Perrexil

Petroselinum crispum» orritik birbideratua)

Perrexila (Petroselinum crispum edo Petroselinum hortense Hoffmann) landare belarkara biurterokoa da, Apiaceae familiakoa. Hostoak eta sustraia jangarri ditu. Gurean, espezia eta sendabelarra da. Patatak edo legatza egiterakoan saltsa berdearen protagonista ezinbestekoa da perrexila. Hitza grezieratik (petroselinon, harkaitzeko apioa) ekarri da, latinean barna. Hego-mendebaldeko Asiatik eta Afrika iparraldetik zabaldu zen mundu osora, erraz zabaldu, gainera, eskakizun urriko landarea baita, ikuspegi botanikotik: hezea eta epela izanez gero, aise bizkortu eta ugalduko da. Usain-zaporetsua guretzat, eta tuberkulu jangarrikoa Europa Erdialdeko jatunentzat: azenario edo txiribiaren antzekoa du sustraia, zuria, eta haragi eta arrainen lagungarri edo osagarri modura prestatzen da herrialde horietan.[1][2]

Perrexil
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaApiales
FamiliaApiaceae
LeinuaApieae
GeneroaPetroselinum
Espeziea Petroselinum crispum
(Mill) Hill
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakperrexil, perrexil hazi, perrexil-hazizko olio, perrexil sustrai eta perrexil olio

Greziarrek perrexil ugari jaten zuten alkohola edan aurretik, honela honen ondoriorik okerrenak arintzeko asmoz. Klima epeleko munduko lurralde gehienetan hazten bada ere, Kanada, AEB, Erresuma Batua, Belgika, Hungaria, Alemania eta Frantzia bezalako herrialdetan ugaria da. Euskal Herrian ere bai.

Azalpena aldatu

 
Perrexilaren fitxa botanikoa.

Biurteroko belar-landarea bada ere, urtekorotzat ere landu daiteke. Hamaika zatitan puskaturik diruditen hostoek motots erako erroseta osatzen dute, 30 cm-ko garaiera hartzen duena, eta lore berde hori-beltz txikiz josiriko zurtoinak ditu, maiz 60 cm-tik gora doazenak.

Perrexilaren berri duela hiru mila urte baino gehiago dugu eta, egun, munduko gastronomiako landare aromatiko ezagunenetako bat da.

Petroselinum sativum tuberosum barietate handiak txiribiaren antzeko sustrai loditua du, eta horixe kontsumitzen da gordin edo kozinaturik. Barietate honen hostoak perrexil arruntarenak baino handi eta zimurtsuagoak dira, basa-espeziearen antzekoagoak.

Etimologia aldatu

Petroselinum: latin berankorreko petrosilium generikoa, latin klasikotik (petroselinum) iritsi zen eta hau grezierazko hitzetik (Petroselinon): "harkaitzezko perrexila"; petra = harkaitza, harria, eta selinon = apioa, perrexila baino lehenago. Crispum, bere aldetik, "ile kizkur", latinez.

Hedapena aldatu

Baratze, lorategi, soro eta, batzuetan, bide bazter, horma, laboreetan… berez etortzen da Europa osoan eta Asiako eskualde batzuetan. Amerikako gune epel eta hezeetan ere egokitua dago.

Historia aldatu

 
Perrexil sorta

Galenok, Pergamon eta Erroman mediku ziharduena, perrexila Mazedoniatik berariaz ekarrarazten zuen, horren hostoak zauriak sendatzeko egokiak zirelako. Iraganean, perrexilaren bertuteak sinesteko modukoak zirenez, hainbat gaixotasunen kontra erabiltzen zen, modu desberdinetan aplikaturik. Ongailua izateaz aparte, Hipokrates hasi eta Galeno arte, antzinateko terapeuta eta naturalistek xixa eginarazten eta hilekoa jariarazten zuen substantziatzat zuten perrexila.

Dioskorides, Neronen armadetako medikuak, urdaileko eta hesteetako gasen kontrakoa zela zioen eta soldaduei perrexil hostoak jatea gomendatzen zien, indarrak suspertzeko eta energia berreskuratzeko. Soldaduek, jakina, borroka aurretik kontsumitzen zuten, fede handiz kontsumitu ere.

Erromatarrek perrexila Mediterraneo aldetik Britainia Handira (Ingalaterrara) eraman zuten landarea; britaniarrek, eskarmentua izaki, landare honen bertuteak azaldu eta handik mundu osora zabaldu zituzten. Antzinako greziarrek perrexila (ereinotza baino lehenago) kirolari garaileak koroatzeko eta hildako senideen hilobiak apaintzeko ere erabiltzen zuten.

Juduek biziki preziatua zutelarik, kristau merkatariak XIII. mendean hasi ziren opari ematen, juduen zekenkeria mespretxatzeko. Tradizio hori gaur arte iritsi da.

Sukaldaritzan aldatu

 
Perrexil sorta bat, sukaldaritzan erabiltzeko prest.
 

Kizkurtua (apaingarri fina), Ipar Euskal Herrian, baleko; laua, oliotan egiten diren lau euskal funtsezko saltsetako baten ezinbesteko osagaia:

  • saltsa gorrian, txorizeroarekin eta tipularekin;
  • beltzean, txipiroi tintarekin eta tipularekin;
  • zurian, arrainaren zukuarekin eta berakatzarekin (pil-pil);
  • berdean, perrexilarekin eta baratxuriarekin.

Sukaldaritzan, inoiz osorik bai (eltzekariak lurrindu edo jakiak apaintzeko, adibidez), baina labana, ganibet edo aizto zorrotzaz xehatuta kontsumitzen da gehienetan, gordinik, frijituta edo jakian integraturik, azken unean erantsita, propietateak gal ez ditzan. Hori bai, ebakitzean ez omen da komeni gehiegi saiatzea, bestela belar hezeen zukuaren pareko azpi-produktua aterako da.

 
Legatza saltsa berdean kokotxa eta txirlekin

Fresko eta lehorturik komertzializatzen da gurean, baina ontziratuta datorren erdi-hauts horrek ez omen du perrexil aromarik, ez zaporerik ere, adituen iritziz. Freskotan, ongailu (osorik, ehiza beratzeko, adibidez), apaingarri (adaxkatan) eta usain-zapore emaile modura (xehe-xehe ebakita, gordinik edo 2 minutuz frijituta) balia daiteke.

Lehenago eta aresti arte perrexila erregalatu izan da saltokietan, baina aspaldi honetan zernahik prezioa hartua duenez, arretaz zaintzea merezi du. Ekarritakoan, zain edo zurtoinak uretan sartzea komeni da, lore denekin ohi den bezala, unean bertan kontsumitzen ez dena; aldatu ura maiz eta utzi perrexila hor.

Nutrizioan aldatu

 
Patatak baratxuri eta perrexilarekin erregosita.[3]

Perrexil mota guztietako hostoek bitamina eta mineral ugari-ugari dituzte eta horien onura jaso dezake gizakiak, baldin eta gordinik kontsumitzen baditu, egosteak bitamina-osagaien parte bat suntsitzen baitu. Perrexil freskoak K bitamina, C bitamina eta A bitamina dauzka.

Oso-oso erabilia da usain-belar gisa ia edozein janaritan (piperbeltza bezala). Baratxuriarekin ederki uztartzen da, berakatzaren indar biziegia hein batean neutralizatzen duelako. Tradizioz, konbinazio hori asko erabili izan da “baratxuritan” formulan, arrain, itsaski eta berdura batzuk laguntzeko.

Sendagai aldatu

 
Patatak saltsa berdean.

Petroselinum crispum batietateak diuresia areagotzen du Na+/K+-AT ponpa inhibituz. Giltzurrunetik igarotzen da, sodioa eta ura kanporatzea erraztuz, baina potasioaren birxurgapena eta areagotzea indartuz. Pubis eta umetoki aldeko odol zirkulazioa bizkortzen du eta onuragarria da giltzurrunentzat eta digestio aparatuarentzat, flatulentzia eta heste-minak arintzen dituelako. Historikoki, anemia, artritis eta minbiziari aurre egiteko erabili zen, eta espektoratzaile moduan, afrodisiako, tentsioa jaisteko, laxante eta ilearen hazkuntza suspertzeko ukenduan… efektu horietako gehienak, ordea, ez du inongo ikerketa zientifikok frogatu.

Perrexila digestioa sustatzeko erabiltzen da, flatulentzia suntsitzen eta apetitua pizten laguntzen du, karminatibo ona baita. Izaera diuretikoari esker, gorputzeko likidoak kanporatzeko hartzen da, batez ere gorputzean ura atxikitzearekin lotutako obesitate, erreuma eta bihotzeko gaixotasunetan.

Kanpo  aldetik, begietako narritadurak arintzeko tanta gisa baliatzen da, baita infusioetan lasaigarri gisa eta halitosiari aurre egiteko ere.

Aplikazioak aldatu

Osasunaren mesederako, perrexila kasu hauetan erabiltzen da:

  • Anemiaren kontrakoa, bitaminikoa: anemia prebenitzen du, mineral eta bitamina asko baitu.
  • Eskorbutuaren kontrakoa: C bitamina faltak edo eskasiak eragindako gaitzak saihesten ditu.
  • Espasmoen kontrakoa, murriztu egiten ditu.
  • Mikrobioen kontrakoa: bakterioen aurkako jarduera du.
  • Sukarraren kontrakoa, hodi-zabaltzailea: sukarra moteltzen du. Bere elementuak basodilatazio periferiko orokorra eragin dezaketen sendagaiak dira.
  • Errakitismoaren kontrakoa
  • Erreumaren kontrakoa
  • Xeroftalmiaren kontrakoa: A bitamina gabeziaren ondoriozko konjuntibaren itxura lehor edo matea bere onera itzultzen du.
  • Aperitiboa: apetitua piztu eta digestio bideak zabaltzen ditu.
  • Karminatiboa: urdail eta hesteetako gasak kanporatzen laguntzen du.
  • Arazgarri edo garbitzailea: odol, digestio aparatu eta gernu bideen antiseptikoa.
  • Intoxikazioen kontrakoa: toxinak eta antzeko sustantziak kanporatzea errazten du.
  • Diuretiko eta laxantea: organismoko likidoa kanporatzen laguntzen du. Apiolak eta miristizinak gernu-mukosaren narritaduraren kontrako eragina du. Aresti eginiko azterlanek frogatu dutenez, sustantzia horiek sodio-potasioren punpa ongi funtzionatzea eragozten dute eta, ondorioz, ur-jario osmotikoa gertatzen da, heste aldera.
  • Emenagogoa: hilekoa erregulatu eta minak arintzen ditu, umetokian eraginez.
  • Nerbioen eta muskulu-zuntz lauen estimulatzaile orokorra.
  • Digestioa egiten laguntzen du.
  • Espektoratzailea: ahotik sustantzia kanporatzen laguntzen du.
  • Birikak indartu eta bertako gaitzak sendatzen laguntzen du.
  • Ile-suspergarria
  • Bermifugoa: hesteetako bizkarroiak kanporatzen laguntzen du

Herri erabilerak aldatu

Perrexila era askotan erabiltzen da:

  • Infusioan: eztul, katarro, bronkitis, hilekoaren asaldura, urduritasun, erreuma, flatulentzia, zistitis, edema eta hesteetako kolikoak sendatzeko erabiltzen da.
  • Freskoan: otorduetan ongailu gisa gantza kentzen laguntzen du eta efektu diuretikoa du.
  • Ilean: zorriei aurre egiteko.
  • Arnasats edo halitosiaren aurkako erremedio gisa erabili ohi zen eta antzinako Greziako emakumeek senarrei ardoa edana zeudela ezkutatzeko erabiltzen omen zuten.

Formula  galenikoak aldatu

  • Infusioa: hostoen % 2-4an edo hazien % 1-2an. Egunean 2-3 kikara hartzen dira.
  • Egosketa: txikitutako sustrai bat egosita (2-3 g kopa bakoitzeko edo 10-12 g/l); egunean, 3 kikara.
  • Fluido-estraktua: 1:1 proportzioan, %25eko alkoholetan; 2-4 ml-tan oinarriturik, egunean 3 aldiz.
  • Tintura: 1:5 proportzioan, 50-100 tanta ematen dira, egunean 1-3 aldiz.
  • Hautsa: bai fruitua, bai sustraia xehaturik, 2-5 g/egunean.
  • Zukua: hosto freskoetatik aterata, 10-15 tanta ematen dira, egunean 1-3 aldiz.
  • Olio esentziala: 2-3 tanta, ur edota azukre gutxitan, egunean 3 aldiz gehienez.

Toxikotasuna eta eragin kaltegarriak aldatu

Kaltegabetzat hartutako beste landare batzuk bezala, perrexila pittin bat toxikoa da, asko kontsumitzen denean. Apiolak, kantitate handian, nerbio-sistemari eragiten dio; horrela, hematuria, hipergluzemia eta muskulu-paralisia eragin ditzake. Horrez gain, miristizina narkotikoa da berez eta agente haluzinogeno gisa jokatzen du. Apigeninak, azkenik, nerbio-sistema zentralean eragin lasaigarria du.

Haurdun dauden emakumeek ez dute perrexil gehiegi kontsumitu behar: elikagaiekin hartu ohi den tamainan segurua da, baina kantitate handiegiak kontsumitzeak efektu uterotonikoak izan ditzake.[20]

Hazkuntza aldatu

Leku eguzkitsu batean eta trinkoegia ez den ia edozein lurretan etorriko da perrexila, hazi bidez. Hazia ernetzea, hala ere, ez da kontu erraza: hiru, lau edo sei aste ere egon daiteke ernetu gabe. Atzerapen honen errudunak haziaren kanpoko oskolean dauden furanokumarina izeneko konposatu kimikoak izan omen daitezke. Baliteke, era berean, konposatu horiek beste hazi batzuen ernetzea galaraztea ere, perrexilari inguruko landareekin lehiatzeko aukera emanez. Nolanahi ere, landareak berak nozitu ditzake bere furanokumarinen eragin kaltegarria. Haziak gau batean beratzeak ernetze-aldia murrizten du.

Lorontzietan haz daiteke, eta horrela hosto fresko eta samurrak edukiko ditu sukaldariak jakien ongailu osasuntsua. Beharrezkoak moztuta, landarea ureztatu besterik ez du behar, hazkuntza begetatiboa sustatzeko.

Bi urtekoa da. Urte batean zaina loditu eta hurrengoan lorea eman eta haziak ekarriko ditu. Martxotik hasi eta irail amaiera arte ereiten da. Mainatia da, erein eta hilabete inguru behar du azaltzeko. Haziak dituen osagai babesle batzuek zaildu egiten dute hozitzea.[4]

Kultibarrak aldatu

Kultibarra, gizakiak lantzen duen baratzezaintza edo lorezaintzako teknikaren baten bidez sortutako landare-barietatea da, populazio naturaletan ageri ohi ez dena.

Laborantzan, perrexila hainbat kultibar multzotan banatzen da, azken erabilerarekin lotuta dagoen landarearen itxuraren arabera. Horiek, sarri, barietate botanikotzat hartzen diren arren, gizakiak landutako hautapenak dira, beren jatorria ez da botaniko hutsa.

Hosto-perrexila aldatu

Belar gisa kontsumitzen diren bi perrexil-multzo nagusiak dira frantsesa edo hosto kizkurra (P. crispum Crispum) eta, italiarra edo hosto laua (P. crispum Neapolitanum) Bi horietatik, Neapolitanum multzoak naturak berez ematen duen landarearekin antza handiagoa du. Baratzezain batzuek hosto lauko perrexila nahiago dute, lantzen errazago delako, euria zein eguzkia hobeki pairatzen duelako eta, zapore indartsuagoa omen dutelako (alderdi hau eztabaidan den arren). Perrexil hosto kizkurra nahiago dute beste batzuek, antolamenduan agertzen duen itxura apaingarriagoa delako.

Sustrai-perrexila aldatu

Beste perrexila mota bat tuberkulu gisa hazten da: Hanburgoko perrexila (P. crispum Radicosum, edo P. crispum var. tuberosum). Perrexil mota honek, hostoetarako hazten direnek baino askoz sustrai lodiagoak egiten ditu. Britainia Handian inoiz edo behin bakarrik erabiltzen den arren, erro-perrexila ohikoa da Europako erdialdeko eta ekialdeko sukaldaritzan. Bertan, gordinik hartzen da entsaladan nahiz aperitibo gisa (azenarioa bezala) edo, bestela, zopa eta eltzekarietan.

Perrexilaren sustraia txiribia edo pastinakaren antzekoa bada ere, honakoa Apiaceae familiako ahaide hurbilenetako bat duelarik, bere zaporea arras ezberdina da.

Gordetzea aldatu

Perrexilak etileno gutxi ekoizten du eta, gainera, fitohormona horren aurrean sentikortasun handia agertzen du: horregatik ez da komeni produktua etileno-ekoizpen handiko fruitu klimaterikoak dauden toki berean mantentzea. Biltegiratze-baldintza hoberenak hauek dira: 0 °C-ko tenperatura, % 95 – 100eko hezetasun erlatiboa. Horrelako egoeran, uzta ostean, hilabetetik bi hilabeteko bizitza baliagarria du; etxeko hozkailuan, berriz, fruitu klimaterikoetatik gertu eta 4 eta 8 °C bitarteko tenperaturan, kontserbazio-denbora aste batzuetara murrizten da orokorrean.

Luze kontserbatzeko, ebaki xehe, bildu estu-estu filmetan, zilindroak osatuz, eta gorde izozkailuan. Behar izan ahala, erauzi bilgarria eta kendu xerrak barratxo horri: era honetan, hobeki kalkula daiteke zenbat behar den. Lehortzeko, erauzi hostoak bakarrik eta antolatu zabal-zabal paper baten gainean, toki lehor eta ilunean. Hezetasuna galdutakoan, gorde paperezko xorroan. Honelakoa baliatzeko unean, beratu hosto horiek ur epelean ordu erdi bat eta hortik aurrera jardun landare freskoarekin bezala.

Edozein plateretan egoki dator eta asko bikain gozatzen ditu. Esaterako arrain zopa, minestrone zopa, barazki krema, edozein barazki plater, entsaladak, pasta eta arroz entsalada, tortillak, txahalkia, oilaskoa, arrainak edo itsaskiak. Eta, nola ez, ezinbestekoa da saltsa berdeak prestatzeko.

Erreferentziak aldatu

  1. Agirre, Edorta. (2022). Amantala ta mantela. Pamiela, 162 eta hurr. or. ISBN 978 84 9172 259 5..
  2. Agirre, Edorta. (2014). «Elikadura Hiztegi Entziklopedikoa» calameo.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-05).
  3. «Sukaldaritza liburua/Errezetak/Patata sueztitua — Wikibooks» eu.wikibooks.org (Noiz kontsultatua: 2023-03-16).
  4. Errekondo, Jakoba. «Perrexila - Bizi Baratzea» Bizi Baratzea (Noiz kontsultatua: 2023-03-16).

Kanpo estekak aldatu