Ennio Morricone

Italiako konpositorea eta orkestra zuzendaria

Ennio Morricone (Erroma, 1928ko azaroaren 10a - ib., 2020ko uztailaren 6a) italiar musikagilea izan zen, zinemarako eta telebistarako 500 soinu-banda baino gehiago sortu zituena sei hamarkadatan. Haren filmografian daude, besteak beste, Per un pugno di dollari eta Il buono, il brutto, il cattivo spaghetti westernak eta Days of Heaven, The Mission, Cinema Paradiso, The Untouchables edota In the Line of Fire film klasikoak.[1] Ohorezko Oscar saria jaso zuen 2007an,[2] eta soinu banda onenaren Oscar saria 2016an The Hateful Eight filmagatik.[3]

Ennio Morricone

(2007)
Bizitza
JaiotzaErroma1928ko azaroaren 10a
Herrialdea Italia
BizilekuaErroma
HeriotzaErroma2020ko uztailaren 6a (91 urte)
Hobiratze lekuaCimitero Laurentino (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: femur haustura
Familia
AitaMario Morricone
Ezkontidea(k)Maria Travia (en) Itzuli
Seme-alabak
Hezkuntza
HeziketaAccademia Nazionale di Santa Cecilia
Hizkuntzakitaliera
Irakaslea(k)Goffredo Petrassi
Jarduerak
Jarduerakorkestra zuzendaria, piano-jotzailea, soinu banda konpositorea, musika-moldatzailea, musikagilea, tronpeta-jotzailea, disko-ekoizlea eta musikaria
Lantokia(k)Erroma
Enplegatzailea(k)Accademia Nazionale di Santa Cecilia
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaThe Ennio Morricone Orchestra (en) Itzuli
Izengoitia(k)Dan Savio eta Leo Nichols
Genero artistikoazinema-musika
Musika instrumentuapianoa
tronpeta
DiskoetxeaVirgin Records

enniomorricone.org
IMDB: nm0001553 Allocine: 37839 Rottentomatoes: celebrity/leo_nichols Allmovie: p103552 Metacritic: person/ennio-morricone
Facebook: maestroenniomorricone Twitter: MEnnioMorricone Instagram: maestro_ennio_morricone MySpace: morriconemood Youtube: UCpUP3fnfUA2FLtlQ2iBwR8g Spotify: 1nIUhcKHnK6iyumRyoV68C iTunes: 281035 Last fm: Ennio+Morricone Musicbrainz: a16e47f5-aa54-47fe-87e4-bb8af91a9fdd Songkick: 258945 Discogs: 15900 Allmusic: mn0000798662 Find a Grave: 212425498 Edit the value on Wikidata

Bizitza

aldatu

Erromako Trastevere barrutian hazi zen, eta sei urterekin ekin zion konposatzeari, irratian entzuten zituen pieza zatiak kopiatuz. Aita tronpeta jotzailea zuen: jazz klubetan aritzen zen, baita filmetako musika grabatzen ere. Semeak aise gainditu zituen haren urratsak: hamar urterekin, Santa Ceciliako Akademia Nazionalean sartu zen tronpeta ikasteko, eta konposizioa ikasi zuen gero. Tronpetak berak ez zuen aitaren bizimodutik askorik urrundu, jazz klubetan aritu baitzen bera ere, aita gaixo zegoela hura zaindu bitartean. Urte haietan ikasi zuen musikak balio ziola garai gogorrak arintzeko.[1]

1961ean hasi zen zinemarako lanean. Gelditu ere egin gabe sortu zuen garai hartan, baina, halako batean, Peter Tevis estatubatuar folk kantariaren kanta batekin egindako moldaketak aldatu zuen dena. Pastures of Plenty singleak txunditu zuen Sergio Leone zinemagilea, eskolan Morriconeren ikaskidea izandakoa. Orduan sortu zuten lehen lana elkarrekin: Per un pugno di dollari (1964).[1] Horren arrakastaren ondoren, Per qualche dollaro in più (1965), Il buono, il brutto, il cattivo (1966), Once Upon a Time in the West (1968) eta Once Upon A Time In America (1984) filmeetan ere lan egin zuen Leonerekin.

Lan egiteko modu berezia izan zuen: filmatutako irudien gainean giro soinu bat sortu beharrean, musika egiten hasten zen, beste ezer eduki baino lehen. Are gehiago, Leonek musika hori bera erabiltzen zuen estudioan, aktoreek filmaren giroarekin bat egin zezaten. Mozart eta Bach entzun ohi zituen Morriconek, ez zuen besterik behar. Musika bilatu zuen beste guztiaren gainetik: osoa eta trinkoa zen zerbait, beste ezeren zerbitzura jarri gabe. Perkusioarekin eta instrumentu gutxirekin sortutako soinu xumeak, gitarra elektrikoekin egindako rockaren bueltako doinuak eta orkestrazio osoak: denarekin ausartu izan zen. Inprobisazio askeko Nuova Consonanza taldeko kidea izan zen 1960ko hamarkadatik aurrera, musika eta zaratarekin jolasean.[1]

 
Ennio Morricone eta bere lagun eta tronpeta-jotzaileen kolaboratzaile gogoko Mauro Maur - Forum Studios Erroman (Italia)

Zinemagile handiekin lan egin zuen, eta pelikula gogoangarri askotako musika hark sortua da. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, herrialdeko zinemagile garrantzitsuenekin aritu zen, haien lan izarretan: Gillo Pontecorvoren La battaglia di Algeri-n (1966), Pier Paolo Pasoliniren Salò o le 120 giornate di Sodoma-n (1975) eta Bernardo Bertolucciren Novecento-n (1976), besteak beste. Italian bertan, Leonerekin ez ezik, ezaguna da Giuseppe Tornatorerekin egin duen lan guztia. Nuovo Cinema Paradiso filmean (1988) hasi zen harekin lanean, eta zuzendariaren lan guztietako musika sortu zuen ordutik.[1]

Hollywoodeko film handi askori ere jarri zien musika, baina Erromatik lan egin zuen beti. Sekula ez zuen AEBetara joateko asmorik adierazi, nahiz eta etxebizitza ere eskaini izan zioten. Ingelesik ere ez zuen ikasi nahi izan. Horren beharrik gabe egin zuen lan Terrence Malick, John Carpenter, Brian De Palma, Roman Polanski, Roland Joffé eta Oliver Stonerekin, besteak beste.[1]

Bizitzaren azken urteetan eginiko lanik ezagunenak Quentin Tarantinoren filmetarako izan ziren: estatubatuarrak erabilia zuen Morriconeren musika Kill Bill (2003), Inglourious Basterds (2009) eta Django Unchained (2012) filmeetan, baina harentzako propio musika sor zezan tematu zen zuzendaria, eta Erromara joan zitzaion bisitan horretarako, italierara itzulitako The Hateful Eight filmaren gidoiarekin. "Nahi duzuna egin dezakezu" esan zion zuzendariak konpositoreari eta, hain zuzen, askatasun horrek eraman zuen Morricone baiezkoa ematera. Lan hari esker eskuratu zuen musikagileak merezitako Oscar saria 2016an, aurrez bost aldiz finalisten artean egon ostean. Aurretik ere jasoa zuen beste Oscar sari bat, ohorezkoa, 2007an. Horiez gain, Urrezko hiru Globo, lau Grammy eta sei BAFTA sari ere eskuratu zituen, besteak beste.[4]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f Imaz, Andoni. Bazen behin musikari bat. Berria egunkaria, 2019ko urtarrilak 20, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-6).
  2. Martin Scorsese nagusi Oscar sarietan. Bizkaie, 2007ko otsailak 26, bizkaie.biz (Noiz kontsultatua: 2020-7-6).
  3. Ennio Morricone musikagilea hil da, 91 urte zituela. eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-6).
  4. Astiz, Iñigo. Ennio Morricone konpositorea hil da. Berria egunkaria, 2020ko uztailak 6, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-6).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu