Django Unchained
Django Unchained (euskaraz Django Deskateatua) 2012ko Quentin Tarantino estatubatuar zinema zuzendariaren Western filma da. Bertan aktore hauek antzeztu zuten: Jamie Foxx, Christoph Waltz, Leonardo DiCaprio, Kerry Washington eta Samuel L. Jackson.
Filma EEBBko Hegoalde Sakona eta Mendebalde Urrunan girotuta dago: Kalifornian hasi eta ondoren Wyoming eta Louisianako New Orleans hiriaren kanpoaldeko Wallace udalerriko Evergreen Plantation etxaldean filmatu zen.
2012ko abenduaren 25an AEBetan estreinatu zen, Erresuma Batuan 2013ko urtarrilaren 13an, eta Ipar Euskal Herrian eta Hego Euskal Herrian 2013ko urtarrilaren 18an.
Argumentua
aldatu1858an, Speck anaiek (James Remar eta James Russo) gizonezko esklabo talde bat Texas estatuan zehar garraiatzen ari dira. Talde horretan Django doa (Jamie Foxx), Broomhilda (Kerry Washington) emaztearengandik indarrez banandua. Speck anaiak King Schultz haginlari alemaniarrarekin (Christoph Waltz) topatu dira baina ezin dute jakin egiaz sari-ehiztaria denik. Schultzek anaietako bat hil du eta Django askatu; beste anaia gainontzeko esklaboek hil dute. Schultzek Djangori zergatik askatu duen azaldu dio: Brittle anaien identifikazioan laguntzea espero baitu, haiek hil eta saria jasotzeko, hiltzaile gupidagabeak baitira, une hartan lurjabe negozioetan sartuak. Schultzek Djangori sari-ehiztari oportunista dela azaldu dio, baina Djangok bezala, esklabotzak nazka ematen diola argi eta garbi utzi dio. Biak adostasunera iritsi dira: Brittle anaiak aurkitzen laguntzearen truke, Django aske geratuko da. Brittle anaiak hil eta saria eskuratu ondoren, Schultzek Django bere lankide egin du.
Hainbat informazio jakin ostean, Schultz eta Djangok Broomhildaren nagusi berri Calvin Candie (Leonardo DiCaprio) lurjabea dela jakin dute, gizon xarmangarri baina ankerra. Candieren Candyland etxaldean gizonezko esklaboak Mandingo borroka hil arteko borrokan entrenatzen dira. Etxalde hartara joateko gonbidapena jaso ondoren, Schultz eta Djangok Broomhilda askatzeko plan bat asmatu dute: Mandingo esklabo borrokalari bat erosteko asmoa duten erosleak direla esatea. Etxaldera iritsitakoan, Schultzek Django gizon askea eta Mandingo borrokan aditua dela dio. Handik gutxira, Schultzek negozioa egin eta Candieri borrokalari bat 12.000 dolarren truke erosi behar dio. Schultzek Broomhilda erosi nahi duela ere aipatu dio, esklabo hark alemanez baitaki, eta bere ama hizkuntzaren malenkolia goxatuko duelako aitzakian.
Broomhildarekiko interes horrek Candieren esklabo leial Stephen-en (Samuel L. Jackson) susmoak piztu ditu. Stephenek zuzenki Django eta Broomhilda senar-emazteak edota elkar ezagutzen dutela ondorioztatu du, bai eta Mandingoaren salmenta iruzurra besterik ez dela ere. Stephenek Candie jakinaren gainean jarri eta Candiek, hura jakinda, Broomhildaren truke 12.000 dolarrak eskatu ditu, ezezkoa eman ezkero hilko duelako mehatxupean. Schultzek, emakumearen bizia salbatzeko, salneurri hori ordainduko duela erantzun du, baina handik gutxira jada Broomhilda erosi eta aske geratu denean eta Candiek erakutsitako jarrera ankerrak sumindurik, Candie hil egin du. Horren ondorioz, Candieren gizonetako batek Schultz hil du. Ondoren sekulako tiroketa hasi da: Djangok Candieren gizonei tiro egin eta asko hil ditu, baina Stephen esklaboak Broomhilda hiltzeko mehatxua egindakoan, Djangok bere burua errenditu du. Zigor gisa, Stephenek etxaldeko nagusiei Django ikatz-meatze batera eraman eta han hil arteraino lan egin dezan iradoki die; Candieren arreba Lara (Laura Cayouette) ados dago. Meatzerako bidean, Djangok bere zaindariak sari-ehiztari bat dela sinestarazi eta bere lehenbiziko hilketaren ziurtagiria erakutsi die. Behin askatu dutenean, zaindariak akatu, dinamita eskuratu eta zaldiz Candyland etxaldera mendeku bila abiatu da.
Jada etxaldera iritsita, Djangok Schultz gorpua aurkitu eta berak sinatutako Broomhildaren askatasunaren ziurtagiria hartu du. Candieren gizonak, morroiak, arreba eta Stephen Candieren hiletatik etxaldera iritsitakoan, Django agertu eta denak hil ditu, Stephen izan ezik. Esklaboak askatu eta arreba tiroz akatu du. Eraikinaren barnean ezkutatu duen dinamitaren metxa piztu ondoren, Stephen esklaboa belaunetan tiro eginez zauritu eta ezkaratzan laga du. Django eta Broomhilda elkarrekin zaldiz urrutiratu dira; une hartan, dinamitak eztanda egin eta etxaldea suntsitu da.
Aktoreak
aldatu- Jamie Foxx, Django
- Leonardo DiCaprio, Calvin Candie
- Christoph Waltz, King Schultz haginlaria
- Kerry Washington, Broomhilda
- Samuel L. Jackson, Stephen
- Don Johnson, Spencer Gordon Bennett
- Franco Nero, Amerigo Vessepi apostuzalea
- Tom Savini, Elvis Brittle
- Anthony LaPaglia, Roy
- James Remar, Ace Speck
- RZA, Thaddeus
- Walton Goggins, Billy Crash
- M.C. Gainey, Big John Brittle
- Laura Cayouette, Lara Lee Candie-Fitzwilly
- Dennis Christopher, Leo Moguy
- Tom Wopat, Gill Tatum marshalla
- Misty Upham, Minnie
Filmaren gaiak
aldatuFilmak esklabotza eta arrazismoa lantzen ditu, Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Zibila baino lehenago AEBko Hegoaldeko estatu batean. Filmak, elementu batzuetan, Nibelungoen gaitegia jarraitzen du, Sigurd eta Krimildaren bertsio berritu batean[1].
Erreferentziak
aldatu- ↑ Penton, Tara Lee. (2018-05). Race and Religion in Nibelungen Films. uga (Noiz kontsultatua: 2021-11-03).
Kanpo estekak
aldatu- Djamgo Unchained filmaren iragarkia ikusgai. Youtube.com (Ingelesez)
- Djamgo Unchained filmaren webgunea (Ingelesez)
- Djamgo Unchained filmaren IMDBko fitxa irakurgai (Ingelesez)