Zainketa aringarriak, paliatiboak edo leungarriak gaixotasunak sendatu beharrean sintomak murrizten ahalegintzen den edozein bide da. Helburua sufrimendua prebenitzea eta gutxitzea da, baita gaixo kroniko, larri edo sendaezinen bizi kalitatea hobetzea ere. OMEren definizioak hauxe jasotzen zuen 2006an, eta zehazki aipatzen zituen minaren tratamendua eta beste arazo fisiko, psikosozial eta espiritualak ere. Zainketa hauek beti ere eriaren etxean bertan edo ospitale edo zentro espezializatu batean eman daitezke.

AEBetako zentro espezializatu baten argazkia.

Orokorrean, tratatzen diren gaixoak bi multzotan sailkatu daitezke, onkologiakoak eta ez onkologiakoak. Kasu bietan gaixo terminaltzat hartzen dira, sendabiderik ez daukatenez.

Historia aldatu

 
Cicely Saunders.

Historia garaikidean, 1896an Dr. Herbert Snow-ek Brompton cocktail delakoa asmatu zuen Erresuma Batuan. Koktel hau mina tratatzeko nahasketa farmakologikoa da eta morfina edo heroina, kokaina, purutasun handiko alkohola eta batzuetan klorpromazinaz osaturik dago. 1920ko hamarkada arte, hala ere, ez zuten lehendabiziko aldiz morfina eta heroinaren erabilera terapeutikoa arautu herrialde hartan.

Lau hamarkada geroago, Cicely Saunders erizainak sortu zuen lehenengo hospizio modernoa Londresen, Saint Christopher izenekoa 1967an. Bi urte geroago Elisabeth Kübler-Ross psikiatrak "On Death and Dying" mugarria izango zen liburua argitaratu zuen AEBetan. Kanadan bestela, "Palliative Care" kontzeptua hasi ziren erabiltzen 1970eko urteetan. 1974an AEBetako lehenengo hospizioa Connecticuten abiatu zuen Florence Wald erizainak.

1980ko hamarkadan martxan ipini ziren mota honetako lehenengo taldeak Frantzian eta Espainian, bigarren herrialde honetan aitzindariak Sanz, Gómez-Batiste, Porta, Gómez-Sancho eta Núñez Olarte doktoreak izan zirelarik.

Euskal Herrian, 1991an Iruñeko Hospital de San Juan de Dios aitzindaria izan zen.

Arlo anitzekoa aldatu

Ondo formatutako mediku eta erizainak funtsezko profesionalak diren arren, bestelako osasungileek ere kolaboratu dezakete zeregin hauetan, diziplina anitzeko taldeak osatuz. Beste profesional hauen artean psikologoak, erizain laguntzaileak, gizarte langileak eta botikariak ditugu. Arlo espiritualaz arduratzen dira bestela modu espezifikoagoan erlijio jendea, baina baita erlijiosoa ez dena ere.

Espiritualtasuna aldatu

Espiritualtasuna terminaltasunean oso lotuta dago bizitzaren zentzuak hartzen duen garrantziarekin, gaixoari eta senideei sarritan ezinegona ekartzen diena, baina baita bakea eta osotasun sentimenduak ere eskaini ahal dizkiena.

Espainiar estatuan Enric Benito, Jose Carlos Bermejo, Xabier Azkoitia, Julio Gómez, Javier Barbero, Pilar Barreto, Ramón Bayés eta Maria Jesus Goikoetxea aditu nabarmenak dira.

Tratamenduak aldatu

 
"Antes de la morfina", Santiago Rusiñolen margoa (1894).

Zainketa aringarrien esparruan okerra da "ezin ezer egitearen" ustea, hau da, sendaezina dena trataezintzat hartzea. Gaixotasuna bera sendatuko ez dugula jakin arren, tratamendu sintomatikoa ematea da helburu orokorra, mina, arnasestua, deliriuma, antsietatea, larritasun psikikoa eta abar, sendagarriak diren bestelako konplikazioak albo batean baloratuz (infekzioak, tronbosiak, ...). Horietaz gain, sostengu psikologikoa eta emozionala beharrezkoa da modu batean edo bestean prozesu guztian zehar.

Morfina da botikarik erabiliena mina eta itolarria arintzeko, edo haren deribatuak: Oxikodona, fentanilo, tapentadol eta abar. Bentzodiazepinak ere farmako nagusien artean daude, herstura eta ezinegona baretzeko, eta neuroleptikoak eraginkorrak dira nahasmendu sindromean (delirium).

Bestela, ankerkeria terapeutikoa beharrezkoak ez diren tratamenduak ematea izango zen, eta distanasia ("heriotza txarra") sufrimenduekin hiltzea eta alferrikako neurri medikoak hartzea. Horiexek saihestea da xede nagusia beti ere, bai eta heriotzaren atarian gaixoek modu duinean amaitzea ere. Horretarako, sedazio paliatiboa erabiltzea biderik egokiena da gehienezko tratamendu sintomatikoa eduki arren sintoma biziak pairatzen dituzten pertsonentzat.

Euskal Herrian aldatu

Hego Euskal Herrian, lurraldeka hauxek dira gaur egun dauden unitate edo zerbitzu espezializatuak, familiako medikuntza eta etxeko ospitalizazioaz gain:

Bestela, "Arinduz" du izena zainketa aringarrietako Euskadiko elkartea, eta Nafarroakoak "Palian". Halaber, PSF ("Paliativos Sin Fronteras") elkarteak Donostian du egoitza. Azkenik, SECPAL Espainiako elkarteak 2018an biltzarra antolatu zuen Gasteizen.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu