Antonio Tovar
Antonio Tovar Llorente (Valladolid, Espainia, 1911ko maiatzaren 17a – Madril, Espainia, 1985eko abenduaren 13a) filologoa, hizkuntzalaria eta historialaria izan zen. Filologia klasikoari eman zizkion ikasketak, bai eta beste hainbat hizkuntzari ere, haien artean, euskarari: egun, haren Diccionario Etimológico de la Lengua Vasca argitaratzen da, Manuel Aguden eta Koldo Mitxelenaren laguntzarekin egina. Horrez gain, indoeuropar hizkuntzak, aitzinindoeuropera, Iberiar penintsulako antzinako hizkuntzak (adibidez, iberiera) eta amerindiar hizkuntzak ere ikertu zituen. Dozena bat hizkuntzatan mintzatzen zen, eta beste 150 ere ulertzen zituen.
Bizitza
aldatuAita notario zuenez, Euskal Herrian eta Villenan (Alacant) bizi izan zen, eta batean euskara eta bestean valentziera ikasi zituen. Zuzenbidea El Escorialeko María Cristina Unibertsitatean, Historia Valladolideko Unibertsitatean eta Filologia Klasikoa Madril, Paris eta Berlinen ikasi zituen.
Gerra zibila
aldatuGaztetan Federación Universitaria de Estudiantes izeneko talde errepublikanoko presidentea izan bazen ere, Espainiako Gerra Zibila hasi eta berehala falangista bihurtu zen, Dionisio Ridruejo adiskideak bultzatuta. Gerran, Radio Nacional de Españaren arduraduna izan zen.
Gerraostea
aldatuRidruejori elkartuta eta Ramón Serrano Súñerren abaroan, 1940ko abendutik 1941eko apiril arte Prentsa eta Propagandako idazkariorde kargua bete zuen. Noizbehinka, Serrano Súñerrekin batera Alemaniara bidali zuten, eta Hitler ezagutzeko aukera izan zuen. Horrela, 1940ko irailaren 13an, Francoren ordezkari berezi gisa Ramón Serrano Súñerrekin Alemaniara bidaiatu zuen, nazionalsozialismoaren aldeko batzuk lagun zituela: Demetrio Carceller Segura, Miguel Primo de Rivera Urquijo, Dionisio Ridruejo, Manuel Halcón eta Miguel Mora Figueroa.
Katedratikoa eta errektorea
aldatuBizitza politikotik aldenduta, oposizioak atera (1942) eta Latineko katedra lortu zuen Salamancako Unibertsitatean, eta handik aurrera irakaskuntzari eta ikerketari lotu zitzaien. Urte berean, Consuelo Larrucearekin ezkondu zen. Ruiz-Giménezen ministroaldian (1951-1956), Salamancako Unibertsitateko errektore izendatu zuten. Postu hori zuela, Unibertsitateko VII. mendeko ospakizunak antolatu zituen: munduko unibertsitate garrantzitsuenetako errektoreak bertaratu ziren, bai eta Salamancako kaleetan desfile gogoangarria egin ere, janzki tradizionalak zeramatzatela.
Espainiako lehen euskal katedra sortu zuen, Lengua y Literatura Vascas, euskal hizkuntza eta literaturari buruzkoa, batik bat. Hartarako, besteak beste Koldo Mitxelena deitu zuen.
Buenos Airesko (1948-49) eta San Miguel de Tucumángo (1958-59) unibertsitateetan irakasle aritu zen, eta Argentina iparraldeko hizkuntza indigenak aztertzen. Bere lanari jarraipena emango zion eskola bat sortzen saiatu zen. 1963an, politika zela eta, Espainiatik ihes egin zuen, eta Illinoisko Unibertsitatean irakasle izendatu zuten. 1965ean Madrilgo Complutense Unibertsitatean katedra lortu zuen. Hala ere, ez zuen luze iraun: Tierno Galván, José Luis López Aranguren, García Calvo eta Montero Díaz irakasleak bota zituztenean, berak ere dimititu zuen. Gero, berriro Estatu Batuetan eta Tübingenen (Alemania) ekin zion irakasteari, 1979an erretiratu arte.
Filologia klasikoari eman zizkion ikasketak, bai eta beste hainbat hizkuntzari ere, haien artean, euskarari: egun, haren Diccionario Etimológico de la Lengua Vasca argitaratzen da, Manuel Aguden eta Koldo Mitxelenaren laguntzarekin egina. Horrez gain, indoeuropar hizkuntzak, aitzinindoeuropera, Iberiar penintsulako antzinako hizkuntzak (adibidez, iberiera) eta amerindiar hizkuntzak ere (Salamancako Unibertsitatean, haren izena daraman amerindiar hizkuntzen katedra dago) ikertu zituen. Dozena bat hizkuntzatan mintzatzen zen, eta beste 150 ere ulertzen zituen.
Hizkuntzalaritza erkatuarekiko zaletasunak eta hizkuntzekiko zuen ikusminak, Euskal Herrian eta Valentzian bizi izanarekin batera, hispaniar filologiaren erreferentzia solido bilakatu zuten. Salamancako bihotzeko kale batek Rector Tovar izena darama, haren omenez.
Real Academia Españolan "j" eserlekua izan zuen eta euskaltzaina ere bazen.
Liburuak
aldatu- En el primer giro (estudio sobre la Antigüedad), Madril, Espasa Calpe, 1941.
- Vida de Sócrates, Madril, Revista de Occidente, 1947.
- Estudios sobre las primitivas lenguas hispánicas, Buenos Aires, Instituto de Filología, 1949.
- La lengua vasca, Donostia, Eusko Ikaskuntza, 1950.
- Los hechos políticos en Platón y Aristóteles, Buenos Aires, Perrot, 1954.
- Un libro sobre Platón, Madril, Espasa Calpe, 1956.
- The Ancient Languages of Spain and Portugal, New York, S.F.Vanni, 1961.
- Historia de Grecia (M. Sánchezekin batera), Bartzelona, Montaner y Simón, 1963.
- Historia del antiguo Oriente, Bartzelona, Montaner y Simón, 1963.
- Estudios sobre la España Antigua (Julio Caro Barojarekin batera), Madril, CSIC-Fundación Pastor, 1971.
- Historia de la Hispania Romana: La Península Ibérica desde 218 a.C. hasta el siglo V (José María Blázquezekin batera), Madril, Alianza, 1975.
- Bosquejo de un mapa tipológico de las lenguas de América del Sur, Bogotá, Instituto Caro y Cuervo, 1961.
- Universidad y educación de masas (ensayo sobre el porvenir de España), Bartzelona, Ariel, 1968.
- Sprachen und Inschriften. Studien zum Mykenischen, Lateinischen und Hispanokeltischen, Amsterdam, B.R.Grüner, 1973.
- Iberische Landeskunde. Zweiter Teil. Die Völker und die Städte des antiken Hispanien 3 liburukiak.: Bética (1974), Lusitania (1976), Tarraconense (1989, hil ondokoa).
- Einführung in die Sprachgeschichte der Iberischen Halbinsel: Das heutige Spanisch und seine historischen Grundlagen, Tübingen, TBL-Verlag Narr, 1977.
- Mitología e ideología sobre la lengua vasca: Historia de los estudios sobre ella, Madril, Alianza, 1980.
- Relatos y diálogos de Los Matacos (chaco argentino occidental). Seguidos de una gramática de su lengua, Madril, Int. Cultura Hispánica, 1981.
- Catálogo de las lenguas de América del Sur: con clasificaciones, indicaciones tipológicas, bibliografía y mapas (Consuelo Larrucea de Tovar emaztearekin batera), Madril, Gredos, 1984.
- Euskal hiztegi etimologikoa (Manuel Agudekin batera), Donostia, Gipuzkoako Foru Aldundia, 1991 eta 1992.