Oskar Schindler (Svitavy —Moravia—, Austria-Hungariako Inperioa, 1908ko apirilaren 28a - HildesheimSaxonia BehereaMendebaldeko Alemania, 1974ko urriaren 9a) Sudeteetako alemaniar enpresaburua izan zen. Bigarren Mundu Gerran 1.200 juduri Holokaustotik bizirik ateratzen lagundu zielako egin zen famatu. Horretarako, judu haiei lana eman zien bere esmalte eta munizio fabriketan. Fabrika haien kokalekuak, gaur egun, Polonian eta Txekian daude, hurrenez hurren.

Oskar Schindler

Bizitza
JaiotzaSvitavy1908ko apirilaren 28a
Herrialdea Hirugarren Reicha
 Mendebaldeko Alemania
HeriotzaHildesheim1974ko urriaren 9a (66 urte)
Hobiratze lekuaSion
Heriotza moduaberezko heriotza: gibeleko gutxiegitasuna
Familia
Ezkontidea(k)Emilie Schindler (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakalemana
txekiera
poloniera
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakekintzailea, industrialaria, saltzailea, enpresaburua, Erresistentziaren kidea eta fabricator (en) Itzuli
Jasotako sariak
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatoliko ez-elizkoia
Eliza latinoa
Alderdi politikoa Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialista
Sudeteetako Alemaniar Alderdia

oskarschindler.com
IMDB: nm0771861 Find a Grave: 4724 Edit the value on Wikidata

1982an argitaratu zen Thomas Keneallyren australiar idazlearen Schindler's Ark («Schindlerren kutxa») liburua: hor kontatzen du nola Schindler, Alderdi Naziaren kide izanik, hainbeste juduren salbatzaile bilakatu zen. Liburu horretan oinarrituta, 1993an Steven Spielbergek Schindler's List («Schindlerren zerrenda») filma egin zuen.

Bizitza aldatu

Hasierako urteak aldatu

Oskar Schindler Svitavyn jaio zen, Moravian, Austria-Hungariako Inperioa zenean, 1908ko apirilaren 28an. Aita Johann Hans Schindler izan zen, nekazaritzarako makineria zuen negozioaren jabea, eta ama, Franziska «Fanny» Schindler —jaiotzez, Luser—. Arreba bat ere izan zuen 1915ean, Elfriede.

Bigarren mailako hezkuntza bukatu eta gero, Oskar eskola tekniko batean matrikulatu zen, baina handik bota egin zuten, kalifikazio-boletina faltsifikatu zuelako[1]. Geroago graduatu zen, baina ez zen unibertsitatera joan eta Brnon segitu zuen hainbat lanbide ikasten eta aitarekin lanean. Txikitatik izan zen motorzalea eta laster 250 cc-ko Guzzi lasterketa-motorra erosi zuen eta hurrengo urteetan lehiaketetan aritu zen.

1928ko martxoaren 6an, Maleteingo nekazari aberats baten alaba Emilie Pelzl (1907-2001) anderearekin ezkondu zen. Bikotea Oskarren gurasoen etxeko bigarren solairuan jarri zen, eta hantxe egon ziren hurrengo zazpi urteetan. Ezkondu ondoren, Schindlerrek ez zuen aitarekin lanean jarraitu eta beste lanbide batzuetan aritu zen: Moraviako enpresa elektroteknika batean, autoeskola batean eta abar.

Zerbitzu militarra egin zuen 18 hilabetez txekiar armadan eta kabo izatera iritsi zen Armadaren 31. Infanteriako 10. Erregimentuan. Schindler elektroteknia enpresara itzuli zen, baina berehala porrot egin zuen.

Garai berean, aitaren negozioa ere itxi egin zen eta Schindler langabezia egon behar izan zuen. 1931n, Pragako Jarslav Simek bankuan hasi zen lanean eta hantxe aritu zen 1938an.

Behin baino gehiagotan hartu zuten atxilo Schindler mozkortuta 1931 eta 1932 artean eta haurtzaroko laguna zuen Aurelie Schlegelekin harremanetan ibili zen[2]. Harreman adultero horretatik jaio ziren Emily 1933an eta Oskar 1935ean. Urte horretan Schindlerren aita alkoholizatuak emaztea utzi zuen; handik gutxira gaixotuta hil zena.

1936an, Abwehr erakunderako lanean hasi zen (Alemania naziaren inteligentzia militarrarentzat, alegia), eta 1939an Alderdi Nazian afiliatu zen. Naziek 1938an Txekoslovakia hartu baino lehen, burdinbideei eta tropen mugimenduei buruzko informazioa bildu zuen alemaniar gobernuarentzako. Txekiar gobernuak atxilo hartu zuen espioitzagatik, baina, Municheko Konferentzia zela-eta, 1938an, askatu egin zuen. Nazientzako espioitza-lanetan jarraitu zuen Schindlerrek Polonian, 1939ko irailean herrialde hori inbaditu zuten arte, II. Mundu Gerra hasiko zelarik.

II. Mundu Gerra aldatu

Hasiera aldatu

Schindler 1939ko urrian joan zen lehenengoz Krakoviara eta apartamentu bat erosi zuen han. Emilie emaztea Ostravan geratu zen, baina astean behin senarra bisitatzera etorri ohi zen. Azaroan, Mila Pfefferberg dekoratzailearekin jarri zen harremanetan apartamentu berria prestatzeko eta haren semea zen Leopold «Poldek» Pfefferbergek merkatu beltzerako kontaktuak zabaldu zizkion eta betirako lagun bilakatu zen.

1939ko azaro horretan ezagutu zuen, era berean, Itzhak Stern Schindlerren lagun baten kontable judua. Polonia inbaditu bezain pronto, hango judu guztien ondasunak desjabetu zituzten eta hiritartasuna galdu zuten.

1939an, Schindlerrek lantegi zahar bat oso merke erosteko aukera izan zuen, Krakovian. Schindlerrek porrotera joandako esmalte-enpresa bat erosteko asmoa erakutsi zion Sterni eta honek era egokian aholkatu zuen nazietatik era askeagoan jokatu ahal izateko. Inbertsore juduen laguntzaz, lortu zuen eta izena aldatu zion; Deutsche Emaillewaren-Fabrik —Alemaniar Esmalte Fabrika—, baina Emalia deitu zioten segituan.

Hasiera batean 7 langile judu besterik ez zuen eta beste 250ak poloniarrak ziren, baina ez juduak. 1.750 bat langile izatera iritsi zen eta, 1944an, haitatik 1.000 bat ziren judu. Hasieran, enpresariak bere negozioen errentagarritasuna handitzea nahi zuen eta juduak langile merkeagoak zirelako hartu zituen, naziek ezarritako lansaria ematen baitzitzaien hauei, baina, gero, bere langileak babesteko grina hor sortu zitzaion eta Abwehr-ren zituen kontaktuei esker, bere langile juduak deportazio eta heriotzetik babesteko aukera izan zuen. Hasiera batean, motibazio ekonomikoa bakarrik bazuen ere, gero, behar ez zituen langile juduak kontratatzen hasi zen. Denborarekin, ofizial naziak sobornatu beharrean izan zen, merkatu beltzean erosten zituen opari gero eta garestiagoak erabiliz, bere langileak salbu mantentzeko xedean. Edozein aitzakia erabili zuen Schindlerjuden delakoak (Schindlerren juduak) mehatxupean zeudenean; emazte, seme-alaba edo ezgaitasunen bat zutenak ere Schindlerrek bere negozioen martxarako ezinbestekoak zirela esan ohi zuen.

Schindlerrek bere esmalteak saltzen zituen Schlomo Wiener Ltd. enpresa banatzaile maioristaren funtzionamenduan ere lagundu zuen eta baita Prokosziner Glashütte bidrio-fabrikan ere. Abwehr-en eta Wehrmachten arma-ikuskaritzan zituen kontaktuek alemaniar armadarako eltze eta sukaldeko tresnak ekoizteko kontratuak lortzen lagundu zioten eta, era berean, lotura horiek bere langile juduak babestek lagunduko zioten.

Tarte horretan, Schindlerrek luxuxko bizitza eraman zuen eta ezkontzaz-kanpoko harremanak ere izan zituen. Emilie Schindlerrek hainbat bisita egin zizkion 1940an eta, 1941ean, Krakovian jarri zen bizitzen, senarrarekin batera.

1940ko abuztuaren 1ean, Hans Frank gobernadoreak 2 asteetako epean Krakoviako juduak hiritik alde egin zezaten dekretua atera zuen; gerraren ahaleginarekin zerikusia zuen lanen bat egiten zuenak bakarrik izango zuen geratzeko aukera. 60.000 eta 80.000 judu bizi ziren hirian eta 15.000 besterik ez zen geratu 1941eko martxoan. Geratu zirenak Kazimierz auzoa utzi eta Krakoviako ghettoan sartu zituzten. Emaliako langileek egunero egin behar izan zuten ghettotik fabrikarainoko bidea. Hurrengo 4 urteetan, Schindlerrek instalakuntzak zabaldu zituen eta langileentzako osasun-zentro bat, sukaldea eta jangela ere sortu zituen eraikinaren barruan.

Plaszow aldatu

1941eko udazkenean, naziek ghettotik juduak atera eta Bełżec-eko sarraskitze-esparrura eramaten hasi ziren, hiltzeko. 1943ko martxoaren 13an, ghettoa likidatu zuten eta lanerako moduan zeuden biztanleak fabrikatik 2 kilometro eta erdira zegoen Plaszowko kontzentrazio-esparru berrira bidali zituzten. Lanerako ez zituzten ikusi milaka judu gas-kameratara bidali zituzten edo ghettoan bertan hil zituzten hustutzen ari ziren bitartean. Schindlerrek izututa ikusi zuen ghettoan gertatutakoa eta, handik aurrera, gero eta judu gehiago salbatzeko ahaleginetan ibili zen garbi[3].

Plaszowko kontzentrazio-esparruko kapitaina Amon Göth zen, inongo kriteriorik gabe presoei tiro egiteko ohitura zuen gizon bortitza. Hasiera batean, Göthek fabrika guztiak, Schindlerrena barne, kontzentrazio-esparruaren barrura aldatu nahi izan zituen, baina Schindlerrek konbentzitu zuen bere faktoria zegoen lekuan uzteko. Ez hori bakarrik, Emaliaren ondoan, esparru txiki bat eraikitzea ere lortu zuen, bere langileak eta beste fabriketako 450 judu han sartzeko. Era honetan, Göthen hilketa arbitrarioetatik libratzeko aukera izan zuten, janari hobea zuten eta, nola-ahala, erlijioa praktikatzea ere bazuten.

Behin baino gehiagotan hartu zuten atxilo Schindler, merkatu beltzarekin zituen harremanak edo neska judu bati musu emateagatik, baina bere lagunek lortu zuten berandu baino lehen ateratzea.

Gerra amaiera aldatu

1944ko uztailean, Alemania gerra galtzen hasi zenean, Schutzstaffel delakoak (SS) ekialdeko kontzentrazio-esparruak ixtea erabaki zuten eta presoak mendebalderantz ebakuatzea; haietako asko Auschwitz eta Gross-Rosengo kontzentrazio-esparruetan erailko zituzten. Göthen idazkari pertsonal zen Mietek Pemperrek abisua pasatu zion Schindlerri, gerrarako ekoizpena zuten fabrikak bakarrik iraungo zutela esanez eta, tankeen aurkako granadak ekoiztera aldatuko balitz, bere langileak babesteko aukeran jarraituko lukeela. Horrela egin zuen enpresariak eta, dirua eta pertsuasioa erabiliz, Schindlerrek SSetako Hauptsturmführer zen Amon Göth, Plaszow-ko kontzentrazio-esparruko komandantea, faktoria Sudeteetako Brünnlitzera eramateko konbentzitu zuen, horrela, langile juduak gas-kamerara eramatea ekidinez. Ghettoko polizia zen Marcel Goldbergek lortutako izenak erabiliz, Mietek Pemperrek 1.200 juduen izenak bildu eta mekanofrafiatu zituen, 1944ko urrian, Brünnlitzera bidaiatu zutenak.

1944ko urriaren 15ean, Schindlerren 700 langile Gross-Rosengo kontzentrazio-esparrura bidali zuten; astebete inguru egon zen bertan eta Brünnlitzera eraman zuten gero. Emakumeak ere horrela egin behar zuten, baina errua medio, Schindlerjuden-etako 300 bat Auschwitzera iritsi zen[4]. Betiko kontaktu eta sobornoak ez zuten arrakastarik izan eta Schindlerrek bere idazkaria zen Hilde Albrecht bidali zuen merkatu beltzeko opariz lepo, janaria eta diamanteak tartean. Azkenean, lortu zuen familiak biltzea[4].

Langileez gain, enpresarioak makinaria eta lehengaiez zamatutako 250 bagoi ere garraiatu behar izan zituen faktoria egoitza berrian ezartzeko. Arma edo munizio gutxi atera zen fabrika horretatik eta armadak bere ekoizpen baxua kuestionatu zuen; orduan, Schindlerrek eginiko munizioa erosi eta berea propioa balitz bezala entregatu zuen. SSk eskuratutako janaria ere ez zen nahikoa eta, arma eta munizioaz gain, Schindlerrek Krakovian erosten zuen gainontzekoa. Emilie emaztea Brünnlitzen geratu zen eta berak ere lagundu zuen langileentzako janari-bilketa honetan. 1945eko urtarrilean, 250 bat judu zeramatzan tren bat Brünnlitzen geratu zen. Bagoiak itxita zeuden, izoztuta eta fabrikako soldadore batek ireki behar izan zituen ateak. Barnean, 12 pertsona hilda zeuden eta besteak gaixo. Emilie Schindlerrek fabrikara eraman zituen denak eta horretarako prestatu zuten ospitalean zaindu zituen.

Schindlerrek SSko ofizialak sobornatzen jarraitu behar izan zuen 1945eko maiatzera arte, gerra amaitu zenera arte, bere langileak erailtzea ekiditeko, eta bere ondasun guztiak xahutu zituen horretan. 1945eko maiatzaren 7an, enpresaria eta langileak lantegian bildu ziren irratiz entzun ahal izateko. Winston Churchill britainiar lehen ministroak Alemania naziaren errendizioa iragarri zuen.

Gerra ondorena aldatu

Alderdi Naziaren kide eta Abwehr-eko espioi, Schindler gerra-kriminal gisa atxilo hartzeko arriskuan zegoen. Bankier, Stern eta beste batzuen artean estatubatuarren aurrean aurkez zezakeen agiria prestatu zioten, juduen bizitzak salbatzeko egin zituen ahaleginak kontatuz. Urrezko eraztun bat ere egin zioten opari, Bizitza bat salbatzen duenak, mundu osoa salbatzen du esaten zuena.

Sobietarren esku erotzeari ekidin nahian, Schindler eta emazteak mendebalderantz egin zuten ihes bere Horch kotxean eta atzetik zuten enpresariaren amorantea zen Marta, langile judu batzuk eta merkatu beltzeko produktuak garraiatzen zituen kamioia. Armada Gorriak konfiskatu zien Horch-a eta eserlekuetan behera erori zitzaion eraztuna, ez zuena aurkitzerik lortu. Bikoteak trenez jarraitu zuen bidaia eta oinez gero, Lenorara arte -estatubatuarren esku zegoen hau- eta Passaura iritsi ziren, Estatubatuar Judu Bulegoak Suitzarantz trenez bidaiatzeko aukera erraztu zielarik. 1945eko udazkenean, Bavariara aldatu ziren, Alemaniako hegoaldean.

Gerra bukaeran, Oskar Schindlerrek, sobornoak eta langileen elikadurak medio, bere ondasunak xahututa zituen, jada. Ratisbonan bizi zen pixka batean eta Munichen gero, baina ez zuen aurrera egiterik lortu eta erakunde juduen laguntza ekonomikoa izan zuen. Diru pixkat egin zuenean, Argentinara joan zen bizitzera, emaztearekin batera, eta abeltzaintzan aritu zen. 1958an, berriro joan zen porrotera; emaztea utzi eta Alemaniara itzuli zen; negozio bat baino gehiago jarri zuen martxan, baina beti gaizki atera zitzaizkien, eta Schindlerjuden delakoei esker (Schindlerren juduak, Holokaustotik salbatu zituenak) biziraun zuen[5]. 1963an, Israelgo gobernuak Nazioen arten Justu izendatu zuen. 1974ko urriaren 9an hil zen Hildesheimem eta Jerusalemgo Sion mendian lur eman zioten.

Schindlerren bizitzari buruzko fikzioa eta dokumentazioa aldatu

1982an, Schindler's Ark izeneko eleberria idatzi zuen Thomas Keneally australiar idazleak.

1993an, Steven Spielberg estatubatuarrak zuzendutako Schindler's List filma estreinatu zen.

1997an, Ami eta Heinrich Staehrrek Hildesheimen zuten etxean Schindlerrena izandakoa zen maleta aurkitu zuten. Argazki eta dokumentuak zituen barnean. Enpresaria heriotza aurreko egun batzuez han bizitzen egona zen eta orduan geratutakoa zen nonbait. Bikotearen seme zen Chris Staehrrek maleta Stuttgartera eraman zuen eta, 1999an, Wolfgang Borgmann Stuttgarter Zeitung egunkariaren editoreak kontu handiz analizatu zituen dokumentuak. 1999ko urriaren 16 eta 26 artean, Borgmannek 7 artikuluz osatutako seriea argitaratu zuen egunkarian eta, gero, liburua egin zuten haiekin. Abenduan, bai maleta eta baita dokumentuak ere Israelen dagoen Yad Vashem Holokaustoaren Museoan gordetzeko donazioa egin zuten[6][7]. Hala ere, bada bertsio honekin ados ez dagoena ere eta epaiketa jarri zitzaion museoari, tartean lapurreta izan zela-eta[8].

2009ko apirilean, berriz, langile juduen zerrendaren kopia bat aurkitu zuten Hegoaldeko Gales Berrian, Australian, Thomas Keneally idazleak bere eleberria idazteko erabili zituenak. 13 orriz osatutako zerrenda zen eta horizkatutako paper haiek egunkaria eta ikerketa oharren artean gordeta zegoen. 1980an, eman zion Poldek Pfefferbergek Keneallyri, liburua idazteko xedean[9]. 1945eko apirilaren 18an idatzitako bertsio honetan, Pfefferberg 173. zenbakia duen langilea da. 4 egiazko bertsio daudela uste da, gerra amaierako egun haietan idatzitakoak. Haietako bat eBayn jarri zuten 2013ko uztailaren 19an 3 milioi dolarreko prezioan, baina inork ez zuen hartu[10].

Kanpo estekak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Oskar Schindler  

Erreferentziak aldatu