Ireki menu nagusia

Gaskoi (hizkuntza)

Gaskoiera» orritik birbideratua)

Gaskoia[1] europa hego-mendebaldeko hizkera bat da, normalean okzitanieraren dialektotzat jo ohi dena[2]. Gaskoiniako lurraldean hedatzen da, Frantziako hego-mendebaldeko bederatzi departamendutan, eta ez du inolako onarpen ofizialik estatu horretan. Iparralderantz Garona ibaiak ezartzen du nolabaiteko muga, eta Pirinioek hegoaldean[3]. Mugaz bestalde, Kataluniako Aran bailaran ofiziala da aranera, gaskoiaren aldaera bat[4].

Gaskoia
Datu orokorrak
Lurralde eremua  Frantzia
 Espainia
 Euskal Herria
Hiztunak 250.000 inguru
Rankinga Ez 100 mintzatuenen artean
Ofizialtasuna Aranera
( Katalunian)
Eskualdea Gaskoinia, Baiona (Euskal Herria), Arango harana (Katalunia)
Hizkuntza familia
entitate
objektu
objektu abstraktu
Languoid
hizkuntza
giza hizkuntza
Hizkuntza euroasiarrak
Indoeuropar hizkuntzak
Italiar hizkuntzak
Hizkuntza erromantzeak
italo-mendebaldeko hizkuntzak
mendebaldeko hizkuntza erromantzeak
Gallo-Iberian languages Itzuli
Occitano-Romance languages Itzuli
Okzitaniera
Informazio filologikoa
Hizkuntza-tipologia subjektua aditza objektua eta silabadun hizkuntza
Alfabetoa latindar alfabetoa
Hizkuntza kodeak
ISO 639-3 gsc
Glottolog gasc1240

Azkenaldi honetan guztiz murriztu da haren erabilera, XIX. mendean bi milioi hiztun zirela uste da[3], baina egun 250.000 hiztun inguru ditu[5]. Hizkuntzalari batzuek hizkuntza beregaintzat hartzen dute gaskoia, okzitanieraren dialektoa denik ukatuta.

Okzitanierarekiko ezberdintasunakAldatu

Badirudi gaskoien hizkera aspalditik jotzen zela ezberdintzat. XIV. mendeko Las leys d'Amors gramatika liburu okzitandarrak lengatge estranh (mintzaera bitxia) moduan aipatzen du gaskoia[3].

Badirudi gaskoia gehiago hurbiltzen zaiela hegoalderagoko hizkuntza erromantzeei; aragoierari eta katalanari. Bestalde, gaskoia aspaldi euskara (edo aitzinako euskararen ahaide bat) mintzatzen zen lurretakoa izateak euskal substratua salatzen du.

Aipatu beharrekoa da, frantsesaren eraginez eta hizkuntza ez ofiziala izaki, homogeneizazio bat gertatu dela azken urteetan, gaskoia eta okzitanieraren arteko aldeak gutxitu dituena[6].

Euskal substratuaAldatu

Erromatarren agintaldiaren aurretik, Gaskoinian hitz egiten zen hizkuntza, akitaniera, antzinako euskararen ahaide zen. Izan ere, gascon hitza bera latinezko vasco/vasconem errotik dator. Badirudi, beraz, Gaskoiniako hiztunek euskalduntzat zutela beren burua, nolabait ere. Frogatuta dago euskal substratua duela gaskoi hizkuntzak. Horrek esplikatzen ditu gaskoiaren eta okzitanieraren gainerako dialektoen arteko ezberdintasun nagusietako batzuk.

Sustratu horren aztarnak hizkuntzan ere aurki daitezke. Lexikoan latin jatorriaren aztarnarik gabeko hitzak aztertu eta euskararekin konparatu ditu Gerhard Rohlfs filologoak. Josep Crivillé i Bargalló etnomusikologoak gaskoiaren berezitasun fonetikoen jatorria antzinako euskaran zekusan, latinetik modu berean moldatu baitzituzten hitz ugari[7].

Substratu horretatik datorkeen gaskoiaren ezaugarrietako bat da latinetiko maileguetan hitz hasierako f gaskoiz h bihurtu izana. Adibidez, latinezko festa («jaia») hitzean, soinu hori [h] hasperendunera ahuldu zen, eta gero, zenbait tokitan, erabat galdu. Substratuaren teoriak dioenez, horren arrazoia da euskarak garai hartan ez zuela /f/ fonemarik. Beraz, gaskoiz hitz horrek hèsta [ˈhɛsto] edo [ˈɛsto] forma hartu du. Antzera gertatu zen gaztelaniaz ere: latinezko facere gaztelaniaz hacer ([aˈθer]) bihurtu zen (edo, Andaluziako hego-mendebaldeko zenbait tokitan, [haˈsɛɾ]).[8]

Beste ezaugarri bat gaskoiak latinez r soinuaz hasten diren hitzei aurrean bokal bat gehitzea da. Euskaraz e- edo a- izaten dira gehituak, eta gaskoinez a- gehitzea da joera. Latinezko rosa, gaskoieraz arròsa da, eta latinezko rota, gaskoineraz arròda (euskaraz errota bihurtu dena). Aipatzekoa da aragoierarekin ere gertatzen dela fenomeno hori, euskal sustratua eduki lezakeen beste hizkuntza bat.

Beste ezaugarri batzuk aipatzearren, bokal arteko ll edo l soinuak r bihurtzea (caleum->zeru, euskaraz) edo hitz amaierako n soinuak desagertzea (corona->koroa, euskaraz).

Euskarak ere, gerora, hainbat hitz hartu ditu gaskoitik, hala nola beira eta polit (gaskoiz polit/polida). Hitz horietako batzuk Ipar Euskal Herritik sartu ziren, bi hizkuntzen arteko mugaren bidez; beste batzuk, XI. mendeaz geroztik, Hondarribiatik Donostiara bitarteko Gipuzkoako kostaldeko zerrendaren bidez, hor gaskoia mintzatu baitzen XVIII. menderaino, bai eta dokumentu formaletan erabili ere XVI. menderaino. Pasaian oraindik gaskoia mintzatzen zen 1870eko hamarkadan.[9]

AldaerakAldatu

 
Gaskoia, arrosaz, okzitanieraren dialektoak erakusten dituen mapan.

Gaskoia, esan bezala, okzitanieraren aldaeratzat jo ohi da. Aldi berean, gaskoiaren barruan hiru talde nagusi bereizten dira[10]:

Bearnori dagokionez, bertako hizkera edo biarnesa transizio hizkuntza da, hiru aldaera nagusien elementuak dituena.

ErabileraAldatu

 
Gaskoiaren erabilera (herrien izenak frantsesez eta gaskoiez idatziak dira).

Gaskoiaren erabilera beherantz doa urtez urte. XX. mende hasieraraino osasuntsu bazen ere, bigarren mundu gerraren ondoren hasi zen transmisioa hausten[11].

1982an Bearnon eginiko galdeketa baten arabera[12], biztanleen %51k hitz egin zezakeen gaskoinez, %70ek ulertzen zuen eta %85 hizkuntza babestearen alde zegoen.

1997an, aldiz, gaskoia mintzatzen zutenak %13 ziren Girondan (%3 Bordelen), %22 Lot eta Garona eskualdean, %28 Landetan %22 Pirinio Atlantikoetan eta %35 Pirinio Garaietan[13].

2008ko galdeketa batean, Akitaniako okzitaniera (edo gaskoi) hiztunak %10 zirela eta ulertzen zutenak %50 zirela ageri zen[14].

Aran bailaran, gaskoia ofiziala den toki bakarrean, %58 mintza da araneraz, eta alfabetatziari dagokionez alfabetatzea %34 da hizkera horretan, eta %50 katalanez (gazteleraz %100 da)[15].

Euskal Herrian ere gaskoia asko galdu da azken urteetan. Baionan, adibidez, %5 soilik dira gaskoia mintzatzen dutenak[16]. Euskal Herrian 20.000 hiztun ziren 2001ean[11].

Erabileraren apaltze horren atzean frantsesaren inposaketa hiztunen sakabanatzea, hizkuntzak jasan duen mespretxua, ofizialtasunik eza, irakaskuntzan gutxi erabili izana eta ondoriozko transmisio etena aipatzen dira arrazoi bezala[11].

1996an sorturiko Institut Occitan erakundeak okzitanieraren (eta gaskoiaren) sustapena du helburu. Hizkuntza haurren hezkuntzan txertatzeko asmoz, 1979an Calandreta sortu zen, okzitanieraz irakastea helburu zuen eskola sarea.

Gaskoia Euskal HerrianAldatu

 
Baionako kaleetako seinaleetan gaskoiera irakur daiteke, frantsesa eta euskaraz gain.

Behe Erdi Aroan, XII. mendearen erdialdean eta merkatarien artean bereziki, gaskoia Aturriren hegoaldeko alde euskaldunetara hedatu zen. Angelu, Miarritze, eta Baiona neurri handi batean gaskoitu ziren. Euskaldunek berek ere gaskoia bereganatu zuketen merkataritzan zuten interesagatik edo gaskoi lurretan nekazaritza edo abeltzaintzan aritzeagatik[6].

400 urtez Baionan ofiziala ere izan zen gaskoia[11], eta XIV. eta XV. mendeen artean dokumentu administratiboak gaskoiez idazten ziren bertan[3]. Nafarroako erreinuaren zati zen Behe Nafarroan ere idazten ziren dokumentuak gaskoiez, eta Pirinioez bestalde ere erabili izan zela dirudi[3]. Gipuzkoako lurraldeko kostaldean ere izan zuen bere hedapena, Hondarribi, Errenteria, Pasaia eta Donostia aldera arte.

Gaskoiak izen ugari laga ditu Donostian, horietako asko gaur egun arte iritsiak: Aiete (gaskoiz, Ayet, Aiete izenaz euskaratutua), Gros, Miramon (gaskoiz, Miramont), Monpas (Mont-pas), Morlans, Polloe (gaskoizko Poll eta Pollet hitzetik dator, Polloe izenaz euskaratua), Ulia (gaskoiz Oli, euskaraz Ulia edo Uliamendi), Urgull (gaskoiz, Orgull edo Urgullus, Urgull izenaz euskaratua), Embeltran kalea (Em Beltran, hots, "Jaun Beltran")[17] eta Narrika kalea (Na Rika, hots, "Rika anderea")[18].

Gaur egun, Euskal Herrian gaskoi hizkuntzaren eta kulturaren aitorpena eta erabilera bultzatzen dituen elkarte nagusia 1975ean Angelun sorturiko Aci Gasconha da[19]. Akitania osoan aritzen den Institut Occitan erakundeak ere lan egiten du gaskoinaren alde.

Euskal Hirigune Elkargoak gaskoi hizkuntza ofizialki aitortu zuen, euskararekin batera, 2018an[20][21][22]. Aitorpen horrek hizkuntzari ekar diezaiokeen ofizialtasun maila zalantzan jarria da, hala ere[23].

FonetikaAldatu

 
Gaskoiaren isoglosak

Ezaugarri fonetiko nagusiak ondoko hauek dira:

  • Hitz-hasierako f- kontsonantea h- hasperendun bilakatzea (filium > hilh, 'semea') (2. isoglosa).
  • Hitz-amaierako -ll albokaria -t' leherkari horzkari sabaikaria —euskarazo tt, Antton hitzean dagoena— bilakatzea (bellum > bell > bèth, 'ederra') (1. isoglosa).
  • Bokal aurreko -ll- albokaria -r- dardarkari lehuna bihurtzea (bella > bèra) (9. isoglosa).
  • Bokal arteko -n- galtzea (luna > lua, 'ilargia') (4. isoglosa).
  • v igurzkari ezpain-horzkaria b leherkari ezpainbikari gisan ahoskatzea (vita > bita, 'bizitza') eta ezpainkari-aurreko o bokala a bihurtzea (novum > nau, 'berria').
  • Hitzen hasierako r- dardarkariari bokal baten protesia ezartzea (riu > arriu, 'ibaia') (3. isoglosa)

Gaskoiak euskararen eragina du, fonetikan batez ere. Halaber, Pirinioetako gaskoiak lotura zenbait ditu goi aragoierarekin (adibidez: eth / era artikuluak, maskulino singularra lehena, femenino singularra bigarrena).

ErreferentziakAldatu

  1. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko «gaskoi» sarrera, hirugarren adiera: «Gaskoinian mintzatzen den hizkuntza. Gaskoiz mintzatu. Gaskoia okzitanieraren dialekto bat da.»
    Zenbait tokitan ageri den gaskoiera edo gaskoinera izenak ez du oinarririk.
  2. (Frantsesez) «occitan», encyclopedie larousse, . Noiz kontsultatua: 2019-11-12.
  3. a b c d e (Gaztelaniaz) Cierbide Martinena, Ricardo, «Gascón», Auñamendi Entziklopedia, . Noiz kontsultatua: 2019-11-12.
  4. (Katalanez) «Estatut d’autonomia de Catalunya», Parlament de Catalunya, . Noiz kontsultatua: 2019-11-11.
  5. (Frantsesez) «Atlas interactif UNESCO des langues en danger dans le monde», unesco, . Noiz kontsultatua: 2019-11-11.
  6. a b (Ingelesez) Haase, Martin, Basque and Gascon language contact, . Noiz kontsultatua: 2019-11-12.
  7. (Okzitanieraz) Josep Crivillé i Bargalló, Josep Crivillé i Bargalló (1988) Es gascons e era musica, Musèu dera Val d'Aran (Dirección y coordinación Jusèp Mª Boya y Carmen Gassó) Departamento de cultura de la Generalitat de Catalunya.
  8. (Gaztelaniaz) A. R. Almodóvar: Abecedario andaluz, Ediciones Mágina. Barcelona, 2002
  9. (Gaztelaniaz) Múgica Zufiría, Serapio «Los gascones en Guipúzcoa», Imprenta de la Diputación de Gipuzkoa, 1923.
  10. (Frantsesez) Fossat, Jean-Louis, «du recueil de données (1947-1952) aux cartes synthétiques de l’Atlas linguistique de la Gascogne maritime», géolinguistique, . Noiz kontsultatua: 2019-11-12.
  11. a b c d Dolosor, Frank, «Frank Dolosor: 'Bi milioi okzitaniar hiztun daude, baina sakabanatuak'», eitb (tribuaren berbak), . Noiz kontsultatua: 2019-11-11.
  12. (Ingelesez) «gascon», ethnologue, . Noiz kontsultatua: 2019-11-11.
  13. Lafitte, Jean (2005) Situation sociolinguistique et écriture du gascon aujourd'hui Université de Rennes.
  14. Breç, Joan, «Joan Breç: 'Akitanian biztanle erdiek okzitaniarra ulertzen dute'», EITB (tribuaren berbak), . Noiz kontsultatua: 2019-11-11.
  15. (Katalanez) (pdf) Enquesta d’usos lingüístics de la població2008, . Noiz kontsultatua: 2019-11-11.
  16. Erremundegi Beloki, Ekhi, [Indar berri baten xerka «Indar berri baten xerka»], Berria, . Noiz kontsultatua: 2019-11-11.
  17. (Gaztelaniaz) Orella Unzué, Jose Luis "La gasconización medieval occidental del Reino de Navarra", Lurralde : inves. espac. 33 (2010), 177-208 orr.
  18. http://irutxulo.blogspot.com/2008/12/calle-calle-calle-de-narrica-narrika.html
  19. (Frantsesez) «Istoric "ACI GASCONHA"», acigasconha.asso.fr, . Noiz kontsultatua: 2019-11-11.
  20. Ubiria, Maite, «Euskara eta gaskoia lurralde hizkuntza gisa ofizialki onartu ditu Euskal Elkargoak», naiz.eus, . Noiz kontsultatua: 2019-11-12.
  21. «Hizkuntza eta kultura politikak», communaute-paysbasque.fr, . Noiz kontsultatua: 2019-11-11.
  22. (Frantsesez) «L’Agglo Pays basque reconnaît officiellement les langues basque et gasconne», Sud-Ouest, . Noiz kontsultatua: 2019-11-11.
  23. Bidegain, Eneko, «flotagailua krokodiloen lakuan», Argia, . Noiz kontsultatua: 2019-11-11.

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu