Gerhard Schröder

Gerhard Fritz Kurt Schröder (Mossenberg-Wöhren, Blomberg, Ipar Renania-Westfalia, 1944ko apirilaren 7a) alemaniar politikaria da, 1998-2005 bitartean Alemaniako kantziler izandakoa. Rosneft Errusiako petrolio konpainiaren Administrazio Kontseiluko lehendakaria da 2017ko irailetik.[1]

Gerhard Schröder
2015-12 Gerhard Schröder SPD Bundesparteitag by Olaf Kosinsky-12.jpg
(2015)
chairman of the Social Democratic Party (en) Itzuli

1999ko martxoaren 12a - 2004ko martxoaren 21a
Oskar Lafontaine - Franz Müntefering
7. Alemaniako Kantziler Federala

1998ko urriaren 27a - 2005eko azaroaren 22a
Helmut Kohl - Angela Merkel
President of the Bundesrat of Germany (en) Itzuli

1997ko azaroaren 1a - 1998ko urriaren 27a
Erwin Teufel (en) Itzuli - Hans Eichel
Minister-President of Lower Saxony (en) Itzuli

1990 - 1998
Ernst Albrecht - Gerhard Glogowski (en) Itzuli
Bundestageko kidea

1980ko azaroaren 4a - 1983ko martxoaren 29a
Member of the Landtag of Lower Saxony (en) Itzuli

Bizitza
Izen osoa Gerhard Fritz Kurt Schröder
Jaiotza Mossenberg-Wöhren1944ko apirilaren 7a (76 urte)
Herrialdea  Alemania
Lehen hizkuntza alemana
Familia
Ama Erika Vosseler
Ezkontidea(k) Eva Schubach  (1968 -  1972)
Anne Taschenmacher  (1972 -  1984)
Hiltrud Schwetje  (1984 -  1997)
Doris Schröder-Köpf  (1997 -  2018ko apirilaren 11)
Kim So-yeon (en) Itzuli  (2018ko maiatzaren 2a -
Anai-arrebak
Familia
Hezkuntza
Heziketa Göttingengo Unibertsitatea
Hizkuntzak alemana
Jarduerak
Jarduerak abokatua, politikaria, aholkularia eta ez-fikzio idazlea
Lantokia(k) Hannover eta Bonn
Enplegatzailea(k) Nord Stream AG (en) Itzuli
Rosneft (en) Itzuli
N M Rothschild & Sons (en) Itzuli
Lan nabarmenak Entscheidungen (en) Itzuli
Jasotako sariak
Kidetza Batzorde Trilaterala
Zientzien Errusiar Akademia
Genero artistikoa autobiografia
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa Luteranismoa
Alderdi politikoa Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata
IMDb nm0775657
gerhard-schroeder.de…
Gerhard Schröder Signature.svg

Lehen urteak eta ikasketakAldatu

Blombergen jaio zen, familia xume batean, 1944ko apirilaren 7an. Sei hilabete geroago hil zen haren aita, Bigarren Mundu Gerrako Errumaniako frontean borrokatzen ari zelarik. Amak etxeak garbitzen lan egin zuen. Gerhardek mandatuak egiten eta denda batean saltzen jardun behar izan zuen, gau eskolan batxilergoa ikasi bitartean. Eraikuntzan ere lan egin zuen. 19661971 bitartean, zuzenbide ikasketak egin zituen Göttingengo Georg-August Unibertsitatean.[2]

Bizitza politikoaAldatu

1960ko hamarkadaren hasieran, Alemaniako Alderdi Sozialdemokratako kide egin zen, eta denbora gutxian nabarmendu. Urte haietan, marxistatzat jotzen zuen bere burua, eta borroka antinuklearrean aritu zen. 1978an Sozialista Gazteen lehendakari hautatu zuten, eta 1980an Bundestageko diputatu.1986an, Saxonia Behereko hauteskundeetara aurkeztu zen, baina Ernst Albrecht, CDUko hautagaia, nagusitu zitzaion.[2]

1990ean, berriz aurkeztu zen Saxonia Behereko hauteskundeetara, eta haren alderdiak irabazi zuen botoen % 44,2rekin, alderdi kristau-demokrataren kaltean, 14 urteren ondoren. Berdeen laguntzarekin Saxonia Behereko lehendakari hautatu zuten, eta haiekin koalizioko gobernua eratu zuen. 1993ko ekainean, Alemaniako Alderdi Sozialistaren Kongresu Berezian, uko egin zion sozialdemokraten lehendakaritzarako hautagai izateari, irabazteko aukera gutxi zuelako kontsentsuaren hautagai Rudolf Scharpingen aurrean.

1994ko martxoan, Alderdi Sozialdemokratak gehiengo osoa erdietsi zuen Saxonia Behereko hauteskundeetan; beraz, lehendakari hautatu zuten berriro. 1995eko abuztuan, Alderdi Sozialdemokratako buruak, Rudolf Scharpingek, alderdiaren bozeramaile ekonomiko kargutik kendu zuen, sozialisten eta Helmut Kohl kantzilerraren alderdi kontserbadorearen politika ekonomikoen artean alde handirik ez zegoela adierazteagatik.

1998ko martxoaren 1ean, Saxonia Behereko hauteskundeetan, haren alderdia atera zen ostera garaile, botoen % 48 eskuraturik. Garaipen hori zela eta, Alderdi Sozialdemokratak hauteskunde federaletarako (kantziler izateko) hautagai izendatu zuen. Schroderrek uste baino errazago irabazi zituen hauteskundeak, eta Alemaniako gobernua sozialdemokraten esku geratu zen 16 urteko gobernu kristau-demokrataren ondoren.

Alemaniako kantzilerAldatu

SPD-Berdeak aliantzak Bundestageko gehiengoa lorturik, 1998ko urriaren 27an Alemaniako kantziler bilakatu zen Schröder. 1989ko lehenbiziko seihilekoan Alemaniak Europar Batasunaren lehendakaritza hartu zuen; Ekialderako hedapena eta nekazaritzaren politikagintza komunari buruzko hitzarmen bat erdietsi, eta Romano Prodi eraman zuen Europako Batzordearen lehendakaritzara. Alabaina, eta atzerriko politikan lorpenak handiak izan arren, ezin izan zituen barne arazoak behar bezala menderatu. Hala, erabaki zelarik hondakin nuklearrak ez zirela gehiago atzerrira bidaliko, atzera egin behar izan zuen asmo horretan, eta horrek istilu handiak sortu zituen, ekologisten artean ez ezik, baita alemaniar guztiengan ere.

Horrezaz gainera, naziotasunari buruzko legeen berrikuntzaren arazo neketsuari heldu behar izan zion; gobernu berriak etorkinei naziotasun bikoitzaren aukera uzten zion lege proiektua aurkeztu zuen. Proposamen horren ahultasuna –Abdullah Öcalan atxilotu zutenean eraman zuten parlamentura, Europa osoan kurduak manifestazio gogorrak egiten ari ziren une berean–, ondo baliatu zituen oposizioak, eta hala galera larria izan zuten SPDk eta Berdeek 1999ko otsaileko Hessengo hauteskundeetan, Bundesrateko gehiengoa galdu baitzuten. Ondoren, martxoan, Oskar Lafontaine Finantza ministroak dimisioa eman zuelarik, eta haren lekuan SPDren buru Schröder kantzilerra ipini zutelarik, eta orobat Alemaniak Kosovoko Gerran, NATOren baitan, esku hartu zuelarik, argi geratu zen alde handiak zeudela gobernuko koalizioaren barruan.

Schröder indarturik atera zen 2000ko abenduko Nizako goi bileratik, handik aurrera Europar Batasunaren erabaki nagusien kontrola Alemaniaren esku izanen baitzen.[3] 2001eko irailaren 11ko atentatuen ostean, 3.900 soldadu Afganistango Gerrara bidaltzea erabaki zuen gobernu federalak, Berdeen alderdiko legebiltzarkide batzuek aurkako botoa eman arren.[4] 2002ko hauteskundeen atarian, Elba eta Donau ibaietako uholdeetan kaltetuei estatuaren laguntza bermatzeko izan zuen erreakzio azkarrak haren izen ona handitu zuen.[5] Horrezaz gainera, hauteskunde kanpainan garbi mintzatu zen Iraken operazio militar bat burutzearen aurka.[6]

2002ko iraileko hauteskundeetan diputatu galera handia izan arren, Schröderrek agintean segitu ahal izan zuen Berdeen igoerari esker.[7] Ondorengo hilabeteetan, Frantziako presidente Jacques Chirac-ekin batera, Irak inbaditzearen aurkako jarrera agertu zuen.[2] Herrialdeko datu ekonomikoak, ordea, oso ahulak ziren, langabezia handia, eta estatuaren zorra erraldoia. Egoerari aurre egiteko, ongizate estatua goitik behera aldatzeko egitasmoa plazaratu zuen 2004an gobernuak (Agenda 2010). Erreformek astindu handia emango zieten lan merkatuari, erretiratuen pentsioei, eta osasun eta zerga sistemari. Sindikatuen arabera, aberatsenen mesederako eta txiroenen kalterako ziren neurri horiek. Erreformen kontrako protesta handiak izan ziren.[8]

2005eko uztailean, zenbait eskualdetako bozetan (Sarre, Saxonia, Schleswig-Holstein, Ipar Renania-Westfalia) porrota jaso ondoren, Schröderrek konfiantza mozioa galdu zuen Bundestagen; izan ere, hori zen bere nahia. Era horretan, Parlamentua desegiteko eskatu izan zion Horst Koehler presidenteari, hauteskundeak urtebetez aurreratu ahal izateko.[9] Hauteskundeak irailaren 18an egin ziren, eta bi alderdi nagusiek oso emaitza paretsuak lortu zituzten, CDU-CSU batasunak SPDri aurrea hartu bazion ere. Negoziazio luzeen ostean kristau-demokratek eta sozialdemokratek hitzartu zuten gobernu akordioaren ondorioz, Angela Merkelren ordeztu zuen Schröder kantziler karguan.[10]

Politikaren ondorengo bizitzaAldatu

2005eko azaroaren 23an, Angela Merkelek kantziler kargua hartu eta biharamunean, Schröderrek diputatu akta utzi zuen; harrezkero, politika aktibotik erretiratu zen.[2] 2006an, Nord Stream AG partzuergoko akziodunen ordezkari izendatu zuten. Akziodun nagusi Gazprom Errusiako gas konpainia duen partzuergo hori Nord Stream gasbidea eraikitzeko eratu zen.[11] Kantziler ohia Gazpromen, hots, Errusiako estatuaren, enplegatu bihurtu izanak polemika handia piztu zuen Alemanian.[2]

ErreferentziakAldatu

  1. Schröder élu président du conseil d’administration du géant pétrolier russe Rosneft. Le Monde,2017ko irailak 29, lemonde.fr . Noiz kontsultatua: 2020-9-22.
  2. a b c d e Ortiz de Zárate, Roberto. Gerhard Schröder. cidob.org . Noiz kontsultatua: 2020-9-22.
  3. Pastor, Jose Mari. Berlin Europako hiriburu berria. Euskaldunon Egunkaria, 2000ko abenduak 12, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-9-24.
  4. Beck, Martin. Larrialdi gorri-berdea. Euskaldunon Egunkaria, 2001ko azaroak 15, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-9-24.
  5. Beck, Martin. Kanpainako iragarki luzeena. Euskaldunon Egunkaria, 2002ko abuztuak 27, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-9-24.
  6. Beck, Martin. Kontsentsua...gorbaten kolorean. Euskaldunon Egunkaria, 2002ko irailak 10, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-9-24.
  7. Beck, Martin. Schröder, Berdeek salbatua. Euskaldunon Egunkaria, 2002ko irailak 24, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-9-24.
  8. Beste kolpe bat eman diote Schroederren erreformari. Berria, 2004ko irailak 7, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-9-24.
  9. Elizegi, Arantxa. Bere nahia bete eta konfiantza mozioa galdu du Schroederrek. Berria, 2005eko uztailak 2, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-9-24.
  10. Gobernu akordioa hitzartu dute Alemaniako kristau-demokratek eta sozialdemokratek. Berria, 2005eko azaroak 11, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-9-24.
  11. Aranburu, Iker. Gasbidea ala galbidea?. Berria, 2019ko otsailak 17, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-9-26.

Kanpo estekakAldatu