Europako Batzordea Europar Batasunaren (EB) interesak defendatzen eta ordezkatzen dituen eta politikoki independentea den instituzioa da, Bruselan egoitza duena. Instituzio horren helburu nagusia EB-ren interes orokorrak defendatzea izateaz gain, estatukideek tratatuak betetzen dituzten ala ez ikuskatzea eta legeria berriko proposamenak egitea da. Horrez gain, aurrekontua gauzatuko du, eta koordinazio eginkizunak ere beteko ditu. Batzordea estatukide bakoitzeko nazional batek osatzen du, presidentea barne (gaur, Ursula Von der Leyen); beraz, egun, 27 kidez osatuta dago[1].

Europako Batzordea
Datuak
Izen laburraEC, CE eta EK
MotaEuropar Batasuneko Erakundeak
HerrialdeaBelgika
Jarduera
KidetzaItsaso Baltikoko Estatuen Kontseilua, Group on Earth Observations (en) Itzuli, Global Ecolabelling Network (en) Itzuli, Barents Euro-Arctic Council (en) Itzuli eta Coalition for Advancing Research Assessment (en) Itzuli
Eskumendekoak
Enplegatuak32.399 (2019ko urtarrilaren 1a)
Erabilitako hizkuntzaingeles, aleman eta frantses
Agintea
LehendakariaUrsula von der Leyen
Idazkari orokorraIlze Juhansone (en) Itzuli
Egoitza nagusi
JabeaEuropar Batasuna
Zeren jabe
Historia
Sorrera1958ko urtarrilaren 1a
Jasotako sariak
webgune ofiziala
Facebook: EuropeanCommission Twitter: EU_Commission Mastodon: EU_Commission@social.network.europa.eu Instagram: europeancommission Telegram: europeancommission LinkedIn: european-commission Youtube: UCMPaviJxybo1RTdzvYcU91A Edit the value on Wikidata
Palais Berlaymont, Europako Batzordearen egoitza Bruselan.

Osaera eta izendapena aldatu

Batzordea estatukideetako nazionalek osatzen dute, baina horiek ez dira estatuen ordezkariak, baizik eta inpartzialak eta independenteak dira. Hori horrela, gaur egun, 27 kidez osatuta dago, presidentea barne.

Europar Batasunaren Tratatuaren (EBT) 17.3. artikuluak dioenez, Batzordearen agintaldia 5 urtekoa izango da. Agintaldi horretarako, kideen gaitasuna eta Europarekiko duten konpromisoa aintzakotzat hartuko dira, baita haien independentzia ere.

Kideen izendapenari dagokionez, EBT-ren 17.7. artikuluak arautzen duenez, Kontseilu Europarrak Batzordeko Presidente hautagaia proposatuko du gehiengo kualifikatuz, Europako Parlamenturako hauteskundeen emaitzak aintzat hartuta. Horren ostean, Parlamentuak hautagaia onartu dezake edo ez (kideen gehiengoz). Onartzen baldin badu, prozesuak aurrera jarraituko du. Ordea, onartzen ez badu, Kontseilu Europarrak beste hautagai bat proposatuko du hilabete bateko epean; eta ondoren, Europako Parlamentuaren onarpena jaso beharko du.

Behin Batzordearen presidentea onartua Parlamentuan, alde batetik, Kontseiluak batzordekideak gehiengo kualifikatuz proposatuko ditu, eta bestetik, Kontseilu Europarrak, Goi Ordezkaria. Kontseiluak, beraz, 25 kide proposatuko ditu guztira, beste biak Batzordeko presidentea eta Goi Ordezkaria izango baitira.

Batzordekideen ardurak gaiaren araberakoak izango dira, eta horietako bakoitza, bere gaiaren inguruko batzorde parlamentarioaren aurrera joan beharko da, bere gaitasun eta ezagutzak frogatzeko. Hala ere, Parlamentuak ezin izango du batzordekide jakin bat ezeztatu: aukera bakarra Batzorde guztia ezeztatzea da. Izan ere, Batzordearen Presidentea, Goi Ordezkaria eta batzordekide guztiak modu kolegiatuan onartu behar ditu Parlamentuak (talde bat izango balira bezala).

Amaitzeko, Parlamentuak Batzordea bere osotasunean baieztatzen du, eta Kontseilu Europarrak Batzordea izendatuko du gehiengo kualifikatuz[2].

Barne egitura eta funtzionamendua aldatu

Batzordearen eta bere kideen estatutua aldatu

Batzordekideak estatukide, beste Instituzio eta interes pribatuekiko independenteak dira; hau da, ez dituzte Estatuak ordezkatzen, Estatuek ezin dute eragin batzordekideen gain (horien independentzia errespetatu behar dute), ezin dute beste lanik burutu eta adierazpen askatasun zabala dute. Are gehiago, batzordekideek haien inpartzialtasuna bermatzeko, batzordekide izateari uzten diotenean 18 hilabeteko epea bete behar dute enpresa pribatuetan sartu aurretik, eta horren truke “kalteordain” bat jasotzeko aukera dute.

Beharrezko baldintzak bete ezean edota falta larri baten kasuan, Kontseiluak edo Batzordeak, Europar Batasunaren Justizia Auzitegiari eska diezaioke batzordekide baten mandatuarekin amaitzea. Horretarako, EBFT-ren 247. artikuluan jasotako prozedura erabiliko da, edo interesduna pentsiorako eskubidea edo horren ordezko beste edozein onuraz gabetu ahal izango du.

Batzordearen ezaugarrietako bat kolegialtasuna da; hau da, batzordekide bakoitzak bere ardurak ditu gai zehatzetan, baina horrek ez du esan nahi pertsona horrek gai horren inguruko erabaki guztiak hartuko dituenik; izan ere, erabakiak guztien artean hartzen dira, gehiengo absolutuz[2].

Presidentetza aldatu

 
Ursula Von der Leyen, Europako Batzordearen presidentea

Batzordeko presidentea arduratzen da orientazio politikoak definitzeaz, Batzordearen barne antolamendua ezartzeaz, presidenteordeak izendatzeaz (Goi Ordezkaria salbu), erantzukizunak batzordekideen artean banatzeaz eta Batzordearen ordezkaritzaz[2]. Gainera, presidenteak Batzordea ordezkatzen du Kontseilu Europarraren bileretan, G7-ren eta G20-ren goi-bileretan, EB-koak ez diren estatuekiko goi-bileretan eta Europako Parlamentuko eta Kontseiluko eztabaida nagusietan[3]. Gaur egun, Ursula Von der Leyen-ek betetzen du postu hori.

Atzerri- eta Segurtasun-politika erkideko Goi Ordezkaria aldatu

Atzerri- eta Segurtasun-politika erkideko Goi Ordezkaria, gaur egun Josep Borrel Fontelles dena (2019-2024), Kontseilu Europarrak (KE) izendatzen du gehiengo kualifikatuz, eta beraz, Batzordeak ez du inolako kontrolik horren inguruan. Hau da, izaera intergubernamentala duen instituzio batek (KE) izendatzen du Goi Ordezkaria. Batzordearen presidenteorde bat izateaz gain, Europar Batasunaren atzerri ordezkapenaz arduratzen da; hau da, kanpo-harremanak koordinatzeaz[4]. Kontseiluan, osaera bateko kidea ere bada, hain zuzen, kanpo gaien edo atzerri gaien presidentea.

Goi Ordezkaria kaleratzea ere Kontseilu Europarrari dagokio, berriro ere, gehiengo kualifikatuz; izan ere, izendapenaren prozedura bera jarraituko da Goi Ordezkaria kaleratzean[5]. Gainera, “Prodi prozedura”-ren bidez (EBT 17.6. artikulua), Batzordeko presidenteak hala eskatzen duenean, batzordekideek dimisioa aurkeztu beharko dute. Goi Ordezkariaren kasuan, ordea, presidenteak dimititzea eskatzeaz gain, Kontseilu Europarraren akordioa beharrezkoa izango da.

Bestalde, Parlamentuak zentsura mozioa aurkez dezake Batzordearen kontra. Kasu horretan, presidenteordeak Batzordeko kide izateari utziko dio, baina ez dio kontseiluko atzerri gaien Kontseiluko presidente izateari utziko, Batzordearen kolegialtasunarekin apurtuz[2].

Batzordearen eskumenak aldatu

Batzordeak Batasunaren interes orokorra sustatzen du. Horrez gain, eskumen garrantzitsuak betetzen ditu, horien artean: Lege-egintza ia-guztien proposamena egitea; EB-aren Zuzenbidea edota tratatuak betetzen direla ikuskatzea (bere kabuz edo EBJA erabiliz); Koordinazio, exekuzio eta kudeaketa lanak egitea; Parlamentuak eta Kontseiluak esleitutako botere legegilea gauzatzea egintza eskuordetuen bitartez; eta Batasunaren kanpo ordezkaritzaz arduratzea Kanpo eta Segurtasun Politika Komunean eta Tratatuek aurreikusitako beste kasuetan izan ezik.

Lege- ekimenari dagokionez, lege-egintza eta legez besteko egintza ia-gehienen ekimena du, Europar Batasunaren interes orokorra ordezkatzen duelako. Hala ere, kasu zehatz batzuetan, estatukideen multzo batek, Europako Parlamentuak, Europako Banku Zentrala, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak eta Inbertsioen Banku Europarrak ere legeak egiteko ekimena dute (EBFT 289.4.artikulua)[2].

Batzordeak bere proposamena edozein unetan alda dezake, Kontseiluak eta Parlamentuak onartu aurretik. Bere proposamenak eztabaidatzen diren instantzia guztietan egoteko eskubidea du, bere proposamena defendatzeko aukera izan dezan. Gainera, Kontseiluak Batzordearen proposamena onartu edo ezeztatu dezake, gehiengo kualifikatuz; aldiz, Kontseiluak proposamena aldatu nahi badu, ahobatekotasuna beharrezkoa izango da.

Batzordeak proposamenak egiteko eskubidea ez badu egikaritzen, Kontseiluak eta Europako Parlamentuak (EBFT 241 eta 225. artikuluen arabera) Batzordeari ekimena eskatu ahal izango diote. Hala eta guztiz ere, Batzordeak proposamenik egiten ez badu,  justifikatu egin beharko du haren zergaitia. Bestela, Kontseiluak edo Parlamentu Europarrak ez-egiteagatiko prozedura hasi dezakete Europar Batasunaren Justizia Auzitegian (EBJA). Hori horrela, Europar Parlamentuak ere kontrol parlamentarioa egiteko aukera du: interpelazioen edota zentsura mozio bidez[2].

Proposamenei dagokionez, Batzordeak baldintza eta printzipio batzuk betetzen dituztela ziurtatu behar du: esleipen printzipioa, subsidiariotasun printzipioa eta proportzionaltasun printzipioa. Horrez gain, kontuan izan beharko du proposamenek izango duten eragin ekonomiko eta soziala; eta giza eskubideak errespetatzen dutela.

Erabakitze eta kudeaketa ahalmenari jarraiki, Batzordeak erabakitzeko ahalmen propioa eta beste aktoreek emandako ahalmena ditu. Erabakitze ahalmen propioan, tratatuek zuzenean esleitzen diote Batzordeari Batasunaren kudeaketarako. Ahalmen hori legez besteko egintza exekutibo edo erregelamentarioak onartzera mugatuta dago (adibidez, Batasunaren aurrekontuen exekuzioa, egiturazko funtsen administrazioa…). Bestetik, beste aktoreek emandako ahalmena dugu; horren bidez, Kontseiluak eta Europako Parlamentuak Batzordeari haien botere legegilea eskuorde diezaiokete; horrela, batzordeak erregelamendu eskuordetuak, zuzentarau eskuordetuak eta erabaki eskuordetuak emango ditu (ez dute lege-egintza izena hartuko, ez baitituzte lege egintzen ezaugarriak betetzen). Azkenik, lege-egintzen eta legez besteko egintzen betearaztea Estatu kideei dagokie. Hala ere, modu subsidiarioan Batzordeak ahal du egikaritu betearazpen horretarako baldintza uniformeak behar direnean. Batzordeak exekutatu beharreko egintza horiek betearazpen-egintza izenez ezagutzen dira (EBFT 291. artikulua)[2].

Bestalde, Batzordeak Europar Batasuneko zuzenbidea betetzen den ala ez kontrolatzeko ahalmena du. Batzordeak bi kontrol mota egikaritzen ditu: batetik, estatukideen gaineko kontrola, eta bestetik, partikularren gainekoa.

Estatukideen zuzenbide betetzearen gaineko kontrolari jarraiki, Batzordeak, ez betetzeen inguruko informazioa bide desberdinetatik jaso dezake, hala nola estatukideek Batzordea informatuta (estatuek betebeharra dute traspozizioak egitean, Batzordeari informatzeko), Batzordeak estatukideei informazioa eskatuta, bitarteko propioak erabiliz edota partikularrek egindako salaketen bidez.

Ez-betetzeagatiko prozedura bi fasetan banatzen da: fase administratiboa eta auzi-fasea. Lehenengo fasean, Batzordeak urraketa eman den ala ez erabakitzeko diskrezionalitatea baliatzen du. Horretarako, dei gutun edo eskaera gutun bidez, Batzordeak azalpenak eskatzen dizkio estatuari gertatutakoa argitzeko; estatuak erantzuteko epe bat izango du, eta erantzuten ez badu edota urraketak jarraitzen baldin badu, Batzordeak diktamen arrazoitua emango du, estatuari urraketarekin amaitzeko epe jakin bat emanez. Behin diktamenean ezarritako epea igarota, Batzordeak Estatukidea auzipetu dezake Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren aurrean, ez-betetzeagatiko errekurtso baten bidez. Eta EBJAk ez-betetzea dagoen ala ez aztertuko du. Batzordeak Estatuari isuna jartzea eska dezake; horretarako, isunaren kantitatea argitu behar izango dio EBJAri, eta isuna ez-betetzearen larritasuna, iraupena, ondorioak eta betetzeko premiazkotasunaren araberakoa izango da. Ondoren, EBJAk erabakiko du isuna jarri ala ez (EBFT 258-260. art.)[2].

Partikularren gaineko kontrola, ordea, Europar Batasunean kokaturik dauden enpresen gain egiten den kontrola da; normalki, enpresen arteko lehia ez-leialaren materian egiten da. Kasu horretan, Batzordeak isun handiak ezartzeko ahalmena du (enpresek EBJAren aurrean errekurri ditzakete isun horiek). Kasu horretan, Batzordeak salaketak jaso eta ikerketak egiten ditu datuak bilduz. Kasu batzuetan, salaketa aurrera ez eramatea justifikatzen duten arrazoiak azaltzen dira eta beraz, salatzaileari epe bat ezartzen zaio oharrak egiteko. Horren ostean, Batzordeak prozedura hastea edo salaketa behin-betiko artxibatzea erabaki dezake. Hori bai, posible da Batzordeak prozedura hasten ez badu, ez- egiteagatiko errekurtsoa tarteratzea[2].

Azkenik, aipatzekoak dira salbaguardia klausulak; horiek, tratatuetako zenbait xedapenen aplikazioaren etete espezifiko eta partikularrean oinarritzen dira. Estatukideentzat bereziki kaltegarriak izan daitezkeen inguruabarren kasuan ematen dira. Salbaguardia klausulen eskaera Estatu kide kaltetuak egiten du, eta erabakia Batzordeak hartzen du diskrezionaltasunez. Salbaguardia klausulek zerrenda itxia onartzen dute, ondorengo egoeretan ematen dira: tratatuen zabalkundeen ondorengo epe iragankorrak (hura aplikatzearen ondoriozko arazoak direla medio); barne merkatuaren eremuan salbuespeneko neurri nazionalen mantentzea dagoenean; eta ingurugiroa babesten duten neurri estatalak ezartzen direnean[2].

Azkenik, Batzordeak Kanpo Harremanen Materian ere baditu ahalmenak. Batetik, Nazioarteko tratatuetan partehartzen du (EBFT, 218 art.); horren harira, Kontseiluari negoziazioak irekitzeko gomendioa egiten dio; irekitzen badira, Europar Batasunaren eta beste nazioarteko erakunde batzuen arteko negoziazioetan nahiz Europar Batasunaren eta hirugarren estatuen arteko negoziazioetan parte hartzen du; eta tratatua adostu baino lehen Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari irizpena eskatzeko aukera du, tratatuak Europar Batasuneko zuzenbidearekin bat egiten duen ala ez ziurtatzeko. Bestetik, Europar Batasuna ordezkatzen du, ordezkaritza funtzio hori Goi Ordezkariarekin partekatuz.

Batzordearen erantzukizuna aldatu

Batzordeak Europako Parlamentuaren aurrean erantzuten du; horretarako, bere eskumen eta erantzukizunen berri emateko beharra du. Hori dela eta, Europar Batasuneko jarduerei buruzko Urteroko Txosten Orokorra eta Urteroko edo aldizkako txosten monografikoak (tematikoak, batez ere, politika soziala, nekazari-politika, zuzenbidearen betetzea,…) aurkeztu behar dizkio Parlamentuari. Horrez gain, parlamentariek Batzordeari edozein unetan ahozko edo idatzizko interpelazioak eta galderak egin diezazkiokete.

Bestalde, Batzordeak erantzukizun politiko kolegiatua duenez, Parlamentuak zentsura mozioa onartzeko aukera du Batzordea kolektiboki dimititzera behartuz (EBT-aren 17 art. eta EBFT-aren 234 art.). Hala ere, badaude batzordekide jakin baten erantzukizun politiko indibiduala lortzeko beste modu batzuk ere. Haien artean, “Prodi prozedura”; horren bidez, Batzordearen Presidenteak batzordekide baten dimisioa eska dezake, eta hark dimisioa eman beharko du. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ere ezar dezake batzordekide baten erantzkizuna, Kontseiluak edo Batzordeak hala eskatuta, falta larriren batengatik (EBFT, 245. eta 247 art.)[2].

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) «¿Qué hace la Comisión Europea? | Unión Europea» european-union.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2023-05-11).
  2. a b c d e f g h i j k Mangas Martín, A., & Liñan Nogueras, D. J. (2021). Instituciones y Derecho de la Unión Europea (9. edizioa). Tecnos.
  3. (Ingelesez) «Ursula von der Leyen» commissioners.ec.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2023-05-11).
  4. (Gaztelaniaz) «Josep Borrell Fontelles» commissioners.ec.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2023-05-11).
  5. IVAP. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren bertsio kontsolidatua. 18.1.art.

Kanpo estekak aldatu