Burgosko prozesua
Burgosko prozesua edo Burgosko auzia 1970eko abenduaren 3an Burgosen auzitegi militar batek ETAko hamasei kideri egindako epaiketa guztiz sumarioa izan zen. Hiru pertsona hil izana leporatzen zieten, eta epaiketaren bukaeran, akusatuetako seiri heriotza zigorra ezarri; hala ere, heriotza zigor horiek ez ziren bete, horien ordez, Francoren Ministro Kontseiluak kartzela zigorrez ordezkatu baitzituzten.
Euskal Herrian sekulako oihartzuna izan zuen auzi horrek: etengabeak izan ziren protesta ekintzak eta greba orokorra ere egin zen; era berean, mundu guztian barrena ere mobilizazioak eta elkartasun ekitaldiak antolatu ziren.
Eusko Abertzale Laguntzak ordaindu zituen prozesuak epaituei eragin zizkien gastu guztien % 90.[1]
Burgosko prozesua izan zen Diktaduraren historian mobilizazio handienak sortarazi zituen gertaera. Protestak Estatuan ez ezik atzerrian ere ugari izan ziren. Greba eta manifestazio asko izan zen eta Gobernuak salbuespen-egoera ezarri behar izan zuen. Baina protesta-ekintza hauek guztiak gainditu egin ziren handik bost urtera ETA eta FRAPeko kideen hilketen ondorioz.
GertakariakAldatu
Epaitutako gertakariak hauek ziren:
- 1968ko ekainaren 7an, bidean jarritako kontrol batean, José Pardines guardia zibila hil izana.
- 1968ko abuztuaren 2an, Melitón Manzanas hil izana, Donostiako polizia etxeko Gizarte Ikerketako Brigadako (polizia politikoa) buru eta torturatzaile ezaguna zena.
- 1969ko apirilaren 9an, Fermín Monasterio Pérez taxilaria hil izana. Aurreko biak ez bezala, ez dago garbi ea ETAk hil zuen, etakideen eta polizien arteko tiroketa batean bala galdu batek hil baitzuen.
- Beste delitu batzuk egin izana —hala nola, atentatuak eta lapurretak, guztira 30 milioi pezetatik gora biltzeko bidea eman zietenak—, bai eta delitu horietan guztietan lagundu izana edo estali izana.
Auziaren garrantziaAldatu
Epaitutakoak hamasei pertsona ziren eta haientzat eskatzen ziren zigorrak ere asko ziren: 6 heriotza zigor eta 752 espetxe zigor. Auziaren oihartzuna ere ez zen makala izan. 1970eko abenduaren 1ean, ETAk Eugen Beihl Shaeffer bahitu zuen —Alemaniako Errepublika Federaleko kontsula—, eta haren patua 16 prozesatuenarekin lotuko zutela zabaldu zuten. Horrela, nazioarteko interesa erakarri zuen Burgosko prozesuak.
Beste alderdi garrantzitsu bat Elizaren presentzia izan zen. Akusatuetako bi apaizak ziren, eta Eliza Katolikoak arreta berezia eskaini zion epaiketari. Gainera, Euskal Herriko elizako kide ugari ari ziren frankismoaren kontra, eta lokalak utzi zituzten bilerak edo protestak egiteko, sermoietan aipamenak egiten zituzten, eta abar. Argitaratu zituzten testuetatik ezagunena azaroaren 22ko artzain gutuna dugu, Donostiako gotzain Jacinto Argaiak eta Bilboko gotzain Jose María Cirardak sinatua.
Abenduaren 12an, Katalunian 300 artista eta intelektualek itxialdia hasi zuten Montserrateko abadian, amnistia, askatasuna eta autodeterminazio eskubidea eskatzeko. Abenduaren 14an utzi zuten abadia, hango fraideei kalte ez egitearren.
Protestak han eta hemen ugaritu ziren, lantokietan, unibertsitatean... Abenduaren 4an Burgosko prozesuaren aurka Eibarren egindako manifestazio batean Espainiako poliziak Roberto Pérez Jauregi gaztea balaz zauritu zuen eta lau egunetara hil zen.
ZigorrakAldatu
Eguberrietan, ETAk kontsula askatu zuen eta abenduaren 28an epaia jakin zen: ez ziren fiskalak eskatutako sei heriotza zigorrak, bederatzi baizik; eta kartzela zigorrak ere fiskalak eskatutakoak baino gogorragoak ziren. Berehala hasi ziren indultua eskatzeko ahaleginak.
Abenduaren 29an Erreinuko Kontseilua bildu zen, eta hurrengo egunean, Ministro Kontseiluak azkenean indultua eman zuen: heriotza zigorren ordez, kartzela zigorrak ezarri zituen.
Ondorengoak eta ondorioakAldatu
ETAri eskarmentua emateko pentsatutako epaiketa frankismoari egindako auzi bihurtu zen.
Alemaniako Errepublika Federaleko kontsularen bahiketa erabakigarria izan zen, nazioarteko arreta lortzeko orduan. Estatu horrek harreman ekonomiko sendoak zituen Espainiarekin eta heriotza zigorrak gerarazteko presioak egin zituzten. Honek eta Eliza Katolikoak izandako inplikazioak zigor haiek bertan behera uztera behartu zituzten.
Burgosko epaiketan auziperatutako Mario Onaindia eta Eduardo Uriarte Euskadiko Ezkerrako buru izango ziren ondorenean eta PSE-EE geroago. Jokin Gorostidi eta Itziar Aizpurua, berriz, Herri Batasunako kide izango ziren eta Antton Karrera Ezker Batua Berdeak alderdian sartuko zen.
Epaiketaren emaitza Euskal Herriaren garaipentzat hartu zuen euskal gizarteak, eta luzaroan ospe handia izan zuen Telesforo Monzonek idatzitako Irabazi dugu abestiak:[2]
« | Irabazi, irabazi dugu, odolez ta malkoz irabazi dugu. Hi, gudari, herriko zaindari, |
» |
Abesti horretan, ezpata eta herria jarri zituen aurrez aurre Monzonek, epaiketako uneetako bat nabarmenduz. Izan ere, epaiketako une batean, Mario Onaindiak «Gora Euskadi askatuta!» oihu egin zuelarik, gainerako akusatuak Eusko gudariak abesten hasi ziren, eta aretoan zeuden militarrek beren ezpatak atera zituzten.[2]
EpaituakAldatu
kondenen kuadroa | |||||
---|---|---|---|---|---|
Izena | Eskatutako sententzia | Ebazpena | Gerora | ||
Teo Uriarte Ikaslea, 25 urte |
heriotz zigorra - 90 urteko kartzela zigorra | 2 heriotz zigor - 30 urteko kartzela zigorra - 1.000.000 pta | Gero Euskadiko Ezkerraren sortzaileetakoa izan zen, eta egun PSE-EEn dago. | ||
Unai Dorronsoro Irakaslea, 29 urte |
heriotz zigorra | heriotz zigorra - 1.000.000 pta | Geroago EMKko kidea. | ||
Mario Onaindia Bankuko langilea, 22 urte |
heriotz zigorra - 60 urteko kartzela zigorra | heriotz zigorra - 51 urteko kartzela zigorra - 1.000.000 pta | Gero Euskadiko Ezkerraren sortzaileetakoa; gero, hil arte PSE-EEn aritu zen. | ||
Jokin Gorostidi Mekanikoa, 30 urte |
heriotz zigorra - 50 urteko kartzela zigorra | 2 heriotz zigor - 30 urteko kartzela zigorra - 1.000.000 pta | Geroago Herri Batasunako eta Batasuneko kidea izan zen. | ||
Xabier Izko de la Iglesia Inprimalaria, 29 urte |
heriotz zigorra - 75 urteko kartzela zigorra | 2 heriotz zigor - 27 urteko kartzela zigorra - 1.000.000 pta | Geroago Euskadiko Ezkerreko kidea. | ||
Xabier Larena Ikaslea, 25 urte |
heriotz zigorra - 40 urteko kartzela zigorra | heriotz zigorra - 30 urteko kartzela zigorra - 1.000.000 pta | Euskadiko Ezkerreko kidea geroago. | ||
Josu Abrisketa Kimikoa, 21 urte |
70 urteko kartzela zigorra | 62 urte eta egun bateko kartzela zigorra | Geroago ETA pm-n aritu zen eta Kuban erbesteratu zuten. Bertan bizi eta lan egiten du. | ||
Enrique Gesalaga Teknikaria, 27 urte |
70 urteko kartzela zigorra | 50 urteko kartzela zigorra | Gero oinarrizko sindikalista izan zen. | ||
Jon Etxabe Apaiza, 37 urte |
70 urteko kartzela zigorra | 50 urteko kartzela zigorra | Gero LKI eta STEE-EILASko kidea. | ||
Bittor Arana Montatzailea, 27 urte |
70 urte eta 6 hilabeteko kartzela zigorra | 70 urteko kartzela zigorra | Geroago CC.OO.ko kidea. | ||
Gregorio López Irasuegi Ikaslea, 24 urte |
30 urteko kartzela zigorra | 30 urteko kartzela zigorra | Gero Euskadiko Ezkerra eta Herri Batasuneko kidea. 1988an hil zen. | ||
Ione Dorronsoro Musika irakaslea, 31 urte |
54 urteko kartzela zigorra | 50 urteko kartzela zigorra | Geroago EMKko kidea izan zen. | ||
Itziar Aizpurua Piano irakaslea, 27 urte |
15 urteko kartzela zigorra | 15 urteko kartzela zigorra | Gero Herri Batasunako eta Batasuneko kidea izan zen. | ||
Antton Karrera Agronomoa, 27 urte |
12 urteko kartzela zigorra | 12 urteko kartzela zigorra | Geroago CC.OO., LKI eta Ezker Batuko kidea. | ||
Arantza Arruti Irasuegiren emaztea eta frantsesa irakasle, 24 urte |
absoluzioa | Gero ezker abertzaleko erakunde ezberdinetan ibili zen. | |||
Julen Kaltzada Apaiza, 35 urte |
6 urteko kartzela zigorra eta 100.000 pta | 12 urteko kartzela zigorra | Gero euskara irakaslea izan zen. AEKko arduradun nagusiena urte askotan. |
ErreferentziakAldatu
- ↑ Ainhoa Arozamena Ayala: Eusko Abertzale Laguntza, Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- ↑ a b «Burgosko prozesuak, gaur 40 urte», Berria, 2010-12-02.
BibliografiaAldatu
Burgos: Juicio a un pueblo. Zarautz: Hordago ISBN 8470990403..
Ikus, gaineraAldatu
- Eusko Abertzale Laguntza
- El proceso de Burgos Luzemetraia
Kanpo estekakAldatu
- (Gaztelaniaz)(Frantsesez)(Ingelesez)Burgosko epaiketaz Paul Brestonek idatzitako artikulua