Obesitate
Obesitatea giza gorputzean gantz gehiegi metatzearen gaixotasuna da. Gehiegizko gantz hori adipozitoetan metatzen da triglizerido moduan, bi mekanismoren bidez: adipozitoen hipertrofia (adipozitoak tamainaz handitzen dira energia-soberakinak metatzeko) eta adipozitoen hiperplasia (adipozito-kopurua da handitzen dena). Oro har, adipozitoek hipertrofiarako duten gaitasuna helduaroan garatzen den obesitatearekin erlazionatzen da, eta hiperplasia, haurtzaro eta gaztaroko obesitatearen mekanismo eragiletzat jo da.[1] Obesitateari euskaraz gizeneri izena ere eman izan zaio.[2]
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Obesitate | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | overnutrition (en) eritasuna |
Espezialitatea | endokrinologia |
Asoziazio genetikoa | Zerrenda
|
Tratamendua | |
Erabil daitezkeen botikak | phendimetrazine (en) , phentermine (en) , benzphetamine (en) , (+)-norephedrin (en) , Metanfetamina, orlistat (en) , (RS)-diethylpropion (en) , mazindol (en) , lorcaserin hydrochloride (en) , dirlotapide (en) , chlorphentermine (en) eta weight loss treatment (en) |
Identifikatzaileak | |
GNS-10-MK | E66.9 |
GNS-9-MK | 278.00 |
OMIM | 601665 |
DiseasesDB | 9099 |
MedlinePlus | 003101 eta 007297 |
eMedicine | 003101 eta 007297 |
MeSH | D009765 |
Disease Ontology ID | DOID:9970 |
Gainpisuaren muturreko egoera da, eta Osasunerako Mundu Erakundearen arabera gorputz-masaren indizea 30etik gorakoa denean jotzen da pertsonak obesitatea pairatzen duela.
Gantza pilatzen denez, gorputz osoan bolumena handiagotu egiten da; zangoak eta besoak potolotu, sabela handiagotu eta aldakak zabaldu. Aurpegia biribildu egiten da, larruazalak itxura berezia hartzen du (distiratsua, teinkatua) eta kokotsaren azpian gantza pilatzen da (lepo lodia).[3]
Gizentasuna gehiegizko pisuagatik definitzen da gehienetan, eta pisua sexua, adina eta gizakiaren neurriaren araberako arauen eredura zehazten da. Pertsona bat gizentasunak jota dagoela esaten da neurtutako pisua normaltzat hartzen dena baino % 20 gehiago denean. Jatorri hormonala duten gizentasunak (tiroide hormonak edo giltzurrun gainekoak) ohiz kanpokoak dira. Gorpuzkerazko gizentasunak, arruntenak, jatorri askotakoak izan daitezke: genetikoak, eta elikaduraren, faktore psikologikoen eta ingurumenari dagozkienen ondoriozkoak dira nagusiak.
Gizentasuna energia desoreka baten ondoriotzat hartzen da, zeinetan parte hartzen duten elikaduraren gorabeherak eta metabolismoari dagozkionak. Aipagarria da pima indiarren kasua: Estatu Batuetan bizi diren leinu horretako kideak gizenak dira, aldiz, Mexikon gelditu direnak, gorpuzkera normalekoak dira. Gizentasuna familiako arazoa da (gazte gizenen % 50ek aita edo ama gizenak ditu). Elikadura ez da gehiegizkoa izaten beti gizenengan, aldiz, elikadura gabeziak antzematen dira askotan, esate baterako, zuntzetan aberatsak diren elikagai gutxi hartzea, gantz edo azukre gehiegitasuna. Energia gutxi gastatzeak ere larriagotu egiten du kaloria gehiegi hartu eta kaloria gutxiegi gastatzearen arteko desoreka.
Gizentasuna, gehienetan, haurtzarotik bertatik adierazten da; eskola garaian diren haurren % 10 inguruk gehiegizko pisua du. Zenbait gizentasun mota beranduago sortzen dira, eta egoera psikiko bereziek eragindako elikadura arazoen (bulimia) ondorio izaten dira.
Haurren obesitatea eta gehiegizko pisua
aldatuHaurren obesitatea XXI. mendeko osasun-erronkarik handienetako bat da. Adin pediatrikoan, obesitatea da jada gaixotasun kroniko ez transmitigarri eta nahasmendu nutrizional eta metaboliko ohikoena. Mundu osoko arazoa da eta pixkanaka herrialde askotan du eragina, azken urteotan nabarmen egin baitu gora obesitatea nahiz gehiegizko pisua duten neska-mutilen prebalentziak. Nazioartean gobernu eta erakunde guztiak daude kezkatuta arazo honekin, eta horrek ekarri du haurrek eta nerabeek, batez ere elikadura osasungarriaren eta jarduera fisikoaren bidez, bizi-ohitura osasungarriak hartzea lortzeko prebentzio planak eta estrategiak gauzatzea. Alde horretatik, azpimarratzekoa da Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) egindako lana, arazoaren garrantzia agerian jartzeko kopuruak eta txostenak argitaratu baititu prebentziorako gomendio zehatzez lagunduta.
Bizitzako lehenengo urteetan gehiegizko pisua izateak zerikusi estua du helduaroan obesitatea izateko probabilitatearekin. Era berean, gehiegizko pisua duten neska-mutilek adin goiztiarretan gaixotasun kronikoak izateko arrisku handiagoa dute, esate baterako, diabetesa edo gaixotasun kardiobaskularrak, eta horiek, aldi berean, heriotza goiztiarrerako eta desgaitasunerako probabilitatea areagotzearekin erlazionatuta daude. Gainera, obesitateak ondorio psikologikoak ere eragin ditzake adin horietan, hala nola, alterazioak garapen emozionalean, eta horietatik autoestimu-arazoak edo elikadura nahasmenduak eta ikasteko erritmoaren alterazioak sor daitezke. Eta eragina izan dezake pertsona arteko esparruan ere, euren gisakoekiko harremanetan arazoak sortuz.
Obesitatearen arrazoi nagusia energia-desoreka jarraitua da, guztira irentsitako energiak guztira egindako energia-gastua gainditzen duenean sortutako desoreka, alegia. Azken hamarkadotan orokorrean gora egin du desoreka horrek, batez ere gantz eta azukre kopuru handiak dituzten elikagaien kontsumoaren eta jarduera fisiko gutxiago egitearen ondorioz, eta hori, aldi berean, gero eta sedentarioagoa den bizimoduaren, garraio-moduen aldaketaren eta areagotzen ari den urbanizazioaren ondorio da. Berez, hainbat azterlanek mundu osoan erlazionatzen dituzte obesitatearen gorakada eta azken hamarkadotako aldaketa sozialak eta ekonomikoak, eta globalizazioa obesitatearen epidemiaren eta sedentarismoa areagotzearen faktore erabakigarria dela diote.[4]
Epidemiologia
aldatuArazo larria da mundu osoan, nolabait XXI. mendeko izurriteetako bat da. Ameriketako Estatu Batuak herrialde kaltetuenen artean dago, eta Europar Batasunean 15 milioi pertsona inguruk dute loditasuna, osasun publikoko gastuen gutxi gorabehera % 7 eskatzen duena.
Espainiako haur eta gazteengan (2-24 urte), enKid[5] deritzon ikerketaren arabera, obesitatearen prebalentzia % 13,9 da eta gainpisuarena % 12,4. Beraz, gainpisuak eta obesitateak batera gutxi gorabehera taldearen laurdenari (% 26,3) eragiten diote. Obesitatearen prebalentzia mutilengan (% 15,6) neskengan (% 12) baino handiagoa da. Mutilen artean balio altuenak 6 eta 13 urte bitartean aurkitu dira eta nesken artean berriz, 6 eta 9 urte artean.
Datu horiek nahiko kezkagarriak dira. EnKid[5] ikerketan oinarrituta obesitatearen prebalentzia eskola-adinean zaindu behar da, batez ere nerabezaroa agertu aurreko urteetan. Adin-talde horretan datozen arrisku-faktoreak deskribatu dira: opilgintza industrialeko produktuen eta gantzetan aberatsak diren beste elikagai batzuen kontsumo handia, fruta eta barazkien kontsumo murriztua eta egoneko bizimodua (telebista aurrean eguneko 3 ordu baino gehiago ematen dute).
Helduaroan, 25 eta 64 urte bitartean, DORICA[6] (Dislipemia, Obesidad y Riesgo Cardiovascular) ikerketaren arabera, obesitatearen prebalentzia Espainian % 15,5 da, balioak emakumeengan (% 17,5) gizonengan (% 13,2) baino altuagoak izanik.
Oro har, Espainiako populazio helduan egin diren ikerketen arabera, emakumetaldean obesitatearen prebalentzia kezkagarriagoa da eta handituz doa adinak gora egiten duen heinean, heziketa-maila baxuena duten emakumeen kasuan batez ere. Obesitatearen prebalentzia altuekin erlazionatutako faktoreei dagokienez, alde batetik bizimoduarekin erlazionatutakoak daude, hala nola, egoneko bizimodua, fruta eta barazkien kontsumo urria eta gantzen edo alkoholaren kontsumoari lotutako energiahartzearen emendioa. Bestetik, kultura-maila eta maila sozioekonomiko baxuak dira aipagarriak. Hezkuntza-maila baxuagoko taldeetan obesitatearen prebalentzia altuagoa da; are gehiago, azken urteetako prebalentziaren igoera talde horretan ere handiagoa izan da.
65 urtetik gorakoen kasuan obesitatearen prebalentzia % 35 da, % 30,9 gizonezkoengan eta % 39,8 emakumeengan. Prebalentzia hori handiagoa da instituzionalizatu gabeko taldeetan (% 36) instituzionalizatutako edadetuetan (% 21) baino.
Amaitzeko, helduen obesitatearen prebalentziaren arabera, Espainia tarteko puntuan kokatzen dela aipatu beharra dago: obesitate proportzio baxuenak dituzten Ipar Europako Herrialdeak, Frantzia eta Australia eta prebalentzia altuenak dituzten Ekialdeko Europako Herrialde eta Ameriketako Estatu Batuen artean.[7]
Sailkapena
aldatuGorputz-masaren indizea (GMI)
aldatuGizaki baten loditasunaren zenbatekoa neurtzeko, gorputz-masaren indizea (GMI) erabilienetakoa da:
Bada, indize horrek emandako zifraren arabera, honela sailkatzen da:
< 18,5 | behar baino pisu txikiagoa |
18,5 - 24,9 | normala |
25,0 - 29,9 | behar baino pisu handiagoa |
30,0 - 34,9 | obesitate arina |
35 - 39,9 | obesitate ertaina |
> 40,0 | obesitate larria edo morbidoa |
Beraz, gorputz-masaren indizea 30etik gorakoa denean jotzen da obesitatea duela gizabanako horrek. Helduen kasuan, ez da aldatzen sexuaren edota adinaren arabera, baina haurren kasuan, garrantzitsua da adina kontuan izatea.
Gerri-aldaka indizea (G/A)
aldatuAzken urteetan ikusi da gantz-masaren (GM) jarduera metabolikoa ezberdina dela gorputz kokapen bakoitzean eta GMren metaketaren gorputz-distribuzioak zeregin garrantzitsua duela zenbait patologiaren arrisku mailan. Beraz, obesitatea hainbat motatan sailkatzen da GMren metaketaren lekuaren arabera:
- Obesitate Abdominala: androide edo zentral ere deitzen zaio, gizonengan emakumeengan baino sarriago agertzen delako eta gorputz enborrean batik bat metatzen delako. Sagar itxurako gorputzei dagokie. Adituek diotenez, diabetea eta gutxiegitasun kardiobaskularra dira obesitate mota horren ondorio arruntenak.[8] Obesitate mota hori beste bi azpimotatan banatzen da: obesitate androide larruazalpekoa eta obesitate androide barne-abdominala edo erraietakoa.
- Periferikoa: ginoide ere deitzen zaio, emakumeengan gehienbat agertzen delako. Gorputzak madari itxura hartzen du. Obesitate mota hori dutenei gantza gehienbat mokorraldean eta izterretan pilatzen zaie. Barizeak belaunetako artrosiak eta beheko gorputz adarretako arazoak ez dira arrotzak izaten obesitate mota hori dutenen artean.[8]
Sailkapena gerriaren eta aldakaren perimetroen arteko zatiketa kalkulatuz lortzen da eta gerri-aldaka indize deritzo (G/A):
Espainiako populazioarentzat, obesitatea zentraltzat jotzen da gizonezkoengan G/A indizea 1 baino handiagoa bada, eta, emakumezkoengan, 0,9 baino handiagoa bada.[8] Beste nazio batzuetan, berriz, emakumeen indizeak 0,85ko balioa gainditzen duenean, zentraltzat hartzen da. Indize horrekin ezin da jakin errai ingurukoa edo larruazalpekoa den. Errai ingurukoa den jakiteko, TAC edo RMN teknikak erabili beharko dira.
Gorputz gantz-masa (GM)
aldatuObesitatea ere gorputz-gantz masaren (GM) arabera sailka daiteke. Gantz ehun kopurua neurtzea zaila da, eta ikerketa baliabide konplexuak behar dira horretarako: hidrodentsitometria, erresonantzia magnetiko nuklearra, bioinpedantzia, larruazalpeko tolesturak neurtzea eta abar. Gantz-masaren ehunekoaren arabera, honako sailkapen hau dugu:
- Emakumeak: Obesitatea GM % >30
- Gizonak: Obesitatea GM % >25
Eragileak
aldatuGaixotasun honen eragileen artean, ondorengo hauek daude:
Dieta hiperkalorikoa
aldatuEgungo gizartean, gantz eta azukre askoko elikagaiak hartzen dira, elikagai prozesatuek nabarmen gora egin baitute eta elikagai freskoen (batez ere fruta eta barazkiak) kontsumoa murriztu egin baita.
Bizimodu sedentarioa
aldatuGantza energia-balantze positiboaren ondorioz pilatzen da; hau da, hartutako kaloriak gastatzen ditugunak baino gehiago direnean. Azken urteetan, jarduera fisikoa gutxitu egin da honako hauek eraginda: egungo hiri-ereduek, lanaldi sedentarioek, garraio-moduek, aisialdia disfrutatzeko erek (teknologia berriak erabilita, esaterako) eta abarrek.
Genetika
aldatuGenomika nutrizionalaren arabera, gu gure geneen eta ingurunearen arteko interakzioaren ondorioa gara. Izan ere, dieta bera jarraitzen duten bi pertsonek gantz kantitate desberdina metatu dezakete bere genetikaren arabera. Hala eta guztiz ere, ezin diogu errua soilik genetikari leporatu. FTO geneak[9] lotura handia erakutsi du obesitatearekin, gantzaren metaketaren arduradunetako bat da eta.
Gaixotasunak
aldatuDiabetesa, hpotiroidismoa, Cushing-en sindromea, bulimia...obesitatearen eragile zuzenak izan daitezke.[8] Badaude zenbait botika, pisua irabaztea eragiten dutenak adibidez: glukokortikoideak, depresioaren aurkako botikak eta antisorgailuak.[8]
Erretzeari uztean, 3 eta 10 kilo artean irabaz daiteke. Izan ere, nikotinak gose sentsazioa gutxitzen du eta adrenalina jariatzen du. Hortaz, erretzaileek gutxiago jaten dute. Horretaz gain, tabakoa uztean antsietate egoera sortzen denez, askok eta askok tabakoa janariarengatik ordezkatzen dute.[8]
Faktore soziodemografiko kulturalak
aldatuAdinak, sexuak eta maila sozioekonomikoak garrantzi handia dute pisu desorekaren agerpenean. Hasteko, adina aurrera doan heinean, modu naturalean gorputzaren pisua ere handitzen doala aztertu da 50-60 urtera arte herrialde garatuetan, eta 40 urtera arte garapen bidean dauden herrialdeetan . Bestalde, sexuaren arabera, emakumezkoek gizonezkoek baino obesitate tasa altuagoa dutela frogatu da. Azkenik, faktore sozioekonomikoen inguruan, herrialde garatuetan, maila sozioekonomiko baxuko biztanleek obesitate maila altuenak dituzte eta garapen bidean dauden herrialdeetan alderantziz gertatzen da, hau da, maila sozioekonomiko altuko biztanleek dituzte obesitate maila altuenak.[10]
Osasunarengan eragina eta gaixotasun eratorriak
aldatuGorputz masa indizea altua izatea arrisku faktore garrantzitsua da hainbat gaixotasunen agerraldian. Indize hau handitzen doan heinean, gaixotasunak agertzeko probabilitatea ere handitzen doa.
Obesitatea hilkortasun-tasa gehitzearekin lotzen da. Pertsona obesoek, osasunerako ondorio kaltegarriak izan ditzakete, hala nola hipertentsioa, diabetesa, osteoartritisa, loaren apnearen sindromea, kardiopatia iskemikoa, isuriak, behazun-xixkuko gaitzak eta minbizi mota zenbait (endometriokoa, bularrekoa, prostatakoa, giltzurrunekoa, hestekoa, gibelekoa edota obulutegikoa). Bestalde, barizeak eta herniak arazo gehiago planteatzen dituzte obesoengan, pisu normala duten pertsonengan baino. Pertsona obesoek, liseriketako molestak izan ohi dituzte: urdaileko nekea edo astuntasuna, haizeak, idorreria eta gibeleko kolikoak. Emakumezkoengan, obesitateak hilekoen alterazioak ekar ditzake askotan eta antzutasuna ere bai.
Gizentasunak heriotza arriskuak ugaritzea dakar. Arteria hipertentsioaren, miokardio infartoaren, burmuinetako hodietako gorabeheren eragile nagusietako bat izaten da gizentasuna hain zuzen ere. Obesitatea duten pertsonek osasuntsuek baino arrisku handiagoa dute gaixotasun kardiobaskularrak izateko. Arazo kardiobaskularren eraginez hiltzen diren pertsonen %20-30a gehiegizko pisuaren ondorioz izaten da eta, horrez gain, obesitateak bizi esperantza gutxitzen duela frogatu da. Era berean, nabarmentzekoa da obesitate larria (GMI>40) duten pertsonen kasuan bizi esperantza 5 eta 10 urte bitartean murrizten dela.[11]
Bestalde, askotan, azukreen eta gantzen metabolismoaren gorabeherak eragiten ditu. Horrez gainera, arazo mekanikoak (aldakako eta belaunetako artrosia) eta arnasketari dagozkionak (arnas gutxiegitasuna, bronkitis kronikoa) sortzen ditu.
Gaixotasun horiez gain, eragin psikologiko eta sozialak ere sor ditzake. Gehiegizko pisua izatea, aurreiritziekin, diskriminazio sozialarekin eta bizi kalitatearen beherakadarekin erlazionatzen da.
Sindrome metabolikoa obesitate abdominalari lotutako arrisku faktore-multzoa da. Gaixotasunaren eta haren osagaien patogenesia konplexua da; egun ez da guztiz ezaguna, baina obesitate zentrala eta glukosaren erabileraren zailtasunak eta intsulinarekiko erresistentzia, sindromearen ardatz direla uste da. Horiez gain, beste asaldu batzuk ere agertzen dira, arrisku kardiobaskularra handitzen dutenak: dislipemia aterogenikoa, hipertentsio arteriala, faktore protronbotikoak, faktore proinflamatorioak, mikroalbuminuria, hiperurizemia, hiperhomozistinemia, esteatohepatitis ez alkoholikoa eta abar.
Tratamendua
aldatuObesitatea osasun publikoaren arazorik larrienetakoa da. Obesitatearen jatorria anitza denez, tratamenduak ere diziplina anitzekoa izan behar du. Obesitatearen tratamenduan elikadura-plana eta aktibitate fisikoa oinarrizkoak dira oreka energetiko negatiboa lotzeko. Oso zaila da protokolo bat estandarizatzea. Faktore ezberdinak hartu behar dira kontutan tratamendua aukeratzeko garaiean: GMIa, gorputz-gantzaren banaketa, sedentarismoa...
Dieta hipokalorikoa
aldatuLehen gerturatze terapeutikoa izango da. Murriztapen energetikoak ezin du eguneko ekarpen kalorikoa maila konkretu batetik behera txikiagotu: 1.000-1.200 kcal/egun emakumeentzat eta 1.200-1.600 kcal/egun gizonentzat. Helburua pisu galera epe luzera mantentzea denez, tratamendu dietetikoa bizi osoan zehar jarraitu beharko da. Elikaduraren plangintza egiterakoan pertsonak ahalik eta jarraipen luzeena lor dezan bilatu behar da, horretarako plangintzak elikadura-hezkuntzarako denbora-tartea gorde behar du, gaixoak dietan egindako aldaketak onar ditzan eta plan dietetikoa ahalik eta ahalegin txikienarekin jarrai dezan. Horrela, dietaren makronutrienteen portzentajeak ere pertsonaren ezaugarrietara moldatu ahalko dira. Adibidez, sindrome metabolikoa edo diabetes mellitusa duten pertsonengan karbohidrato ekarpena apur bat murriztu eta gantz monoasegabearena handitu daiteke, arrisku kardiobaskularra hobetzeko eta dietaren jarraipena hobetzeko.
Jarduera fisikoa
aldatuAktibitate fisikoa eta kirola ezinbestekoak dira gorputz pisuaren galera maneiatzeko. Hala ere, obesitatearen tratamendurako jarduera fisikoa elikadura-plan egituratu egokiarekin bateratu behar da; izan ere, jarduera fisikoaren osasunerako eta gaitz kardiobaskularren kontrako onurak ukaezinak badira ere, berarekin bakarrik ez da eraginkortasunik lortu gorputz pisuaren murrizketarako.
Elikadura-ohiturak eta jarduera fisikoa aldatzeko teknikak irakastea
aldatuGainpisuaren eragile diren elikadura-patroiak eta aktibitate fisikoaren maila aldatzeko teknikak edo gaitasunak ezartzean datza. Hots, gaixoa bizimodu osasungarri bati jarraitzeak dituen onurez jabetzea.
Farmakoak
aldatuObesitatearen tratamendu farmakologikoak datozen bi irizpideetan oinarritu behar du: 1) ezin da terapia isolatu moduan erabili; beti elikadura-planak, aktibitate fisikoa eta bizimoduaren aldaketak bezalako oinarrizko terapiekin batera erabiliko da; 2) bakarrik GMI ≥ 30 kg/m2 edo handiagoa duten pertsonengan erabiliko da, edo GMI > 27 kg/m2 izanik komorbilitate larriak dituzten pertsonengan, baldin eta aldez aurretik bizimoduaren aldaketak eginda gorputz pisua murriztea lortu ez badute. Obesitatearen kontrako farmakoen epe luzerako erabilerari buruzko meta-analisi ikerlanek ondorioztatzen dutenez, tratamendu farmakologikoak, ohiko ariketa fisiko eta dieta neurriekin batera, pisu galera txikia sortzen du, 12 hilabeteetan 3-5kg bitartekoa hain zuzen ere. Egun obesitatearen tratamendu espezifikorako farmako bakarra onartzen da: orlistat deritzona hain zuzen ere. Beste molekula batzuk erabili izan dira, sibutramina edo rimonabant adibidez, baina horien merkaturatzea eten egin da farmakoen onura-arrisku oreka ezegokia dela ikusi baita.
Kirurgia
aldatuObesitate morbidoan kirurgia bariatrikoa epe luzerako tratamendu eraginkorra da, obesitateari lotutako gaixotasunak ere esanguratsuki murrizten dituena. Bakarrik GMI ≥ 40 kg/m2 baino altuagoa duten gaixoei aholkatzen zaie, edo GMI = 35-40 kg/m2 izanik batera gaixotasun arrikutsuak dituzten gaixoei.[7]
Obesitatearen prebentzioa
aldatuObesitatearen prebentzioa ekonomikoki errentagarria da, haren ondorio sanitarioek, sozialek eta profesionalek osasun egoera hobea eta lanean adaptatze hobea ahalbidetzen baitute. Obesitatea prebenitzeko programek elikadura osasuntsuari buruzko aholkuak hedatu behar dituzte. Obesitatearen prebentzioan hurrengo atalak kontutan hartuko dira:
Aholku dietetikoa
aldatuGantz eta azukre eduki handiko elikagai oso kalorikoen murrizketak eta barazki eta frutaren kontsumoaren handipenak obesitatearen garapena ekiditen dutela frogatua izan da. Gainera, azukredun edariek (freskagarriak, zumo ontziratuak) eta egungo anoen tamaina handiak pisua irabaztea errazten dute. Jokabide hauek, batez ere umeen artean, aldatu egin behar dira. Gainera, amagandiko edoskitzea sustatu behar da, izan ere obesitate garapen txikiagoarekin erlazionatu baita.
Jarduera fisikoaren sustapena
aldatuJarduera fisikoak gainpisuari eta obesitateari lotutako gaixotze- eta heriotza-tasak modulatzen ditu, eta bizitza sedentarioa berriz, gaixo obesoarentzat arazo kardiobaskularretarako arrisku-faktorea da.Eskola eta komunitate giroan neurrizko jarduera fisikoa egitea sustatzea oso garrantzitsua da, horretarako, eskola eta komunitate esparruetan kirolerako gune ziur eta egokiak gaitu behar lirateke. Neurri hori haurtzaroan eta gaztaroan ezartzeaz gain, herritar elkarteetatik eta lan ingurutik ere bultzatu behar litzateke, jarduera fisikoa eta kirolaren praktika bultzatuz adin talde bakoitzerako moldatutako programen bidez.
Gizartearen ohitura-aldaketa
aldatuMediterranear dietan oinarritutako etxeko elikadura sustatu behar da. Aldiz, etxetik kanpo egiten dena, neurrigabea eta energia eduki handiko eta nutrizio balio gutxiko elikagaietan aberatsa dena, baztertu egin behar da.[7]
Orekaren bila
aldatuJakina da 250 gramo gantzek 2.250 kaloria dituztela, hau da, gramo bakoitzeko 9 kcal. Gorputzean gehiegizko gantza badago, kalkulatu beharra dago zenbateko energia gordetzen duten (kaloriatan neurtua), eta saiatu janarietan kopuru hori bera kentzen, denboraldi egoki batean.
Oreka bilatzeko metodo baten oinarria da dietaren energia ekarpena (metabolizatze energia) kalkulatzea, makronutrienteen (eta etanolaren, edari alkoholdunak sartuz gero) edukitik abiatuta. Metabolizatze energia hori Atwater-en faktoreen bidez kalkulatzen da;[12] faktore horiek, dena dela, dieta osorako bakarrik balio dute, eta ez elikagai partikularretarako. Taula honetan erakusten dira faktoreok:
Elikagaia / konposatua | Energia (kcal/g) |
---|---|
Gantza | 9,0 |
Alkohola | 7,0 |
Proteina | 4,0 |
Karbohidratoak | 4,0 |
Hala, egunean 100,6 g proteina, 93,0 g gantz eta 215,5 g karbohidrato ematen dituen dieta batek 2.101 kcal inguruko energia emango du.
Janari dagokionez, taula honetan Atwater-en zenbait faktore jasotzen dira, metabolizatu ondoren ekarriko luketen energia zenbatesteko:[13]
Janaria | Proteina (kcal/g) | Koipea (kcal/g) | Karbohidratoa (kcal/g) |
---|---|---|---|
Arrautza | 4,36 | 9,02 | 3,68 |
Haragia / arraina | 4,27 | 9,02 | - |
Esnea / esnekiak | 4,27 | 8,79 | 3,87 |
Fruta | 3,36 | 8,37 | 3,60 |
Arroza | 3,82 | 8,37 | 4,12 |
Soja | 3,47 | 8,37 | 4,07 |
Janarien energia ere jakin daiteke ponpa kalorimetriko izeneko gailu baten bidez.[14] Sistema horren bidez kalkulatzen dira janarien konposizio taula gehienetan jaso ohi diren energia balioak. Hona hemen adibide batzuk:
Produktua | Energia (kcal) |
---|---|
Esne osoa (edalontzi bat) | 156 |
Jogurt osoa (125 g) | 69 |
Sagarra (pieza ertain bat) | 77 |
Te katilukada bat, bi azukre koilarakadarekin | 67 |
Erreferentziak
aldatu- ↑ Puy, Milton Laskibar, Iñaki Portillo Baquedano, Maria. (2020-12-01). «Adipozitoak, obesitatea eta osasuna: uste baino erlazio konplexuagoa» Elhuyar aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
- ↑ «obesidad» Zehazki (Noiz kontsultatua: 2023-04-06).
- ↑ Jabier, Agirre. (1993-08-01). «Obesitatea» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
- ↑ https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/estrategia_obesidad_infantil/eu_def/adjuntos/Euskadin-Haurren-Obesitatea-Prebenitzeko-Estrategia.pdf
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Serra Majem, Lluís; Ribas Barba, Lourdes; Aranceta Bartrina, Javier; Pérez Rodrigo, Carmen; Saavedra Santana, Pedro; Peña Quintana, Luis. (2003-01). «Obesidad infantil y juvenil en España. Resultados del Estudio enKid (1998-2000)» Medicina Clínica 121 (19): 725–732. doi: . (Noiz kontsultatua: 2022-03-08).
- ↑ Aranceta, Javier; Pérez Rodrigo, Carmen; Foz Sala, Màrius; Mantilla, Teresa; Serra Majem, Lluís; Moreno, Basilio; Monereo, Susana; Millán, Jesús et al.. (2004-11). «Tablas de evaluación del riesgo coronario adaptadas a la población española. Estudio DORICA» Medicina Clínica 1123 (18): 686–691. doi: . (Noiz kontsultatua: 2022-03-08).
- ↑ a b c Txurruka Ortega Itziar. Energia-Orekaren Erregulazio Neuroendokrinoa. Elhuyar.
- ↑ a b c d e f Beñardo, Kortabarria Olabarria. (2002-05-14). «Obesitatea XXI. mendeko obsesioa» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-08).
- ↑ (Ingelesez) Frayling, Timothy M.; Timpson, Nicholas J.; Weedon, Michael N.; Zeggini, Eleftheria; Freathy, Rachel M.; Lindgren, Cecilia M.; Perry, John R. B.; Elliott, Katherine S. et al.. (2007-05-11). «A Common Variant in the FTO Gene Is Associated with Body Mass Index and Predisposes to Childhood and Adult Obesity» Science 316 (5826): 889–894. doi: . ISSN 0036-8075. PMID 17434869. PMC PMC2646098. (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
- ↑ Villarejo C, Fernández-Aranda F (dir). Factores de riesgo y variables clínicas asociadas a situaciones extremas de peso: Trastornos de la Conducta Alimentaria y Obesidad [tesis en Internet]. [Barcelona]: Departamento de Psiquiatría, Unidad de Trastornos de la Conducta Alimentaria; 2012.
- ↑ Tárraga López, Pedro Juan. (2019-11-01). «Obesidad: una epidemia en la sociedad actual. Análisis de los distintos tipos de tratamiento: motivacional, farmacológico y quirúrgico» JOURNAL OF NEGATIVE AND NO POSITIVE RESULTS (11): 1112–1154. doi: . ISSN 2529-850X. (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
- ↑ (Ingelesez) Leonard A. Maynard. (1944). «The Atwater System of Calculating the Caloric Value of Diets» The Journal of Nutrition, 28: 443-452. (Noiz kontsultatua: 2023-05-29).
- ↑ FAO. (2002). Food energy - methods of analysis and conversion factors. web.archive.org ISBN 978-9251050147. (Noiz kontsultatua: 2023-05-29).
- ↑ (Katalanez) Universitat d'Alacant - Serveis Tècnics d'Investigació. (2015-11-20). Anàlisi de poder calorífic (bomba calorimètrica). web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-29).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- «Loditasuna. Osasun publikoa gu argaldu nahian», Argia, 2007-07-29.
- [1] "Haur eta nerabeen obesitatea eta elikadura ohiturak, aztergai" Airean saioan, ETBn.
- (Ingelesez):[2] "Obesity 2015". The Lancet, 2015.
- (Ingelesez):[3] Keller, Kathleen (2008). Encyclopedia of Obesity. Thousand Oaks, Calif: Sage Publications, Inc. ISBN 978-1-4129-5238-5.