Ama Teresa Kalkutakoa

Ama Teresa Kalkutakoa[1], jaiotzez Agnes Gonxha Bojaxhiu[2] (Uskub, egun Skopje, Otomandar Inperioa, 1910eko abuztuaren 26a - Kolkata, India, 1997ko irailaren 5a), albaniar etniako eta indiar nazionalitateko[3] moja katolikoa izan zen, Karitateko Misiolarien lagunartea sortu zuena. 40 urte baino gehiago egin zituen Kolkatan (India) "behartsuen artean behartsuenak" zirenei laguntzen. Horretarako, hainbat harrera-etxe, ospitale eta abar antolatu zituen, kaleetan hiltzen ari ziren behartsuak jaso eta zaintzeko. 1979an Bakearen Nobel Saria jaso zuen. Joan Paulo II.ak dohatsu izendatu zuen 2003an, eta Frantziskok kanonizatu zuen 2016an.

Ama Teresa Kalkutakoa
MotherTeresa 090.jpg
nagusi jeneral

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakAnjezë Gonxhe Bojaxhiu
JaiotzaSkopje1910eko abuztuaren 26a
Herrialdea Albania
 Otomandar Inperioa
 Indiako Agindupeko Lurra
 India  (1950eko urtarrilaren 26a -
BizilekuaSkopje
Rathfarnham
Kalkuta
Lehen hizkuntzaalbaniera
HeriotzaKalkuta1997ko irailaren 5a (87 urte)
Hobiratze lekuaKalkuta
Heriotza modua: bihotz-gutxiegitasuna
Familia
AitaNikollë Bojaxhiu
Ezkontidea(k)ezkongabea
Hezkuntza
Hizkuntzakalbaniera
bengalera
ingelesa
hindia
serbiera
Jarduerak
Jarduerakmoja katolikoa eta moja
Jasotako sariak
Santutegia
Irailaren 5
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakristautasuna

motherteresa.org
IMDB: nm0609336 Musicbrainz: 373d1cf8-a67b-4d59-bb47-d328cf6ccb41 Songkick: 5607783 Discogs: 2115244 Find a Grave: 12299 Edit the value on Wikidata
Mother Teresa, signature.svg

Agnesek txikitatik ezagutu zuen bere bokazioa, eta, 1928rako, jada erabakia zuen erlijio-bizitzara zuzenduta zegoela. Orduan, bere izena «Teresa» izenagatik aldatzea aukeratu zuen, misiolarien zaindariari, Teresa Lisieuxkoari, erreferentzia eginez. Hurrengo 20 urteak Irlandako Loreto komentuan irakasten eman bazuen ere, gaixoak eta pobreak zaintzen hasi zen Kalkuta hirian. Horrek kongregazio bat sortzera eraman zuen, gizarteko baztertuei, batez ere gaixoei, pobreei eta etxerik gabekoei laguntzeko helburuarekin.

1970eko hamarkadan, nazioartean ezaguna zen, eta pobreen eta defentsarik gabekoen defendatzaile eta pertsona humanitario gisa ospea lortu zuen, neurri batean Malcolm Muggeridgeren Something Beautiful for God dokumentala eta liburuagatik. 1979an, Bakearen Nobel Saria, eta, 1980an, Indiako sari zibil gorena, Bharat Ratna, jaso zituen bere lan humanitarioagatik. Haiekin batera, maila goreneko dozena bat sari eta aitortza jaso zituen, nazionalak zein nazioartekoak.

Pertsona, gobernu eta erakunde askoren laudorioak jaso zituen. Hala ere, hainbat kritika ere izan zituen, besteak beste, Christopher Hitchens, Michael Parenti, Aroup Chatterjee eta Munduko Kontseilu Hinduaren objekzioak, zeinak mentalitate atzerakoia egotzi eta bere zentroetako arreta eskasa kritikatu baitzuten. 2010ean, bere jaiotzaren mendeurrenean, mundu osoan omendu zuten; Indiako presidente Pratibha Patil-ek bere lana goraipatu zuen[4].

BizitzaAldatu

GaztaroaAldatu

Albaniar jatorriko familia batean jaio zen Skopjen (gaur egun Ipar Mazedoniako Errepublikako hiriburua).[3] Haren aita, Nikollë Bojaxhiu, politikaria zen, eta albaniarren eskubideen alde lan egiten zuen; Teresak zortzi urte zituela hil zen, 1919an. Teresaren amak bere seme-alabak erlijio katolikoan hezi zituen. Gaztetatik misiolarien historiak entzutea gustatzen zitzaion, eta 12 urte zituenerako beraietakoa izatea erabaki zuen.

18 urte zituela, Loretoko Ahizpen lagunartean sartu zen Eireko komentu batean. Ordutik ez zituen gehiago bere ama eta ahizpak ikusiko. Komentu hartan ingelesa ikasten aritu zen buru-belarri, moja horiek misio lurraldeetan zituzten ikastetxeetan hizkuntza horretan ematen baitziren eskolak.

1929an Darjeelingera (India) bidali zuten andereño. Bertan egin zituen lehen botoak, eta bere jatorrizko izena utzi eta Teresa izena hartu zuen, misioen zaindari zen Teresa Lisieuxekoaren omenez. 1937an Kolkatako ikastetxe batera bidali zuten. Irakasle izatea gustatzen zitzaion arren, gero eta gehiago arduratzen zen bere inguruan nagusi zen pobreziaz. Bereziki, 1943ko goseteak eragin zuen aldaketa sozialak bere ikuskera aldatu zuen.

Karitateko MisiolariakAldatu

 
Ama Teresa

1946ko irailaren 10ean Teresak argi ikusi zuen pobreziaren aurrean zerbait egin behar zuela. 1948an Loretoko Ahizpen lagunarteko abitu luze ederra utzi eta beste zuri bat jantzi zuen, marra urdinekin, geroago bizitza osoan zehar erabiliko zuena. Medikuntzako oinarriak ikasi zituen eta gaixoak eta hil zorian zeudenak laguntzen hasi zen.

1950ean Aulki Santuak Karitateko Misiolariak izeneko lagunartea osatzeko baimena eman zion. Lagunartearen helburua gosetiak, etxegabeak, legenardunak eta gizarteak baztertuta zituenak jasotzea zen. 13 mojekin hasi zen lagunarte hau gaur egun mundu guztian zabaldu da, eta 4000 moja baino gehiago ditu. 1952an Teresak "hiltzen zeudenentzako lehen egoitza" zabaldu zuen. Bertan, kalean hiltzen ari zirenak jasotzen zituzten heriotza duina emateko, bakoitzaren erlijioaren arabera.

1960tik aurrera, Karitateko Misiolariek mundu mailako arreta bereganatu zuten. Ordena mundu zabalean hedatu zen, eta aberats askok dohaintzak eskaintzen zituzten. Teresak bere bizitza osoan zehar sekulako ospea izan zuen egiten zuen karitate lanagatik, baina bere egoitzetan erabiltzen zituen zenbait metodok kritika gogorrak sortu zituen; besteak beste, zenbaitzuek hilzorian zeudenak bere egoitzetara eramatea salatzen zioten, gero han ere bertan behera hiltzen uzteko.

Gaixotasuna eta heriotzaAldatu

1983an Erroman zela, bihotzeko atake bat jasan zuen. 1989an izan zuen bigarrena. 1991n pneumonia izurrite batek jo zuen eta bihotzeko arazoak gehitu zitzaizkion. Beste gaixotasun larri batzuk ere jasan behar izan zituen, hala nola, malaria, bihotzeko ezker bentrikuluaren akatsa... 1997ko martxoaren 13an ordenako buruzagitza utzi zuen, osasun arazo larriok zirela eta. Kolkatako artzapezpikuak adierazi zuenez, ospitalean zela exorzismo bat egin zion bere menpeko apaiz batek, Deabruak bereganatuta zeukala uste zutelako.

1997ko irailaren 5ean hil zen, 87 urte bete berritan. Hil zenean mundu zabaleko hainbat agintari eta herritarrek omenaldiak egin zizkioten. Besteak beste, Indiako gobernuak Estatu hiletak antolatu zituen. Eliza Katolikoak 2003an beatifikatu egin zuen eta gaur egun santu izateko bidean dago.

KritikakAldatu

Zenbaitek diote fanatikoa, fundamentalista eta iruzurgilea zela, oso atzerakoia (eragindako abortua munduko gaitzik handiena eta bakearen mehatxurik handiena dela esan zuen Bakearen Nobel Saria jasotzean, eta dibortziatzeko eskubidearen aurkako kanpaina egin zuen Irlandan); Indiako pobreen izenean bildu zituen dirutza handiak ez zituela pobre horien bizi baldintzak hobetzeko erabili, eta diru hori nora joan den aztertu beharko litzatekeela, Karitateko Misiolariek sekretupean gordeta baitituzte diru kontuak; pobreei zaintza eskasak eta desegokiak ematen zizkiela, higiene baldintza txarretan eta mediku tratamendu zaharkitu eta urriegiekin, mina kentzeko inolako bitartekorik gabe (Ama Teresaren arabera, «sufritzen ari bazara, horrek esan nahi du Jesus musu ematen ari zaizula!»); beste hainbat gezurren artean, Kolkatan 5000 haurrentzako eskola bat zuela maiz esaten zuen arren, halako eskolarik ez dela inoiz izan; eta Indiako pobreen zerbitzura ez, baizik eta Mendebaldeko aberatsen alde lan egin zuela.[5][6][7]

ErreferentziakAldatu

  1. «Berria Estilo Liburua» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  2. "Blessed Mother Teresa". (2007). Encyclopædia Britannica. Eskuratze data: 2011-04-07.
  3. a b (Ingelesez) «Mother Teresa of Calcutta (1910-1997)», Vatikanoaren webguneko artikulua.
  4. DNAIndia.com, «Commemorative coin on Mother Teresa released» (en inglés). Consultado el 20 de junio de 2011.
  5. (Ingelesez) Christopher Hitchens: «Mommie Dearest — the pope beatifies Mother Teresa, a fanatic, a fundamentalist, and a fraud», Slate web aldizkaria, 2003-10-20.
  6. (Ingelesez) Sanal Edamaruku (Indiako Arrazionalista Elkarteko lehendakaria): «India has no reason to be grateful to Mother Teresa».
  7. (Ingelesez) Walter Wuellenweber: «Mother Teresa: Where are her millions?». Artikulu hori, lehenengo aldiz, Alemaniako Stern aldizkarian argitaratu zen, 1998ko irailaren 10ean.

Kanpo estekakAldatu

Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Ama Teresa Kalkutakoa