B hepatitis
B hepatitisa gibelean eragiten duen gaixotasun infekziosoa da, B hepatitisaren birusak (Hepadnaviridae familiakoa) eragiten duena. Gaixotasun honetan, hepatozitoen hantura eta nekrosia gertatzen dira.
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
B hepatitis | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | gaixotasun biriko kutsakorra, hepatitis birikoa, Hepadnaviridae infectious disease (en) eritasuna |
Espezialitatea | infektologia |
Arrazoia(k) | B hepatitisaren birus |
Sintoma(k) | goragalea, Ikterizia, hepatomegalia, anorexia, artralgia, oka, hepatitisa, hepatic encephalopathy (en) , acute liver failure (en) esplenomegalia |
Patogenoaren transmisioa | haemocontact transmission of pathogen (en) placental transmission (en) |
Azterketa medikoa | odol-analisi, gibeleko biopsia, Polimerasaren kate-erreakzioa ELISA |
Asoziazio genetikoa | |
Tratamendua | |
Erabil daitezkeen botikak | adefovir (en) , tenofovir alafenamide (en) , Lamibudina, tenofovir (en) , peginterferon alfa-2a (en) , entecavir hydrate (en) , bicyclol (en) eta tenofovir disoproxil (en) |
Identifikatzaileak | |
GNS-9-MK | 070.30 |
GNS-10 | B16, B18.0 eta B18.1 |
GNS-9 | 070.2 eta 070.3 |
OMIM | 610424 |
DiseasesDB | 5765 |
MedlinePlus | 000279 |
eMedicine | 000279 |
MeSH | D006509 |
Disease Ontology ID | DOID:2043 |
Gaixotasunak bi prozesu jarrai ditzake: akutua edo kronikoa. Kronikoan, zailtasunak ager daitezke: gibeleko zirrosia, gibeleko minbizia, gutxiegitasun hepatikoa, sukarra, ikterizia edota heriotza.
Epidemiologia
aldatuLarritasuna
aldatuB hepatitisa gaur eguneko munduko gaixotasunik garrantzitsuenetariko bat da. Nahiz eta hepatitis honen tratamendurako txerto segurua eta eraginkorra (% 98tik % 100erainoko eraginkortasuna duena) 1982. urtetik[1] existitu, osasun publikoko arazo handi bat da planeta osoan.
Banaketa geografikoa
aldatuB hepatitisa infektatutako pertsonaren listuaren, odolaren, semenaren edo beste gorputz-fluido baten kontaktuaren bidez kutsatzen da (horretarako, listua odolarekin kontaktuan egon behar da; adibidez, aho-zaurien edota Txantxarraren bidez).
Transmititzeko modu arruntenak definitzen du leku bakoitzeko gaixotasunaren forma kronikoaren prebalentzia.[2]
- [[Ameriketako Estatu Batuak|AEB] eta Mendebaldeko Europa: populazioaren % 2 baino gutxiago dago infektatuta. Injektatzen diren drogen erabilpen desegokia eta babesik gabeko sexu-harremanak dira transmisio-bide nagusiak.
- Ekialdeko Europa, Errusia eta Japonia: prebalentzia moderatuko zonaldeak, non populazioaren % 2 eta % 7 artean kronikoki infektatuta dagoen. Leku hauetan, arrunta da B hepatitisa umeetan aurkitzea.
- Txina eta Asiako hego-ekialdea: prebalentzia altuko zonaldeak. Erditzean gertatzen da transmisioa askotan.
- Afrika: endemizitate altuko eremua. Gutxienez populazioaren % 8 dago infektatuta. Umetan transmititzen dela kontuan hartu behar da.
VHBren prebalentziaren arteko desberdintasun horiek azaltzen dira herrialde bateko maila sozio-ekonomikoaren eta txertaketaren arteko erlazioaren bidez. Adibidez, Reunion uhartean (Frantziaren menpekoa) prebalentzia % 0,7 da, nahiz eta Indiako Ozeanoan dagoen. Baina, Madagaskarren % 16 izan daiteke, preserbatiboen erabilera eskasa eta ama-ume transmisioa direla eta.
Txertaketa zabaldu zenetik, txertoei buruzko politika faboragarria duten herrialdeetan B hepatitisaren prebalentziak behera egin du.
Nork paira dezake gaixotasuna modu kronikoan?
aldatuVHB-ren bidezko infekzioa kronifikatzeko probabilitatea hura hartzearen adinaren araberakoa da. 6 urte baino gazteagoak diren umeak daude arrisku larrienetan.
Bularreko haurretan eta ume txikietan
aldatuHurrengo neurrietan hartzen dute infekzio kronikoa:
- Bizitzako lehen urtean infektatutako bularreko haurren % 80 - % 90 artean.
- 6 urte bete baino lehen infektatutako umeen % 30 - % 50 artean.
Helduetan
aldatu- Adin helduetan infektatzen diren pertsona osasuntsuen % 5 baino gutxiagok pairatuko du gaixotasuna kronikoki.
- Infekzio kronikoa pairatzen zuten helduen % 20 - % 30 artean pairatuko dute zirrosia eta/edo gibeleko minbizia.
VHB eta GIB arteko koinfekzioa
aldatuVHBk infektatutako pertsonen % 1ek (2,7 milioi pertsona inguru) GIBa ere harrapatu dute. Bestalde, GIB positiboen artean VHBek infektatuta daudenen prebalentzia % 7,4 da. Horregatik, sintomen larritasuna edozein dela ere, 2015etik aurrera, MOEk GIBa duten pertsonak tratatzea gomendatzen du.
Etiologia
aldatuB hepatitisaren eragilea VHB birusa da eta honek infektatzeko bi bide ditu: odola eta gorputz fluidoak (esperma, baginako fluidoak).
Infekzio-bideak, beraz, honako bi hauek dira:
- Orratz edo bestelako material zorrotz bidezko lesioak.
- Odol edota dorputz fluidoen kontaktu bidez.
Bestetik, B hepatitisa pairatzeko kausak honakoak dira:
- Infektatuta dagoen pertsona batekin babes gabeko sexu harremanak izatea
- Odolarekin kontaktuan egotea (adibidez, osasungintza arloan lan egiten duten pertsonak)
- Dialisi errenala
- Orratz infektatuekin akupuntura agitea edota tatuatzea
- Drogak hartzean orratzak partekatzea
- Artikulu pertsonalak (aginetakoa, esaterako) partekatzea
- Amak haurdunaldian B hepatitisa pairatzea.Odol-transfusioak: honako hau oso kausa arraroa da, izan ere odol-transfusioak egitean emailearen odola aztertzen da eta kontrol akatsak ezohikoak dira.
- B hepatitisa zabalduta dagoen herrialdeetara bidaiatzea (zonalde endemikoetara bidaiatzea arriskutsua izan daiteke, baina prebenigarria ere).
- Kontaktuaren bidezko transmisioa: area endemikoetako umeetan gertatzen da gehien bat. Ingurune familiarrean (ama eramaileak eta umeak kontaktuan jartzean), batera jolasten duten umeen artean, haurtzaindegian, ospitaletako geletan.
- Larruazalaren jarraikortasunaren apurketa kutsatutako erremintekin. Adibidez, tatuajeekin, kosmetikoekin, ile-apainketarekin edota odontologian.
- Kasu oso arraroetan ohe-zimitzen bidez.
Hauek, ordea, ez dira B hepatitisa pairatzeko kausak[3]:
- Sukalde tresnak partekatzea
- Eskua ematea
- Besarkada edo musua ematea
- Ama-esnea hartzea
- Doministiku edo eztula egitea
- Igerileku publikoetan igeri egitea
Koadro klinikoa
aldatuB hepatitis akutua
aldatu15- 45 eguneko inkubazio epea[4] izango du. Epe hau guztiz asintomatikoa izango da, hurrengo 3-7 egunetan gaixotasun birikoen sintoma orokorrak agertuko dira:
- Nekea
- Gose falta
- Buruko mina
- Sukar baxua (38 baino gutxiago).
Hurrengo egunetan aurreko sintomak pixkanaka nagusitzen doaz, batez ere nekea, gose falta eta sukarra. Gaixo gehienek koluria (gernuaren kolore iluna), akolia (kolore argiko gorotzak) eta ikterizia (begi eta larruazalaren kolore horia) aurkeztuko dute.
Sintomak hurrengo 4-6 asteetan zehar desagertzen joango dira.
BAT-BATEKO HEPATITISA
B motako hepatitisak duen agerpen larriena[5] da, normalean heriotzean bukatzen du (% 92). Hepatitis akutuaren sintomekin hasi ohi da baina denbora oso laburrean sintoma larriagoak agertzen dira. Adibidez gutxiegitasun hepatikoa eta odol galera handiak. Garapena oso azkarra da, ordu edo egun batzuk irauten ditu heriotza baino lehen.
B hepatitis kronikoa
aldatuSintoma orokorrek sei hilabete baino gehiago irauten dutenean eta hurrengo sintoma berriak agertzen direnean[6]:
- Gutxiegitasun hepatikoa
Diagnostikoa
aldatuHepatitis B-n eta beste gaixotasun birikoetan agertzen diren sintomak oso antzekoak direnez, gehienbat odol analisiak erabiltzen dira gaixotasun honen diagnostikorako. Analisietan, odolean VHB birusaren azaleran egoten den antigenoa (HBs) edo honen aurkako antigorputzak dauden aztertzen da[2].
- Hepatitis akutuan: VHB birusaren antigenoen aurkako M immunoglobulinak egoten dira. Gaitzaren hasierako faseetan gaixoak HBe antigenoarekiko seropositiboak izaten dira. Honek oro har, erakusten du birusa erreplikatzen dagoela eta gorputzeko likidoak oso kutsagarriak direla.
- Hepatitis kronikoan: odolean HBs antigenoa epe luzean (sei hilabete baino gehiago) dagoenean. Antigeno honen presentziak etorkizunean gibel gaixotasun kronikoak edo gibel minbizia jasateko aukerak daudela adierazten du.
Gibel biopsiak ere egiten dira, gibelaren egoera aztertzeko.
Prebentzioa
aldatuEzinbestekoa da umeek eta arrisku altuko pertsonek B hepatitisaren aurkako txertoa jasotzea.[7]
- Ume txikiek jaiotzean jaso behar dute txertoa.
- Txertatu gabeko 19 hilabete baino gutxiagoko umeek berreskurapenezko dosiak jaso behar dituzte.
- Osasun arloan lan egiten duten langileak.
- B hepatitisa duen pertsona batekin bizi diren pertsonak
- B hepatitis akutua duten amen jaioberriek gaixotasunaren aurkako txerto berezi bat jaso behar dute jaio osteko hurrengo 12 orduak igaro baino lehenago.
Birusarekin kontaktuan egon eta 24 ordu pasa ostean txertoa edo B hepatitisaren aurkako inmunoglobulina txertoak lagungarriak izan daitezke infekzioa saihesteko. Azken 25 urteetan txertoari esker B hepatitis kasuen jeitsiera nabarmena egon da.[8]
Hartu beharreko neurriak:
- Odol eta gorputz likidoekin kontaktua saihestu.
- Babes gabeko harreman sexualak saihestu.
- Drogen kontsumorako erabilitako xiringak ez partekatu.
- Hortzetako eskuila eta bizarra kentzeko makina ez partekatu.
- Piercieng edo tatuajeak egiten dituzten lekuetan ziurtatzea erabiltzen dituzten orratzak esterilizatuta daudela.
Tratamendua
aldatuB hepatitis akutua
aldatuNoramlean ez da tratamendurik behar akutua denean, denborarekin desagertuko baita berez. Funtzio hepatikoa eta gainerako funtzioak odol analisien bitartez kontrolatuko dira. Hala ere, gomendioak atseden hartzea, elikagai osasuntsuak hartzea eta likido asko hartzea dira. Kasu larrienetan medikamentu antibiralak hartu behar dira baita ospitalizazioa ere zailtasunak eragozteko.[9]
B hepatitis kronikoa
aldatuOrokorrean ezinbestekoa izango da betirako tratamendu bat jasotzea. Tratamenduak gaixotasun hepatiko bat jasateko arriskua murrizten du eta gainera beste pertsona batzuei transmititzea eragozten da. Tratamenduak:[8]
- Farmako antibiralak:
Birusari aurre egiteko lagungarriak dira, horrela birusak gibela hondatzeko duen gaitasuna murrizten da. Antibiralen artean hauek topa daitezke: entecavir (Baraclude), tenofovir (Viread), lamivudina (Epivir), adefovir (Hepsera) eta telbivudina (Tyzeka).
- Interferona:
Tratamendu bezala alfa-2b interferon (Intron A) txertoak erabiltzen dira. Alfa-2b interferona gizakiak sortutako substantzia bat da, gorputzak berez infekzioei aurre egiteko erabiltzen den substantziaren antzekoa dena.
- Gibel transplantea:
Gibela oso kaltetuta dagoenean (gibel akatsa, zirrosia…) egiten da.
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ «Hepatitis B. Epidemiologá y situación mundial - Joomla» www.amse.es (Noiz kontsultatua: 2019-11-24).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Hepatitis B» www.who.int (Noiz kontsultatua: 2019-11-24).
- ↑ «OMS | ¿Cómo se contrae la hepatitis B y cómo puedo protegerme de esa enfermedad?» WHO (Noiz kontsultatua: 2019-11-24).
- ↑ (Gaztelaniaz) Patiño-Masís, Jorge. (2008). Hepatitis B-cuadro clínico (Hepatitis B-clinical history). Acta Médica Costarricense, 9-11 or. ISBN 0001-6002..
- ↑ (Gaztelaniaz) Patiño-Masís, Jorge. (2008). Hepatitis B-cuadro clínico (Hepatitis B-clinical history). Acta Médica Costarricense, 9-11 or. ISBN 0001-5002..
- ↑ (Gaztelaniaz) Hepatitis B. 2019-11-11 (Noiz kontsultatua: 2019-11-24).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Hepatitis B - Síntomas y causas - Mayo Clinic» www.mayoclinic.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-24).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Hepatitis B: MedlinePlus enciclopedia médica» medlineplus.gov (Noiz kontsultatua: 2019-11-24).
- ↑ «Hepatitis B (para Adolecentes) - KidsHealth» kidshealth.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-24).