren goialdea inerbatzen du.

Aferentziak

aldatu

Nerbio mixtoa kontsideratzen da; hainbat aferentzia jasotzen ditu:

  • Aferentzia sentsitiboa. Eustakioren tronpa, erdiko belarria eta glosoepiglotiko tolesturak.
  • Aferentzia parasinpatikoa. Bihotz, bronkio eta abdominaletako erraietatik.
  • Nukleo anbiguoko aferentzia. Muskulu estilo faringeotik.

Funtzioak

aldatu

Nerbio bagoak zuntz motor parasinpatikoak bidaltzen ditu idun mailatik zeharkako kolonaren lehenengo bi herenak arte dauden organo guztien muskulu leun, guruinetara.... giltzurrun gaineko guruinera izan ezik. Dena den, hainbat muskulu eskeletiko ere inerbatzen ditu, hau da, funtzio somatikoa ere badu.

Horrela, bada, nerbio bagoa da bihotz maiztasuna, digestio hodiko peristaltismoa,izerdia edota mintzairaren zein horien aldaketen eragilea. Bestalde, asetzearen sentsazioan parte hartzen du. Izan ere, nerbio bagoa mozteak hiperfagia eragiten du (etengabeko goseagatik gehiago jatea).

Guztiarekin, nerbio bagoak funtzio sinpatikoa ere betetzen du: hipoxemia egoeran (odoleko oxigeno kontzentrazioa ohikoa baino baxuagoa denean) kimiohartzaile periferikoak aktibatzen dira. Hartzaileok kitzikatu eta nerbio bagoan zehar bidaltzen dituzte estimuluak basokonstrikzioa eta presio arterialaren igoera jomugan.

Nerbio bagoa eta sistema kardiobaskularra

aldatu

Besteak beste nerbio bagoak eragindako bihotzaren inerbazio parasinpatikoak zeresan handia du sistema kardiobaskularrean. Izan ere, batetik, aurikulak eta bi noduluak (bentrikuluetan duen eragina baztergarria da) inerbatzen ditu bihotz maiztasuna motelduz baina inotropismoa mantenduz. Bestalde, gorputzeko leku zehatz batzuetako odol hodiek duten inerbazio parasinpatikoa oso nabaria da, esate baterako, sexu organo, meninge edo digestio-aparatuan. Kasu honetan, parasinpatikoaren ekintza hodi-zabalkuntza eta presio arterialaren jaitsiera dira. Dena den, sinpatikoaren eragina askoz ere nabarmenagoa izango da sistema kardiobaskularrean.

Korrelazio klinikoak

aldatu

Lesioak

aldatu
  • Faringe-adarretako lesioa: disfagia (irensteko zailtasuna).
  • Laringe-adarretako lesioa: muskulu krikotiroideoen paralisia eta, beraz, ahots ahula.
  • Nerbio laringeo atzerakariaren lesioa: ahots-korden paralisia eta disfonia.
  • Bi nerbio laringeoen lesioa: afonia.

Gaixotasun genetikoa: bagotonismoa

aldatu

Arrazoi genetikoak medio, nerbio bagoa ohi baino gehiago estimulatzen da. Arestian esan bezala, nerbio bagoak bihotz-maiztasuna txikiagotzea dakar. Beraz, behar baino gehiago estimulatzen bada, bihotzak behar baino mantsoago ponpatuko du odola, hau da, bradikardia eragingo du (bihotz maiztasuna 60 taupada/minutu baino txikiagoa izatea).

Bagoaren estimulazioa tratamendu gisa

aldatu

Nerbio bagoari korronte elektrikoaren deskargak aplikatzean datza burmuinen zati zehatz batzuk estimulatzeko helburuarekin. Horrela, hainbat efektu onuragarri lortu zirela ikusi zen. XXI. mendearen hasieran ikerlari batzuek nerbio bagoren bizkortzeak edo estimulazioak hantura prozesuak inhibitzen zituela aditzera eman zuten [1]. Horrenbestez, artritis erreumatoidea eta hantura duten beste gaitz autoimmuneak tratatzeko proposatu da nerbio bagoren estimulazio elektrikoa. Antza, nerbio horren bizkortze prozesuak zitokinen ekoizpena modulatzen du.

Orobat, hasiera batean, nerbio bagoaren estimulazioa epilepsiadun pertsonak artatzeko erabiltzen zen horien konbultsioak farmakoekin tratatu ezin zirenean. Bestalde, bagoaren estimulazioak pazientearen aldarteari era positiboan eragiten ziola ikusi zen nahiz eta ez jakin zergatik. Horregatik, hainbat ikerketaren ostean, depresioa duten eta tratamenduari erresistenteak diren pazienteei aplikatzea onetsi zen. Gaur egun, emaitzak itxaropentsuak dira eta ikerkuntzak aurrera jarraitzen du ea nerbio bagoaren estimulazioa beste gaixotasun mental zein fisikoren bat sendatzeko baliagarria den ala ez jakiteko.

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu

1. (Ingelesez) https://en.wikipedia.org/wiki/Vagus_nerve

2. (Gaztelaniaz) https://es.wikipedia.org/wiki/Nervio_vago

3. (IRUDIAK) https://www.ehu.eus/eu/web/anatorama/home

Kanpo estekak

aldatu