Dido, batzuetan Elissa edo Elyssa (fenizieraz: 𐤄𐤋𐤉𐤔𐤔𐤀)[1], Tiroko errege Mattan I.aren alaba zen. Bere neba errukigabe eta autokratikotik, Pigmalionengandik, ihes egiten duen emakume argi eta ekintzaile bat bezala deskribatua da, bere senarraren heriotzaren arduraduna bera izan zela jakin ondoren. Bere jakinduria eta lidergoaren bidez, Kartago hiria (gaur egungo Tunisian) sortu eta oparo bihurtu zuen. Dido izenak, fenizieraz, heroi esan nahi du.

Dido

erregina

Bizitza
JaiotzaTiroK. a. 839
HerrialdeaFenizia
Antzinako Kartago
Talde etnikoaPunic people (en) Itzuli
HeriotzaKartago
Heriotza moduasuizidioa: sutan errea
sastakatzea
Familia
AitaMattan I, Belus, Agenor
Ezkontidea(k)Sychaeus (en) Itzuli
Acerbas (en) Itzuli
Bikotekidea(k)
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakpunikoa
Jarduerak
Jarduerakagintaria
Lantokia(k)Kartago
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaPunic religion (en) Itzuli

Kartagoren sorrera, antzinako greziar eta erromatar iturrietatik bakarrik ezagutzen da, gehienak Kartago sortu eta askoz beranduago idatziak izan ziren. Kontakizun gehienetan, Tiro feniziar hiri-estatuko erregina zen, gaur egun, Libanon, eta tiraniatik ihes egin zuen Afrikako ipar-mendebaldean bere hiria sortzeko.

Hari buruzko iturri nagusia Virgilio Antzinako Erromako poeta zen, Eneidan aipatzen baitu. Virgilioren arabera, Dido erregina, Olinpoko jainko-jainkosen eraginez, Eneas heroiaz maitemindu zen:

Wikitekan bada UEUren liburu batetik ateratako testu zatia: Eneida
Liburu osoa: Latin-literaturarako sarbidea: idazleak eta idazlanak
« Baina erreginak zainetako odolez elikatzen ditu aspaldiko maiteminaren zauriak eta ezkutuko su batez kizkaltzen da. Ezin ditu burutik kendu gizon honen sendotasuna eta adorea, ez eta bere leinuaren ospea. Bular barruan josiak ditu haren begitartea eta haren hitzak. Eta oinaze honek ez dio atsedenik ematen bere gorputzari. Hurrengo Egunsentia Feboren zuziaz Lurra argitasunez betetzen ari zen eta itzalen lurrin hezea uxatua zuen eguratsak, Dido, arima tristeturik, mintzatu zitzaionean ahizpari, arima gogaideari: «Oi Ana, ahizpa enea! Amets gaiztoak estutzen dit larritasunez barrua! Nor da gure etxean sartu berri zaigun kanpotarra? Hau bai galanta! Hau bai ausarta eta armekin artetsua! Zinez uste dut, eta ez da uste hutsala, jainko-jainkosen arrazakoa dela. Beldurra beti izan barru eskasaren adierazle. Ai, ene! A zer nolako erasoak egin dizkion patuak! Nolako gerrak kontatu ditu, azkenera arte pairatuak! Zein epopeia harena! Parkek nire lehen amodioa apurtu eta gero, beste senarrik ez izateko erabaki sendoa hartua izan ez banu, ezkon-oheak eta ezkontza-zuziek gogaituko ez banindute, litekeena da hargatik, eta hargatik besterik ez, nire ahultasunean erori izatea. [...]». »

[2]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri

Dido, oraindik ere, herri kulturan iraunkorreko figura da, XXI. mendean antzezlanetan, artelanetan eta beste obratan agertzen da. Bere ondarea, bereziki indartsua da Tunisian, non, batzuetan, bertako emakumeak, Didoren alabak deitzen dira, eta Dido ikur nazionaltzat hartzen da, baita bere irudia txanponean agertu da ere[3].

Izena aldatu

 
Dido, Dosso Dossi-ren margo bat

Didoren elezaharreko izen asko jatorri punikokoak dira. Hala ere, istorio hau aipatzen duten lehen egile greziarrek, antza, feniziar kontakizunak berreskuratu zituzten. Dirudienez, Dido, David-en erro semitikotik dator, Maitatua esan nahi duena[4]. Beste batzuek diote noraezean dabilena esan nahi duela[5][6]. Marie-Pierre Noëlen arabera, Elishat/Elisha izena, eskaintzetan, behin eta berriz agertzen da. *Il- (jainko) ren aitzizki punikoaz osatuta dago. El jainko sortzaile feniziarra, judaismoan Jainkoa aipatzeko ere izen bat zen, eta -issa, ʾiš (𐤀𐤎)-ren esanahia izan liteke, su, edo emakume izendatzeko beste modu bat[7]. Beste lan batzuen arabera, El formaren femeninoa da[8]. Grezieraz Theiossô izena agertzen da, Élissa izenarekin itzultzen, dena, eta el theos bihurtzen da[5].

Kronologia aldatu

F. M. Cross[9] eta Wm. H. Barnesen[10] arabera, kronologia hau lagungarria da Didoren eta bere hurbileko senideen gertakizunak ulertzeko.

  • Baal-Eser II.a (Ba‘l-mazzer II) K.a. 846–841.
  • Mattan I.a K.a. 840–832.
  • K.a. 839: Didoren jaiotza Tiron (zalantzazkoa).
  • Pigmalion Tirokoa (Fenizieraz pmy(y)tn edo p‘mytn,, hau da, Pu'mayyaton, greziar tradizioan Pigmalion) erregealdia hasi zen K.a. 831n.
  • K.a. 825: Didok Tirotik ihes egin zuen Pigmalionen zazpigarren urtean, Azerbas hil ondoren.
  • K.a. 825 eta, beharbada, zerbait beranduago, Dido eta lagunak Zipren.
  • K.a. 825 eta K.a. 814 bitartean: tiroarrek kokagune bat eraiki zuten Cothon uhartean.
  • K.a. 814: Didok Kartago fundatu zuen lehorrean.
  • K.a. 785: Pigmalionen heriotza
  • K.a. 759: Dido Kartagon hil zen (zalantzazkoa).

Dido iturri klasikoetan aldatu

Didoren pertsona, historialari erromatarrek Siziliako Timeo Taorminakoaren idazki galduei egindako erreferentzietan oinarritzen da (c. K.a. 356-260).

Antzinako historialariek zenbait data eman zituzten, bai Kartagoren fundaziorako, bai Erromaren fundaziorako. Apianok, bere Gerra Punikoen hasieran, Kartago nolabaiteko Zorus eta Kartxedonek sortu zutela dio, baina Zorusek, Tiro hiriko izenaren transliterazio alternatibo bat dirudi, Kartxedon, berriz, soilik Kartagoren forma greziarra den bitartean.

Timeok Elissa aipatu zuen, Kartxedonen emaztea eta Tiroko Pigmalion erregearen arreba. Oraindik ez da aurkitu Kartagoren tokiko K.a. VIII. mendearen azken laurdena baino lehenagoko ebidentzia arkeologikorik. Garai honetarako material eskasia, Aro Ilunaren greziar teoriaren arbuioaren ondorioz azal daiteke[11]. Hiriaren izena 𐤒𐤓𐤕 𐤇𐤃𐤔𐤕‎ (Qart-hadasht, edo (Hiri Berria) da, gutxienez, kolonia bat zela adierazten du[12].

Virgilioren aurretik bizirik iraun duen kontakizun bakarra, Virgilioren Gneo Ponpeio Trogo garaikidearena da Historia filipikoetan, Juniano Justinok III. mendean eginiko laburpen edo epitomean adierazten den bezala.

Justinok, Trogori aipatuz edo parafraseatuz (18,4-6) dio, Justinok izendatzen ez duen Tiroko errege batek Dido alaba ederra eta bere seme Pigmalion oinordekoak izendatu zituela. Baina, hil zenean, jendeak nahiago zuen erregetzat Pigmalion hartzea, Pigmalion oraindik ume bat zen arren. Dido, Azerbas osabarekin ezkondu zen, Heraklesen (Melqart) apaiza zena, Pigmalion erregearen ondoren boterean bigarrena zena. Azerbasek (Sicharbas, Zacherbas), Unamon egiptoar ipuinean aipatzen da Bibloseko Zikarbaal erregearekin pareka daitekeela. Zurrumurruen arabera, Azerbasek lurperatutako aberastasun asko zituen, eta Pigmalionek, aberastasun hau lortzekotan, Azerbas hil zuen.

 
Eneida, IV. liburua, Didoren heriotza. De Vergilius Vaticanus (Vatikanoko Liburutegia, Vat. Kod. lat. 3225).

Didok, Tirotik ihes egin nahirik, Pigmalionaren jauregira aldatzeko nahia adierazi zuen, baina, ondoren, Pigmalionek, aldaketan laguntzeko bidali zituenei, Azerbasen urrezko poltsa guztiak, itxuraz, bere izpirituarentzako eskaintza bezala itsasora botatzeko agindu zien. Izan ere, poltsa horiek hondarra besterik ez zuten. Ondoren, Didok, bertaratuak, beste lurralde batera ihes egiteko konbentzitu zituen, bestela, Pigmalioni aurre egin beharko liokete, behin Azerbasen urrea zertarako erabili zen jakin eta gero. Senatari batzuk ere batu zitzaizkion bere ihes egitean.

Taldea Ziprera iritsi zen, non Jupiterren apaizak espedizioarekin bat egin zuen. Han, erbesteratuek laurogei bat neskak harrapatu zituzten, urertzean prostituitzen ari zirenak, taldeko gizonei emazteak emateko.

Azkenik, Dido eta bere jarraitzaileak Afrika iparraldeko kostaldera iritsi ziren, non Didok, Iarbas[13][14] errege berbereari aldi baterako lur zati txiki bat eskatu zion, bere bidaiak jarraitu ahal izan arte. Idi baten larruazalak okupatzen zuen lur-azalera baino ez.

Onartu ondoren, Didok, idi larrua, zerrenda finetan moztu zuen, gertuko muino oso bat inguratzeko modukoa, Birsa (larru) deitua izan zena[oh 1]. Kokagune berrira, tokiko berbereetako asko batu ziren, baita gertu zeuden Utikako feniziar hiritik ere.

Hiria eraikitzeari ekin ziotenean, eta zimenduak zulatzean, idi-buru bat aurkitu zuten. Horrek adierazi nahi zuen hiria aberatsa izango zela baina beti besteen kontrolpean egongo zela, beraz, indusketak beste muino batera eraman zituzten. Han zaldi baten burua agertu zen adierazi nahi zuena, hiria, gerran boteretsua izango zela. Baina Kartagoko hiri berria ezarri eta aurrera egin zutenean, Iarbasek, maxitanitarren edo mauritarren errege batek (eskuizkribuen arabera), Kartagori exijitu zion Dido bere emazte izateko, bestela gerra egingo zion. Hala ere, Didok nahiago izan zuen bere lehen senarrari leial jarraitzea. Horregatik, Iarbasi esan zion omenaldi-sutzar zeremonial bat sortuko zuela senarraren izpirituari biktimak sakrifikatzeko azken omenaldi moduan, eta gero Iarbasekin ezkonduko zela. Didok, sutzarrera igo eta bere senarrarengana joango zela iragarri ondoren, honen ezpatarekin bere buruaz beste egin zuen. Autosakrifizio horren ondoren, Dido jainkotu eta gurtua izan zen Kartagok iraun zuen bitartean[15]. Kontakizun honetan, Kartagoren fundazioa Erromarena baino 72 urte lehenago gertatu zen. Servioren ustez, Virgilioren Eneidari buruzko bere iruzkinean, Sitxarbas zen Didoren senarraren izena.

Historikotasuna eta datazioa aldatu

Muinoaren izena azaltzen duen idi larruaren istorioa, ziuraski, greziar jatorrikoa da, Byrsak, grezieraz, Idi larrua esan nahi baitu, ez punikoeraz. Muinoaren izena, punikoeraz, beharbada, brt semitikoaren deribazio bat baino ez zen izan, Leku gotortua. Baina horrek ez du eragozten historiako beste xehetasun batzuk kartagotarrak izatea, nahitaez historikoak ez badira ere. Michael Grantek dio, Roman Myths-en (1973), Dido-Elissa, jatorrian, jainkosa bat zela eta idazle greziar batek, jainkosa erregina hilkor bihurtu zuela K.a. V. mendearen amaieran.

Beste batzuek uste dute Dido, izatez, historikoa izan zela, hurrengo kontakizunetan deskribatzen den bezala. Ez da ezagutzen nork konbinatu zuen lehen aldiz Didoren historia, Eneas-Erromako tradizioarekin, edo Erromaren jatorrizko kokalekuekin. Gnaeo Nevioren olerki epiko batean (Utikan K.a. 201ean hil zena), Eneas eta Didoren arteko elkarrizketa baten pasarte bat sartzen da. Serviok, bere iruzkinean (4.682; 5.4), Varronen beste bertsio bat aipatzen du (K.a. I. mendea): Didoren ahizpa izan zela, Anna, bere buruaz beste egin zuena Eneasekiko maitasunagatik.

Didoren historikotasunaren ebidentzia (Eneas inoiz ezagutu ote zuen alde batera utzita), bere familiaren beste kide batzuekin ebidentzia daiteke: bere neba Pigmalion eta bere aitona Balazeros kasu. Bi erregeak, baita Dido ere, Menandro Efesokoa Tiro monarken zerrendan agertzen da, Josefo Apionen kontra, I.18. Josefok Menandroren aipamena esaldi honekin amaitzen du: Orain, bere erregealdiko (Pigmalionena) zazpigarren urtean, bere arrebak berarengandik ihes egin zuen eta Kartago hiria eraiki zuen Libian.

Norako harria, Sardinian aurkitua, Frank Moore Crossek interpretatu du Pigmalion izan zela bertako herritarren aurka lortutako garaipena erregistratzeko harria erabiltzen ari zen jeneralaren erregea[16]. Paleografikoki, harria K.a. IX. mendean datatuta dago[oh 2]. Crossen interpretazioa zuzena bada, K.a. IX. mendeko Tiroko errege baten existentzia berresten duen idazkuna da: Pigmalionarena.

 
Dido eta Eneas, erromatar fresko bat. Hirugarren ponpeiar estiloa (K.a. 10-K.o. 45), Ponpeia, Italia

Zenbait adituk Baa 'li-maanzer identifikatu dute, K.a. 841ean Salmanasar III.ari zerga eman zion Tiroko erregearekin. Izenaren forma feniziarra zen 𐤁𐤏𐤋𐤏𐤑𐤅𐤓‎ Ba‘al-‘azor edo Baal-Eser/Balazeros (izenaren forma greziarra), Didoren aitona[17][18][19][20]. Horrek sinesgarritasuna ematen dio Josefo/Menandroren kontakizunari, Abibaal eta Hiram I.atik Pigmalion eta Didoren garaia arte, Tiroko erregeak izendatzen dituelako.

Balazerosen beste erreferentzia posible bat Eneidan dago. Hipokoristiko edo izenaren forma laburtua erabiltzeko antzinako praktika bat zen, elementu jainkotiarra bakarrik hartzen zuena, eta, beraz, Virgiliok, Eneidan, Didoren aita Belus izendatzen zuen, Baal- Eser II.a/Balazeros aitonari erreferentzia izan zitekeena.

Pigmalion eta Didoren historikotasuna babesten duten erreferentzia literario eta inskripziozkoak baino garrantzitsuagoak dira kontsiderazio kronologikoak. Hauek Pigmalión/Dido sagaren ezaugarri nagusiaren egiazkotasunaren nolabaiteko froga matematikoa ematen dute, hau da, Didoren ihesa Tirotik Pigmalionen zazpigarren urtean, eta Kartago hiriaren fundazioa. Egile klasikoek Kartago sortzeko bi data ematen dituzte. Lehena da Ponpeio Trogok esan zuena, hots, Erroma sortu baino 72 urte lehenago gertatu zela (Erromaren sorrerarako datarik erabiliena, K.a. 753 izan zen[21]). Horrek, Didoren ihesa K.a. 753 +72=K.a. 825 bitartean kokatuko zuen. Beste tradizio bat Timeo historialariarena da (K.a. 345-260), Kartagoren fundaziorako K.a. 814ean ematen duena.

Aditu moderno gehienek K.a. 814. urteko data nahiago dute. Hala ere, Salmanasarren testuaren argitalpena, Baal-Eser II.a Tirokoaren zerga aipatzean, K.a. 841ean, gaia berriro aztertzera behartzen du. Izan ere, Menandro/Joseforen testurik onenek Baal-Eser/Balazerosetik eta Pigmalionen zazpigarren urtera arte eta K.a. 814tik, soilik 22 urte daude, beraz, ez zuen Balazeros Salmanasarri 841eko zergarekin gainjartzerik onartuko. K.a. 825eko dataren aldeko ebidentzia gehigarria, Menandroren deklarazioan dago, Josefok errepikaturik, Tiro gorteko erregistroetan, (Apionen kontra I.17,18), Didoren ihesa (edo Kartagoren fundazioa) 143 urte eta zortzi hilabete beranduago gertatu zela, Hiram Tirokoak Salomoni tenplua eraikitzeko laguntza bidali ondoren. K.a. 825eko data erabiliz, Tiro erregistro honek, tenpluaren eraikuntzaren hasiera 969 edo 968an emango luke, (I. Erregeetako 6: 1)eko izendapena kontuan hartuz, tenpluaren eraikuntza, Salomonen erregealdiko laugarren urtean hasi zela. Kalkuluen arabera, Salomonen laugarren urtea K.a. 968ko udazkenean hasi zen. K.a. 931/930ean Salomon hil ondoren, erresuma zatitu zen. Beraz, gogoeta kronologiko horiek nahiago dute K.a. 825. urtea, K.a. 814.a baino, Didok Tirotik alde egin zuenean behin betiko. Hori baino gehiago, data honetan Salmanasarri egindako zergaren urtearekin eta lehen tenplua eraikitzen hasi zen urtearekin adostasunak, gutxienez Pigmalion eta Didoren existentziaren funtsezko historikotasunaren ebidentzia ematen du, baita K.a. 825ean izan zuen haustura ere. Kartagoren fundaziora eraman zuena.

J.M. Peñuelaren ustez, Kartago sortzeko bi datetan dagoen aldeak, azalpen bat du, Didok Tirotik K.a. 825ean ihes egin zuela ulertzen badugu. Hala ere, hamaika urte igaro ziren jatorrizko biztanleek lehorrean hiri bat eraikitzeko baimena lortu zuten arte, urte gatazkatsu horietan, tiriarrek portuko uharte batean, lehen aldiz hiri txiki bat eraiki zuten[22]. Tiro utzi ondoren, Didoren jarduerei buruzko informazio gehigarria Pigmalionen artikuluan dago, Peñuelaren tesia onartu zuten ikerlarien laburpen batekin.

Horrela, kontsiderazio kronologikoek Didoren oinarrizko historikotasuna ezartzen laguntzen dute, eta erreginak Eneasekin erlazioren bat izan zezakeenaren ideia ezeztatzeko ere balio dute. Eneas Troiako Gerran borrokatu zen, konbentzionalki K.a. XIV. eta XII. mendeen artean dataturik dagoena, ondorioz, goizegi zen Eneas bizirik egon zedin Didoren garaian. Nahiz eta David Rohl errebisionista historikoak Troiako gerraren amaierarako K.a. 864 eman, Eneasek 77 urte inguru izango zituen Didok Tirotik K.a. 825ean ihes egin zuenean, eta 88 Kartago eraikitzen hasi zenean (Peñuelaren arabera), ez oso koherentea Virgiliok Eneidan irudikatutako Dido eta Eneasen arteko azpijoko erromantikoekin.

Virgilioren Eneida aldatu

 
Dido, Christophe Cocheti emana, lehenago Marlyni (Louvre).

Virgiliok Eneidan izan zituen erreferentziak, oro har, Justino Trogoren Epitomeekin bat datoz. Virgiliok dio Belus zela Didoren aita[oh 3]. Didoren istorioak oinarri faktiko bat badu eta historiarekin behar bezala sinkronizatuta badago, orduan Belus honek Mattan I.a ordezkatu beharko luke, Pigmalion historikoaren aita zena. Virgiliok (1.343f) dio Dido eta Azerbasen arteko ezkontza bere aita bizirik zegoela gertatu zela. Pigmalionek isilpean hil zuen Azerbas bere ondasunengatik, eta Azerbas Didori ametsetan agertu zitzaion haren heriotzaren berri emateko, eta Tirotik ihes egitera premiatu ondoren, haren urrea non zegoen azaldu zion. Didok Pigmalion gorrotatzen edo beldurtzen zutenekin ihes egin zuen. Xehetasun hauetako batek ere ez du Justinoren Epitomea gezurtatzen, baina Virgiliok, Eneas eta bere jarraitzaileak Kartagora eraman zituenean, inportantzia eta istorioaren xehetasun asko aldatzen ditu. (1.657f) Dido eta Eneas Juno eta Venusen laguntzaz maitemindu ziren, baina arrazoi ezberdinengatik. (4.198f) Iarbas gatuliar erregeari (Jupiter Ammonen eta honek bortxatutako ninfa garamantear baten semea) maitasun-kontuaren zurrumurrua iritsi zitzaionean, Iarbasek bere aitari otoitz egin zion, Didori egotziz berarekin ezkontzea arbuiatzen zuen bitartean, Eneas jauntzat hartzen zuela bere herrialdean. (4.222f) Jupiterrek Merkurio bidali zuen Eneasengana bere bidea jarrai zezala, eta Eneas jainkotiarrak tristuraz obeditu zuen. Merkuriok, Eneasi, Italiako etorkizun handiko lurraldeari buruz kontatu ondoren, Eneasi agindu zion flota presta zezala. (4.450f) Didok ezin zuenez gehiago jasan bizitzea, bere ahizpa Annak sutzar bat antolatu zuen Eneas gogorarazten zion guztia erretzeko aitzakiarekin, baita Eneasek utzitako arma eta jantziak eta haien ezkon-ohea ere (nahiz eta, Eneasen arabera, ez ziren inoiz ofizialki ezkondu). (4.584f) Didok Eneasen flota irteten ikustean, madarikatu zuen bera eta bere troiarrak, amaigabeko gorrotoa aldarrikatuz Kartagoren eta Troiaren ondorengoen artean, Gerra punikoak aurrikusten dituena.

« Eta zuek, oi Tirios, eman itzazue zuen gorrotoak zure semearengan eta zure leinu guztiarengan, eskain iezaiezue zerga hori nire errautsei. Inoiz ez dago adiskidetasunik, inoiz ez bi herrien arteko aliantzarik. Altxa zaitez nire hezurretatik, oi mendekatia, Dardanoren seme helduak sutaz eta burdinaz jazartzera bideratua! Erregutzen dizut orain eta beti, eta nahikoa indar dagoen edozein alditan, bi herriak, hondartzak hondartzen aurka, olatuak olatuen aurka, armak armen aurka, eta beren azken ondorengoak ere bil ditzatela! »

—Eneida, IV. libk. 642 or. (Ochoaren itzulpena)

Dido sutara igo, Eneasekin partekatutako sofan etzan, eta, ondoren, Eneasek emandako ezpata baten gainean erori zen. Annak, hilzorian zegoen ahizpa besarkatuz, deiadar egin zuen: Junok zerutik bidali zuen Iris, Didoren espiritua gorputzetik askatzeko. (5,1) Ontzietatik, Eneasek eta bere tripulazioak Didoren hileta-sutearen distira ikusi zuten, baina ez zekiten zer gertatzen ari zen.

Gutxienez, bi adituk argudiatu dute Didoren suizidioa, Kartagoko azken erreginaren autoinmolazioa, eta Hasdrubal Beotarkaren jeneralaren emaztearena imitazio bat izan zela, bere buruaz beste egin zuenean K.a. 146an[23].

 
Didoren heriotza, Guercinorena, 1631.

(6.450f) Behe munduan zehar egindako bidaian, Eneasek, Didorekin topo egin zuen, eta bere burua desenkusatzen saiatu zen, baina Dido ez zen begiratzera ausartu. Aldiz, Eneasengandik urrundu eta zuhaizti batera joan zen, non Azerbas senar ohia zain zuen.

Virgiliok jatorrizkoaren motibo gehienak sartu ditu: Iarbasek, Dido bere borondatearen aurka desiratzen zuena, sutzarraren eraikuntza eta Didoren azken suizidioaren azalpen engainagarria. Bi bertsioetan, Dido bere jatorrizko senarrari leiala zen. Baina Dido/Elissa beti bere senarraren oroimenari leial mantendu zen bitartean, Virgilioren Didoa, leialtasun horretatik aldendu zen eta hil zen emakume torturatua eta damutua bailitzan .

Virgiliok modu sendoan erabiltzen du Dido forma izendun moduan, baina Elissatik eratorria da zeiharrak diren kasuetarako.

Geroko erromatar tradizioa aldatu

Ovidioko Heroien 7. gutuna, Didok Eneasi idatzitako gutun itxurati bat da, sutzarrera igo baino lehenago. Egoera berdina da Virgilioren Eneidan. Ovidioren Fasti lanean (3.545f), Ovidiok sartu zuen Eneas eta Annaren artean (Didoren ahizpa)[24] argudio berri bat.

Barzidak, Hanibalen familia, Didoren neba gazteago batengandik zetozela zioten, Silio Italikoren arabera, bere Punikan (1,71 – 7).

Historia Augustan (Tirrani Triginta 27, 30), Palmirako Zenobia erregina, Kleopatra, Dido eta Semiramisen ondorengoa zela dio.

Tradizioaren jarraipena aldatu

Jainkotiar Komedian, Dantek, Didoren itzala Infernuko bigarren zirkuluan jarri zuen, non (bere lizunkeriaren ondorioz) betierekotasunak zurrunbilo basati batean jaurtikitzera kondenatua baitzen. Elezahar horrek Dido drama errenazentista inspiratu zuen, Christopher Marloweren Dido Kartagoko erregina[25]. XVII. mendekoa ere, Dido eta Eneasen arteko harremanean inspiratutako balada bat da. Balada, sarritan albo batean inprimatua, Troiako Printze Errantea deitzen da, eta bi maitaleen arteko harremanaren amaiera aldatzen du, Didoren Eneasi buruzko azken sentimendua birpentsatuz, beraz, Didok Eneas jazartzen zuen honek behe mundua bisitatu zuenean[26]. Dido eta Eneasen istorioak, ezaguna izaten jarraitu zuen Errenazimentuaren ondorengo aroan, eta opera askoren oinarria izan zen, Metastasioren libretoarekin, Didone abbandonatarekin, bereziki ezaguna izan zena XVIII. mendean zehar eta haratago konposatzaileen artean:

  • 1641: Francesco Cavalliren La Didone
  • 1656: Andrea Mattioliren La Didone
  • 1689: Henry Purcellen Dido and Aeneas
  • 1693: Henry Desmaretsen Didon
  • 1707: Christoph Graupnerren Dido, Königin von Carthago
  • 1724: Domenico Sarroren Didone abbandonata
  • 1726: Leonardo Vinciren Didone abbandonata
  • 1740: Baldassare Galuppiren Didone abbandonata
  • 1742: Johann Adolph Hasseren Didone abbandonata
  • 1747: Niccolò Jommelliren Didone abbandonata
  • 1762: Giuseppe Sartiren Didone abbandonata
  • 1770: Niccolò Piccinniren Didone abbandonata
  • 1783: Niccolò Piccinniren Didon
  • 1823: Saverio Mercadanteren Didone abbandonata
  • 1860: Hector Berliozen Les Troyens
  • 2007: James Rolferen (konpositore) Eneas eta Dido

William Shakespearek hamabi aldiz aipatzen du Dido bere lanetan: lau aldiz Ekaitzean, baina denak elkarrizketa batean; bi aldiz Titus Andronicus-en, eta baita Henrike VI.a 2. atalean ere, Antonio eta Kleopatra, Hamlet, Romeo eta Julieta, Udako gau bateko ametsa eta ezagunagoa Veneziako merkataria lanean, Lorenzo eta Jessicaren elkarrekiko jarraigoan:

 
Christine Jongen, Dido, brontzezko eskultura, 2007-08.
« Gau horretan

Dido gelditu egin zen sahats bat eskuan zuela.
Itsaso basatiaren ertzetan eta bere amodioa flotatu
Itzuli berriro Kartagora[27].

»


1794an, Charlotte von Steinek bere drama propioa idatzi zuen, Dido izenekoa, elementu autobiografiko batekin[oh 4] . Gaur egun ere, Dido, Sid Meier Civilization II eta Civilization V.aren estrategia jokoetan agertzen da, kartagotar zibilizazioaren lider gisa, lehenengoan Hanibalekin batera agertzen den arren. Civilization V.ean, fenizieraz hitz egiten du, hebreera kutsu modernoarekin. 2019an, Dido Feniziako lider bihurtu zen Civilization VI: Gathering Storm filmean, Tiro hiriburua zuelarik. Didoren omenez, 1879an aurkitutako 209 Dido asteroideak, bere izena jaso zuen. Dido erreginaren beste oroigarri bat, Antartikako Dido mendia da[28]. Idi-larruaren historiaren oroitzapena eta Kartagoren fundazioa matematikan kontserbatzen da, batzuetan Didoren problema deitzen dena edo Problema isoperimetrikoa[29]. Zenbaitetan, eztabaidatzen da Didok jarri ote zuen idi-lurrazalaren zerrendaren mutur bakoitza itsasoaren kostaldea ukituz, zirkuluerdi bat eginez (horrek azalera asko handituko zuen), baina, iturriek, zerrenda baino ez dute aipatzen, eta ez dute ezer esaten itsasoari buruz. Kartago, Erromatar Errepublikaren arerio eta etsairik handiena zen, eta Virgilioren Didok, hein batean, hau sinbolizatzen du. Bere garaian Erroma existitzen ez bazen ere, Virgilioren Didok, erromatarren aitagaia madarikatu zuen. Italian, erregimen faxistaren pean, haren irudia deabrutu egin zen, ez bakarrik erromatarren aurkako figura zelako, baizik eta elkarrekin gutxienez beste hiru ezaugarri desatsegin irudikatzen zituelako: bertute femeninoa, arraza semitikoa eta Ipar Afrikako zibilizazioa. Adibide xume moduan: Benito Mussoliniren erregimenak Erromako auzo berrietako kaleak Eneidaren pertsonaiekin izendatu zituen, baina Dido ez zen agertzen.

Oharrak aldatu

  1. Gertaera hau matematika modernoetan ospatzen da: gehieneko eremua muga finko baten barruan sartzeko problema isoperimetrikoa sarritan Didoren problema deitzen da aldakuntza-kalkulu modernoan)
  2. Crossen itzulpena, Norako harriaren eztabaida zabalago batekin, Pigmalionen artikuluan dago.
  3. Belus hau, batzuetan, Belus II.a deitua da, greziar mitologiaren Poseidon eta Libiaren Belus semearengandik bereizteko
  4. Charlotte von Stein bere maitale Goethe ospetsuak, baztertua baitzuen, Eneas gogora ekarri zuen

Erreferentziak aldatu

  1. Elissa – Dido Legend of Carthage 2020.09.14an kontsultaturik
  2. Bilbao Telletxea, Gidor.. (2002). Latin-literaturarako sarbidea : idazleak eta idazlanak. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 8484380351..
  3. MASRI, Safwan M.: Tunisia: An Arab Anomaly, Columbia University Press, 94 or.
  4. BARTON: Semitic and Hamitic Origins (1934) at 305.
  5. a b Noël 2014, 5 or.
  6. AUBET, María Eugenia (1994): Tiro and the Phoenician colonies of the West, 2nd edition, Bellaterra, 217 or.
  7. Noël 2014, 3 or.
  8. SMITH (1878, 1902): Carthage and the Carthaginians, 13.
  9. CROSS, F. M.: Nora Stone 17, 11 zbk.
  10. BARNES, Wm. H.: Studies 53.
  11. ROHL, David (2007): The Lords of Avaris. London, Arrow Books.
  12. BRERETON, G. (2018) (Ed.): I am Ashurbanipal, King of the World, King of Assyria, London, 135 or. ISBN 978-0500480397.
  13. Temehu.com. Ancient History and Prehistory of Libya and the Sahara, from 55 million BC. to the present, early history of Libya. 2020.09.16an kontsultaturik
  14. DE GRUYTER, Walter: Aufstieg und Niedergang der römischen Welt: Geschichte und Kultur Roms im Spiegel der Neueren Forschung.
  15. Dido | Classical mythology. Encyclopedia Britannica. 2020.09.16an kontsultaturik.
  16. CORSS, F. M. Cross (1972ko abendua): An Interpretation of the Nora Stone, Bulletin of the American Schools of Oriental Research 208, 13–19.
  17. LIVER, J. Liver (1953): The Chronology of Tyre at the Beginning of the First Millennium B.C." Israel Exploration Journal 3, 119–120.
  18. PEÑUELA, J. M. (1953, Part 1): La Inscripción Asiria IM 55644 y la Cronología de los Reyes de Tiro, Sefarad 13 219–28.
  19. Cross, Nora Stone, 17, 11 zbk.
  20. BARNES, William H. (1991): Studies in the Chronology of the Divided Monarchy of Israel, Atlanta: Scholars Press, 29–55.
  21. FINEGAN, Jack (1998): Handbook of Biblical Chronology (rev. ed.: Peabody, MA: Hendrickson, 99.
  22. PEÑUELA (1954): La Inscripción Asiria, Sefarad 14 (2. atala), 29 or., 167 ohar.
  23. EDGEWORTH (1977): 129–133.
  24. Anna Perenna ikusi.
  25. Dido, Queen of Carthage | play by Marlowe and Nashe. Encyclopedia Britannica. 2020.09.16an kontsultaturik.
  26. English Broadside Ballad Archive, baladen faksimilea eta testu osoa. 2020.09.16an kontsultaturik.
  27. Veneziako merkataria, 5. ekitaldia, 1. eszena.
  28. Dido, Mount. Geographic Names Information System. United States Geological Survey. 2020.09.17an kontsultaturik.
  29. Problema isoperimetrikoa (en)

Bibliografia aldatu

 
2005ean jaulkitako Tuniziako 10 dinar billetea, Elissaren erretratuarekin.
  • AKBAR KHANH, Akbar Khan (2002): Doctissima Dido: Etymology, Hospitality and the Construction of a Civilized Identity
  • ATWOOD, E. B. (1938): Two Alterations of Virgil in Chaucer's DidO.
  • BONO, P.; TESSITORES, M. V. (1998): Il mito di Didone.
  • CONTE, S. (2005): Dido sine veste.
  • CONWAY, R. S. (1920): The Place of Dido in History.
  • DELLA CORTE, F. Della (1983): La Iuno-Astarte virgiliana
  • DE SANCTIS, G. (1916): Storia dei Romani.
  • FANTAR, M. (1970): Carthage, la prestigieuse cité d'Elissa.
  • FOUCHER, L. (1978): Les Phéniciens à Carthage ou la geste d'Elissa.
  • GRAS, M. Gras; ROUILLARD, P. Rouillard; TEIXIDOR, J. (1995): L'univers phénicien.
  • GRAY, H. D. (1920): Did Shakespeare write a tragedy of Dido?
  • HERM, G. (1974): Die Phönizier.
  • IULIETTO, M. N. Iulietto (2014): Didone. Riscritture ‘barocche’ di un mito.
  • IULIETTO, M. N. Iulietto (2015): Imagines Didonis. Prolegomeni allo studio di un mito.
  • KETTERER, R.C. (1992): The perils of Dido: sorcery and melodrama Vergil's Aeneid IV and Purcell's Dido and Aeneas.
  • KLAUSEN, R. H. (1839): Aeneas und die Penaten.
  • KOWALSKI, G. (1929): De Didone graeca et latina.
  • PENNA, A. (1985): Didone, in Enciclopedia Virgiliana, II, 48-57 or.
  • LEES, F. N. (1964): Dido Queen of Carthage and The Tempest.
  • MALEUVRE, J.-Y.(2003): Contre-Enquête sur la mort de Didon.
  • MALEUVRE, J.-Y. (1993): La mort de Virgile d'après Horace et Ovide.
  • MANGIACAPRE, L. (1990): Didone non è morta.
  • MACLANE, P. E. (1954): The Death of a Queen: Spencer's Dido as Elizabeth.
  • MELTZER, O. (1879): Geschichte der Karthager.
  • MICHEL, A. (1971): Virgile et la politique impériale: un courtisan ou un philosophe?
  • MONTI, R.C. (1981): The Dido Episode and the Aeneid: Roman Social and Political Values in the Epic.
  • MOSCATI, Sabatino (1988): I Fenici, Bompiani, Milano.
  • MOSCATI, Sabatino (1992): Chi furono i Fenici. Identità storica e culturale di un popolo protagonista dell'antico mondo mediterraneo.
  • NEUSE, R. (1968): Book VI as Conclusion to The Faerie Queene.
  • NOËL, Marie‐Pierre (2014): Élissa, la Didon grecque, dans la mythologie et dans l’histoire(PDF) (frantsesez), Université de Montpellier
  • NOLFO, F.: Epigr. Bob. 45 Sp. (= Ps. Auson. 2 pp. 420 s. Peip.): la palinodia di Didone negli Epigrammata Bobiensia e la sua rappresentazione iconica, «Sileno» 41/1-2, 277-304;
  • NOLFO, F. (2018): Su alcuni aspetti del ‘movimento elegiaco’ di un epigramma tardoantico: la Dido Bobiensis, «Vichiana» 55/2, 71-90 or.
  • PARRY, A. (1963): The Two Voices of Virgil's Aeneid.
  • PASTER, G.K. (1984): Montaigne, Dido and The Tempest: How Came That Widow In?
  • SCHMITZ, B. (2003): Ovide, In Ibin: un oiseau impérial.
  • STAMPINI, E. (1893): Alcune osservazioni sulla leggenda di Enea e Didone nella letteratura romana.
  • ZIOSI, A. (2015): Didone regina di Cartagine di Christopher Marlowe. Metamorfosi virgiliane nel Cinquecento.
  • ZIOSI, A. (2017): Didone. La tragedia dell'abbandono. Variazioni sul mito (Virgilio, Ovidio, Boccaccio, Marlowe, Metastasio, Ungaretti, Brodskij).

Lehen mailako iturriak aldatu

 
Didok Kartagoren fundaziorako lursaila erosiz

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

Hautatutako ingelesezko testuak aldatu

Iruzkinak aldatu