Nizako Ituna

Nizako Ituna nazioarteko itun bat izan zen, Europar Batasuneko 15 estatu kideek[oh 1] 2001eko otsailaren 26an Nizan izenpetu zutena.[1] Erromako eta Maastrichteko itunak erreformatu zituen, Europar Batasunaren ekialderako zabalkundea errazteko. 2003ko otsailaren 1ean sartu zen indarrean, eta Lisboako Itunak ordeztu zuen 2009ko abenduaren 1ean.

Europar Batasuneko goi agintariak Nizako Ituna sinatu ostean.

Itunaren edukia Nizan bertan adostua zuten 2000ko abenduaren 11n. Sinatze ekitaldi sinbolikoaren ondoren, Europar Batasuneko estatu bakoitzeko legebiltzarrak eta Europako Parlamentuak formalki berretsi behar izan zuten.[1] 2001eko ekainean Irlandan egindako erreferendumean jasotako ezezkoa izan zen arazorik garrantzitsuena. 2002ko urrian bigarren erreferendum bat egin zen, eta orduan baiezkoak irabazi zuen.

Itunaren edukiakAldatu

Hauek izan ziren hitzarmenaren puntu nagusiak:

  • Europako Batzordearen osaketa. Ordura arte, Alemaniak, Frantziak, Erresuma Batuak, Italiak eta Espainiak, bi komisario zituzten, eta beste hamar kideek bana. Estatu handiek komisario bana galtzea onartu zuten Nizan. Estatu txikiek, ordea, uko egin zioten beren ordezkaria galtzeari. Beti ere, Europar Batasuna zabaldu arren, Batzordeak gehienez 27 komisario izatea adostu zuten.[1]
  • Boto kopurua. Ordura arte estatu handiek, Alemaniak, Frantziak, Erresuma Batuak eta Italiak hamarna boto zituzten Europako Ministroen Kontseiluan, eta txikienak, Luxenburgok, hiru. Alemaniak, biztanleria handieneko herrialdea izaki, bere nagusitasuna mantendu nahi zuen boto kopuruan baina, Frantziaren arabera, botoak banatzeko orduan kontuan eduki behar zen Europar Batasunaren sorrerako arrazoi nagusia, hots, Frantziaren eta Alemaniaren arteko oreka eta bakea ziurtatzea. Estatuen artean 29 eta 3 botoren arteko banaketa egitea adostu zen Nizan. Estatu handien boto kopurua mantendu egin zen. Alemaniak, gainera, biztanleriaren konpentsazioa lortu zuen eta, hala, aukera izanen zuen Ministroen Kontseiluan proposamenak onartzerakoan baldintzatzat jartzea aldeko kideek Europar Batasuneko biztanleen % 62 ordezkatzea (gehiengo bikoitza).[1]
  • Gehiengo kualifikatua. Kontseiluan aho batez onartu beharreko gaiak gutxitzea adostu zen. Hala, gehiengo kualifikatua nahikoa izanen zen 50 arloren inguruan erabakiak hartzeko. Estatu gehienek, baina, beto eskubide osoa edo partziala izaten segitu zuten haientzat garrantzitsuak ziren gaietan.[1]
  • Elkarlana indartzea. Sistema horren bitartez, herrialde kopuru mugatu batek, zenbait arlotan, besteak baino azkarrago aurrera egiteko aukera izanen zuen. Hala, zortzi estatu nahikoak izanen ziren elkarlan estuagoa aurrera eraman ahal izateko, eta inork ez zuen beto eskubiderik izanen hori blokeatzeko.[1]
  • Europako Parlamentua. Ekialdeko herrialdeen sarrerarekin, eserlekuen muga 626tik 732ra handitzea adostu zen. Alemaniak parlamentario kopuru berari eutsiko zion, eta Belgikak bi gehiago izanen zituen. Beste kide guztiek eserlekuak galduko zituzten.[1]
  • Europako Ikatz eta Altzairuaren Erkidegoa iraungitzear zela eta, ondoren eman beharreko pausoak zehaztu ziren. Aldi berean, Batasunaren araudien kontra jarduten zuten estatuen kontra hartzeko erabakiak zehaztu zituzten, bereziki Jörg Haiderren alderdiak Austriaren eta Batasuneko erakundeen arteko harremanetan ekar zitzakeen arazoei aurre egiteko.

Nizako Itunak ekialderako zabalkundea erraztu zuen arren, Europako Parlamentuak eta Batzordeak beren desilusioa agertu zuten, nahi adina lortu ez zuelako. Itunaren aurkakoek, aldiz, balio demokratiko gutxikoa eta teknokratikoa izatea egotzi zioten, erabakiak hartzeko prozedura zailduz herritarrengandik urruntzen zela iruditzen zitzaien-eta.

OharrakAldatu

ErreferentziakAldatu

  1. a b c d e f g Nizako Hitzarmenaren sinatzea. Euskaldunon Egunkaria, 2001ko otsailak 27, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-9-18.

Kanpo estekakAldatu