Lehenbiziko Eusko Jaurlaritza
Lehenbiziko Eusko Jaurlaritza (euskal lurraldea administratu zuen lehenengo gobernu autonomoa) denbora laburrez egon zen eusko lurraldean finkatuta eta Francisco Franco jeneralaren diktaduraren eraginez bere ahalmena guztiz mugatuta geratu zen 1937an erbesteratu zenetik, 1979an berriz Euskadira itzuli eta berfinkatu arte.
1936ko estatutua
aldatu1936ko hauteskundeetan Fronte Popularrak irabazi zuenean, gutxiengo nazionalistak garbi zuen Euskadiren autonomia gobernu horren akordio baten baitan egongo zela. Batzorde bat osatu zen, kontsentsua bilatzeko asmoz; Indalezio Prieto, Euskadiko sozialisten buruzagia, zuen buru; eta idazkaria Jose Antonio Agirre zuen, gutxiengo nazionalistak Gorteetan zuen taldeko burua.
Lanak bizkor joan ziren aurrera eta 1936ko ekainerako proiektua bukatuta zegoen jada. Akordio bat falta zen Finantza arloan, diputatu eskuindarrek (José Luis Oriol, tartean) egindako oposizioa zela eta. Esaten zutenez, bateraezinak ziren Estatutua eta Kontzertu Ekonomikoen erregimena. Errealitatean, Estatutuaren onarpena atzeratzeko aitzakia besterik ez zen.
Gerra hasi bezain laster eten egin zen autonomia prozesua, baina gobernu zentralak EAJk gerran modu eraginkorrago batean parte hartzea behar zuen eta Estatutuaren onarpenaren aldeko urratsak bizkortu zituen. 1936ko urriaren 1ean, Espainiako Parlamentua Valentziara mugitu eta gero, onartuko zen Estatutua, eta onartu zen testuak aldaketa batzuk bazituen.
Lehenengo Eusko Jaurlaritzaren programa
aldatu« | Herriaren nahiei jaramon eginez eta espainiar Errepublikako Gorteek onarturiko Euzkadiko autonomia Estatutuan agertzen diren aginduak betez, behin-behineko Eusko Jaurlaritza osatu berri honek euskal herritarrei bere jardueraren programako puntu garrantzitsuenak agertu nahi dizkio; eta Jaurlaritza eratzen duten alderdi guztiek bat egiten duten zentrua izanik, premiazko helburutzat garaipena lortzea eta bakea ezarri eta antolatzea duela adierazten du gerra Kabinete moduan, hitzak berak duen esanahi osoa kontutan izanda.
Beraz: Euskal herritar guztien banakako eta gizarteko eskubideak errespetatu eta bermatuko ditu eta, horren ondorioz, baita erlijio sinismen eta elkarte guztiak, elkarte horietako kideen eta euren ondasunen segurtasuna, betiere Konstituzioak ezartzen dituen aginduak kontutan hartuta. Izaera erlijiosoak ez die errurik kenduko legearen aurkako ekintza politikoetatik sortzen diren erantzukizunei. Behin-behineko Eusko Jaurlaritza bere lehendakariaren eta Defentsa Sailaren bitartez zuzenduko du gerra, aginte bakarra ezarriko du eta justizia militarraren kodera lotuta dauden milizia guztiak albait lasterren militarizatuko ditu (...). Eusko Jaurlaritzak zorrotz eutsiko dio ordena publikoari eta beharrezkoa balitz neurri gogorrak eta bereziak hartuko ditu (...). Ahalik eta arinen hasiko da foru ertzaintza eratzen; gaur egungo beharrizanei erantzuteko antolatuta dagoen eta modernoa eta eraginkorra den ertzaintza (...). |
» |
—1936ko estatutua et Eusko Jaurlaritza. Agintaritzaren egitasmoa, Gernikan, 1936ko urriak 7, Jose Antonio Agirrek eta bere aholkulariek sinatuta |
Gobernu antolaketa
aldatuHiriburua Bilbon ezarri zen eta Lehendakaritza Carlton hotelean. Gobernua garaiko alderdi guztiek osatu zuten hauteskundeak egiteko aukerarik ez zegoelako:
- Lehendakari: José Antonio Agirre (EAJ)
- Defentsa: José Antonio Agirre (EAJ)
- Justizia eta kultura: Jesús María Leizaola (EAJ)
- Herrizaintza: Telesforo Monzón (EAJ)
- Ogasuna: Heliodoro de la Torre (EAJ)
- Industria: Santiago Aznar (PSOE)
- Lana, Aurreikuspena eta Komunikazioak: Juan de los Toyos (PSOE)
- Gizarte laguntza: Juan Gracia (PSOE)
- Herri lanak: Juan Astigarrabía (EPK-PCE)
- Merkataritza eta Hornidura: Ramón María de Aldasoro (Izquierda Republicana)
- Osasuna: Alfredo Espinosa (Unión Republicana)
- Arrantza eta nekazaritza: Gonzalo Nárdiz (EAE-ANV)
Bilboren defentsa eta erortzea
aldatuBilboren kontrako mehatxua eta erasoak irailean bertan hasi ziren, Molaren abiazioaren bidez. Bitarte horretan, hiria Eusko Jaurlaritzaren egoitza bihurtu eta gerra giroan murgildu zen, errefuxiatu ugariren helmuga bilakatuta, baita tentsio handien topaleku ere.
Bizkaia galtzea saihesteko asmotan, Eusko Jaurlaritzak Bilboko Burdin Hesia izeneko defentsa lerro estatikoa eraikitzeari ekin zion, Alberto Montaud Noguerol jeneralaren agindupean. Burdin Hesia 70 zentimetroko lodierako hormigoi indartuaz eginiko 180 bunkergunek osatuta zegoen. Argizagin oraindik ageri dira bunker horietako zenbait. Lubaki txikiak ere bazituzten, gehienetan bi lerrotan jarriak.
Bilboko Burdin Hesia egiteko lanak zuzentzen aritu zen Alejandro Goikoetxea ingeniaria Francoren aldera aldatu zen 1937. urtean. Burdin Hesiaren xehetasun guzti-guztiak ezagutzen zituenez, euskotarren aldetik Goikoetxeari leporatu izan zaio hain sendoa zela uste zuten hesi hura hain erraz erori izana, eta haren atzetik Bilbo eta Euskadiko azken lurrak ere erori izana. Horrenbestez, Alejandro Goikoetxea traidoretzat gogoratu izan da eusko abertzaleen artean.
Ekainaren 13ko gauean, Eusko Jaurlaritzak herritar gehienak hiritik atera zituen. Armada frankistak, Kondor Legioak lagundurik, eraso bortitza egin eta posizio errepublikarrak suntsitu zituen. Mardaras izeneko tenientea izan zen azken erorietako bat, Artxanda defenditzen ari zela hila. Ekainaren 18an Ulibarri jeneralak azken gudarosteak atera zituen hiritik eta 1937ko ekainaren 19an Bilbo faxistek bereganatu zuten. Errepublikarrek hiriko zubiak suntsitu bazituzten ere, hiria zutik utzi zuten, bere lantegiak barne. Izan ere, nahiz eta Errepublikako gobernuak industriaguneak suntsitzeko agindu, Ezkerraldeko industria osorik eta ukitu gabe uztea erabaki zuen Jaurlaritzak, Euskal ekonomiarentzat ezinbestekoa zena.
Bilboren galera azken euskal gotorlekuaren akabera izan zen, eta Iparraldeko frontearen erorketa iragarri zuen.
Santoñako Hitzarmena
aldatu1937ko udaberriaz geroztik, Bilbo galdu baino lehen, Juan Ajuriagerra Bizkai Buru Batzarreko presidentea altxatutakoekin bake-hitzarmena negoziatzen jardun zuen hilabete batzuetan zehar, Aulki Santuaren bitartekaritzari esker.
Gauzak horrela, EAJko agintariek hitzarmena izenpetu zuten, Valentzian zegoen gobernu errepublikarrak jakin barik. Hitzarmenaren arabera, Eusko Gudarosteak errenditu eta Corpo Truppe Volontarie batailoiari armak eman behar zizkion. Italiarrek, trukean, gudariei bizitza errespetatu behar zieten, Italiako armadaren menpean gerra-preso izanik. Politikariak, funtzionarioak eta gura zuten ofizialak, berriz, itsasoz atera zitezkeen. Jeltzaleek ez zuten baldintza gehiagorik eskatu, nahiz eta Corpo Truppe Volontariearen Agintari Gorena zen Farina koronelari berme handiagoak eskatu, alferrik. Horrela, italiarrak Santoñan sartu eta administrazio zibilaz jabetu ziren.
Abuztuaren 26an Baionatik etorritako "Bobie" eta "Seven Seas Spray" britainiar merkantzia- ontziak Santoñako portuan sartu ziren, "Keith" destruktoreak babesturik. Euskal pasaportea zuten errefuxiatuak laster hasi ziren ontziratzen, baina Dávila jeneralak, Emilio Mola zendu ondoren iparraldeko armada frankistaren buruzagiak, goizeko hamarretan izan zuen gertatzen ari zenaren berri eta berehala eten zuen operazioa, errefuxiatuen lehorreratzea aginduz. Santoñatik "Bobie" merkantzia-ontzia baino ez zen atera, barnean 533 zauritu zituela, "Keith" destruktorearen babesarekin.
Hitzarmena ez zen bete: alde batetik, itsasontziak beranduegi ailegatu ziren hirira, eta bestetik frankisten Agintari Gorenak indarra kendu zien italiarrei. Gudariak berehala El Dueso espetxean sartu zituzten. Azaro inguruan, Gudarosteko 11.000 gudari gelditu ziren aske, 5.400 lan- batailoietan, 5.600 preso eta 510 heriotza-zigorrera kondenatuak.
Erbestearen hasiera
aldatuTropa frankistek Euskadi okupatu ondoren, Eusko Jaurlaritzako buruzagi batzuk Bartzelonara joan ziren, eta han gobernu moduko bat osatu zuten erbestean, Companys Presidentearen eta Kataluniako Generalitatearen lankidetzarekin. Porrot militarraren eta iraganean izandako liskar ugarien ondoren, gobernu errepublikarrak ez zituen "Euskal agintariak" berriro serio hartuko.
1939ko hasieran, Bartzelona erori eta errepublikaren porrotaren ondoren, Agirre Lehendakaria erbestera joan zen, eta harekin batera bere gobernua ere, 1960an hil zen arte buru izango zena.
II. Mundu Gerra
aldatuGerra zibilaren azkenetan, Bartzelonan José Antonio Agirre Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzaren zenbait politikarik, Luis Companys presidentearen eta Kataluniako Generalitataren babesarekin, “erbesteko gobernua” eraiki zuten. 1939ko urtarrilaren 26an, tropa frankistek hiria hartzear zeudela, Lehendakariak ihes egin behar izan zuen herrialdetik, Frantzian erbesteratuz.
Parisen, Euskal Gobernuaren politika nazional eta nazioartekoa garatuko zuen egoitza sortu zen, 1939tik 1955era arte jardungo zuena.
EAJn, errepublikaren deuseztapenaren ondotik, honenganako deslotura nahia nagusitu zen. Lehendakariak, EAJren ministroek eta 1939an Meudoneko bileretan parte hartu zuten Euskadi Buru Batzarreko kideek, Euskal Herriaren independentzia ideologikoki bultzatu zuten, Amerikako euskaldunen oniritzia jasotzeko.
Hori dela eta, alderdi jeltzaleak Euskal Gobernuaren parte izateko deklarazio printzipio bat sinarazi zien gainontzeko partiduei, non afiliazio euskaldun nazionala eta espainiar organismoekiko hauen independentzia adierazten zen. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzari erbestealdi osoan izan zuen barne-krisi handiena heldu zitzaion, Agirrek bultzatutako ekimen horrek eragin nabaria izan baitzuen euskal sozialistengan (PSOEren parte baitziren azken hauek).
1940ko uztailaren 11an, Londresen erbesteraturik zegoen Manuel de Irujok, euskal nazionalismoaren gidaritza hartuz, Euzkadiko Kontseilu Nazionala (EKN) eratu zuen, programa independentista argi batean oinarritzen zena, Gorte Nagusiek 1936an onartutako Euskadiko Autonomia Estatutuaren aurka azalduz. Irujok, 1939ko udaberrian Meudonen onartutako euskal ildo nazionalaren harira, berarekin Londresen bere burua babesten zuen De Gaulle jeneralaren babesa bilatu nahi izan zuen, Euskal Errepublika sortzeko bere egitasmo horretan, behin aliatuek gerra irabazterakoan eratuko zena. 1941eko maiatzaren 17an, Frantzia Libreko Indarretara batuko ziren euskal ofizial eta soldaduen unitate bat bidaltzeko akordioa sinatu zuten Frantziako Kontseilu Libreak eta EKNk. Hala ere, Britania Handiak eragindako presioek De Gaullek 1942an akordioa disolbatzera bultzatu zuen.
Gobernu britainiarrak ez zuen Irujoren proiektu independentista babestu nahi izan, Francoren "baretze-politika” arriskuan jartzen zuelako. Gainera, haren aurkako difamazio kanpaina bat jarri zuen abian, bere proiektu independentistak Hitlerren babesa zuela iradokiz eta etorkizuneko euskal errepublika eratzeko zirriborroa prentsara filtratuz, erbestealdi errepublikarraren artean sumindura handia eragin zuena.
1941eko urte amaiera aldera, Agirrek gobernuaren eta euskal politikaren gidaritza berreskuratu zuen. Lehendakariak Irujoren proiektu independentista baliogabetu zuen, euskal nazionalismoaren zuzendaritza berrartzearekin batera. 1938tik Jaurlaritzak, New Yok hiriko 5. etorbidean, egoitza zuen antolatua. Bertan, Intxaustik eta Frankok negozioak eten zizkien Ramon de la Sota Llano euskal magnate nazionalistaren familiako bi kideei (Manu de la Sota Aburto eta bere iloba Ramon de la Sota McMaun). Jon Bilbao eta beste kolaboratzaile gehiagok ere lan egiten zuten, eta 1943an Anton Irala Eusko Jaurlaritzaren presidentetzako estatu-idazkaria batu zitzaien. Kolaboratzaile hauek erlazio estua zuten herrialde hartako stablishmentarekin. Agirrek, pertsonaia horiei eta unibertsitate giroan egindako kontaktuei esker, Estatu Batuar gobernuarekin kolaborazio-konbenioa aurrera eraman ahal izan zuen. Egonaldi horretan, “De Guernica a Nueva York pasando por Berlín” odisea ere idatzi zuen.
1941ko irailaren 7an, Japoniak Pearl Harboren aurkako erasoa jo zuen, Estatu Batuak Bigarren Mundu Gerran murgilduz. Hortik aurrera, Eusko Jaurlaritzak, gerra amaitzean Europa berreraikitzea helburu zuten erbesteratu politikari demokrata-kristauekin erlazioa sendotu zuen. Lehendakariaren ospea handitu egin zen, eta Hego Ameriketako politikari kontserbadoreekin zuen erlazio ezin hobeari esker (Aliatuen aldea osatzen zutenak), Estatu Batuentzako pertsonaia garrantzitsu izatera heldu zen. Henry Wallace presidente ordearen eta Nelson Rockefeller magnate beraren oniritzia jaso zuen. Meudoneko printzipio politikoaren ildotik, Eusko Jaurlaritzak, Roosevelt administrazioarekin adostu zituen 1949 urtera arte euskal zerbitzu sekretuak estatubatuarrarekin elkarlanean aritzeko akordioak.
Britaniar Inteligentzia Zerbitzuek eta Amerikar Inteligentzia Zerbitzuen laguntzarekin, Eusko Jaurlaritzaren negoziazioak arindu egin ziren. Nahiz eta ziurtatu ezin daitekeen, Agirrek idatzitako aipamenengatik, Britaniar Inteligentzia Zerbitzuen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko ituna sinatu zen, non euskaldunek haien hitza ematen zuten Hego Amerikan Aliatuen aldeko propaganda, espioitza eta informazio bilketan aritzeko. 1942ko abuztuaren 15aren eta urriaren 24aren artean, Lehendakariak Hego Amerikako 10 herrialdetatik bira egin zuen, lurralde haietako euskal ordezkaritzen sarea indartuz.
EAJk oposizio antifrankistaren edozein erakundetan parte hartzeko, ezinbesteko baldintza bezala izan zuen Euskadirentzako autodeterminazio-eskubidea aitortzea. Horregatik, Mexikon 1943ko azaroaren 20an Indalezio Prietok Espainiako Askapen Batzordea (Junta Española de Liberación) sortzerakoan, alderdi jeltzaleak ez zuen prozesu horretan parterik hartu, errepublikako instituzioak eta Eusko Jaurlaritza deuseztatu nahiaz gain, autodeterminazio- eskubidea ukatzen baitzitzaien. Handik aste gutxira EAJk, Eusko Abertzale Ekintzak (ANV-EAE), CNTren eskualdeko federazioak eta Euskadiko Alderdi Sozialista izeneko batzorde sozialistak, oposizio- adierazpen bat argitaratu zuten.
Hala ere, bai Euskal Kontseilu Nazionalak bai Eusko Jaurlaritzak berak, erbesteko gobernu errepublikarrarekin lankidetzan aritzeko beharra berretsi eta harremanak hobetu zituzten. Erbesteko Euskal Gobernuak (EAJ-PNV, EAE-ANV, Jagi-jagi, ELA-STV…) demokraziaren, giza eskubideen, errepublikar sistema politikoaren eta europar komunitateekiko kontzepzio federalista eta paneuroparraren alde egin zuen. Jaurlaritza, modu independentean aritzen zen Nazio Batuen Erakundean, Europako Erkidegoetan eta Europako gobernuekin zituzten harreman diplomatikoetan. 1945etik Eusko Jaurlaritza Errepublikako Gobernutik erabat independente zen.
Agirre Lehendakaria 15 hilabete desagertuta
aldatuUrte berean, Alemaniak Belgikari, Herbehereei eta Frantziari eginiko erasoek, ezustean harrapatu zuten Lehendakaria, Belgikan familia-bidaian zebilela. Frantzia okupatua zela, gainontzeko euskal buruzagi denek zituzten kontaktu guztiak mobilizatu zituzten Lehendakaria topatzeko. Bitartean, nahiz eta atzerrian egon, Agirrek Alberto Aita jesuita euskaldun baten laguntza izan zuen La Pannetik Bruselasera ihes egiteko, bere familia atzean utzita, bidaia bakarrik egin zuelarik. Bruselasen zegoela, Jesusen Konpainiaren San Francisco Javier eskolan ezkutatu zen. Hortik egun batzuetara, trenez Anberesera mugitu zen. Bertan, La Pannen izandako ezagun zahar batek, bere familiaren etxea eskaini zion ezkutalekutzat. Astirik galdu gabe, Panamar kontsulatuarekin hitzartu eta pasaporte faltsua lortu ahal izan zuen. Handik aurrera Lehendakaria, Jose Andrés Alvarez Lastra bezala mugitu ahal izan zen. Pentsio batean urte amaierara arte itxaron ostean, Diplomatiko batzuen laguntzarekin Hanburgorako trena hartu zuen, bertan haren atzetik zebilen poliziak topatuko ez zuela pentsatuz. Hanburgotik Berlinera joan zen eta berriz familiarekin batu ahal izan zen. Azkenik, familia batuta zegoela, Suediarantz egin zuten, heldu bezain laster Goteborgen Europatik ihes egiten lagunduko zien itsasontzian sartzeko, 1941ko uztailaren 31an, hain zuen. Itsasontziak Brasilera eramango zuen Agirre eta bere familia.
Brasilen zegoela, Jesús Insausti partidu-kideak Columbiako Unibertsitatean lana bilatu zion Lehendakariari, historia irakasle bezala. New York izango zen bere bizileku berria. Urriak 3an Montevideorantz joan eta 9an heldu zen. Zazpi egunen buruan, urriaren 16an, Buenos Airesera. Bukatzeko, azaroaren 6an New York hiria zapaldu zuen. Bertan, aro berria hasiko zitzaion Eusko Jaurlaritzari.
Euskaldunen erbestealdia
aldatuEusko Jaurlaritzaren lehen helburua euskal errefuxiatuei babesa bilatzea izan zen.
Jaurlaritzaren independentzia administratiboak posible egin zuen 32.000 umeren erbesteratzea eta hainbat eskolen, osasun zentroen eta erietxeren sorkuntza. Baita erbesteratu, preso zein errepresaliatuei asistentzia ematea ahalbidetu zuen, 1939 eta 1940 artean, gobernu frantsesarekin elkarlanean, Sécours aux Refugiés komitearen bitartez.
Telesforo Monzón gobernu aholkulariak, gerra zibiletik ihesean Frantziar Estatura iritsi ziren euskal soldadu nazionalista eta errepublikarren ardura hartu zuen, Argelès-sur-Mer hondartzan pilatuta zihardutelarik. Hondartza hartako eremu batean, erbesteratuentzako Gernika Berri izeneko gotorlekua eraikitzea lortu zuen. Euskal Herriaren iparraldeko probintzian, frantses soldaduek bakarrik euskaldunentzako esparru berri bat eraiki zezaten ahalegindu zen Monzon, baina Jean Ibarnegarai politikari ultraeskuindarrak eskakizuna ukatu zion. Azkenean, Gursen sortu zen esparrua, 6500 euskaldun batuz.
1939ko irailaren 1an, Alemaniak Polonia inbaditzerakoan, Frantzian Espainiaren eraso baten beldurra nagusitu zen. Hortaz, gobernu frantsesak, herrialdean zeuden Liga Internacional de Amigos de los Vascos-en aurka egin zuen, hauen lokalak itxiz eta 800 euskaldun Gurseko esparrura bidaliz.
1940ko maiatza eta ekaina bitartean, Alemaniak Frantzia okupatzerakoan, Europatik ihes egitera behartu zituzten euskaldun asko. Gertakari horiek, Ameriketara emigratzeko euskal tradizio sendoarekin batera, Kontinente Berrirako erbesteratuen lehen uholdea eragin zuten faktore erabakigarrietako batzuk izan ziren.
Eusko Jaurlaritzaren Buenos Airesko ordezkaritzaren bitartez, Euskal Immigrazioaren Aldeko Batzordea sortu zen. Azken horri esker, Argentinako presidenteak 1940an dekretu bat onartu zuen, Euskal Immigrazioaren Aldeko Batzordeak egoki iritzitako kide guztiei zegozkien herritarrak eta eskubide zibil eta politiko guztiak emateko.
1940 eta 1942 bitartean, bigarren emigrazio-fluxu handi bat gertatu zen Ameriketara. 1941era arte Marseillan ibili zen De La Torre ministroak, euskal jendea Ameriketara erbesteratzen lagundu zuen.
Euskal diaspora Ameriketan
aldatuEuskal erbesteko gobernuak, Ameriketan euskal erakundeen sare bat bultzatu zuen, Euskal Herriaren borroka politikoaren inguruan diasporako euskal ordezkaritzak, zentroak eta bestelako erakundeak bateratuz. Ildo horretan, 1937tik aurrera, erbesteko gobernuak euskal herriaren eskubide historiko eta politikoak nazioartean zabaltzea eta ezagutaraztea lortu zuen, bai Amerikan, bai Europan. 1942an Argentinako Euskal Gobernuaren delegazioak oso aktibo egon ziren. 1942tik 1955era Eusko Jaurlaritzak erbestean izan zuen indarra, erbesteratutako errepublikarrena baino handiagoa izan zen, batez ere Uruguain eta Venezuelan.
1941an Agirrek Uruguain bere proiektu politikoa ezagutarazi zuen eta Uruguaiko herriaren, instituzioen eta politikaren babesa jaso zuen, 1941 eta 1955 artean bertako Euskal Gobernuaren delegazioak eta herrialdeko presidente guztiek kolaborazioa mantendu eta urtero batzarrak eginez.
1937tik 1955era erbesteratuen kolektiboaren kultura-jarduera oso ugaria izan zen politikan, literaturan, historian, filosofian, antropologian eta giza jakintzen hainbat arlotan. Erbesteko ia erakunde eta talde guztiek haien idazkiak plazaratzen zituzten, besteak beste, Ekin argitaletxea, Buenos Airesko Instituto Americano de Estudios Vascos buletina, Euzko Izpar Banatzea, Euzko Deya, Gernika, Ikuska, Los Vascos en Venezuela edo Euzko Gogoa bezalako aldizkarietan. 1943tik 1955era Montevideoko (Uruguay) prentsa delegazioan, euskal auziaren inguruan 600 artikulutik gora atera zituzten, propaganda erara.[2]
Agirreren garaia (1945-1960)
aldatu1945-1950
aldatu1945ean, Agirre Lehendakariak New Yorken egingo zen bilera batera deitu zituen bere kontseilariak. Bertan, Monzon, Aznar, Aldasoro eta Nardiz egon ziren, baina Frantziatik beren atxikimendua bidali zuten Leizaolak eta Belatorrek. Hala ere, adostu beharreko testuak kritikak jaso zituen alderdi ez-nazionalisten partetik; ondorioz, bilerak ez zituen bere helburuak bete. Lehendakariak, malgutasuna erakusteko erabakia hartu zuen orduan gobernuaren batasuna berreskuratzeko asmotan. Bertatik irtendako testu berriak, alderdien adostasuna lortu zuen eta ondorioz, Baionako ituna sinatu ahal izan zen.
Giro berri honek Agirrek bere aliatu zen Aznar kargutik bota zuen Prietoren sozialistei hurbiltzeko asmoz, eta urte bete geroago, sozialistek hiru kontseilari berri izendatu zituzten eusko gobernuarentzat: Fermin Zarza, Enrique Dueñas eta Sergio Echeverria. Honela, Agirrek erbesteko bigarren gobernua osatu zuen. Ordurako, Agirrek argi zuen Euskal Herriaren askatasuna Espainiaren askatasunarekin helduko zela, ondorioz, bere energia guztia bitartekari lanak egitera murgildu zituen, gobernu errepublikar sendo bat lortzeko asmoz.
1950-1960
aldatuEuskal enpresetan greba mordoa antolatu ziren garai honetan; izan ere, lan baldintza eskasak zeuzkaten langileek. Lan uzte hauek kontseilu delegatuak antolatu zituen, baina poliziak eginiko errepresioaren eraginez, hau guztiz deseginda geratu zen, izan ere, atxiloketa masiboak egoten ziren.
Aldi berean, 1953an, Lehendakariaren egoitza, Pariseko Avenue Marceautik, Rue Singerrera aldatu zen, izan ere, gobernu frankistak Frantzia okupatuaren garaian lortutako jabetza titulua erabiliz, Frantziako gobernuak desetxeratze bat egin zion eusko gobernuari. Gaur egun, egoitza hori Cervantes akademiaren esku dago.
1956an, hirugarren eusko gobernua sortu zen erbestean. Kargu uzte asko egon arren, gehienek beren postuan jarraitu zuten. Urte hartan egin zen lehen Euskal Mundu Biltzarra, eta hau oso arrakastatsua izan zen, izan ere, 400 pertsona inguru hurbildu ziren Parisera.
1959an, eusko gobernuak beste kolpe gogor bat jasan zuen, izan ere, EGIko kide ziren gazte batzuek, beren deserosotasuna aldarrikatu eta E.T.A sortu zuten.
1960an, Agirre Lehendakaria hil egin zen, eta Donibane Lohitzunen hilobiratu zuten. Bertan, lurperatu aurretik, Leizaolak Euskal Herriko bigarren Lehendakari gisa zin egin zuen, eta berarekin, beste garai bat zabaldu zen erbesteko garaian.
Leizaolaren garaia (1960-1975)
aldatu1960-1975ean Leizaola Lehendakari bilakatu zen garaia da, eta horrek aldaketa ugariak eta nabarmenak suposatu zituen arlo askotan. Arlo horietatik, kultura nabarmentzen da, Euskal kultura espresuki. Ikastolen fundazioa, langile-mugimenduak…emandako aldaketa guztien aipamen txikiak baino ez dira. Leizaolaren planteamenduei zein aurretik aipatutako aldaketei eguneroko kritika masiboak gehitu behar zaie. Asanblada horietan parte hartzaile ugari zeuden baina PNV eta E.T.A aldeak nabarmentzekoak dira “protagonista handiak” izan direlako historian zehar (1962).
1962an “Le Congrés du Mouvement Européen et les rencontres de Munich” eman zen. Urte erabakigarria bezala identifikatzen da diktaduraren eta oposizio demokratikoaren historian eragin handia izan zuelako. 118 espainiar hau da, Europako Mugimenduaren babespean oinarritzen zirenak bildu ziren bertan. Laburbilduz, gerraosteko Europako pertsona garrantzitsuenek kontinentearen integrazio ekonomiko zein politikoa bultzatzea adostu zuten, Europan ideal demokratikoekin bakea eta askatasuna bermatzeko asmoz.
Urte bat pasa ahala (1963) Xabier Landaburu eta Paulino Gómez Beltranen hilketak eman ziren hutsune sakon bat utziz haien pentsamendu, jokamolde eta planteamendu berdinak lantzen zituzten pertsonei. Hala ere, bakardade hori egun gutxiko kontua izan zen: aurreko bi pertsonen hilketen ostean José de Rezola (EAJ) eta Don Juan Iglesias (PSOE) ordezkariekin bete zen.
“Aberri eguna” eta hurrengo urteak
aldatu1964ko martxoaren 29an “Aberri Eguna” izenarekin ezagutzen den ospakizuna egin zen; barrualdeko ekintzen protagonismoa berreskuratzeko asmoarekin. Ordura arte inoiz baino indar handiagoz Euskadiren herri eta nazio askatasuna aldarrikatzea, eta, aldi berean, erregimen frankistaren aurka egiten jarraitzea zen helburu nagusienetakoa, eta hala bete zen.
Bitartean, Ambrosio Garbisu Espainiako politikari errepublikarra izan zen (Izquierda Republicanako kidea), eta hizlari izan zen Bilboko mitin batzuetan eta Meatzaldean, nahiz eta bere posizioak urte batzuk baino ez dituen irauten. II. Errepublikan lehen ildo politiko horretara itzuli zen Bilboko zinegotzi gisa (bere antiklerikalismoagatik, autonomismoagatik eta feminismoagatik nabarmenduz) eta talde errepublikarreko buru bihurtzea lortu zuen. Urte batzuk igarota, ez dakigu ezer hari buruz, harik eta 1945ean Baionako Ituna sinatu zuen arte. 1952an Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Hornikuntza sailburu izendatu zuten. 1956an Euskal Mundu Biltzarrean parte hartu zuen sailburu gisa, nahiz eta ordutik aurrera alderdien mesfidantza hori pairatu zuen hurrengo urteetan. Azkenik, Ambrosio Baionan hil zen 1965eko otsailaren 24an.
1966an "Aberri eguna" bi eremu ezberdinetan banatzea adostu zen eta horrek giro txarrak sortarazi zituen 1968an. Garai hartan gertakari ugari eman ziren, hala nola: Gipuzkoan, José Pardines hilko du Txabi Etxebarrietak. Horren ondorioz, guardia zibila Etxabarrietarekin bukatuko dute era berean. E.T.Ak aldean Meliton Manzanas hil egingo du eta gutxi izango balitz, 43 hilketa emango dute 1975 arte.
Aurreko gertakariek ETAko 6 partaideen hilketa suposatu zezakeen Kontseiluko Gerra ematen den bitartean (1970). 1970ko urriaren 19an, Erbesteko Eusko Jaurlaritzak greba orokorrera deitu zituen herritarrak, Burgosko Auziaren aurka. Leizaola lehendakariak Euskal Herriaren egoera salatu zuen agiri baten bidez, poliziaren eskuetan auzipetuek jasandako torturak gogor gaitzetsi zituen, eta epaiketaren lehen egunerako egina zegoen greba orokorrarekin bat egin zuen.[3]
Hurrengo urtean, 1971ean, José de Rezola hil egingo da eta bere izenean Martin Ugalde ordezkari bilakatuko da. 1974ean Leizaola "Aberri eguna" bisitatuko du 13 zibilen hilketa ematen den bitartean Madrilen. Bukatzeko, garai honen azkeneko urtean (1975ean) aipagarriena bilakatuko da bi gertakarien ondorioz: batetik, Gonzalo Nárdiz E.T.Ako bi bazkideen hilketen bideratzailea bilakatu zen. Bestetik, Francisco Francoren heriotzaren garaia izan zen (azaroaren 20an).
Trantsizioa (1975-1979)
aldatuDemokraziarako trantsizio-etapa bat hasi zen, zailtasunez betea, ETAren eta muturreko beste talde batzuen indarkeriaren jarraipena barne, eskuinetik ezkerrera. Prozesu horren mugarriak izan ziren 1976ko abenduan erreforma politikorako legea onartzea, 1977ko ekainean lehenengo hauteskunde demokratikoak egitea, 1978ko abenduan konstituzioa aldarrikatzea eta 1979ko urrian Euskal autonomia-estatutua aldarrikatzea.
Trantsizioaren hasierak eskalada ekarri zuen ETAren ekintzan, eta hildakoen kopurua handituz joan zen erregimen demokratikoa finkatu ahala. 1975eko 16 hilketetatik 1980ko 98ra igaro zen, demokrazia osoko kopururik altuenera. Hori dela eta, Euskadiko hirurteko horri “berunezko urteak” deitzen zaio.
Euskadiko Trantsizioak aurre egin behar izan zion zailtasun handienetako bat frankismoa legeztatu zuen Estatuaren deslegitimizazioa izan zen, biztanleriak Erregimenaren aurkako indarkeriazko erantzunak txalotzeko euskarria izan zena.
Praktikan, Eusko Jaurlaritzak ez zuen ia esku hartu trantsizio-prozesuan. Oposizioaren benetako lidergoa barnera eraman zen, buruzagi politikoen belaunaldi berrietara. 1976an, Leizaolak lau kontseilari besterik ez zituen: Mikel Isasi (EAJ-PNV), Juan Iglesias (PSOE), Gonzalo Nárdiz (EAE) eta Jesús Ausín (Ezker errepublikanoa). Iglesiasek eta Isasik, aldi berean, Euskal Kontseilu Nagusiko kide izan ziren, 1978ko hasieran sortutako autonomiaren aurreko organoa. Nabarmen, Eusko Kontseilu Nagusian ordezkaritza handiena zuten bi alderdiak erbesteko gobernuaren buru ziren berberak ziren: EAJ-PNV eta PSOE.
1979ko Autonomia Estatutua edo Gernikako Estatutua
aldatuRamon Rubial sozialista izan zen lehen Lehendakaria, eta gero Carlos Garaikoetxeak ordezkatu zuen. 1977ko ekaineko hauteskundeek Euskadi plurala edo anitza sortu zuten. EAJk hauteskunde orokorretan lortu zuen garaipenaren ondoren, alderdi honek euskal ordezkaritzaren protagonismoa bere gain hartu zuen esklusiboki, eta gainerako indar politikoak alde batera utzi zituen, haietako baten protestak eraginik izan gabe. EAJk Euskal Kontseilu Nagusian lortutako garrantziaren ondorioz, Suárezek alderdi horrekin negoziatzeko egindako ahalegina ardaztu zuen etorkizuneko Autonomia Estatutua zehazteko orduan. Hala, bada, estatutu honen giltzarri diren atalak UCDko Gobernuaren eta EAJren artean adostu ziren. Azkenean, 1979ko urriaren 25ean, EAEko hautesleek erreferendumean onartu zuten Autonomia Estatutu berria. Autonomia Estatutua 1979ko uztailaren 17an onetsi zuen behin betiko Konstituzio Batzordeak.
Leizaolaren bukaera
aldatuErrepublikaren legezkotasunetik zetorren gobernuak bere ibilbidea buka zezakeen. Leizaolak ofizialki desegin zuen bere kabinetea, eta 1979ko abenduaren 15ean itzuli zen Euskadira. San Mamesko futbol-zelai zaharrean egin zioten omenaldi ikusgarria izan zen, zailtasun asko gaindituz, 1936ko urrian Agirrek Gernikan altxatu zuen bandera zutik mantentzen jakin zuen Gobernu baten historiaren amaiera. Leizaola Lehendakariak esan zuenez, “gaur Euskadira iristearekin batera bete egiten dut, eta bukatutzat ematen dut eman zitzaidan eginkizuna. Euskaldunei adiskidetzea eta bakea eskatzen diet. Helburu horrek mugiarazi ditu nire keinuak eta jarduerak azken 10 urteotan.”
Erreferentziak
aldatu- ↑ L. Steer, George. (1938). El árbol de Gernika. Un ensayo sobre la guerra moderna. Hodder and Stoughton ISBN 978-84-8136-256-5..
- ↑ Media, EITB. (2015). o/osoa/7566/105684/ El Gobierno Vasco en el exilio: Crónica de una esperanza. .[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ https://www.argia.eus/efemerideen-kanala/erbesteko-eusko-jaurlaritzak-greba-orokorrera-deitu-zituen-herritarrak-burgosko-auziaren-aurka
Ikus, gainera
aldatu