Antisorgailu

Ernalketa galarazten duen substantzia, aparatu edo metodoa

Kontrazepzio metodoak, metodo antisorgailuak edo, besterik gabe, antisorgailuak sexu harremanetan ernalkuntza eta haurdunaldia ekiditeko substantzia, aparatu edo metodoak dira.[1] Planifikazioari eta antisorgailuen hornikuntza eta erabilerari planifikazio familiarra deitzen zaio. Sexu-hezkuntzak eta antisorgailuetara irisgarritasuna izateak nahigabeko haurdunaldiak gutxitzen ditu.[2]

Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Pilula antisorgailua

Metodo antisorgailuak antzinako garaitatik erabili dira baina antisorgailu eraginkor eta seguruak XX.mendetik aurrera garatu ziren. Zenbait kulturek kontrazepzio metodoak gaitzetsi eta debekatu egiten dituzte.

Antisorgailuak zenbait taldetan bereiz daitezke, hala nola, hesi metodoak (preserbatiboa esaterako), eragile kimiko edo hormonalak (pilula antisorgailua, esaterako) eta kontrazepzio naturala (Ogino metodoa, esaterako).

Eraginkortasun handiena duen metodoa, abstinentziaren atzetik, esterilizazioa da (basektomia gizonen kasuan eta tronpen lotura emakumeen kasuan), hau ordea iraukorra da. Ondoren, eraginkorrenak umetoki barneko gailuak (DIUa) eta azal azpiko antisorgailuak dira. Hauen atzetik antisorgailu hormonalak dira eraginkorrenak, hala nola, pilula antosorgailuak, partxea eta baginako eraztuna. Eraginkortasun gutxiago dute kontrazepzio naturalak eta hesi metodoek. [3] Azken hauek dira, ordea, sexu harremanen bidez transmititzen diren gaixotasunak ekiditeko egokienak.

Emergentziazko metodoek, adibidez hurrengo eguneko pilulak, babesik gabeko harreman baten ondoren haurdunaldia saihestu dezakete (lehen 72 eta 120 ordu artean).

Metodoak

aldatu

Esterilizazio-metodoak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Esterilizazio (ugalketa)»

Esterilizazioa modu iraunkor eta itzuliezin batean ugalkortasuna eragozteko tekniken multzoa da, kirurgikoak nahiz kimikoak. Gizonen kasuan, basektomia da egun esterilizatzeko modurik ohikoena; emakumeen kasuan, tronpen lotura da ohiko teknika.

Hesi-metodoak

aldatu

Hesi bidezko antisorgailuek espermatozoideak aluan barneratu eta umetokira heltzea eragozten dute, gailu fisiko baten bitartez. Gailu hauek biltzen dira hesi metodoetan: kondoia, preserbatibo femeninoa eta diafragma. Aipatu behar da metodo horietatik bik (kondoiak eta preserbatibo femeninoak) haurdunaldiak saihesteko ez ezik, sexu harremanen bidez transmititzen diren gaixotasunak (HIESa, sifilia, esaterako) ekiditeko ere balio dutela.

Kondoia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «kondoi»

Kondoia edo preserbatibo maskulinoa zakilean jartzen den latex edo plastikozko zorro bat da, puntan isurirako lekua uzten duena. Zakila kondoi barruan sartuz, espermatozoideak emakumearen baginan sartzea eragozten da, eta, horrela, obulua ezin da ernaldu. Haurdunaldia ekiditeaz gainera, sexu harremanen bidez kutsa daitezkeen gaixotasunak ere ekiditen ditu [4][5]. Antisorgailu gisa, %98ko eraginkortasun tasa du (hau da, erabiltzen den kasu guztietatik %2etan bakarrik egiten du huts), betiere modu egokian erabiltzen bada. Modu desegokian erabiliz gero, eraginkortasun-tasa txikiagoa da.

 
Kondoia jartzeko era.

Kondoiak plastizkozko zorroetan sarturik saltzen dira banaka (kalean izaten diren vending makinetan batik bat), zein unitate batzuetako kaxetan. Prezioa 0.5€-1€ tartean izaten da, kaxetan edo banaka erosiz gero.

Kondoia behar bezala erabiltzeko, aholku hauek jarraitu behar dira:

  • inoiz ez da kondoi bera behin baino gehiagotan erabili behar;
  • isurtzea gertatu bezain laster, zakila baginatik atera behar da kondoiaren barruan dela, kondoia haziarekin batera bagina barruan gera ez dadin;
  • sexu-harremanean zehar, zakilak bere gogortasuna galtzen badu, baliteke kondoia zakiletik atera eta bagina barruan geratzea; hori dela eta, zakila biguntzen den unean bertan, zakila baginatik ateratzea komeni da;
  • kondoia urraturik badago, ez da erabili behar;
  • kondoiek iraungipen-data dute, kondoiaren plastikozko zorroan agertzen dena, eta ez dira erabili behar data hori pasa ondoren;
  • kondoiaren zorroa itxita ere, kondoiak leku freskoan kontserbatzea gomendatzen da.

Gehien erabiltzen den antisorgailuetako bat da. Izan ere, Espainian, ikasleen %74ak kondoia erabiltzen dutela erakusten duten inkestak egin dira[6]. Gazteen artean eta harreman finkorik ez duten bikoteetarako gomendatzen da bereziki, antisorgailua izateaz gainera, bikotekideak kutsa ditzakeen gaixotasunak ekiditen dituelako.

Emakumeen preserbatiboa

aldatu

Emakumeen preserbatiboa poliuretanozko zorro bat da, kondoia baino zabalagoa, eta baginan sartzen da [4]. Bi uztai txiki ditu muturretan, alde batetik itxia eta bestetik irekia. Alde itxitik sartzen da baginara sexu harremana izan aurretik. Baginan sexu-harremana izan baino 8 ordu lehenago ere sar daiteke. Ordu kopuru bat igaro ondoren, sexu harremana izan ala ez, preserbatiboa atera eta bota egin behar da. Sexu-lubrifikatzaileekin batera ere erabil daiteke, poliuretanozkoa baita. Zentzu horretan, latexezkoa ez denez, ez dago alergia sortzeko arriskurik. Ondo erabiliz gero, bere eraginkortasuna kondoi arruntaren antzekoa da.

Eragozpen gisa, egoki erabiltzeko praktika eta esperientzia eskatzen duen antisorgailua da. Gainera, alutik zertxobait kanpora ateratzen denez, emakumearen kasuan sexu-harremaneko plazera murriztu dezake. Kondoia baino garestiagoa da, eta botiketan bakarrik saltzen da. Faktore hauek guztiak direla eta, ez da asko erabiltzen. Hain zuzen, antisorgailuak erabiltzen dituzten emakumeen %1ak soilik erabiltzen du metodo hau.[7]

 
Diafragma bagina barruan.

Diafragma

aldatu

Diafragma latexez estalita dagoen uztai elastiko bat da, baginaren buruan sartzen dena, eta espermatozoideak umetokira sartzea eragozten du. Espermizida batekin batera erabili ohi da. Koitoa baino lehen sartu behar da baginara, espermizidarekin bustita. Ginekologo baten ardurapean eskuratu eta erabili behar da, besteak beste emakumearen baginara tamainaz egokitzen den diafragma behar baita. Koitoa ondoren, 6 orduz eduki behar da baginan, espermatozoide guztiak hil arte, eta ondoren atera eta garbitu egin behar da, berriro erabili ahal izateko.

Metodo eraginkorra da haurdunaldia prebenitzeko, baina ez du babesten sexu-transmisiozko gaixotasunetatik (gonorrea, sifilia, HIESa...).[5][4]

Baginako esponja

aldatu

Hesi-metodoen barruan sartzen da baina metodo kimiko bat dela ere esan daiteke. Esponja sintetiko bat da, baginan sartu ondoren espermizida askatzen duena. 5 zentimetrokodiametroa du gutxi gorabehera. Baginara modu egokian sartu ondoren, 24 ordutarako antisorgailu moduan funtzionatzen du, espermatozoideak akabatuz. Esponjak hesi moduan ere funtzionatzen du. Koitoa burutu ondoren, 6 orduz eduki behar da baginan, espermatozoideak guztiz ezabatzeko, baina 30 ordu baino lehen erretiratu egin behar da. Eraginkortasuna %70-%80 ingurukoa da. Beraz, ez da metodo antisorgailu fidagarria, kondoiaren aldean batez ere.[8] Gainera, ez ditu sexu-transmisiozko gaixotasunak ekiditen.

Metodo hormonalak

aldatu

Metodo hormonalek haurdunaldia hormonen bidez ekiditen dute, emakumeak tresna ezberdinen bidez jasotzen dituelarik. Gailu hauek erabiltzen dira metodo hormonaletan: pilula antisorgailua, baginako eraztuna, partxe antisorgailua, azal azpiko antisorgailua eta DIUa, besteak beste.

Garrantzitsua da kontuan izatea metodo hauek ez dutela sexu bidez transmititzen diren gaixotasunetatik babesten.

Gainera, metodo hauek mediku batek preskribitu eta kontrolatu behar izaten ditu, hormonek gorputzean eragiten dituzten aldaketen jarraipena egiteko. Hain zuzen, sintoma ezberdinak eragin ditzakete antisorgailu hormonalek, adibidez: loditasuna, goragalea, bularretako mina eta tentsioa, hilekoaren zikloak gutxitzea, hilekoa desgaraian izatea, dismenorrea, metrorragiak eta beheko gorputz adarretako edema, besteak beste[9]. Gainera, antisorgailu hauek hartu eta lehen aldiz depresioa diagnostikatzearen arteko erlazioa erakutsi dute ikerketa batzuk, bereziki 15 eta 19 urte arteko gazteen artean (batez ere progesterona hutsa duen pilulekin). [10]

Albo-ondorio posible horiengatik da beharrezkoa medikuarekin jarraipena egitea eta antisorgailu hauen argibide orria ondo irakurtzea.

Pilula antisorgailua

aldatu

Pilula antisorgailua emakumeek erabiltzen duten aho bidezko antisorgailu bat da. Emakumearen hormona zikloan du eragina, eta haurdunaldia ekiditen du. Eraginkortasun handiko antisorgailua da pilula (obulazioa galarazten du) eta gaur egun iraganean baino bigarren mailako ondorio gutxiago ditu. Gainera, hilerokoa erregulatzeko eta honek sortzen dituen min eta ondoezak arintzeko ere balio dute pilulek, beti ere medikuak horrela gomendatzen badu. Ez du ordea sexu bidezko gaixotasunengandik babesten.

Bi motatako pilulak daude: pilula konbinatua (estrogenoak eta progesterona dituena) eta gestageno-pilula edo mini-pilula (hormona bakarra duena). Sustantziak odolaren bitartez gorputz osoan zehar zabaltzen dira eta ez diete uzten obulutegiei obulurik sortzen. Badira pilula batzuk antisorgailu gisa erabiltzen direnak eta gainera hilerokoa gutxiagotan izatea eta honek min gutxiago izatea eragiten dutenak. Adibidez, hilekoak urtean lau alditara pasatzeko aukera eskaintzen duen Seasonique antisorgailua merkaturatu da[11]. Medikuak preskribitu eta kontrolatu behar du metodo hau, eta emakume batzuk dituzten gaixotasunen arabera ezin dituzte erabili.[5]

Pilula egunero hartu behar da, ordu berean eta jarraian, atseden egunik gabe.[4]

 
Baginako eraztuna jartzeko era.

Baginako eraztuna

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Baginako eraztun»

Baginako eraztuna 5 zentrimetroko diametroa duen plastikozko eraztun bat da, emakumearen baginan sartzen dena. Etileno-binil azetano polimeroaz osatuta dago eta iraupen luzeko metodoa da. Pilula antisorgailuaren antzera lan egiten du, obulazioa galaraziz. Eraztuna hiru astez eraman behar da jarrita eta laugarren astean, eraztuna kendutakoan, hilekoa. Eraztunak ezin dira berrerabili.[5]

Eraztunaren eraginkortasuna pildora antisorgailuaren antzekoa da baina honek ere ez du sexu bidezko gaixotasunengandik babesten. Eraztuna bagina barruan egoten da sexu harremanak izatean eta normalean ez da nabaritzen.

Partxe antisorgailua

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Partxe antisorgailu»

Haurdunaldia ekiditen duen antisorgailu honek emakumearen azalak (epidermisak) jasotzen dituen hormona batzuk askatzen ditu, hauek azaletik zirkulaziora pasaz. Tratamenduak hiru aste irauten du, astean behin (egun berdinean beti) aldatuz eta laugarrenean ez da jarri behar, aste horretan hilekoa jaisten da.[12]

Partxearen eraginkortasuna pildora antisorgailuaren antzekoa da baina honek ere ez du sexu bidezko gaixotasunengandik babesten, gainera, medikuaren gomendioak jarraitu behar dira eta berak presbribitu eta kontrolatu behar du.[5][4]

Azal azpiko antisorgailuak

aldatu

Azal azpian jartzen diren inplanteak dira, normalean beso azalaren azpian, eta ez dira nabaritzen normalean. Inplante horiek hormonak askatzen dituzte eta horiek ekiditen dute haurdunaldia.[5] 2018rako 16 urtetarako balioko duen txip bat merkaturatu nahi dute, erabiltzaileak nahi duenean aktibatu eta desaktibatu dezakena.[13]

 
DIUa bagina barruan.

Ezinbestekoa da aditu batek jartzea eta kentzea eta denbora ezberdinez eraman daitezke. Inplante hauen eraginkortasuna oso altua da baina honek ere ez du sexu bidezko gaixotasunengandik babesten. [5]

DIUa emakumearentzako antisorgailu iraunkor bat da, plastikoz (polietilenoa) eta metalez (batez ere kobrea) egindakoa. Emakumearen uteroan ginekologoak jarri beharreko gailu bat da, jarri ondoren sustantzia kimikoak askatzen dituena urteetan zehar, ernalkuntza ekidinez. Normalean, ez zaie gomendatzen haurdunaldirik izan ez duen emakumeei. Ez ditu sexu transmisiozko gaixotasunak ekiditen.[4][5]

Metodo naturalak

aldatu

Metodo artifizialen aldean gorputzean objektu eta substantzia arrotzak ez sartzea eta prozesu biologikoak ez aldaraztea aipatzen dira metodo hauen abantailen artean. Metodo merkeak dira, gainera. Beraien eraginkortasuna, ordea, ez da beste metodoen bezain altua. Gainera, ez dute babesten, ez sexu-transmisiozko gaixotasunetatik, ezta GIB/hiesetik ere.

Hilekoaren zikloan oinarritutako metodoak

aldatu

Emakumeen hilekoaren zikloa aztertzean oinarritzen dira. Izan ere, ziklo horretan zehar (batezbeste 28 egun irauten dituena) egun jakin batzuetan baino ez da ugalkorra emakumearen gorputza, zehazkiago obulazioaren ondorengo hiru egunetan gutxi gorabehera eta obulazioaren aurretik. Aldi hori zehazteko, hainbat metodo garatu dira:

  • Ogino metodoa ziklo oso erregularrak dituzten emakumeentzat da baliozkoa soilik. Aurreko hileko zikloetako erregulartasunean oinarrituz, obulazioa noiz gertatzen den estimatzen du. Sexu-harremanak obulazio-egunaren estimazio honen aurreko eta ondorengo egunetan baztertu behar dira.
  • Billings metodoak emakumeak isurtzen dituen muki zerbikal edo baginako isurkien bilakaera aztertuz obulazioa noiz gertatzen den igartzea bilatzen du.
  • Tenperatural basalaren metodoan gorputzak atsedenaldi luze baten ondoren duen tenperatura jasotzen da, eguneko tenperatura txikiena edo basala dena; obulazioan zehar, tenperatura basala jeitsi egiten da zertxobait (0.2-0.5 °C), eta beraz haurdunaldia ekiditeko sexu-harremanak obulazioaren ondoren tenperatura basala igotzen hasi eta hiru egunetara praktikatu daitezke; tenperatura baginan edo ipurtzuloan jasotzen da, termometro zehatzekin.

Metodo hauetan guztietan, ordea, ernalkuntza ekiditeko abstinentzia garaiak zehatz bete behar dira eta sexu-orientatzaile edo ginekologo baten aholkuak jarraitzea gomendatzen da.

Abstinentzia

aldatu

Sexu-harremanak ez burutzea erabakitzen denean gertatzen da sexu-abstinentzia. Abstinentzia egoeretan ezinezkoa da haurdun geratzea. Dena den, metodo antisorgailu gisa, zaila da kontrolatzen, sexurako gogoa edozein unetan sortu eta abstinentzia-erabakiari kasurik ez egitea gerta daitekeelako. Horregatik, abstinentzia erabakitzen denean ere, komeni da kondoia edo beste antisorgailu bat prest izatea.

Sarpenik gabeko harremanak

aldatu

Zakila baginara sartzen ez den harremanetan, oso txikia da ernalkuntza gertatzeko probabilitatea, eta isurtzea aluaren inguruan egiten denean bakarrik gerta daiteke. Sarpenik gabeko sexu-harreman hauetan cunnilingus, felazioa eta koito anala biltzen dira.

Coitus interruptus

aldatu

Coitus interruptus edo atzera martxa egiten dela esaten da sexu harremanean zehar zakila isurtzea gertatu baino lehenago baginatik ateratzen denean. Fidagarritasun eskaseko metodoa da, eta ez ditu ekiditen sexu transmisiozko gaixotasunak. Espainian, ikasleen %11,7ak erabiltzen du metodo hau, 2012ko ikerketa baten arabera.[6]

Metodo bikoitza

aldatu

Metodo bikoitza mota ezberdinetako bi antisorgailu edo gehiago batera erabiltzea da. Gehienetan kondoia (bai maskulinoa edo femeninoa) metodo hormonal edo natural batekin konbinatzen da, bai haurdunaldia eta baita sexu transmisioko gaixotasunak ekiditeko[14].

Haurdunaldia arrazoizko kezka bat denean, adibidez nerabezaroan, metodo bikoitza erabiltzea gobendatzen dute zientzialarien elkarteek. Izan ere, emaitza onak atzeman dituzte Europako zenbait herrialdeetan metodo bikoitzaren bidez aurrez erabaki gabeko haurdunaldiak eta sexu transmisioko gaixotasunak gutxitzeko[14].

Emergentziazko metodoak

aldatu
 
Emergentziazko metodoa, hurrengo eguneko pilula.

Metodo hau, biharamuneko pilula bezala ezaguna, emergentziako medikamentu bat da eta ez da ohiko antisorgailu bezala erabili behar. Antisorgailurik erabili ez denean edo hauek gaizki erabili edo akatsa izan dutenean erabiltzen da haurdunaldia ekiditeko. Pilula hau ahalik eta azkarren hartu behar da, haurdunaldi arriskua sortu duen harreman sexuala izan eta hurrengo 72 orduak baino lehen gehienez ere. Bere eraginkortasun handiena lehen 24 orduetan dauka. Pilula bakar bat hartu behar da eta Euskal Herrian Osakidetzaren Osasun eta Larrialdi Zentroetan doakoa da eta farmazietan ere eros daiteke.[5]

Emergentziazko pilula hauek sor ditzaketen albo-ondorioak asko izan daitezke eta kasu batzuetan larriak, sarri hartzen badira.[15]

Eraginkortasuna

aldatu

Metodo antisorgailuen eraginkortasuna, ehuneko gisa adierazia, Pearlen indizea erabiliz kalkulatzen da eta antisorgailu bakoitza urtebete oso batean zehar erabiliz gero, haurdun suertatzeko aukerak adierazten ditu. Eraginkortasun handiena duen metodoa, abstinentziaren atzetik, esterilizazioa da (basektomia gizonen kasuan eta tronpen lotura emakumeen kasuan). Ondoren, eraginkorrenak umetoki barneko gailuak (DIUa) eta azal azpiko antisorgailuak dira. Hauen atzetik antisorgailu hormonalak dira eraginkorrenak, hala nola, pilula antosorgailuak, partxea eta baginako eraztuna. Eraginkortasun gutxiago dute hesi metodoek eta kontrazepzio naturalak. [3]

ANTISORGAILUEN ERAGINKORTASUNA OHIKO ERABILERAREKIN[16]
Inplanteak DIUa Emakumeen esterilizazioa Gizonezkoen esterilizazioa Txertoak
%0,05 %0,2-%0,8 %0,5 %0,15 %6
Pilula antisorgailua Partxe antisorgailua Baginako eraztuna Diafragma Esponja
%9 %9 %9 %12 %12-%24
Kondoia Preserbatibo femeninoa Coitus Interruptus Hilekoaren zikloan oinarrituta Espermizidak
%18 %21 %22 %24 %28

Eragina osasunean eta finantzetan

aldatu
 
2010ean antisorgailu modernoak erabiltzen ari diren emakumeen ehunekoa mundu mailan.

Azken 40 urteotan, ia bikoiztu egin da kontrazepzio metodoak erabiltzen dituzten emakumeen kopurua munduan. Nazio Batuen Ekonomia eta Gizarte Gaietarako Sailaren datu berrienen arabera, gaur egun bikotean bizi direnen %64k kontrolatzen dute euren ugalketa; 1970ean, %36 baino ez ziren.[17]

Lehen munduan gehien erabiltzen diren metodoak kondoiak eta antisorgailu hormonalak dira. Bigarren ta hirugarren munduan, aldiz, emakumeen esterilizazioa, DIUa, antisorgailu homonalak, kondoiak eta gizonezkoen esterilizazioa dira erabilienak, ordena horretan.[18]2012rako, emakume ugalkorren %57ak haurdunaldia ekidin nahi zuen (1520 milioitik 867 milioi emakumek). Hala ere, 222 milioi emakumek ez dute antisorgailuetara irisgarritasunik (hautako 53 milioi Afrikan daude eta 97 milioi Asian). Irisgarritasun honen falta hainbat arrazoik sortzen dute, besteak beste, pobreziak edo estatu askok zenbait antisorgailu debekatu edo mugatzen dituztela arazo politiko eta erlijiosoengatik.[19][20]

Honek eragin handia du gizartean, hain zuzen, planifikatu gabeko 54 milioi haurdunaldi gertatzen dira urtean eta 80.000 amatasun heriotza. [18]Afrikan, adibidez, eragindako abortua legez kanpokoa izanik leku askotan, emakumeek beharrezko segurtasun neurririk gabeko abortu hornitzaileetara jotzen dute, horrek sortzen dituen arriskuekin.

Antisorgailuen erabilerak garapen bidean dauden herrialdeetako amatasun heriotzak %40 gutxitu dituela estimatzen da (2008an 270.000 heriotza prebenitu zirela estimatzen da). Planifikazio familiarraren beharra duten guztiak antisorgailuetara irisgarritasuna izan ezkero amatasun heriotzen %70a prebenituko zela kalkulatzen da.[21]

 
Amatasun heriotza tasa mundu mailan

Onura hauek lortzearen arrazoiak nahigabeko haurdunaldiek sortzen dituzten segurtasunik gabeko abortuak eta arrisku handiko haurdunaldiak ekiditea da, antisorgailuen bidez. Gainera, planifikazio familiarrak eta antisorgailuen erabilerak bi haurdunaldiren arteko tartea luzatzeko balio dute, haurren biziraupena luzatuz garapen bidean dauden lurraldetan.[21]

Nerabeen haurdunaldiek, oso gazteak direnean, arrisku gehiago izaten dituzte, hala nola, jaiotza goiztiarra edota pisu gutxiko haur jaioberriak.[22] Estatu Batuetan 15 eta 19 urte arteko nerabeen haurdunaldien %82a planifikatu gabe gertatzen dira. 2010eko inkesta baten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen ia erdiak pentsatu izan du haurdun geratu direla eta %37k biharamuneko pilula hartu dute.[23] Sexualitate hezkuntza egokia eta antisorgailuetara irisgarritasuna izatea oso eraginkorrak dira nahigabeko haurdunaldi hauek gutxitzeko.[24]

Finantzei dagokionez ere, jaiotza kontrolak garapen ekonomikoa hobetzen du, haur gutxiago daudelako menpean eta emakumeek lan-munduan parte-hartzeko aukera gehiago dituztelako[25]. Planifikazio familiarra, antisorgailuen erabileraren bidez, gastuen eraginkortasun handienetakoa duen osasun kontu-hartzea da. Gai honetara bideratutako dolar bakoitzeko bi eta sei dolar artean aurrezten direla kalkulatu da, Nazio Batuen ikerketa baten arabera[26][27].

Aurrezki hauek nahigabeko haurdunaldiak eta sexu-transmisiozko gaixotasunak ekiditetik sortzen dira, horiek eragiten dituzten gastuak saihestuz.Hain zuzen, haurdunaldi, erditze eta jaioberri baten kostu medikoa, Estatu Batuetan, 21.000 dolar dira batez beste erditze baginal batekin eta 31.000 dolar zesarea batekin. Munduko beste estatu gehienetan kostu hauek aipatutako zifren erdia baino gutxiago dira[28].

Historia

aldatu

Historia goiztiarra

aldatu
 
Antzinako zilarrezko txanpon bat, silfio baten zurtoina irudikatzen duena.

Ebers-en papiro egiptoarrak (K.a.1550 urtea) eta Kahun-en papiroak (K.a. 1850) jaiotza-kontrolaren deskripzio dokumentatu zaharrenetakoak dituzte: eztiaren eta akazia hostoen erabilera, bagina barruan sartuta semena blokeatzeko [29][30]. Uste da Antzinako Grezian silfioa erabiltzen zela antisorgailu gisa eta bere eraginkortasuna eta egokitasuna zela era bere deasgerpenera arte ekoiztu zela[31].

Erdi Aroko Europan haurdunaldia gelditzeko edozein saiaketa immorala kontsideratzen zen Eliza Katolikoaren aurrean. Hala ere, uste da emakumeen hainbat metodo erabiltzen zituztela kontrazepziorako, hala nola, coitus interruptusa edo lirioaren edo bortusaiaren sustraiaren sartzea baginan[32]. Aurkitutako kondoi zaharrenak Dudley gazteluko (Erresuma Batua) hondakinetan aurkitu ziren eta 1640 urtekoak direla uste da. Kondoi hauek animalien hesteekin egiten ziren eta ziurrenik sexu bidez trasmititzen diren gaixotasunetatik babesteko erabili ziren Ingalaterrako Iraultzan. Casanova-k, XVIII.mendeko italiarrak, arkume azalarekin egindako estalki bat deskribatu zuen, haurdunaldia ekiditeko erabiltzen zena. Hala ere, kondoien erabilera XX.mendean zabaldu zen, hauen irisgarritasuna hobetu zenean.[29][33]

Jaiotza-kontrolaren mugimendua

aldatu
 
"Zitala oraindik jarraika dauka" posta-txartel viktoriar satirikoa.

Jaiotza-kontrolaren mugimendua XIX.mendean eta XX.mendearen hasieran garatu zen[34].Thomas Malthus-en ideietan oinarrituta 1977an Malthusiar Liga sortu zen Erresuna Batuan eta honen helburua gizarteari familia planifikazioaren garrantzia helaraztea zen, baita jaiotza-kontrola sustatzeagatik zeuden zigorrak kentzea ere[35]. Hain zuzen, liga hau Annie Besant eta Charles Bradlaugh-en aurkako epaiketa geratzen ari zenean sortu zen, hauek hainbat kontrazepzio metodo publikatzeagatik prozesatu zituztenean.[36]

Estatu Batuetan, "jaiotza-kontrola" kontzeptua hedatu zuten 1914an Margaret Sanger eta Otto Bobsein-ek[37][38]. Garai horretan, Comstock arauarekin, debekatuta zegoen jaiotza-kontrolari buruzko ingormazioa helaraztea eta Erresuma Batura alde egin behar izan zuten. 1915ean berriro Estatu Batuetara itzuli eta Sanger-rek jaiotza-kontrolerako klinika bat ireki zuen, hamaika egun ostean itxi ziotena, bere atxiloketarekin batera. Atxiloketa eta epaiketa honek jaiotza-kontrolaren aldeko aktibismoa piztu zuen Estatu Batuetan[39][40].

 
Marie Stopes-en jaiotza-kontrol klinika

Lehen jaiotze-kontrol klinika iraunkorra Erresuma Natuan ireki zuen Marie Stopes-ek 1921an, Liga Mathusiarrarekin batera[41].Urte horretan bertan Sanger-rek Estatu Batuetako Jaiotze-Kontrol Liga sortu zuen. 1920ko hamarkadan bi emakume hauek, beste emakume feminista batzuekin batera, paper garrantzitsu bat izan zuten sexualitatearen inguruko tabuak suntsitzen. 1930ko apirilean, Erresuma Batuan ospatu zen Jaiotze-Kontrolaren Biltzarrean, 700 ordezkari bildu ziren eta gai hau, abortuarekin batera, esfera politikora eramatea lortu zuten. Hiru hilabete ostean, Erresuma Batuko Osasun Ministerioak jaiotze-kontrolari buruzko informazioa helaraztea baimendu zien tokian-tokiko botereei.[42]

1936an gorte estatubarruarrek adierazi zuten pertsonen osasuna bermatzeko antisorgailuak preskribatzea ez zela legez kanpokoa Comstock legearen arabera. Hurrengo urtean, estatu horretan egindako inkesta batek erakutsi zuen gizartearen %71 antisorgailuen erabileraren alde zegoela.1938an 347 jaiotza-kontrol klinika zeuden martxan Estatu Batuetan, nahiz eta hauen promozioa egitea oraindik legez kanpokoa zen. [43]

Gizartea eta kultura

aldatu

Legezkotasuna

aldatu
 
Every Woman Every Child mugimenduaren kudeaketa bilera bat.

Giza Eskubideen hitzarmenetan zehazten da gobernu gehienek antisorgailuen inguruko informazioa eta jaiotze-kontrol zerbitzua eskaini behar dituztela.Hitzarmen hauen arabera, estatu hauek gobernu plangintzetan txertatu behar dituzte planifikazio familiarreko zerbitzuak, antisorgailuen irisgarritasunean kalte egiten duen lege oro kendu behar dute, antisorgailu metodo ezberdinetara irisgarritasuna bermatu (emergentziazko metodoak barne), hauen hornitzaileak kalitatezkoak direla eta prezioa egokia dela (jendearen erosteko ahalmenaren arabera) bermatu behar dute.[44]

2010ean Nazio Batuen Erakundeak Every Woman Every Child mugimendua martxan jarri zuen, emakumeen antisorgalu beharren estalduraren aurrerapena ebaluatzeko. Mugimendu honek helburu gisa jarri du 2020 urterako 120 milioi emakumek erabiltzea antisorgailu metodo modernoren bat, mundu mailako 69 estatu pobreenen artean. Gainera, kontrazepzio metodoren baten bila dabilen neskatilen kontrako diskriminazioa erauzi nahi dute.[45]

Erlijioa

aldatu

Antisorgailuen inguruko iritzi etikoan ezberdintasun nabarmenak daude erlijio batetik bestera. Ofizialki eliza katolikoak familiaren planifikazio naturala soilik onartzen du, nahiz eta katoliko askok antisorgailu modernoak onartu eta erabili.[46] Protestanteen artean askotariko iritziak daude, antisorgailu guztiak ukatzetik denak onartzera arte[47]. Judaismoan ere antzekoa geratzen da[48]. Hinduistek antisorgailu natural zein artifizialak onartzen dituzte[49]. Budisten ohiko iritzia da kontrazepzioa onargarria dela baina behin ernalketa gertatutakoan esku hartzea ez[50]. Islamean antisorgailuak onartuta daude, hauek ez badute osasuna arriskuan jartzen[51].

Munduko Kontrazepzioaren Eguna

aldatu

2007tik irailaren 26an, Munduko Kontrazepzioaren Eguna ospatzen da, sexu hezkuntza hobetu eta jaiotza kontrolaren kontzientzia sortzeko[52]. Egun honen ikuspegia mundu bat non haurdunaldi denak desiratuak diren da eta hainbat gobernu eta Gobernuz Kanpoko Erakundek babesten dute[53].

Okerreko ideiak

aldatu

Haurdunaldiaren eta sexu-harremanen inguruko hainbat okerreko ideia daude[54]. Adibidez, emakumeek lehenengo sexu harremanean ere gelditu daitezke haurdun[55], eta edozein sexu jarreratan[56]. Posible da, nahiz eta aukera gutxi egon, menstruazio egunetan haurdun gelditzea[57]. Sexu harremana eta gero bagina-dutxa bat egitea ez da eraginkorra kontrazepzio metodo gira. Gainera, hainbat osasun arazorekin erlazionatzen da eta ez da gomendagarria hau egitea[58].

Ikerketak

aldatu

Emakumeak

aldatu

Emakumeen antisorgailuen inguruan egiten diren ikerketa gehienak gaur egun dauden antisorgailuen eraginkortasuna handitzera zuzentzen dira. Baita gaur egungo antisorgailuen albo-ondorioak gutxitzera ere, metodo hormonalen kasuan. Neurri txikiago batean metodo berrien ikerketa egiten da.

 
Essure antisorgailua

2002an Estatu Batuetan Essure izeneko antisorgailu bat sortu eta merkaturatu zen. Essure umetoki-tronpetan kokatzen den gailu bat da, kirurgia gabe. Gailu honek hantura eragiten du tronpetan, espermatozoideak igarotzea sahiestuz. Eragiten duten hantura hau atzeraezinda da, beraz, esterilizazio metodo bat dela esan daiteke, tronpen loturak dakarren kirurgia eta prezio altua sahiestuz.Antisorgailu hau 2017an debekatu zen, sortzen zituen albo-ondorioengatik. Mundu mailan milioi bat emakumek gailu hau jarrita daukatela estimatzen da, horietatik %60a Ameriketako Estatu Batuetan, 80.000 emakume Espainian. Horietatik milaka emakumek gailu hau kentzeko kirurgiara jo behar izan dute albo-ondorioetatik ihesi eta kasu batzuetan umetokia erauzi behar izan da. Espainian elkarte bat sortu da antisorgailu honek kaltetuei laguntzeko.[59][60]

Gizonak

aldatu

Gizonezkoek merkaturatzen diren bi antisorgailu posible dituzte: kondoia edo basektomia. Kontuan izanda gizonek egunero daukatela haurdunaldi bat eragiteko aukera eta emakumeek hileko egun zehatz batzuetan bakarrik, ikertzaileek urteak daramatzate gizonezkoentzako antisorgailu berriak sortu nahian. Metodo hormonalekin eta ez-hormonalekin saihatu dira, baina dira merkatura iritsi. Metodo ez hormonaletan bi bide hari dira jarraitzen gehienbat, alde batetik basektomia itzulgarria eta bestetik botika sintetikoen bitartez. [61]

Ikerketa gehienak, ordea, metodo hormonaletan jartzen dute gogoa, hain zuzen, pilula antisorgailuetan. Ikerketa ugari ari dira egiten pilula hauek sortzeko baina oraindik ez da lortu hauetako batek saio klinikoak gainditzea. Gain zuzen, saio kiliniko hauek ez dira gainditzen antisorgailu hauek eragin ditzakeen albo ondorioengatik, nahiz eta ez diren emakumeen pilulek sortzen dituztenak baino larriagoak. Hain zuzen, emakumeen pilulek baino albo-ondorio leunagoak erakutsi dituzte frogek.[62][63]

Erreferentziak

aldatu
  1. «Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa» www1.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2018-06-07).
  2. «Nahigabeko haurdunaldia» Osakidetza.
  3. a b Trussell, James. (2011-5). «Contraceptive failure in the United States» Contraception 83 (5): 397–404.  doi:10.1016/j.contraception.2011.01.021. ISSN 0010-7824. PMID 21477680. PMC PMC3638209. (Noiz kontsultatua: 2018-06-07).
  4. a b c d e f «Antisorgailuak» Osakidetza.
  5. a b c d e f g h i «Antisorgailuak» Eusko Jaurlaritza.
  6. a b Vasca, EiTB Radio Televisión Pública. «Ikasleen % 88k antisorgailuak erabiltzen dituzte sexu-harremanetan» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-13).
  7. (Gaztelaniaz) Vanguardia.
  8. «Gizonontzako antisorgailua: RISUG» ZUZEU 2017-06-17 (Noiz kontsultatua: 2018-06-13).
  9. Berria.[Betiko hautsitako esteka]
  10. «Antisorgailu hormonalak eta depresioa: erlazioa aztergai - Elhuyar Aldizkaria» aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-13).
  11. «Hiru hilean behin» Berria 2017-01-11.
  12. «Emakumeek partxe antisorgailu berria dute merkatuan» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-06-13).
  13. «Antisorgailua txip batean» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-06-13).
  14. a b «Metodo bikoitza» www.euskadi.eus / Osasun Saila.
  15. (Gaztelaniaz) Germany, gofeminin.de GmbH, 51149 Koeln,. (2016-04-27). «La píldora del día después: todo lo que debes saber Seguridad y efectos secundarios de la píldora del día después - Onmeda.es» onmeda.es (Noiz kontsultatua: 2018-06-14).
  16. (Gaztelaniaz) «Eraginkortasuna» Centers for Desease Control and Prevention.
  17. Berria.eus. «Errazago lortzeko, zailago ulertzeko» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-06-25).
  18. a b Darroch, JE. (2013). Trends in contraceptive use. .
  19. Darroch, JE. (2013). Trends in contraceptive need and use in developing countries in 2003, 2008, and 2012: an analysis of national surveys. .
  20. (Ingelesez) Fertility control: contraception, sterilization, and abortion. .
  21. a b Cleland, J; Conde-Agudelo, A; Peterson, H; Ross, J; Tsui, A. (2012). Contraception and health. .
  22. Black, A. Y.; Fleming, N. A.; Rome, E. S.. (2012). Pregnancy in adolescents. Adolescent medicine: state of the art reviews. .
  23. Berria.eus. «Antisorgailuak ez erabiltzeagatik arriskuan izan direnak.» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-06-25).
  24. Marnach, ML; Long, ME; Casey, PM. (2013). Current issues in contraception. Mayo Clinic proceedings. Mayo Clinic. .
  25. Canning, D.; Schultz, T. P.. (2012). «The economic consequences of reproductive health and family planning» The Lancet 380 (9837): 165-171..
  26. Carr, B.; Gates, M. F.; Mitchell, A.; Shah, R.. «Giving women the power to plan their families» The Lancet.
  27. Tsui AO, McDonald-Mosley R, Burke AE. (2010). «Family planning and the burden of unintended pregnancies» Epidemiol Rev 32.
  28. Rosenthal, Elisabeth. (2013). «American Way of Birth, Costliest in the World» The New York Times.
  29. a b (Ingelesez) Cuomo, Amy. (2010). Birth Control. Encyclopedia of motherhood. Thousand Oaks, Calif.: Sage Publications ISBN 9781412968461..
  30. (Ingelesez) Lipsey, Richard G.; Carlaw, Kenneth; Bekar, Clifford. (2005). Historical Record on the Control of Family Size. Economic Transformations: General Purpose Technologies and Long-Term Economic Growth. Oxford University Press. ISBN 978-0-19-928564-8..
  31. Zehaztu gabea. Herbal contraceptives and abortifacients. Bullough, Vern L. Encyclopedia of birth control. Santa Barbara, Calif.
  32. (Ingelesez) McTavish, Lianne. (2007). Contraception and birth control. En Robin, Diana. Encyclopedia of women in the Renaissance : Italy, France, and England..
  33. A History of Birth Control Methods. Planned Parenthood Report.
  34. (Ingelesez) Hartmann, B. (1997). Population control I: Birth of an ideology.. International journal of health services: planning, administration, evaluation.
  35. (Ingelesez) Simms, Madeleine. (1977). Review: A History of the Malthusian League 1877-1927. .
  36. (Ingelesez) d'Arcy, F. (1977). The Malthusian League and the resistance to birth control propaganda in late Victorian Britain. .
  37. Wilkinson Meyer, Jimmy Elaine. (2004). «Any friend of the movement: networking for birth control, 1920–1940» Ohio State University Press.
  38. Galvin, Rachel. (1998). «Margaret Sanger's "Deeds of Terrible Virtue"» National Endowment for the Humanities..
  39. Karen Pastorello. (). «The Progressives: Activism and Reform in American Society, 1893 - 1917» John Wiley & Sons.
  40. Baker, Jean H.. (2012). «Margaret Sanger : a life of passion» First pbk. edition..
  41. (Ingelesez) Hall, Ruth. (1977). Passionate Crusader. Harcourt, Brace, Jovanovich. .
  42. Hall, Lesley. (2011). The life and times of Stella Browne : feminist and free spirit. London: I. B. Tauris. ISBN 9781848855830..
  43. (Ingelesez) Doan, Alesha. (2007). Opposition and Intimidation: The Abortion Wars and Strategies of Political Harassment.. University of Michigan Press. ISBN 9780472069750...
  44. (Ingelesez) Use of human rights to meet the unmet need for family planning. The Lancet 380.
  45. Susheela Singh; Jacqueline E. Darroch. (2012). «Adding It Up: Costs and Benefits of Contraceptive Services Estimates for 2012» Guttmacher Institute and United Nations Population Fund (UNFPA), 201..
  46. Paul VI. Aita Santua. (1968). «Humanae Vitae: Encyclical of Pope Paul VI on the Regulation of Birth» Vatikanoa.
  47. Bennett, Jana Marguerite. (2008). Oxford: Oxford University Press. p. 178..
  48. David M, Feldman. (1998). Birth Control in Jewish Law. ISBN 0-7657-6058-4..
  49. «Hindu Beliefs and Practices Affecting Health Care» University of Virginia Health System.
  50. Khoo, Alan. (2008). More Questions & Answers on Buddhism: Birth Control and Abortion. .
  51. Khalid Farooq Akbar. «Family Planning and Islam: A Review» Hamdard Islamicus XVII (3).
  52. «World Contraception Day 26 september 2017 | ESC» www.escrh.eu (Noiz kontsultatua: 2018-06-28).
  53. «Munduko Kontrazepzioaren Eguna» www.euskadi.eus.
  54. Hutcherson, Hilda. (2002). «What your mother never told you about s.e.x» (1st Perigee edición). New York: Perigee Book. p. 201..
  55. Alexander, William. (2013). «New Dimensions In Women's Health - Book Alone» 6th edición). Jones & Bartlett Publishers. p. 105..
  56. Sharkey, Harriet. (2013). «Need to Know Fertility and Conception and Pregnancy» HarperCollins. p. 17.
  57. Strange, Mary. (2011). «Encyclopedia of women in today's world» Thousand Oaks, Calif.: Sage Reference. p. 928..
  58. Rengel, Marian. (2000). «Encyclopedia of birth control» Phoenix, Ariz: Oryx Press. p. 65..
  59. (Gaztelaniaz) 20Minutos. «Miles de afectadas por el anticonceptivo Essure siguen con su lucha diaria: "Los médicos nos toman por locas"» 20minutos.es - Últimas Noticias (Noiz kontsultatua: 2018-06-14).
  60. (Gaztelaniaz) «240 españolas denuncian secuelas tras un implante anticonceptivo» ELMUNDO (Noiz kontsultatua: 2018-06-14).
  61. Berria.eus. «Noizko gizonezkoentzako antisorgailu berriak?» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-06-14).
  62. «Gizonentzako pilula antisorgailu bat segurua dela frogatu dute - Zientzia.eus» zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-14).
  63. Berria.eus. «Gizonek ezin diote izkin egin» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-06-14).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu