Ireki menu nagusia

Baionako konstituzioa edo Baionako estatutua (ofizialki, frantsesez, Acte Constitutionnel de l’Espagne), Espainiako monarkia bonapartistaren oinarrizko legea izan zedin, Josef Bonapartek, 1808ko uztailaren 8an, Baionan, zin egin zuen gutun aitortua izan zen. Konstituzioaren xedapen gehienak ez ziren gauzatu, Josef I.aren erregealdian Espainian etengabeko gerra izan zelako.

Eduki-taula

Baionako batzarraAldatu

1808ko maiatzaren 5ean Baionako abdikazioak gertatu ziren: Karlos IV.ak eta honen seme Fernando VII.ak uko egin zioten, hurrenez hurren, Espainiako tronuari. Horren ondotik, ekainaren 6an, Napoleonek Josef Espainako errege izendatu zuen.

Napoleonek, Espainiarekiko zekartzan egitasmoak aurrera eraman ahal izateko, dinastia aldaketaz gain, beharrezkoa zen konstituzio testu bat idaztea. Hori zela eta, Baionan espainiar handikien batzarra biltzeko agindua eman zion Murati. Batzarra 1808ko ekainaren 15-30 bitartean egin zen[1], antzinako estamentuen tradizioaren arabera, baina baita Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Ameriketako lurraldeetako ordezkariak ere barne hartzen zituela.

Euskal lurraldeetako Aldundietako eta kontsulatuetako ordezkariak honako hauek izan ziren: Ortuño Mª Aguirre del Corral, Montehermosoko markesa, Arabako Aldunditik; Juan José Maria Jandiola, Bizkaitik; José Mª Lardizabal, Gipuzkoatik; Luis Antonio Gaintza eta Miguel Escudero Nafarroatik; Gabriel Mª Orbegozo Bilboko Kontsulatutik, eta Francisco A. Echague Gipuzkoakotik. Calahorrako apezpikuaren izenean Manuel Maria Upategi, Arrasateko bikarioa joan zen. Baionako Batzarreko idazkaria Mariano Luis Urkixo bilbotarra izan zen, Karlos IV.aren erreinaldian Estatuko Idazkari izan zena eta Josef I.aren monarkia berrian kargu bera izango zuena.

Konstituzioaren edukiaAldatu

Frantses legedi berria zen testuaren iturria, elementu tradizional batzuen bertutez moderatua agertzen zelarik. Espainia oinordetza bidezko monarkia gisa antolatzen zuen. Senatua hiru estamentuz osaturik zegoen: nobleak, elizgizonak eta herria. Estatu Kontseiluak botere handiak zituen, hala nola, Zibil eta Zigor Kodeen aldaketak. Erlijio askatasuna, espainiarren eskariz, kendu zen testutik. Inkisizioa ezeztatu zen. Prentsa askatasuna aski mugaturik zegoen. Gizabanakoen eskubideei dagokienez, egoitzaren bortxaezintasuna, torturaren debekua, lekuz aldatzeko askatasuna eta herri karguetara iristeko berdintasuna izan zituen ekarpenik garrantzitsuenetako batzuk[2].

Euskal ordezkariek foru lege eta erakundeen iraupena lortu nahi zuten eta Foru Konstituzioa deitzen zioten. Euskal probintziak Konstituzio berriaren alde jartzea lortzearren, bere 144. atalean honako hau zioen: "Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako foru bereziak lehen Gorteetan aztertuko dira, probintzia horien eta nazioaren mesedetan onuragarriena iritziko zaiona erabakitzearren".

ErreferentziakAldatu

  1. Juan Cruz ALLI ARANGUREN: http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/rievcuadernos/04/04197222.pdf El marco histórico e institucional de la Constitución de Bayona. RIEV Cuad., 4, 2009, 197-222. Euskomedia.org
  2. Txomin PEILLEN KARRIKABURU: Konstituzionalismoaren etorkia eta 1808. urteko Baionako Konstituzioa Eleria. 18, 2009. Datu-basea22.wikispaces.com

Kanpo loturakAldatu