Samuel Beckett
Samuel Barclay Beckett (Dublin, 1906ko apirilaren 13a – Paris, 1989ko abenduaren 22a) irlandar idazle, kritikari eta olerkaria izan zen. XX. mendeko esperimentalismo literarioaren ordezkari garrantzitsuenetakoen artean dago, batez ere modernismo anglosaxoiaren barnean. Absurduaren antzerkiko oinarrizko idazlea izan zen. Ingelesez eta frantsesez idatzi zuen, eta James Joyce idazlearen laguntzaile eta ondorengoa izan zen. Haren lanik ezagunena Godoten esperoan izan zen. 1969ko Literaturako Nobel Saria irabazi zuen, «bere idazkerarengatik, nobela eta dramaren moduak berrituz, gizon modernoaren txirotasun modernoa oinarritzat hartuz handitasuna lortzen duelako».
Becketten lana funtsez iluna da eta, zenbait interpretazioren arabera, gizakion baldintzarekiko sakonki pesimista (nihilista ere bai). Horrekin batera, denbora igaro ahala, haren liburuak gero eta kriptiko eta laburragoak izan ziren. Halere, Becketten ezezkortasun edo pesimismoa bere umore-zentzuaren bidez epelduz doa, beltz eta zekenera.
Bizitza eta obrak
aldatu1906an Dublinen jaio zen, eta Trinity College ospetsuan ikasi zuen. Irakurzale amorratua, gaztetatik Dante eta literatura frantsesa, Proust bereziki, miretsi zituen.
1928an bere bizitzaren norabidea baldintzatuko zuen erabakia hartu zuen, eta Parisera joan zen, École normale supérieuren ingeles-irakasle aritzera. Han ezagutu zituen Alfred Péron eta James Joyce, eta azken horren Finnegan's Wake eleberriaren Anna Livia Plurabelle zatia itzultzeari ekin zion Yvan Goll, Eugene Jolas eta beste batzuekin. Joycek Becketten bilakaera narratiboan izan duen itzala hasierako narrazio-lanetan handia izanik ere, helburu eta poetika desberdinez idazten duten idazleak dira azkenean. Ulises eleberriaren sortzailea hitzen manipulatzaile aparta zen; Beckettek hitzen mugak ezabatu nahi ditu. Lehenengoa hizkuntzaren ahalmen estilistikoen ikerlari onenetakoa bilakatu zen; Beckettek hizkuntzaren beraren ahulezia eta ezintasunekin egin zuen topo.
1929an argitara eman zuen Dante... Bruno. Vico.. Joyce saiakera, bere ondorengo lan batzuetan -adibidez, More pricks than kicks («Ziztada gehiago kolpeak baino») edo Echo's hots and other precipitates («Ekoren hezurrak eta beste hauspeakin batzuk») kausi daitekeen Belacqua-ren sorburua da. Urtebete geroagokoa da, 1931koa hain zuzen, Prousti buruz argitara eman den saiakerarik interesgarrienetakoa. Saiakera honetan bere obran garrantzi handia izango duten hiru alderdi garrantzitsu aztertzen ditu Beckettek: oroitzapenaren mekanismoaren garrantzia (Prousten Madeleine famatua), lehenengo pertsonan idaztearen ezintasuna eta artista modernoaren miseria.
Saiakera bikain haien ostean, Becketten unibertso literarioa sendotuz eta aberastuz joan zen. Heziketa-urteak deitu zaizkien lehenengo urte horietan, narraziozko nahiz beste generoetako lanak eman zituen argitara. Haien artean lehenengoetakoa 1930ean kaleratu zuen Whoroscope liburua. Hartan, idazle irlandarraren obretan maiz aurkituko den sarkasmoa edo heriotzaren gaiak eragindako obsesioa kausi daitezke.
1934an More Pricks than Kicks narrazio-liburua argitaratu zuen. Izenburu probokatzaileaz gainera, pertsonaia baztertuak eta amodio frustratuak kontatzen zituzten pasadizoak aurkitu zituen bertan irakurleak. T. S. Elioten eragin nabarmena duen Echo's Bones and Other Precipitates poema-liburua argitaratu ondoren, eta ingelesez idatzitako Murphy (1938) eta Watt (1942) nobelen ostean, frantsesa bihurtu zen egilearen hizkuntza literarioa. Hasi Premier amour (1945, «Lehen maitasuna»), Mercier et Camier (1946)... bezalako lanetatik eta Molloy (1951), Malone meurt (1951, «Malone hiltzen da») eta L'Innommable-k (1953, «Izendaezina») osatzen duten eleberri-trilogia ezaguneraino, hizkuntza-hautaketak estilo zehatz eta pobreagoaren aldeko apustua iradokitzen du. Esan daiteke urte haietaraino daraman ibilbide narratiboak trilogia horrekin erdiesten duela bere punturik gorena.
Alabaina, Beckettek osperik izan badu, bere antzezlanengatik izan da, eta batez ere, Godoten esperoan (1952) ezagunarengatik[1]. 1953an Parisen estreinaturik, Critique eta hainbat aldizkari ospetsuren onespena izan zuen berehala. Arrakastaren ondorioz, Kafkarekin hasi eta Ionescorenganaino hedatzen den absurduaren literaturaren ildoan kokatu izan dute Beckett. Urte batzuk geroago, 1954an, AEBn estreinatu zen Godoten esperoan eta, ondoren, Londres eta Dublinen ere antzeztu zuten.
Eleberri-trilogiarekin generoaren beraren mugetaraino iritsi ostean, antzezlanek nahiz irratirako gidoiek izugarrizko garrantzia hartu zuten haren bibliografian. Bide narratibo berriak ikertu nahi zituen Beckettek, eta generoen mugak gaindituz, hizkuntza plastiko desberdinekin jolasten ahalegindu zen. Garai hartakoak dira Textes pour rien (1955, «Ezdeusetarako testuak»), All that fall (1956, «Erortzen den guztia»), Fin de partie (1957, «Jokaldi amaiera»), Acte sans paroles (1957, «Hitzik gabeko ekitaldia»), From an abandoned work (1957, «Utzitako lan batetik»)... eta beste hainbat antzezlan. Guztietan, pertsonaiak izaki baztertuak dira, hiztun hutsak mundu absurdu batean etengabe hitz egitera kondenatuak. Becketten antzelan horietan soma daitekeen etsipenaren adibide bat aipatzekotan, Fin de partie-ko lau pertsonaietatik hiru paralitikoak direla gogoratu besterik ez dago.
1961ean argitara eman zuen Comment c'est («Nolakoa da») liburua, eleberri eta poesiaren arteko mugetan kokatutako lana. Handik aurrera, 1964an Buster Keatonekin egindako filmaz gainera, irratirako gidoiak eta antzezlanek osatu zuten haren produkzio gehiena. Ordukoak dira literatura absurdu eta esperimentalaren arloan kokatzen diren zenbait lan, hala nola, Cascando (1962), Têtes mortes (1967, «Buru hilak»), Poèmes (1968), Compagnie (1980), Mal vu, mal dit (1981, «Gaizki ikusia, gaizki esana») eta abar.
1968az geroztik bere lan batzuen zuzendaritzaz ere arduratu zen, eta, kultura handiko idazlea izanik, gogoko zituen margolariei buruzko iruzkinak (Pierre Tal Coat, André Masson, Bram van Velde) edo idazle ezagunen itzulpenak ere (Robert Pinget edo Paul Éluardenak, kasu) egin zituen. 1969an Literaturako Nobel Saria eman zioten.
1989ko abenduaren 22an hil zen Parisen, eta Montparnasseko hilerrian ehortzi zuten.
Becketten literaturgintza
aldatuBecketten literaturgintzaren helburua zein izan zen laburki adierazi behar balitz, hizkuntzaren mugetaraino egindako bidaia poetikotzat defini liteke. XX. mendearen hasieratik, Ludwig Wittgenstein (filosofia), Adolf Loos (arkitektura), Arnold Schönberg (musika) edo Robert Musilen (literatura) lanetan iradoki zenez, hizkuntzak huts egiten digu munduarekin dugun erlazioa definitzen ahalegintzen garenean. Eleberrigintzan Gustave Flaubertekin hasi zen hizkuntza narratiboaren eraldatze- eta berrikuntza-prozesu horrek Becketten trilogiarekin iritsi zuen goia.
Egile irlandarrak. idaztearen, hitz egitearen, inpotentzia irudikatu zuen Molloy edo Malone bezalako pertsonaia atormentatuekin. Bi Mundu Gerrak ezagutu ostean, bizitzaren absurdua bera, alderik ilunena... testuratu zuen Beckettek. Horregatik dira haren fikziozko unibertsoak hain urratuak, hain hitsak... esperantza ororen hutsaltasuna bizi ondoren, literaturak berak geure buruaz hitz egiteko ere balio ez digulako.
Modu horretan ulertua, Becketten bilakaera literarioa isiltasunera daraman bide luze gisara ere defini daiteke, bere azken lanetan, etengabe errepikatzen diren hitzek ez baitute isiluneak urratzea lortzen.
Lehen aldia
aldatuLehenengo aldian, 1945 bitarrean argitara emandako eleberriak biltzen dira. Ingelesez idazten zuen, eta adituek heziketa-alditzat ere hartu izan dituzte hastapenetako urteok. Bertan agertuz joan ziren gerora nabarmenagoak izan ziren zenbait ezaugarri: pertsonaia bakartiak egoera oso berezietan, etsipen-giroa... Becketten literatura-mundu absurdua eratzen hasia zela esan daiteke.
Aldi honetako argitalpenik aipagarrienak Murphy (1938) eta Watt (1942) nobelak dira. Murphy, izen bereko eleberriaren protagonista, eroetxe bateko langilea da, eta prostituta batekin ezkondu nahi du. Eleberriak aurrera egin ahala, gero eta gertuagokoak egingo zaizkio Murphyri eroetxeko gaixoak. Bigarren plano batean, Murphyren bila abiatutako pertsonaia-multzo baten ibilerak dira kontagai nobelan. Istorioaren amaiera benetan da harrigarria: protagonista gas-eztanda batean hiltzen da, eta haren errautsek taberna batean sakabanatuta amaitzen dute. Watt-eko protagonista, berriz, etengabeko borrokan bizi da bere ingurunearekin. Hizkuntzak huts egiten dio, eta ezin du aurrerapausorik eman. Kontamolde nahiko tradizionalak erabili zituen Beckettek lehenengo lan hauetan. Gehienetan hirugarren pertsona erabiliz, narratzaile orojakile baten ahotan kontatzen dira istorioak.
Bigarren aldiranzko bira Mercier et Camier nobelarekin hasi zela esan daiteke. Narratzailea oraindik ere orojakile den arren, eszenek garrantzi handiagoa dute, eta haren antzezlanetan agertuko ziren zenbait elementu, Godot bera kasu, azaldu ziren lehenengoz.
Bigarren aldia
aldatuPremier amour eleberriarekin aldaketa narratiboa gauzatzen hasi zen. Pertsonaiak narratzaile bihurtu zituen egileak, eta mundu subjektiboagoranzko bira ematen hasi zen. Aldi honetako lanik aipagarrienak, ezbairik gabe, Molloy, Malone meurt eta L'Innomable eleberriek osatzen duten trilogiakoak dira. Frantsesa bilakatu zen Becketten hizkuntza literarioa, eta hautapen linguistiko horren oinarrian estilo neutroagoa erabiltzeko desioa zegoen. Kontamolde barroko edo estetizista oro saihestuz, gero eta gehiago aldendu zen Joyceren prosa landu eta aberatsetik.
Trilogiari dagokionez, badira zenbait ezaugarri azpimarratzea merezi dutenak:
- Batetik, eleberriok «kontatzen» dituzten istorioei dagokiena. Hirurak irakurtzen dituena berehala ohartzen da badela progresiorik lehenengotik azkeneraino, eleberriotako istorioak gero eta ahulagoak baitira. Alegia, L'Innommable-n ez dela ia istorio dei daitekeen ezer kontatzen, kontaketaren ezintasuna bera ez bada.
- Bestalde, pertsonaiei dagokienez ere, bilakaera aipagarria gertatzen da, pertsonaien gizakitasunak desagertuz edo ahulduz baitoaz. Molloy makulu batzuei esker ibiltzen bada bizikleta baten laguntzaz, Malone mugitu ezin daitekeen pertsonaia da, hilzorian dagoena, hortzik gabea eta helburu funtsezkotzat istorioak kontatzea duena. Trilogiako azken nobelaren kasuan, izenburuak berak iradokitzen duen bezala, izenda ezin daitekeen zerbait da. Hitz egiten duen izakia dela besterik ezin daiteke esan.
- Beste hainbeste esan daiteke trilogiako eleberrien denboraren eta espazioaren arteko loturez edo narratzailearen ahotsari dagokion alderdiaz. Zehazkabetasuna eta kontaketaren beraren ezintasuna dira, behin eta berriro, eleberriok osatzen duten unibertso literarioaren ezaugarririk berezkoenak.
Hirugarren aldia
aldatuHirugarren aldian, Samuel Beckettek ez zuen ia eleberririk kaleratu eta antzerkia, irrati-gidoiak, zinema, kritika-lanak ... izan ziren nagusi haren literatura-produkzioan. Testu labur eta zatikakoak gehienak.
Comment c'est 1961ean eman zuen argitara. Bakardade izugarria, izakion bakartasun erabatekoa dira nobela-itxurako horren hari tematiko nagusiak. Aurreko lanetan argitara emandako obsesioen ildotik, pertsonaia «ni» esaten ahalegintzen da, modu horretan, «zu» bat, bere izatea ziurtatuko dion irakurle/entzule bat erdietsiko duelakoan. Erantzunak bilatzen ditu obra honetan Beckettek, gizakiaren bakardade-sentimenduari irteera eman nahian. Horregatik, zail da nobela honetan ere istorio jakinik kontatzen dela baieztatzea, zailtasun handiz lotzen baitira elkarren artean ahots ahul eta etena barneratzen duten sekuentzia narratiboak. Kontatu baino gehiago, iradoki egin nahi du idazleak testu horretan, izatearen dimentsio tragikoa maisutasunez irudikatuz.
Antzezlan eta irrati-telebistarako lan-bilduman ikusten denez, lehenengo lanetik, All that Fall (1957), azkeneraino, Catastrophe (1984), hiru hamarraldi pasa ziren baina hari tematikoak berdinak dira oraindik: heriotza, hutsunea, bakardadea, isiltasuna... En attendant Godot ezagunaren arrakastaren ondoren, idazle irlandarrak obsesio berdinen inguruan idazten jarraitu zuen, etengabe kateatzen diren testu-zatietan bere unibertso narratiboaren elementu funtsezkoenak deuseztatzen. Tragediaren eta fartsaren artean, pertsonaiek esperoan jarraitzen dute, zeri itxaroten dioten jakin gabe, etengabe esperoan. Guztia da izendaezina, denbora edo haren azken lanetako argi zuri intentsua izan ezik. Gaurtik begiratuta, oraindik ere, izugarria da Becketten lan horiek gugan eragiten duten asaldua.
II. Gerra Mundiala
aldatuBeckett Frantziako Erresistentzian sartu zen 1940[2]. urteko alemaniar okupazioaren ondoren. Mezulari gisa lan egiten zuen, eta zenbait alditan, hurrengo bi urteetan, Gestapok preso hartzeko zorian egon zen.
1942ko abuztuan, bere unitatea salatua izan zen, eta Beckettek hegoalderantz ihes egin behar izan zuen Suzanne bere kidearekin. Roussillon hiribildu txikian babestu ziren, Vaucluse departamenduan (Kosta Urdina). Han, baserritar plantak egin zituen[3], eta erresistentziari laguntzen jarraitu zuen bere etxeko garajean armak gordetzen. Beckett Roussillonen egon zen bi urteetan zehar, zeharka, makisari lagundu zion Vaucluse inguru menditsuan zehar egindako sabotaje-operazioetan[4], nahiz eta, ondoren, oso gutxitan adierazi.
Beckett Croix de Guerre 1939-1945 eta Médaille de la Résistance sariekin saritu zuen Frantziako gobernuak, alemaniarren okupazioaren aurkako borrokan egindako ahaleginengatik. Bere bizitzaren amaieran, ordea, Beckettek boy scout gauzak bezala aipatu zuen erresistentziarekin egindako lana[5]. Erresistentziako bere taldeko laurogei kideetatik hogeita hamar baino ez ziren gerratik bizirik atera[6]. Roussillonen ezkutatuta egon zen bitartean[7], lanean jarraitu zuen, terapia gisa[8], 1941ean hasi eta 1945ean amaitu zuen Watt eleberri komikoan, 1953ra arte argitaratu ez bazen ere.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/28 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Samuel BECKETT: Godoten esperoan Lehen ekitaldia. Itzultzailea: Juan Garzia. Susa-literatura.eus
- ↑ «Ezin zuen horri guztiari besoak gurutzatuta begiratu», eta hori bere lagun juduengatik esan zuen bereziki. Hemen aipatua: Birkenhauer, 93. or.
- ↑ Sarrera Egun zoriontsuak, 45. or.
- ↑ Knowlson, 304–305
- ↑ «The Modern Word».2014-08-17an originaletik artxibatua
- ↑ Rodríguez-Gago, 42
- ↑ Knowlson-en aipatua, 303
- ↑ Birkenhauer, 94
Kanpo estekak
aldatu- Euskarari ekarriak: Samuel Beckett Ekarriak.armiarma.eus
- (Gaztelaniaz) Biografia, irudiak, testuak Epdlp.com
- (Gaztelaniaz) Biografia, irudiak, testuak Mural.uv.es
- (Frantsesez) Encyclopédie nouveaux médias: Samuel Beckett Newmedia-art.info
- (Ingelesez) Samuel Beckett Endpage Uantwerpen.be